|
Emeki itxaropendutako egunkaria
HERRI MINA
Donostia, urruntasunean usaintzen zaitut. Atzerrian nago, Euskal Herritik urrun, eta zu bihotzean zaramatzat. Nagoen lekuan txistu hotsik ez dago, haizea epela da oso ta eguzkiak sua dirudi. Desherri honetan denok gara arrotz, inor ez da etxekoseme. Desherri honetan, etxerik ez dago, desetxeak, ordea, itsaertzean pilatzen dira. Gizonek eta emakumeek bisiguak dirudite: eguzkitan erretzen dira. Inork ez du hemen lanik egiten. Txinhurri talde handi bat dago lan gogorrak egiteko. Bestela, beste guztiok, turistak gara, ezin egin dezakegu lan, kolpik ezin eman dezakegu. Komenigarria bai da hamabost egunetan lanik ez egitea. «Bai, hori bai, beharrezkoa duk, benetan esaten diat, hamabost egun hauek behar dizkiat... Eguneroko lan aspergarriari ihes egiteko, egun batzutan ahaztu, dena ahantzi». Mundu erdia erretzen ari dela?... Erre dadila! Putakumeek beren eskubideak eskatzen dituztela?... Eska ditzatela! Ama hiltzeko zorian dagoela?... Hil dadila! Baina behar dizkiat, bai, behar, behar, beharra zeukeat urtean hamabost egun, urtean behin, urtean... Eta nola beroa ari den, Coca-cola bat ere har genezake, edo Kas bat, gure herria gogoratzeko, edo Gin-Kas bat, exotikoa ta herrikoia batetan dastatzeko... eta gero bazkaldu egingo dugu, bai gauza sinple bat, hot-dog bat edo hamburguesa bat, edo kakamokordo bat mustarda ugariz. Eta gero, gauean, hamaikak aldean edo, boite batetara joan gintezke, neska batzu larru gorritan ikustera, ta zakil batzu ere akaso. «Hi, ikaragarrizko lizunkeriak, esan zidatek, bai, aldizkari batetan irakurri nian, bai. Larrua jotzen agertzen dituk eta dena. Merezi dik!» Mila pezeta pagatuz gero, munduko zakil guztiak ikus daitezke, ta bularrik handienak ere, ta musika boluma akojonanteak entzun baita. Mila pezeta pagatuz gero, noski. Gauon, jaun-andreok! Ondo pasa al duzue? Poztutzen naiz oso. Biharko beste boite bat ezagutzen dut, gordinagoa behar bada. Izugarria! Ondo lo egin!
Donostia, Euskal Herria, Alderdi Zaharra, gure etxea, zein urrun zaudeten ta zein gertu zaituztedan! Urrundik nabaritzen zaituztet, usaintzen zaituztet, amesten zaituztet...
Emeki itxaropendutako egunkaria |