www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ixtorio-mixterio
Jean Barbier
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ichtorio michterio, Jean Barbier. Imp. du Courrier, 1929

 

aurrekoa hurrengoa

10.
ZAZPI OHOINAK

 

        Behin baziren bi anaia. Ama berrikitan hila zuten, eta, egun batez, zaharrena etxetik abiatu zen, fortuna behar zuela egin.

        Ogi handi bat berekin harturik, makila eskuan athera zen beraz herritik, bere anaia gaztea etxean utzirik:

        «Ago hi hemen, eta gauzak oro ongi heltzen balinbazaizkit, badukek gozo gu bientzat ondoko egunetan».

 

* * *

 

        Joan, joan, bethi joan, lau-bost egunen buruan kausitzen da oihan handi handi bati hurbil. Bere ogi alimaletik koskoa doi-doia gelditzen zitzaion orai, eta nihon fortuna guti zuen ordu arte eginik.

        Hor, oihanetik heldu, ikusten du atxo xahar xahar bat, umatua, bi plegu kasik egina, herrestaka baitzabilan gaixoa:

        «Karitate bat, othoi, jaun gaztea, Jainkoaren izenean...

        —Ori, gaixoa, zuhaur bezen beharrari ari zaizko galdez. Bainan, —Jainkoak bere lorian duela!— gure ama zenari entzun eta ikasi diot, bere guttitik ere behar zaiola bethi eman eskaleari... Ogi-kosko hau harrazu beraz othoi, eta gutiz barka. Gogor aire bat badu segurki, bainan, gaixoa, ez dut bertzerik emaiteko.

        —Milesker, jaun gaztea. Jainkoak ja behatu dio zure bihotz onari... Eta norat ari zira hola, barkamendurekin?

        —Ori, batere ez dakit... Fortuna egitera, ahal balinbadut. Niri erraiteko ez zinakike non egoiten ohi den anderetto hoi? Bi solas egin niozkake gogo onez...

        —Eta ni banintz anderetto hura?... Saririk gabeko ongi-eginik ez da Jainkoarekin... Huna zuk behar duzuna: Hortxeko oihan handian bada jauregi eder bat; jauregi eder hortan bizi dira zazpi anaia, egunaz pilotan, gauaz ohointzan ari direnak. Zoazi jauregirat buruz. Bainan, harat gabe, zur-xuri luze luze bat kausituren baituzu, igan zaite haren gainerat. Eta zure parrean ikusiren baituzu orduan herriko pilota-plaza handia, ongi beha zazu; eta zazpi pilotari balinbadira han, pilotan ari, zoazi deskantsuz eta sar zaite jauregian. Gauza ederrik ikusiren duzu han; harrazu nahi duzun guzia, bainan ongi balia; gauza hek oro ebatsi gauzak dira, eta heien jabeak oro hilak, zazpi anaia ohoinek lehenago oihan zokoan hilak...».

        Hitz horiek erran orduko, suntsitu zen atxo xaharra, eta muthil gazteak jakin zuen hola Ama-Birjina bera agertu eta itzali zitzaiola tenore hartan.

 

* * *

 

        Joan zen beraz oihanerat buruz, eta oren erdi bat gabe, kausitu zuen xoragarriko jauregi baten aintzinean, eta aiphatu zur-xuri luzeari oharturik, igan zen haren gainerat.

        Atxoak erran bezala, behatu zuen urrunera, eta, bat, biga, hiru, lau... zazpi ohoinak pilotan ari ikusi zituen. Haren atsegina orduan!

        Jautsi zen berehala eta sartu jauregi ederrean. Heia handi batean etzanak ikusi zituen zazpi behor, bat bertzea bezen ederrak.

        Etxean urrunago joan, goiti joan, eta sekulako gauza ederrak han zituen aintzinean: urhe, zilar eta harri balios, begiak lilluraturik hantxet gelditu baitzen bulta handi bat.

        Bainan gero ernatu behar zela gogoraturik, ahutaraka, urhe, zilar eta diamantez hamar bat zaku edo zorro betherik, zaku hek eman zituen bi behor pullitenen gainean; eta zalukara urrundu zen, hatzik ez zezaten nehon utz, aztaparrak behorreri oihalez inguraturik.

 

* * *

 

        Anaia gaztenaren harritzea, bost-pasei egunen buruan zaldi hek etxeratzean!...

        Anaia zaharrenak oro kondaturik, nahi izan zuen fortuna beraren egitera joan berak ere. Zuhurki erraiten zion anaiak: «Biek xahu ahala baino gehiago ontasun bazutela jada bildurik; bertzalde, zazpi ohoinak atzarririk egonen zirela handik harat...». Oro debaldetan!

        Bere ogi handia harturik harek ere, joan zen beraz muthil gaztea.

        Joan, joan, bethi joan, oihan beraren aldean atxo bera atheratu zitzaion biderat. Karitatea hari ere galdatu zion eskale xaharrak. Bainan, bihotz gogorreko muthikoa zen gure bigarren anaia.

        Feratu zuen beraz Ama-Birjina, oihanean sartu, eta, jauregiari hurbil, zur-xuriaren gainerat berehala hupatu...

        Pilotan ari ikusi zituen ohoinak, han, urrun, herriko plazaren erdian...

        «Bat, biga, hiru, lau, bost, sei... Eta zazpigarrena? Ba! bere anaiak pilotan egarriturik, arnoketa joana dukek herriko ostatu zonbeitetara... Eta gero, ikusiko diagu! Gibelerat egin ere behar bada, gibelerat eginen diagu. Zer mila sorgin!...».

        Zur-xuritik jautsi eta, badoa beraz jauregirat. Ixil ixila sartzen da; ikusten ditu zaldiak, ikusten ere urheak, zilarrak, harri baliosak.

        Zaku handi bati lotzen da gero, harentzat han emana iduri baitzuen egiazki.

        Lotzen da... eta, odoletan, hila erortzen, kanit bat bizkarraren erdian zazpigarren ohoinak hari hantxet landaturik...

 

* * *

 

        Bi aste iragan ziren holaxet.

        Osoki eta bethikotz etsitu zuelarik, itzuli zen beraz anaia zaharrena ohoin-jauregirat. Nehor ez zuen han gaindi kausitu. Eta ez zen ere harritzeko, zazpi ohoinak sosegatu zirelakotz, muthil gaztea hala garbiturik.

        Bere anaiaren gorphutza zilo batetara arthikia atxemanik, berekin hartu zuen zaldi baten gainera eta berekin eraman, lur sainduan hura ehortzi beharrez.

        Luze bizi izan zen muthil bihotz onekoa. Bere anaiaz orhoitu eta, gogoa ilhuntzen zitzaion ardura. Bainan, haren eta beraren arimarentzat ongi gehiago egiten zuen orduan, eskuetan zituen ontasun handiekin. Eta, oihaneko atxo mixteriozkoaz orhoiturik, eskale bat egundaino ez du utzi etxetik urruntzerat, beraren eta bere anaiaren karitate ederra eskale hari egin gabe.

        Eta lau-hogoi urthetan, gero, joan izan da bethiereko zorionaz bere anaia gaixoarekin gozatzerat.

 

aurrekoa hurrengoa