www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ixtorio-mixterio
Jean Barbier
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ichtorio michterio, Jean Barbier. Imp. du Courrier, 1929

 

aurrekoa hurrengoa

8.
ERREGINA HIRRIZ

 

        Bertze orduz, Erregeren alaba eri zen, eta nehork ez zezaken senda. Mediku, azti eta sorgin, oro han zabiltzan errabiaturik, eta bethi debaldetan. Sendagailurik ez zen neskatxarentzat. Eta hiratua egun guziez gehiago, hirri bat gabe sekulan, ilhun ilhuna bethi, ahituz bazoan hobirat.

        Hor, zeri loth ez jakinez gehiago, Erregek oihu eginarazten du: bere alaba emanen diola ezkontzaz alaba horri hirri bat eginarazten dionari...

        Etxola txar batean bizi, baziren hiru anaia. Erregeren agintza jakinik, beren buruarekin egiten dute: behar dutela bada ikusi, eian ez othe diotenez eriari hirri bat nolazpeit eginaraziko.

 

* * *

 

        Zaharrenak hartzen du beraz berekin sagar gorri gorriz betherikako otharre bat, eta badoa. Bidean hola doalarik, sorgin-zilo batean eta harat eroria, ikusten du atxo xahar bat —sorgina— nihundik zilo hartarik ez baitzitaken athera. Laguntza galdez, oihuka emaiten zaio beraz atxoa. Bainan, tuntik behatzen ere ez diola, badoa aintzina gure muthikoa. Erregeren Jauregian sartzen da; baderamate eriaren aintzinerat. Eriak behatzen diote sagar pulliteri, eta berehala, bi eskuez baztertzen ditu, sekulan baino ilhunago bera dagola.

        Bigarren anaiak lore pullit pullit batzu harturik, baderamazka Jauregirat. Sorgin-zilo berean ikusten du harek ere atxoa. Bainan ez dio zaharrenak baino hobeki behatzen, eta badoa aintzina. Jauregirat denean, bere lore pullitak eskaintzen diozka eriari. Bainan, behatzen ere ez diotela den gutienekorik, eskuez berehala baztertzen diozka Erregina gazteak.

        Deus berekin hartzen ez duela, badoa orduan anaia gazteena. Sorgin-zilotik laguntza galdez ari, ikusten du atxoa, eta, berehala ere handik atheratzen.

        Dena loriatua, hasten zaio orduan sorgina:

        «Zer sari eman dezazuket orai ordainez? Nahi duzu fortuna egin?

        —Ez dut bada egin nahi? Hortarakotz abiatua naiz eta etxetik, Erregeren alabari hirri bat eginarazi beharrez, harekin gero ezkontzeko.

        —Ori beraz bildotx beltx hau. Harrezazu zurekin eta zurekin atxik bethi, deusezetan truk ez duzula besoetarik uzten behin ere».

 

* * *

 

        Bere bildotxa besoetan, badoa beraz muthil gaztea, eta, arratseko heltzen da Erregeren herriko ostatu batetara. Ohe bat galdetzen du gauaren iragaiteko. Bainan, ihardesten diote tokirik ez dutela batere, eta joan behar duela jaun erretoraren etxerat, han baduzkela behar dituenak oro. Badoa beraz aire berean erretoraren etxerat, eta, erran bezala, arras ongi hartzen du erretoraren gelariak: ihaurkiz eta bazkaz behar zen guzia izanez, heian ezarriren dutela bildotxa, eta ganbara bat emanen diotela berari. Harek ezetz, berekin behar duela bildotxa. Harritzen da aphez gaizoa, bainan thematzen ere gure muthikoa. Azkenean, xoro bat zitekela, onhartzen diozkate oro, eta badoazi zoin bere ganbaralat, muthil gaztea bethi bere bildotxa besoetan.

        Goiz alderat bizkitartean, jaun erretora ez zagoken gehiago larruaren barnean, bildotx mixteriozkoaren berri zerbeit jakin nahiz. Gako-xilotik behatzen du lehenik, bainan ez zezaken deusik ikus. Pulliki pulliki, harrabotsik batere gabe, sartzen da orduan ganbaran. Muthikoa lo zagon ederki, bere bildotxa bethi besoetan. Bildotxari beharri batetarik lotzen zaio erretora. Marrakaz hasten da alimalea, muthikoa atzartzen, apheza harritzen eta ihes egin behar duela abiatzen... Baduk hoberik!... Nihundik ez dezake utz bildotxaren beharria!...

        «Hel! Hel!» oihuka hasten da orduan eta karrasiaka. Oihu hetarat atzarririk, lasterka hor heldu da gelaria, harro harroa ileak, zilo handi bat tarrapatan ezarri duen soineko tzarraren erdi erdian. Bere nausia lagundu beharrez, bildotxaren bertze beharriari lotzen da, eta ezin diro utz gehiago. Muthikoa bildotxari tiraka, tiraka hari berari erretora eta gelaria, kanpora badoazi hiruak trumilka...

        Baratzean iragaitearekin, bere buruaz ahalketurik, aza-hosto handi bat hartzen du gelariak eta emaiten gibel-aldean, soineko ziloaren estaltzeko. Eta badoazi, furfurian, herrian harat, Jauregiko alderat.

        Eta horra, azari oharturik eta hartaz gutiziaturik, heldu zaizkotela bide-bazterreko hiru ahuntz alimale. Aza-hostoa hunkitu orduko, hari lothuak gelditzen dire, eta zipoteka abiatzen gero, gelari, aphez, bildotx eta muthikoarekin.

        Urrunago, nola bolanjer-okina jeikia baitzen orduko eta hantxet baitzagon athean, oihu egiten diote: «Zato, othoi, eta berex gaitzatzu!». Badoa okina, eta bera hantxet lotzen.

        Harotz bat bere lantegian ari ikusten dute eta hel egiten diote karrasiaka: «Gizon hazkarra baitzare, zato gure berextera!». Lasterka badoa harotza, eta bera lotzen hura ere.

        Urruntxago, beren erkatzak eskuan, athe-aintzinean kalakan ari, baziren bi emazteki. Zapartakan heldu, kabaleria hura guzia ikusi duteneko, hirri eta hirri hasten dire bi atsoak. Gelariak oihu egiten diote: «Hirriz hola artzeko orde, hobeki egin ziniote, gure berextera heldu bazinezte!». —«Berextera?... Huna, huna!». Eta berean erkatzekin, jo eta jo hasten zaizko jende eta alimalezko soka luzeari... Ah! baia! Erkatzak lotzen dira hantxet, lehen ukaldian berean, eta heien jabeak gero erkatzeri.

        Bihurgune batean, xakur baten ondotik eta hari estekatua, bazoan itsu bat. Gure dantza-korda errabiatua aldean iragaitearekin, xakurra sainga eta sainga emaiten da, asikika atsoeri. Lotzen da berehala hura ere, eta itsua gero harekin.

        Eta, firrindilaka, badoazi oro, Erregeren Jauregirat ari zirela hurbiltzen.

 

* * *

 

        Lorik ezin-eginez jadanik jeikia, bethi bezen ilhun, Jauregiko leiho handi baten ondoan erdi-etzana zagon Erregeren Alaba gaixoa...

        Elgarri lothuak, eta soka-dantza lehergarri batean heldu, ikusi zituelarik... muthil gaztea, bildotxa, apheza, gelaria, aza-hostoa, ahuntzak, okina, harotza, bi emaztekiak, xakurra, itsua, hirri eta hirri hasi zen Erregina gazte gaixoa. Eta hirri egitetik ez ziteken geldi gehiago, xoro bat bezala karkaraka ari bethi...

        Zalapartaka ethorri zen Errege, loriatu baitzen lehenik, bere alaba hirriz hola lehen aldikotz ikusirik aspaldiko orde. Bainan gero berriz, izitu zen, beldurrez eta hirri egitetik ez zitzakion geldi gehiago. Eta hasarre gorrian eman ere zen laster, putinka Jauregi aintzinean bethi ari ziren jende heien kontra, bere alaba erhoarazten ziotela. Guzien hilarazteko manua eman zuen, eta soldadoak jada lasterka bazoazin, kanitak eskuan...

        Betbetan, muthil gaztea tankez gelditu zen, eta haren ondotik lasterka heldu ziren guziak muthurka joan ziren elgarren gainerat, bainan elgarren ganik berexiak ere zirela ordutik. Eta gero, oihu handi batean manatu zion Erregeren alabari: «Aski hola!...». Bildotxa marrakaz hasi zen hura ere, eta Erregina gazteari bere hirri xoroa baratu zitzaion berehala. Sendatua zen behin bethikotz eta maite maitea egina...

 

* * *

 

        Hilabethea gabe, Erregek hitzeman bezala, muthil gaztearekin ezkondu zen Erregina, eta haur hainitz izan zuten.

 

aurrekoa hurrengoa