www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ixtorio-mixterio
Jean Barbier
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ichtorio michterio, Jean Barbier. Imp. du Courrier, 1929

 

aurrekoa hurrengoa

1.
MEZA MIXTERIOZKOA

 

        Goizaldera, gau batez, goraxago den oihanetik ohartu ziren artzain batzu, argi bat bazela Salbatoreko elizan.

        Ondoko gauean, tenore berean, argi berari ohartu zitzaizkon berriz artzainak, eta hala hala gero aste oso batez. Laztura batek hartu zituen, eta jadanik aiphu zuten bazka-tokiz behar zirela aldaratu.

        Bainan, toki gizenaren uzteak ere dolu egiten eta, elgarri erranez hasi ziren, ikusi behar zutela lehenik argi hura zer othe ziteken.

        Etxolan bethi begiratzen zuten ur benedikatuarekin ongi zeinaturik, arrosarioak bainan ere makila azkar bat eskuan, abiatu ziren beraz guziak batean, goiz-alde batez.

        Argia laster ikusi zuten bethi bezala, eta heien zakur artzanorrek gibelerat egin zuten, erausi eta erausi.

        Ez gutiago izituak, artzainak hurbildu ziren bizkitartean, eskuak elgarri emanik, orok bat egiteko.

        Ikaran beraz, nehor ez deusik atzeman gabe bidean, heltzen dira elizara, eta bethi bezala hetsia kausitzen dute.

        Polliki polliki, hetarik bat menturatzen da gako xilotik behatzera, eta mututurik gelditzen da. Haren lagunek behatzen dute harek bezala, eta harrituak daude hek ere. Aldareko argiak phizturik, mezaren emaiteko soinekoak soinean, aphez bat bazen han xutik, aldarearen oinetan.         Artzainek harrabots zerbait eginik athean, gibelerat behatu zuen aphezak, eta gero, berehala ithoka bezala, hasi zuen bere meza: «Introibo ad altare Dei». Eta artzainetarik batek, jakin gabe ere kasik zer erraiten zuen, kanpotik ihardetsi zion, ahalik eta hobekiena.

        Eta gero, artzainek «Eta cum spiritu tuo» edo «Amen» ihardesten ziotela bethi, aphezak segitu eta akabatu zuen bere meza, eta ez artzainek nahi baino lasterrago.

        Noizbait meza akabatu zenean, apheza itzuli zen atheari buruz, eta begitarte-begiak lorietan, oihu batean erran zuen: «O! milesker, arima onak, nor ere baitzaizte! Hoinbertze urthe hautan beha nindagon, meza hau erran beharrez zeruan sartzeko! Nehor ez zen hemen sekulan, niri ihardesteko! Milesker berriz ere! ez zaituztet zerutik ahantziko». Eta hainbertzenarekin, suntsitu zen apheza.

 

* * *

 

        Sekulako bildotxak izan zituzten, urthe hartan, gure artzainek... Bainan, ez toki hetan beretan. Bazkaz aldaratu ziren biharamunean berean.

 

aurrekoa hurrengoa