Emeki itxaropendutako egunkaria
Iker Bidegorri

Euskaltzaindia/BBK, 1982

 

 

ETXEARI AGUR EGITEAN

 

Etxea, eguneroko gure etxea, hutsik geratzen da.

Ura kendu,

gasa itxi,

argia itzali,

gauza bizirik ez dago etxean.

Alde egin baino lehenago,

iluntasunean,

bazter guztiak arakatzen ditut.

Hilik dago sukaldea,

hozkailuan deus ez.

Mahaina larru gorrian,

irratia ixilik.

Langela iluna dago,

liburuak lotan,

paper guztiak bilduta eta

urrutizkina mutua.

Triste dago komuna,

urik gabe konketa.

Apalak erdi hutsikan,

bakardadean eserlekua.

Logela samintsua dago,

pertsianak jaitsiak.

Estalkirik gabe oheak.

Lo gabeko logela!

 

Ulergaitza gertatzen zait.

Egunero bizirik

egoten ohi diren,

inguratzen gaituzten,

gauzakiek

bizi arnasa galdu egin omen dute

—Gu gabe ez al dira ba ezer?—.

 

Atea herstera nihoala,

ezin itzuri diezaioket

zirrara ebakikor bat sentitzeari.

Ene barruan

zer edo zer arrakalatu egin da.

 

Orain kristalezkoa naiz,

kristal pitzatuta,

ta bide berriak oinkatzean

erabat apurtzeko

beldur izango naiz.

Giltzari buelta ematean,

badakit neure burua

maldar labain batetara bota dudala.

 

Emeki itxaropendutako egunkaria
Iker Bidegorri

Euskaltzaindia/BBK, 1982