www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (II)
Sebastian Mendiburu
1760, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Bigarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LII.garren OTOITZ-GAIA

JUDASEK BATETIK, ETA
BESTETIK GANERAKO APOSTOLUAK
JETSEMANIN EGIN IZANDU ZUTENA

 

 

A.

Sartzen da Judas Jetsemaniko
baratzean, Jesus preso arreraztera

 

        Etzuen Judasek galdu denborarik Jesusen afaltegitik atera, ta Jesus bera preso arrerazi artean; bada, beste Apostoluak Jetsemaniko Baratzean lo zeutzan denboran, erne aski ta arin ibilli zen Judas, artarako onak ziran lagunak billatzen: ta bere lan gaistoa lenbaitlen bukatu naiez, Jetsemaniko Baratze berean arkitzen zen Judas, an Jesusek bere otoitzak egin, ta adirazi nai ziena bere Apostoluei, lotatik oriek ater-erazi ondoan, adirazi orduko; ta an arkitzen zen, ogeita amar diruak artu naiez, bere itzez agindu zuena lanez egitera, edo Jesus preso arreraztera etorria.— Bere lan gaisto au zuzenago egiteagatik, Jesusek Ostegun santu arratseko gauzak Jerusalen bukatu, ta Jetsemaniko otoitzak egin orduko, bildu zituen Judasek eun soldadu, ta geiago; ta, oriek aski ezpalira bezala, bat preso artu ta loturik noranai eramateko, Apez-nagusiak eta Fariseotzar Jesusen galgarriak eman ziozkaten, Judas berari, beren pekoetatik, nai zituen adiña gizon; ta oriekin, ta bildu zituen soldaduekin batean, an zituen Judasek Apez Nagusi beeratik beste zenbait ere; baita Elizako kargudunetatik ere, ezdakit zenbat: eta guziak zijoazen, beren lanerako era egokian, edo bakoitza zijoan, berari zegozkan armekin; ta, an ziran guzien artean baziran bear adiña argi ta farol.

        Orien guzien Nagusi, ta Kapitan egiñik, atera zen Jerusalendik Judas Jesusen billara, ta loturik eta preso Jesus eramatera.— Bazekien Judasek, bai, non arkituko zuen billatzen zuen Jesus maitagarria. Bazekien, oi zuen lekuan ta otoitz egiten arkitzen zela garai artan, Judas beraren ta gure Maisu Jesus maitagarria. Baña gorde zekion beldurrez bezala, argiz ta argiz beterik zijoan Judas; ta berekin zituen gizon kargudun, Apez Nagusi, soldadu jentil, ta gañerako guziei erraten ziela: Begira; zuetatik zenbaitek ez dute ezagutuko, orain guk preso artu bear dugun au; Ezagutzen dut nik, eta badakizkit bai, aren ibillerak eta mañak. Nik neronek adiraziko dizutet, artu-ordua etortzen deneko, zein den ura. Ez dezue zuek orretarako, niri begiratzea baizik. Nik ura ikusi orduko, arganako naz ni, ta egiñen diot adiskide onak egin oi dutena; bere arpegian nik ura ezpañez ukitzea.— Nik era onetan ukitzen dudana da zuek orain billatzen dezutena. Artu zazue zuek ura bertan preso; ta ekartzue kontuz, ta ongi loturik; eta begira zer egiten dezuten.

        Ekusten dezu zuk, nere anima, zein erne dabillen gaur Judas, Jesus galdu naiez? Afaldu, ta lotara lekuan, gau otz-illuna bazen ere Ostegun santu gau ura, kalez kale dabil Judas, ta etxez etxe, bildu artean berak, bere Maisu Jesus maitagarria loturik ekartzeko daraman soldadeska ta jendea.— Bere gizagiro oriek eta soldaduak bildu zituenetik, Jesus Jetsemaniko baratzean arkitu artean, ez da gelditzen batere Judas. Batean bidea erakusten dabil berekin dituen jendeei, bestean bere jendagiro berak egin bear dutena.— Noizean bein buru-begiak luzatzen ditu, non arkitzen den Jesus ekusteko; ta Jesus ekusi edo arkitu artean, ez onik du Judasek, eta ez sosegurik batere.

        Ekusten dezu Judasen ibillera erne galgarri au?

        Eta Apostoluena? Lo, ta lo egitea!— Erraten die Jesusek Apostoluei Jetsemaniko baratzera orduko, begira dutela: daudela kontuz ta erne, ta otoitz egiten diotela beren Jaungoikoari, nai ezpadute gerta dakien uste ez dutena, ta kalteren bat.— Uzten ditu Jesusek orretan, ta badoa bera barrenago, bakarrik an otoitz egitera.— Bere otoitz au egin ondoan, itzultzen da Jesus Apostolu beretara; ta arkitzen ditu lo-ta-lo: ta orietatik bati, besteak aditzen zutela: zer, Pedro (erraten dio baña guztiz emeki, ta zenak bezela) ori da zure niganako amorea, eta zuk niri nai didazun guzia? Dakizun eran orain ni, ta tristuraz, nazan au, guztiz betea! Eskatu nik zuri, ta zure lagunei, iratzarriak eta otoitz onean nere eran, oriek eta zu emen egoteko; ta ala ere, ordu bat baño len loak garaituak oriek eta zu? Aldebat bada zuen loak; eta erne, ta kontuz otoitz-eta-otoitz guziok, nai ezpadezue zuek garai zaitzaten zeren etsaiak.

        Au oriei esan ondoan, badoa Jesus bera berriz otoitz egitera: ta, bere bigarren otoitz au egin, ta andik itzultzean, arkitzen ditu Apostolu berak, len bezain bortizki beren loak garaituak; eta berak berriro Jesusek iratzartzean, gelditzen dira lotsaz ta alkez guztiz beteak: eta guziagatik ere berebat gertatzen zaie irurgarren aldian.— Au zer da, gure Jesus maitagarria? Zer izain da? Lurreko gauzena!— Bai egiaki! Erne dabiltza, ta kontuz, Lurrekoak lurreko bere gauzen ondoren! Gau ta egun, ta astez, ta urtez dabiltza, ibiltzez aspertu bage, Lurrekoak lurreko ondasun txarrari edo irabaziari oñez, eskuz, ta gogoz beti darraizkola.— Asmatzen dituzte, nork-daki zenbat bida-giro, irabaztegi, ta egiteko, ondasun oriek beren eskura naiez.— Galtzen dituzte gabak, eta dutena, gogo gaistoari bein edo berriz atsegin egiteagatik; eta askotan ibilli oi dira asmari gaisoak zoratuen eran ta, bururik ez dutenak baizik, ezin legizkeen jan-edanetan, jostatze lizunetan, joko galgarrietan, ta era orretako beste gauzetan.— Baña beren animakoetan?— Lo ta lo; prisa, ta prisa, ezinbestez, bakan, ta ezin gaizkiago.

        Orietatik zara zu ere? Erran dezatela berandutik berandurako, edo ontzerik bageko zure konfesioneak: eta, zertan zauden ez dakizulako, zure meza-enzuteak, errosarioak, eta gañerako gauzak! Eta, oriek zuk ekusi ondoan, ekusi zazu noren eran zabiltzan zu: Apostoluen eran, edo Judasenean?

        Bere arazo ernetasun, ta ibillerekin arkitu zuen laster Judasek Jesus maitagarria; ta Judasek Jesus ekusi orduko, argana zen Judas, batere alkerik gabe, ta eraman ziozkan Jesusi, lenago berak berekin zituenei adirazi zien bezala, bere besoak lepora, ta ezpain zikiñak arpegira.

        Baña, bazekien Jesus maitagarriak, zertarako ziran adiskidetasuneko Judasen sinu-gezurtiak; eta, hura zentzarazi naiez: Judas, erran izandu zion: Judas, ta zuk ni ezpainka? Judas, ta apaka ni eraman nai nazazu zuk nere etsai judu gogor galduen atzaparretara? Judas, Judas, aldiren batez, ta denbora luzean ere, ongi nai zenidan nere Apostolua, nork sartu du zure gogoan zure niganako gorrotu, ta aserretasun orren andi amurratua?— Niganago aserrez zere biotza zuk erretzen dadukazu; ta emen zatozkit orain, adiskide onaren eran, preso ni arrerazi, ta lenbaitlen niri nere bizi au galeraztera.— Gortu zara zu, nere itz onak zuk ez aditzeko! Ez diozu zuk begiratu nai zere zuzenbideari! Ez dezu zuk nigana nai, ni galerazteko bideak egitera baizik! Baña alferrik zabiltza zu, ta sekulako zere buruaren kalte arrigarrien billan.— Artuko naute, bai, ni preso, orain zurekin datozen armadunak eta jenda-giro-gaistoak, eta eramain naute, bai, eriotz gogor baten atzaparretara; baña nik neronek nai dudala, ta nik nere Aita maitagarriaren naia orretan egiteagatik da nik lan txar ori, zuri ta oriei, egiten uztea: bada nik neronek au nai ezpanu, ez zu, ta ez oriek, eta ez munduko guzietatik bat urbil liteke, ez orain, ta ez gero, ta ez bein ere, ni arkitzen nazan tokira. Ots emazu: goazen ekustera.

        Itzultzen da Jesus, an itz bitan Judasi erran, edo adirazi ondoan, Judasekin zetozen soldadu ta gizon guzietara; ta erraten die guziei: Nor billatzen dezue zuek?— Erantzuten diote, Nazaretko Jesus.— Erraten die Jesusek: Ni naz ori: ta, au aditzean, badoaz guziak atzeko aldera; erortzen dira, zer gertatzen zaien ez dakitela, ta an dantza guziak, illotzen eran: ta, Jesusek nai izatera, etziran jaikiko zeutzan tokitik, azken juizioko eguneraño.— Eta oriek orrela zeduzkan denboran, nork eragotziko zion Jesus maitagarriari, Jetsemaniko baratzetik ateratzea, ta nai zuen tokian sartzea? Gelditu bazen, bada, gure Jesus, zegoen tokian, ta artu bazuten preso Judas gaistoak berekin zituen gizonak, Jesusek berak nai zuela izandu zen, ta ez Judasen gogoz, ta bortxaz.

        Era berean erazagotz lezake Jesus maitagarriak, zuk ura zere ezpañez, zere gogoz, edo zere eskuz zere pasione gaistoen atzaparretaratzea, zere bekatuz zuk ura aratzen dezun aldietan: bada ez luke Jesusek orretarako, zure eskuak, zure ezpañak, edo zure biotz ori igarreraztea baizik, batere beartuko: ta on guzia Jesusek balegike ordu, ta puntuoro, edo berak nai duen aldi guzietan.— Uzten du bada, ori guzia egiteko, zuri ez kendu naiez, zuk zere gauzak zere naiez egiteko eskua; esku onez zu baliatzen zarala, irabaz ditzazun anitz atsegin, kontentu, ta gloria.

        Baña begira, bekatari txarra! au zuk egin bearrean, egiten badituzu egin bear ez dituzun gauzaren batzuek, edo arrerazten badiezu zuk Jesus, preso bezala, zere pasione gaistoei, egiñen dezu zuk, bai, zerorrek nai dezuna; aspertuko dezu zuk zenbait denboraz zere gogo txarra; irabaziko dezu zuk zerbait diru: zertan, edo artan autsiko dezu zuk zere Jaunaren Lege zuzen-garbia; ta sarreraziko dezu zuk Jesus maitagarria, lan txar ori eragiten dizun zere pasione sutuaren atzaparretan: baña, orretan zu gelditzera, geldituko zara zu Judasen eran: ta beldur naz, izan dezazun zuk ere Judas beraren bukaera, edo arenaren erako, ta gero aren aldamenean beti-betiko sulezea.

 

 

B

Jesus utzirik,
iges egiten dute Apostoluak

 

        Gure Jesusek agertu ondoan, berak nai ez izatera etzela, ez, judu galduen eskuetarako, iutzi zien Judasi, Judasen lagunei, ta orien artean zetozen soldadu guziei, jaikitzen zeutzan tokitik.— Jaiki orduko galdetu zien berriz ere noren billan etorrizk ziran, anbat argi, anbat arma, ta anbat arazorekin? Erantzun zioten, lendabizian erran zutena, edo Nazaretko Jesus billatzen zutela.— Agertzen die Jesusek zein den bera, edo bera dela berak billatzen dutena; ta ematen die, bear duten indar ta esku guzia, nai bezala, bera loturik preso eramateko; baña erraten diela: Orie; ni biliatzen banauzue zuek, utzi geldirik nerekin daudenei, guziak doazen berak nai duten lekura: Si ergo me quaeritis, sinite hos abire. Ioan. 18. 8.

        Oriei au Jesusek erran orduko, badoaz, zakur amurratuen eran Jesusi itsastera: itsasten zaizka, (ta batetan) al duten guziak; eta gelditzen da Jesus maitagarria orien beren eskuetan loturik, eta preso.

        Zer gertatzen dela deritzazu zuk, era onetan Jesus gelditzen denean?— S. Markos Ebanjelariak adirazi digun, ta nornai arriturik uzteko den gauza bat: Jesus ekusi orduko bere etsaien eskuetan, arekin an arkitzen ziran guziak igesiari ematea; Tunc discipuli ejus, relinquentes eum, omnes fugerunt. Cap. 14. 50.— Ekusten dezu gizonaren ezer-eza, ta txarkeria? Anbat denboraz Jesus maitagarriarekin bizitu diran gizonak: munduko beste guziak utzi, ta bere Apostolutako Jesusek artu dituen gizonak: Jesusek berak berei agertu dien Lege berriaren alde anbat eta anbat mirakullu ekusi dituzten gizonak: oraingo ekuskari andi au berau ekusi bearko zutela, Jesus beraren aotik aditu zuten gizonak: gau artan berean Jesus onarekin apaldu zuten gizonak: bere afal ondoan bere eskuz Jesusek berak beren oñak garbitu ziezten gizonak; afaltegi berean Jesus beragandik komuniatu ziran ta Apez egiñak gelditu ziran gizonak, eta, nork daki zenbat beste ontarte Jesusi zor diozkaten gizonak, egin zezakeen egin zutena? Utzi zezakeen Jesus, utzi zuten eran, berak beren igesiari emateko? Egin zezakeen, era orretako gizonak, egin zutena baño geiago, Jesus izan baliz ere gizon arrotzen bat, edo gaizkiren batzuek egin izandurikako gizonen bat?

        Gauz arrigarria da, bai, gañerako Jesusen Apostoluak arrats artan egin izandu zutena; baña arrigarriagoa da, gauza au bera San Pedrok ere, egin zuen bezala, egitea; bada San Pedrok ere iges egin zuen Jesus onagandik, beste guzien eran (Omnes fugerunt), Jetsemanira baño lentxeago erran bazion ere bere Jesus maitagarriari: Jauna, nerekin datozen beste guziak zu utziagatik, etzaitut nik utziko bein ere, ez segurki. Eta San Pedroren lan txar au ekusi ezkero, nor ez da, bere Jaungoikoa galtzeko beldurrez ikara geldituko? San Pedro Apostoluak, eta gañerako Apostoluen erako gizonak, ongi komuniatu ondoan, komuniatu ziran bezala Ostegun santu arrats artan, au egin dutenean, zer gaistakeri da, guk bezain gauz-ezer-ez txar galkarriak egin ez dezakeguna, gu geren etsai sutu amurratuak zerbait tentatzera?

        Au nik badakit gaur, eta nik, onelakorik ezpaneki bezain arin ta txoratu ibilliko naz ni gaizbidez gaizbide, ta nonnai atera-sartu! Au badakit nik gaur, eta jakin onen gañean ibilliagatik ni, gaurgeroko nere denboran ez ote naz ni, aratzen nazan baño maizago nere komunioneko maierako?— Goseak banabil ni, ta etsai indartsu amurratuen artean, nabillen bezala, izanik ni nerez indar gutizkoa, aisa aski eragiñen didate niri oriek berak nai dutena; ta, berak nai bezain erraz galeraziko didate niri nere Jesus maitagarria.— Ori da niri oriek oraindañokoan maiz aski, ta usuro eragin didaten lana ta egitekoa; ta bertze bideren bat bertatik nik ez artzera, beldur naz ni maizagotan, ta errazago eragin dezadaten niri urtearen, illaren, edo astearen buruan; baita egunoro ere; bada egunoro arkituko naz ni indar ta gogo gutiagorekin nere gauz onetarako; ta nere etsai indartsuak nere gain indar edo esku geiago dutela.

        Gabiltzan, bada, nere anima, gaurgero beti, ongi oartuak; gabiltzan beti zuzen-zuzen, ta gabiltzan geren Jaungoikoaren beldurtasunez ongi prestatuak, Jesusen ondotik ken ez gaitzan gu geren etsaiak, Judasen zorigaistozko lanetan gero erabiltzeko gu.

 

 

Conturbatus sum á voce inimici,
et á tribulatione peccatoris.

Ps. 54. 4.

 

        Jerusalendik atera, ta Jetsemaniko baratzean belaunikatu orduko, ekusi zituen gure Jesus maitagarriak anitz gauza ta nekagiro, ta orien artean, andik asi, ta bere ill orduraño bera penaturik utzi bear zutenak; baita bere etsai gaistoen erausiak ere.

        Belaunikaturik zegoen toki beretik ekusi zuen Jesus maitagarriak bere Apostolu galdu Judas, baita Judasek, berekin zekazkienei erraten ziela ere: Zuek orain preso artu, ta ekarri bear dezuten gizona da lenbizikorik nik zuen begietan ezpañez bere arpegian ukitu bear dudana: nik au egin orduko, aren gain zuek guziok itsatsi laster, ta lotu, ta kontuz ekarri au zuek Jerusalengo Juezetara.— Au ekustean Jesusek, ekusi zuen eran, edo bere animaren begiz au Jesusek ekustean, gertatuko zitzaion Jesus maitagarriari Dabidek diona; ta errain zion bere betiko Aita eternoari: nastu nau ni, nazan au guzia, aldi onetako nere etsai galgarriaren, edo Judasen itzkerak! Judas galgarria emen niri ap ematera, edo muñ egitera? Satanas berekin duen Judas, egin dituen gauza gaistoak egin ta ere, alkeri gabe onara nigana?— Zeruko Aingeru guziak arrituak arkitzen dira, ekusi nautenetik ni, orain ni arkitzen nazan eran: ta Judas, deus ez bat bailiz bezala, beraren oraindañoko ibillera madarikatua, nigana naiez, ni apaz, ta palakuz, ero bat bainintz bezala ni preso artzera?— Gauz arrigarria, nere Aita maitea; ta, zuk zerorrek dakusazun bezala, nere Pasioneko kaliza edo edaria agitz ta agitz mindurik uzten didana! Baña edari, bere mindura guziarekin pozik, edo gogoz ta biotzez ni artzeko negoena, zuri orretan zerbait atsegin egiteagatik!— Atozea zu, bekatari txarra; ta ez ote zenion zuk ere zerbait mindu, zere komunione galduetako apa edo musu loituekin? Ez ote zara zu urbildu izandu bein ere komunioneko maiera, zuk zere bekatuak konfesariaren oñetan ongi klaratu gabe, edo zer edo zer gorde-estali, edo nastu ondoan?— Ez ote zara zu, komuniatu, ta gero gelditu, Judas bere ostegun santuko komunione, edo afalondoan bezala, edo len bezain otz, gogor, ta gaisto zere Jaun maitagarriarekiko?— Eta ez ote da ori zuk ezpañez, miiz, ta bularrez Jesus ukitu ondoan, Jesus uztea bere etsai amurratuen, edo zere aztura ta pasione makurren atzaparretan? A Jesusen saltzalle galdu, Judasen lagun gaistoa, langiro galdu au egiten duen anima!

 

 

Considerabam ad dexteram, et videbam,
et non erat qui cognosceret me.

Ps. 141. 5.

 

        Denbora zen judu-tzar gogor gaistoak zebiltzala Jesusen ondoren, ta nondik Jesusi kenduko zioten, zuen odol ta bizitza guzia; baña juduen ibillerak ibillera alferrak ziran, orretarako ordua zetorren artean. Ordua zen Ostegun santu arratsa, Jesusek berak bereei lenagotik adirazia zedukan bezala. Ordu au etorri orduko, utzi zuten Jesus berekin zeduzkan bere lagun guziak; eta batetan arkitu zen Jesus maitagarria lagunik bat ere bage; ta bere etsai gogor amurratuen atzaparretan. Begiratu zuen kontuz Jesusek alde guzietara, ta etzuen ekusi nion ezagunik bat ere!— Jesusen Apostolu maiteak, orain utziko zenuten zuek, eta, loturik dadukaten gizatzar gaistoen eskuetan, zeren Maisu on Jesus maitagarria? Zer kontu emain diozue zuek zeren Jesus maitagarriaz Jesusen Ama maitariari?— Seme maitagarriagatik ezpazen ere, Amaren izenean etzinaten geldituko zuek zeren Jesus onarekin? Guti nonbait nai diozue zuek, zeren ongille andi Jesus maitariari, ta guti urrikari dezute zuek, nekez, ta naigabez beterik arkitzen den Jesusen Birjin Ama Andrea?— Ez da, ez, gizon prestuena zuek orain egin dezutena, edo Jesus onagandik, iges egin dezuten eran zuek iges egitea. Ez da, ez, eskerdun onena; ez eta, begiratze onak dituzten gizonena ere, zuek aldi onetan Ama-Semeekin egin izandu dezutena!

        Egia diozu, anima bekataria: ta, nolakoaren iges egitea ote da zuk egin oi dezuna, zere Jaunaren Legeko manuren bat austen dezunean? Apostolu gaisoak Jesus utzirik, iges egin bazuten, anitz soldaduk eta armazko jendek izuturik, igesi joan izandu ziran: baña zuk iges egiten dezu, Jesus beragandik zere pasione txar loitu zikin, edo suturen bati atsegin egiteagatik; gaizki bat bati errateagatik; begi zuri-gordin-zorrotzekin norbaiti begiratzeagatik; itz bat Jesusen izenean ez eraman naiez: norbaiten gauza txar bat arrapatzeagatik; gaitzera makurtzen zaituen jostatzea, jolasa, edo aldamena ez utzi naiez: ta askotan begiratze arin galgarri bat ez uzteagatik!

        Era onetan Jesus uztea, Jesusen Amari ongi naia da?— Ez, baizik bere bakartasunean Ama-Semeak utzi, ta nork bere pasione lapurti galduekin iges egitea. A zer ibillera! A zein eskertia!

 

 

Orate, ne intretis in tentationem.

Marc. 32. 41.

 

        Nondik etorri ote zen, Apostolu onak ain laster Jesus utzi, ta iges egitea?— Jesusen erran bat ez egitetik. Erran zien Jesusek bere Apostoluei egon zitezela erne otoitz egiten; ta beren Jaunari bere laguntzat eskatzen, zer-gerta ere: baña beren buruez geiegi fidatzen Apostoluak! Ez uste Apostoluak etorkitzun zela, andik laster etorririk ekusi zutena! Lotan egondu Apostoluak otoitzeko denboran! Tentuak arrapatu Apostoluak erdi lo, ta armarik gabe bezala, ta orrekin aisa garaitu!

        Eta zergatik garaitu ote zaitu zu ere zere etsaiak, garaitu zaituen adiñetan, ta garaitu zaituen bezain aisa ta erraz?

        Zeren egin ez oi zenuen zuk ere Jesusen erran au berau! Zeren eskatzen etzenion zuk zere Jaungoikoari, eskatu bear zenion aldi guzietan, edo eskatu bear zitzaion eran ta ziñez, bere laguntza ta grazia! Zeren lotan bezala zenbiltzan zu zere Jaunaren gauzetan, orietan zu zenbiltzanean ere! ta zeren zu zerori sartu oi ziñan aisola-kabean, ta, beldurrik bage bezala, zere etsaiaren atzaparretan, zere bide-malkorretan, ta edozein okasionetan! A ni nere buruaren galgarri eroa!

        Egia diozu: ala da, bai.

        Nai dezu zuk, nere anima, gaurdanik badere Jesusen aldean sarturik gelditu? Nai dezu zuk zere Jesus onarekin ill, ta bizi, edo bizi nai dezu zuk zere Jaunaren grazia bein ere galtzen ez dezula?— Zaude, bada, zere Jaun au galtzeko beldur andiarekin. Zaude beti zu, zere Jauna gogotik uzten ez dezula. Zaude zu zere Jaunari itsatsirik bezala, edo noizean bein bere laguntzaren eske ta eske.— Iges egizu zuk, oraindañoko zere bide galgarrietatik, edo okasione txarretatik.— Ez dezazula zuk iutzi zere goiz-arratsetako otoitza: ez eta egunaz egin oi dituzun gauz onetatik bat ere. Eta eska zaiozu zuk orain zere Jaungoiko maitagarriari leneko zere bekatu guzien barkamentua, damuz ta negarrez erraten diozula: Nere Jesukristo Jauna, etc.

 

aurrekoa hurrengoa