www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ixtorio-mixterio
Jean Barbier
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ichtorio michterio, Jean Barbier. Imp. du Courrier, 1929

 

aurrekoa hurrengoa

2.
SALBATOREKO GANDERAILUA

 

        Orai aspaldi, duela zortzi bederatzi ehun urthe, Lohibarriaz eta Mikelaberroaz bertze etxerik ez omen zen Mendiben.

        Lohibarreko muthila joan zen, egun batez, Galharbeko-potxara, behi batzuen ondotik. Harat hunat zabilalarik, harpe batean ikusten du Basa-Andere bat, orai Salbatoreko elizan den ganderailua garbiturik, urrezko orraze batekin orraztatzen ari zela.

        Iguzkiak bezala dirdiratzen ere zuelakotz, ganderailua galdatzen dio muthilak Basa-Andereari. Basa-Andereak ezetz. Bainan, azkenean, othoizka eta othoizka luzaz arizan ondoan, ganderailu ederra eskuratzen du muthilak, eta badoa.

        Basa-Anderea laster ohartzen da muthilak Salbatorekotzat edeki diola ganderailua eta elizarat buruz doala. Oihu garrasiaka abiatzen zaio ondotik, eta hainbertzenarekin, Basa-Jauna agertzen da gain batean, jauzika heldu hura ere.

        Muthilak jadanik bere buruaz etsitua zuen, noiz eta ere leherturik heltzen baita Salbatorerat, eta oihuka hasten: «Jon Doni Salbatore, zuretzat nuen, othoi urrikal zakizkit!». Eta berehala, bere baitarik jo eta jo hasten da Salbatoreko zeinua. Basa-Anderea eta Basa-Jauna gelditu ziren kolpez orduan berean, eta Basa-Jaunak oihu egin zion muthilari: «Baliatzen zauk, segur, joare tzar hori jo eta jo eman baita... Bainan, barurik lehenbiziko aldian atzemaiten hautalarik, go'mak hihauri».

 

* * *

 

        Handik zonbait egunen buruan, muthila berriz badoa mendira, bezperan ogi joiten arizanik. Bat batean, bihurgune batean, jalitzen zaio Basa-Jauna. Harritzen da muthikoa, eta bere buruari hazka emaiten, harenak egina duela oraikoan; eta bezperaz geroztik buruan kokatuak, erhien artean kausitzen ditu hiruzpalau ogi bihi. Krak, ahoan emaiten ditu, baruaren hausteko, eta... Basa-Jauna itzali zen eta sekulan gehiago ez agertu. Bainan muthila sekulan gehiago ez da barurik igan mendirat.

        Lohibarreko muthilak, erran bezala egin zuen ganderailuaz. Salbatoreko elizarat ereman zuen, eta han ikus ditake egungo egunean oraino. Bainan ez da lehen bezain eder, segurki! Españolek eliza bi aldiz errerik, beltz beltza egin da eta eta beltz beltza egon. Mendibiarrek nahi izan zuten orduan herrirat ereman. Bainan, Haritz-Kurutxetako lephotik beherago ezin ereman ahal zuten egundaino. Bi behi pareekin, lauzkatuz, bermatu ziren, eta behin baino gehiagotan; bethi debaldetan... eta geroztik han dago, bethi Salbatoreko elizan, eta han egonen ere da bethi.

 

aurrekoa hurrengoa