HEMEN EZ DAGO AMETS EGITERIK.
Ta egin nahi duenari
hegalak moztu egiten zaizkio
ta plazan
sokamuturraz lotzen
gazteriaren olgetarako
baliagarri izan dadin.
Amets egiten duena
ez delako hemen bestetarako erabilgarria:
haren lepoaz farre algara sortzeko
ta bestetarako ez.
Eroek
egiten dute amets
hemen.
Errenek,
mainguek,
itsuek eta gorrek
egiten dute amets
hemen.
Goseak,
egarriak,
hotzak daudenek
egiten dute amets
hemen.
Beste inork ez
du egiten amets
hemen.
Ametsek
ez bait dute eguneroko janaria erakartzen.
Eta, batez ere,
aperitiboa, telebista, automobila,
azken modako jantzia, tabakoa (horia), semearentzako motorra,
amorantea ta abarren abarrak
ez dizkigutelako hurbiltzen.
Horregatik
hemen
ezin da egin
amets.