www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Ixtorio-mixterio
Jean Barbier
1929

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Ichtorio michterio, Jean Barbier. Imp. du Courrier, 1929

 

aurrekoa hurrengoa

18.
TRENTEKUTXILO

 

        Jesus Jauna eta JonDoni Petri Eskual-herrian zabiltzalarik, buruz buru egin zuten, egun batez, soldado ibili eta, puxka bat kolpatua zelakotz, eske zabilan gizon batekin.

        Soldado zaharrak galdegin zion beraz amoina Jesus Jaunari. Eta Jesus Jaunak ihardetsi zion, sosik ez zuela, bainan, zerbeit emanen ziola, halere: «Zaku bat nahi duzu orai berehala, ala zerua geroan?».

        Eta ahapetik, JonDoni Petri ari zitzaion:

        «Galdezok zerua!... zerua».

        Eta gizonak oihuz ihardetsi zion:

        «Errexki mintzo zira eta zu!... Zerurat joan arte bizi 1ehar ez balitz, ba!... Jauna, emadazu othoi zaku bat...».

        Eta zaku bat emaitean, erraiten dio Jesus Jaunak:

        «Deus behar-orduetan, aski diozu erraitera: Trentekutxilo!».

 

* * *

 

        Agur eta milesker, JonDoni Petri aphaletik erasian ari zitzaiola, badoa gure gizona; eta, handik berehala, huna non heldu zaion okin bat, bolanjer bat, bere karroa ogi bero beroz betherik. Eta soldado ohiak galdegitzen dio okinari, hean emanen dion ogi puxka bat?

        «—Zer uste duk ala hiretzat ditudala ene ogiak? Ez duk ukanen, eta hoa hire bidean!».

        Ah! Baia?... Eskaleak, berehala, oihu egiten du: «Trintekutxilo!...». Eta, hantxet, ogiz bethetzen zaio bere zakua. Eta lorietan joan zen handik, zonbeit egunen jatekoarekin.

 

* * *

 

        Handik laster, zerga-biltzaile bat aintzinean iragan zitzaion, bere asto bat diruz kargaturik, eta gure gizonak oihu egin zion beraz:

        «Sos bat edo bertze emadazut, othoi?

        —Sos bat edo bertze? Ez eta ardit bat ere! Zer uste duk ala hire muttur pullitarendako bilduak ditudala diru hauk oro?».

        Erran badu erran, oihuz hasten da soldado zaharra:

        «Trentekutxilo!...». eta, hantxet, urhez bethetzen zaio bere zaku handia.

        Eta gero, aberats zen hola, eta bethikotz.

 

* * *

 

        Handik laster ezkondu zen eta dohatsu bizi zen, egun guziez bere atheraldia deskantsuz eginez.

        Hor, ohartzen da, egun batez, bere andrea bethi eta ilhunago hiratzen ari zaiola.

        «Zer duzu bada ilhun hola izaiteko? Ez ditutzu nahi ditutzun guziak?».

        Andreak ez zion lehenik deusik aithortu, bainan gero erran zion, hura atheratzen zen aldi guziez, jiten zitzaiola gizon handi itsusi bat, harriturik ikaretan atxikitzen zuen mamu bat.

        Biharamunean, soldado xaharrak egiten du alegia eta kanporat joaiten, eta gero, eman zen athe-xokoan gorderik.

        Hor heldu da gizon itsusia, eta gure soldadoa emaiten da oihuz: «Trentekutxilo!...» eta, berehala, zakuaren barnera, buruz beheiti sartzen da gizon itsusia. Orduan jotzen, ehotzen du soldadoak eta hantxet... hiltzen.

        Gero, haren hezurrak eremaiten ditu herriko harotzari, hezur heiekin zerbeit eginarazi beharrez.

        Harotzak kurutze bat nahi ukan zuen egin. Bainan, nehondik ez zuen lana bururatu ahal izan, eta, hola seguratu ziren debru bat zela delako gizon itsusi hura.

 

* * *

 

        Xahartu eta hil zen azkenean gure soldado ohia. Bainan, hil baino lehen, bere andreari galdegin zion othoi bere zakua, kaxan, hil-kutxan eman zezon.

        Bere zakuarekin joan zen beraz zeruko atherat.

        Bainan, JonDoni Petrik, atherik ideki gabe batere, leiho ttiki batetik behatu zion, eta gure gizonttoa berehala ezaguturik, oihuka eman zitzaion:

        «Norat heldu haiz?... Zerurat? Hi, zerurat?... Jesus Jaunak, lehen, hauta eman zaukalarikz eru hunen eta zaku trastu baten artean, zalukara utzi huen zerua, zakuaren hartzeko! Hire zakuarekin, hoa beraz orai nahi dukan tokira...». Eta brixtez hetsi zion leiho ttikia.

        Bazoan beraz gure gizon gaixoa ifernura buruz. Bainan, huna non biderat atheratzen zaizkon sekulako debruak, beren sardi xorrotxak eskuan, oihuka:

        «Norat jin uste duk? Ifernurat? Haizen bezalakoa! Orai zonbeit urthe, gure aita hil daukuk lur-gainean. Hoa hemendik, eta laster, zuhur balin baduk!...»:

        Heldu da beraz, berriz oraino, zerurat buruz.

        Eta, aldi huntan, uste-gabetarik, JonDoni Petrik athea erdi-idekia utzirik, parabisuan sartzen da soldado xaharra.

        Bainan JonDoni Petri lasterxko ohartzen zaio, eta oihuz emaiten: Lekuak huts ditzan eta zalukara.

        Gure gizonak zerbeit erran nahi eta JonDoni Petrik ez zion deus aditu nahi.

        Zer egin ez jakinez gehiago, oihuka emaiten da soldado xaharra: «Trentekutxilo!...». Eta, JonDoni Petri zapartaka ari zen, zakuaren barnerat ez joan nahiz... Bainan —oh, Jainkoa, zuk barka— nahi bazuen eta ez bazuen, zaku madarikatuan sartu behar izan zitzaion, Jesus Jaunak hola lehen manatu izan zuelakotz.

        Hainbertzenarekin, Ama-Birjina hurbildu zen tarrapata hetara.

        Soldado xaharrarenak entzunik, oro, berehala, hirriño batekin antolatu zituen: JonDoni Petri libratu zuen, maiteki balakatu, eta... soldadoa zeruan sarrarazi.

        Han ikusiko dugu, harat egun batez joaiten girelarik, athearen ondo-ondoan, eskuineko aldetik.

 

aurrekoa hurrengoa