Emeki itxaropendutako egunkaria
Iker Bidegorri

Euskaltzaindia/BBK, 1982

 

 

NIK NAHI NUKE

mundu hau zakar zulo bat dela

eta bizitza honek zentzurik ez duela

esan ahal izan.

 

Nahi nuke eta desira

iluntasun besterik ez dagoela

ta zeruetako azken izarra itotzen ari dela

oihukatzerik izan.

 

Benetan gustatuko litzaidake...

 

Hamazazpi-hemezortzi urte izango nituzkeelako

eta, batez ere,

desastre garratz honen erruak

besteen lepoetan

jar nitzakeelako.

 

Ni, ordea,

guztiz garbi, garden eta birginala nintzateke.

Ni, biktima;

zuek, borrero krudelak,

mundua bere akaberara eraman nahi duzuenak.

Ni, ardia;

zuek, zuek guztiok eta haiek, otsoak.

 

Eta horrela pozik bizi ninteke...

lasai, trankil, patxadaz...

banuke neure burua goresteko zioren bat...

Kristauen lehenengo santuak bezala,

martiria nintzateke,

martir gaztea.

 

Mespretxa zintzaketet,

jende soil eta arrunta,

eta neure munduan,

neronen buruaz,

Jainko bat altxa nezake.

 

Emeki itxaropendutako egunkaria
Iker Bidegorri

Euskaltzaindia/BBK, 1982