www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ixtorio-mixterio
Jean Barbier
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ichtorio michterio, Jean Barbier. Imp. du Courrier, 1929

 

aurrekoa hurrengoa

7.
ARTZAINA ERREGE

 

        Duela aspaldi aspaldi, Errege baten alaba arras eri zen.

        Alde guzietako medikuak izanak omen zitzaizkon, zela Español, zela Angles, zela Frantses, eta batzuek ez bertzeek ezin senda! Erregeren alaba bethi geroago eta gaizkiago zoan, eta bzzterrak ilhun ziren herri guzian.

        Denetan fama barraiatua zen, mendi, zelai eta xoko-moko guzietan, eta Ellande Artzainak berak bazakien bere mendi kaskoan. Eta, harek ere, bertze guziek bezala, hainitz bihotz-min bazuen. Eta futxo, deusik ezin egin!...

 

* * *

 

        Egun batez, Erregeren alaba bethi gogoan, harat hunat bazabilarik mendian, ohartzen da Ellande, ardi bat eskas duela arthaldetik. Zer egiten du? Bere ardi guziak sartzen ditu etxolan, eta abiatzen da, gauaren-gauerdi, bere ardi errebelatuaren ondotik.

        Gau-erditik oren bateko heinean, mendixka batean zoalarik, bet-betan, hor, sekulako burrunba aditzen du... Beha eta beha emaiten da; bainan, nola arras ilhun baitzen, ez du deusik ikusten. Urrunago badoa; burrunba are handiago. Izitzen da, eta ondoan zuen arbola handi baten gainerat igaiten...

        Ellande sekulan gainerat orduko, izigarrizko haize batean, hor heldu dira sorginak sorginen gainean. Heien erdian, Sorgin-Nausia, liburu handi bat galtzarpean. Ellande-Artzaina zagon arbolaren azpian gelditzen dire hain xuxen! Haren harritzea.

        Sorgin guziek agur egiten diote berehala beren nausiari. Jar-alki gorri gorri bat ekartzen diote, eta jartzen da Nausia. Denek musu emaiten diote liburuari, eta berehala hasi zen Akhelarre edo sorginen Zaba.

        Bere manuen emaiten ari, hasten da beraz Sorgin-Nausia:

        «Zuek, Katero eta Hamala, holako eta halakoari, holako eta halako gaitza! —Zuek, Niñika eta Katalin, holako eta halako etxean holako eta halako jendea suntsi!».

        Eta Katero, Hamala, Niñika eta Katalin joan ziren berehala, erkatz-gider batzuen gainean, zoin bere alde.

        Eta gero, bertze sorgineri galdegiten diote Nausiak, oihu latz batean:

        «Eta zuek, egin ditutzea nik erranak?».

        Eta guziek lurreraino agur eginez, ihardesten diote:

        «Bai Nausia, egin ditugu denak.

        —Ongi hola. Zoazte beraz orai, eta deskantsa zaizte zonbeit egunez».

        Eta ordu berean barraiatu zen gau hartako Akhelarre. Sorgin guziek, berriz, lurreraino kurturik, adoratu zuten beren Nausia, eta musu eman liburuari. Eta gero, frun, frun, frun, hedoietan barna igan zen Sorgin-Nausia, eta hantxet suntsitu berehala...

        Arte hartan guzian, ikhara gorrian zagon Ellande bere arbolaren gainean, puies eta puies alderdi guzietara. Sorgin-Nausia bere liburu handiarekin gaki ikustearekin bizkitartean, pizkortu zen denik ere pixka bat. Ordu arte ez zitzaizkonaz geroz sorginak ohartu, batetarat ez othe zoan gutixago beldurtiturik ere?

        Bederazka bederazka bazoazin bertzalde sorgin debruak, eta biga ziren orai geldituak, han, arbolaren azpian. Eta biak huna non hasten diren solasean:

        «Erran! Badakin, dudarik gabe, Erregeren alaba nola arras eri den?

        —Nondik ez?... Badere, hik emana dion gaitza?

        —Nik emana zioinat, segurki. Ez zagon behin oraino sendaturik, no?... Eta bizkitartean, etxean berean liken sendagailua.

        —Zer luke bada egitekorik?

        —No, bere etxe-aintzinean badin Erregek erreka-estali bat. Erreka-estali hartan badun apho-harmatu bat; harekin eginikako saldatik hiru aldiz edatea aski bailuke eriak, sendatzeko.

        —Horitxet baizik ez! No, orduan badiken hilarteraino gaitz...».

        Argi-urratzea hurbilduxea bide zen. Oilar batek, han, urrun, egin zuen: Kukuruku! Eta, Ellande batere ohartu ere gabe, suntsitu ziren azken bi sorginak...

 

* * *

 

        Ongi argitu zuelarik gero, arbola gainetik jautsi zen gure Ellande, eta maiz aski gibelerat behatzen zuela, haia haia urrundu zen. Aire berean bazoan Erregeren etxera.

        Gan, gan, bethi gan, heldu zen azkenean. Karrikan sartu deneko, gora gora erraiten aditzen du: azken hatsetan dela Erregeren alaba. Bainan, nehori behatu ere gabe, zalu zalua badoa Jauregira. Sekulako soldadoak baziren han, eta bati erraiten dio Ellandek:

        «Errege ikus diteke?

        —Errege ikus? Bai, zera! Badu bertze egitekorik goiz huntan! Alaba hiltzen ari zaio eta.

        —Hortako bereko dut ikusi behar Errege! Hatsa doi-doia duen ber haren alabak, nik sendaturen dut eria...

        —Gizona, baduzu burutik? Hiru erresuma hautako medikuek deus ezin egin dute eta!...

        —Zer munta du gero, nik badezaket hek ez dezaketena?

        —Zato orduan, eta berehala; banoa Erregeren bilha».

        Laster eta laster badoa soldadoa, eta berehalakoan heldu da Errege, nigarrez urtua.

        «Agur, Jaun Erregea! Bizi da oraino zure alaba?

        —Bizi ba, bainan doi-doia!

        —Ez hola etsi, Jaun Erregea! Salbu da zure alaba, nik erranak egin nahi balinbaditutzu segurik.

        —Bakarrak baditut eginik orai arte, eta denak bethi alferretan... bainan, hala ere, zeri loth ez ninditake berriz oraino? Hots, errazu zer dutan egitekorik?

        —Jauregi aintzineko erreka-estalia behar duzu berehal berehala urratu...

        —Jauregi aintzineko erreka-estalia?

        —Ba, Jaun Erregea, eta berehal berehala, zure alaba gaixoaren onetan!».

 

 

* * *

 

        Errege, Artzain eta soldado, oro badoazi lasterrez.

        Ellandek urratzen du erreka-estalia, eta, han, atxemaiten dute apho-harmatu bat gaitza.

        «Huna guk behar duguna eta hura bera. Apho-harmatu hunekin eginikako saldatik edan behar du zure alabak, hiru egunez segidan. Hiru egunen buruan ikusiko nauzue berrien jakiterat ethorria, eta, arimaz egia, berri onak emanen dazkidatzuela».

 

* * *

 

        Huts edo kausi, zer nahi gertha, Ellandek errana egin zuten beraz hiru egunez, eta hirugarren eguneko, Erregeren alaba sendatua zen, sendatua osoki!!...

        Hirugarren egunean, heldu zen ere Ellande, ongi zakizkan berrien jakitera.

        Eta, horra nun, Erregek egin zion sekulako ongi-ethorria. Bidez-erdi igorri ziozkan bere gortheko soldadoak. Karrosak karrosaren gainean. Jauregiko athean, Ellanderen beha egoki, hantxet ziren Errege Jauna bera eta haren alaba. Eskutik harturik, ereman zuten biek jateko-barne handi batetara; eta ikaragarriko bazkaria egin zioten hantxet, biharamun arte iraun baitzuen bazkariak...

        Eta, ororen buruan, hala ongi ere zen bezala, Erregeren alaba Ellanderekin esposatu zen, eta, hantxet, zorion bethean bizi izan ziren, Jainkoak daki zonbat urthez.

 

aurrekoa hurrengoa