Emeki itxaropendutako egunkaria
Iker Bidegorri

Euskaltzaindia/BBK, 1982

 

 

HOTELA

 

Mallorcako hotelak

inhurritegiak dira.

Lebita gorriz jantzita dabiltza

Mallorcan inhurriak.

Eta hizketan badakite...

Gutti, egia esan, hizkuntza guztietan, ordea!

Badakite good morning esaten

ta bon soir ere.

Bon giorno per la mattina

esaten dutenean, aurpegian,

halako perretxikoren antza

nabarmentzen zaie.

Alemanez ere

moldatzen omen dira.

Flamenkera apur bat

ba bide dakite.

Beste edozein hizkuntza

ager baledi,

kaxoian gorderik

dituzten hiztegi ttipiek

beren zeregina beteko lukete.

Egunon —esaten diet,

telebistan ikusten ohi diren

irrifar exotiko

horietako batez—.

Begiak angurri bezala

geratu zaizkie.

Belarriak finatu egiten dituzte

entzuten dutena ulertzeko asmoz.

«Barka nazazue, bizartegia noiz irikiko den

jakin nahiko nuke» diot.

Haien egonezina

garbiki azaltzen da.

«¿De dónde será este tio»

diote elkarri begiez.

«¿Será un watusi acaso?»

dio konserje nagusiak.

«Un watusi enano tendria que ser»

erantzuten dio botoiak.

«¡Calla tú, chaval!»

Orduan nik,

irinezko aurpegia jarririk:

«Soy vasco».

Lehenengo unean

txundituta gelditu dira.

Orain, dagoeneko,

gorrotoa begietatik darie.

Mallorcako hotelak

inhurritegiak dira,

non inhurri poliglotoak

bizi bait dira.

Mallorcan, berriz,

euskaraz ez da egiten:

inhurri poliglotoek

ez bait dakite

euskaraz hitz egiten.

 

Emeki itxaropendutako egunkaria
Iker Bidegorri

Euskaltzaindia/BBK, 1982