«Eta gauean lo iraunen dugu,
ta goizean erne,
geure nahia lortu arte,
geure bidera iritsi arte.»
Mijail Muayma
HARRIAN ESERIRIK NAUZUE, SO.
Baina ezin itzuri diot
bideko gizona izateari.
Zuek, deiadar egiten dizuedan horiek,
nire barruan sartuta zaudete
ta bidea nirekin batetara egiten duzue.
Askotan... bideertzean utzi nahi izan zaituztet
(zikinkeriatik alde ene soineko txukunak!)
baina beti neure burua aurkitu dut
zuekin lohi putzu berberean.
Ez dakit noizbait neure mintzoa,
lokatz hauetatik urrundurik,
betierako ta garbirik biziko denentz.
Orain ta hemen, ordea, zuekin dago
lohi honek hezurretaraino blaiturik
ta xahutzeko gogo ta desio gaberik.