www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ixtorio-mixterio
Jean Barbier
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ichtorio michterio, Jean Barbier. Imp. du Courrier, 1929

 

aurrekoa hurrengoa

23.
MIARRITZEKO AINTZIRA

 

        Aldi batez, ilhuntxean, Jesus Jaunak eta JonDoni Petrik, han nonbeit, Negrezeko aldean, Miarritzen, kask, kask, kask jo zuten etxe txar batetako atheari. Eta, etxe hartako jendeeri galdegin zioten gau hartako atherbea.

        Baietz segurki, sarrarazi zituzten.

        Jesus Jaunak galdatu zioten gero, jaterat izan zezaketenez, ahamen bat bederen?

        Eta jende gaixo hek aithortu zioten, deusik ez zutela emaiteko.

        «Ikherrazue mankan.

        —Ba, jauna, ba. Bainan, zorigaitzez, badakigu gure mankaren berri. Huna...».

        Eta harritu ziren jende hek, gain-gaineraino ogiz betherik manka ikustearekin...

        Belhauniko eman ziren Jesus Jaunaren aintzinean. Eta Jesus Jaunak galdegin zioten orduan, hean ohe bat izan zezaketenez, arras unhatuak zirela biak.

        «Ohea ba, gogo onez... Bainan, mihiserik ez ginuke emaiteko...

        —Ikusazue berriz oraino.

        —Ba badakigu, ba, Jauna, gure mihisen berri.

        —Ikusazue halere...».

        Eta, sekulako mihisiak atzemanik batto behar ez zen tokian, harrituak hantxet zauden jende gaixoak.

        Jesus Jaunak erran zioten orduan:

        «Bazter hautako etxe guzietan galdegina ginduen gau huntako atherbea... Nehork ez dauku eman zuek baizik. Gaur, entzunen duzue asko harramantza; ez izi batere. Hemen gitazke gu, zuen gerizatzeko».

        Eta ohera joan ziren oro...

 

* * *

 

        Gaur hartan, sekulako ihurzuriak izan ziren eta orzantz-karraskak: uria pesiaka, haizea zirimolaka...

        Biharamunean, urak eramanik, suntsituak ziren toki hetako etxeak oro, suntsituak ere etxe hetako jende guziak.

        Jesus Jauna eta JonDoni Petri hartu zituen etxe txar hura zen bakarrik xutik han gelditu...

        Eta sekulan joaiten bazaizte harat, Negrezeko alderdirat, han ikusiren duzue oraino, gau izigarri hartako uriek egin ur-geldi edo aintzira handiaren bazterrean.

 

aurrekoa hurrengoa