www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ixtorio-mixterio
Jean Barbier
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ichtorio michterio, Jean Barbier. Imp. du Courrier, 1929

 

aurrekoa hurrengoa

15.
DAFAILA, ASTOA ETA MAKILA

 

        Bertz-orduz, etxe batean, baziren hiru seme.

        Egun batez, zaharrenak erraiten dio bere amari: «Ama, egitzu laster opilak, joan nadin gero fortuna egitera».

        Amak egiten ditu opilak, eta semea abiatzen da bidez-bide. Zoalarik, ur-bazter batean kausitzen ditu Jesus Jauna eta JonDoni Petri.

        Jesus Jaunak oihuz erraiten dio: «Errak, muthikoa, saritan truk, eremanen gaituk bertze aldera?». —«Baietz segurki!». Eta gure muthikoak ereman zituen beraz bertze aldera.

        Jesus Jaunak, orduan, saritzat eman zion dafail bat, erranez: «To, harzak dafail hau. Gosetzen edo egarritzen haizen aldi guziez, aski dukek erraitea: "Dafaila, heda hadi!", eta dafail horren gainean, izanen duk, berehala, behar dukan jateko edo edateko guzia».

        Gure muthikoa, fortuna jada egina zuela loriatua, abiatzen da kuxean etxe-alde. Joan, joan, bethi joan, arratsean heltzen da ostatu batetara, eta oherakoan, dafail baliosa emaiten diote altxatzera ostatuko jendeeri, erranez: Dafail huni ez gero erran, othoi: "Dafaila, heda hadi!"».

«Ezetz, segurki!».

        Bainan muthikoa ohera joan orduko, ostalerek erran zioten dafailari: «Dafaila, heda hadi!». Eta, berehala, dafailaren gainean, brist eta brast eman ziren sekulako jatekoak eta edatekoak! Eta ez ziren jende hek guti harritu.

        Berehala, dafail hura bertze hala halako batean trukaturik, ixil ixila, atseginez xoxotuak, joan ziren gero ohera.

        Biharamunean, ostatutik urrundu zeneko, ogi gosetua ere baitzen gure muthikoa, arbola baten pean hedatu zuen dafaila, erranez: «Dafaila, heda hadi!». Baina, erran eta erran hura arizana gatik, dafail-basa hutsik gelditu zen, eta gure muthikoa, bere bihotz-minarekin zozotua, etxerat itzuli zen, fortunarik egin gabe.

 

* * *

 

        Handik laster, bigarren semeak erraiten dio amari: «Ama, egitzu laster opilak, joan nadin gero fortuna egitera».

        Amak egiten ditu opilak, eta semea badoa bidez-bide.

        Ur-bazter berean, kausitzen ditu, harek ere, Jesus Jauna eta JonDoni Petri.

        Jesus Jaunak oihu egiten dio: «Errak, muthikoa, saritan truk, eremanen gaituk bertze aldera?». —«Baietz, segurki!». Eta gure muthikoak ereman zituen bertze aldera.

        Jesus Jaunak, orduan, saritzat emaiten dio asto bat, erranez: «To, harzak asto hau. Diru beharretan haiteken guzian, errok asto huni: "Lanari, ene astoa!" eta asto horrek, berehala, urhea eginen dauk purrustaka».

        Gure muthikoa, fortuna egin duela loriatua, abiatzen da kuxean etxe-alde.

        Arratsean, heltzen da hura ere, anaia zaharrena joan zen ostatura, eta, oherakoan, astoa emaiten diote eskuetara, erranez: «Asto huni ez gero erran, othoi: "Lanari, ene astoa!"». — «Ezetz, segurki!».

        Baina, muthikoa ohera joan orduko, ostalerek erran zioten astoari: «Lanari, ene astoa!». Eta, berehala, hasten zaiote astoa, urhea egin eta egin purrustaka. Eta ez ziren jende hek guti harritu.

        Berehala asto hura bertze hala halako batean trukatzen diote, eta ixil ixila, gero, badoazi ohera.

        Biharamunean, ostatutik urrundu zeneko, astoari erraiten dio gure muthikoak: «Lanari, ene astoa!». Bainan, salbu zuek eta, bertze hartarik egin zion astoak, purrustaka. Eta, gure muthikoa, fortunarik ez zuela egin, zozotua itzuli zen etxerat.

 

* * *

 

        Handik laster, hirugarren semeak erraiten dio amari: «Ama, egitzu laster opilak, ni joan nadin fortuna egitera».

        Amak egiten ditu opilak, eta semea badoa bidez-bide.

        Bethi ur-bazter berean, kausitzen ditu, harek ere, Jesus Jauna eta JonDoni Petri.

        Jesus Jaunak hala galdaturik, ereman zituen biak bertze aldera, eta Jesus Jaunak, saritzat eman zion makila bat, erranez: «Nihun sekulan etsaiik atheratzen balin bazauk, makila huni errok: "Zafra, Maria, zafra!" eta ikusiko duk ikusiko dukana».

        Agur eta milesker, arratseko heltzen da muthikoa, bere bi anaiak larrutu zituzten ostatu hartara berera.

        Oherakoan, erraiten diote ostalereri: «Altxa zadazue, othoi, makila hau, bihar goiz arte. Bainan, zuen onetan, ez zaiozuela gero erran: "Zafra, Maria, zafra!"». — «Ezetz, segurki».

        Baina, muthikoa ohera joan orduko, ostalerek, makila harturik, erraiten diote: «Zafra, Maria, zafra!».

        Ah! baia? Makila hasten zaiote, hantxet, kiski, kaska, zafra eta zafra, jendeeri eta gauzeri zapartaka, oro xehatu beharrez. Ai, hemendik, atx, handik, hasten dire ostalerak. Eta, makila nihundik ezin geldiaraz! Jo eta jo, hura bethi ari.

        Azkenean, harramantzetara jeikitzen da gure muthikoa; eta, erhotuak, ostalerak hasten zaizko oihuka: «Othoi, othoi, geldiaraz zazu makila! Eta "Heda hadi, dafaila!" eta "Lanari, ene astoa!" oro itzuliko dauzkitzugu».

        Gure muthikoak, «Geldi, Maria, geldi!» erranik, geldiarazi zuen makila; eta Lanari Astoaren gainean, Dafaila, heda hadi beso azpian, Zafra, Maria, zafra eskuan itzuli zen etxerat.

        Eta bere amarekin, eta bi anaiekin, aberats bizi izan zen, Jainkoak daki zonbat luzaz!

        Ongi bizi izan baziren, arabera hartarat hil ziren.

 

aurrekoa hurrengoa