|
Emeki itxaropendutako egunkaria
KABARETA
Gauetan, ziplo, Mallorcan, mundu berezi bat azaltzen da. Argiz beterik egon arren, iluna da. Jendez gaineztaturik badago ere, eremu hutsa. Diskategiak, boiteak, kabaretak, Plaza Gomila-tik gora bidearen bi alboetan metatzen dira. Handi omen da zeregiterik ez dutenen kopurua! Une gozo bat igarotzeko zatoz gugana!, Bi orkesta, kantaririk famatuenak, umore ona, sexy-show, eta gu hemen erdian. Pentsatzen ari naiz orain kabaretaren argi guztien gainetik, kabaretaren argi guztien azpitik zer egon daitekeen. Luxo handizko jantziz agertzen zaizkigun neskatilak —zeinek minutu eskas bat bakarrik irauten duten gorputzen gainetan, zeren eta neskatil gorputz ederrekoak berehala erantzi egiten bait dira— begiradak, irriņoak, musuak, keinu lizunak sakabanatuz gero, kabareta uzten dutenean eta etxeetara abiatzen direnean, ez dirateke oraingo, une honetako berberak. Nik, ordea, haien bularren atzetik, zanpatzailearen eskua nabaritzen dut eta ulertzen mundua zergatik hain gaizki egina dagoen, eta diruak zergatik hainbeste balio duen. Ondoko ikuslea sentitzen dudanean, adurra dariola, begiak nesken bularretan, izterretan, aluan iltzaturik, amorrazioa nitaz jabetzen da eta mahainean dagoen txanpan botela hartuko nuke ta kolpeka hasiko guztiekin ondoan dudan gizontto adurtiarekin bereziki. Mallorcan, lehenago esan dut, gauetan, bat batetan, mundu harrigarri bat sortzen da, kabareten mundua. Kabaretetan, berriz —hau ez dut lehen esan, hau orain diot— lentexuela eta musika alaien atzetik, neskatxa ederren gibeletatik, eta zerbitzari pajaritadunen azpitik, zapalketa hestu baten kiratsa usaintzen da ta zanpatzaile guztiahaldun baten muturra somatzen.
Emeki itxaropendutako egunkaria |