www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (II)
Sebastian Mendiburu
1760, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Bigarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXXVI.garren OTOITZ-GAIA

GURE LEGEKO NEKEAK BEAR BEZALA
DARAMAZTENEN DOATASUNAK

 

        Bidez dabiltzan gizonak, ez dabiltza guziak era batean. Batzuek, besteak baño ariñago dabiltza, ta kezka ta naigabe gutiagorekin: ta neke ta naigabe gutiago dutenak, eta ariñago dabiltzan gizonak dira, bidezkorik onenak.

        Berebat gertatzen zaie gure Legez dabiltzanei. Orietatik batzuek arin, ta aisa dabiltza edo erraz aski daramazte gure Legeko neke guziak; baña ez dira geienak, ez, orren aisa dabiltzanak; geienak dira Lege bereko bidean anitz aldiz beintzat beatztopaka, edo erorka, ta bekatuz bekatu dabiltzanak; eta noizbait oriek pekatura bage ibilliagatik, illunsko dabiltza. Zeruko eztitasunik bage dabiltza, ta txikietatik zenbat uts (eta maizkote alere) egiten dituztela dabiltza.

        Era onetan dabiltzanak ez dute, ez, ateratzen lenagoak adiña ondasun ta irabazte beren Legeko nekeetatik; eta ez dira, ez, ongi dabiltzanean ere, oriek bezain zorionekoak eta doatsuak; oriek dira alabaña lenbizikorik, eta barrenena sartu oi diranak, Mendiko bere predikuan Jesus maitagarriak berezi zituen doatsuen artean.

        Badakizu zuk zein ote diran, zorioneko doatsu oriek? Baldin ezpadakizu, orain ikasiko dezu Jesus maitagarri beragandik. Zorionekoak, dio Jesus maitagarriak, gogoz beartsu bizi diranak: Zorioneko doatsuak, manso asaldatzen ez diranak: Zorionekoak, bear den erako negartiak: Zorionekoak, zuzentasunaren edo Justiziaren gos-egarri diranak: Zorionekoak, bearrean daudenez urrikaltzen diranak: Zorionekoak, biotz garbiak dituztenak: Zorionekoak, bakean bizi diranak: eta Zorionekoak beren bizitza zuzen onagatik, neketan bizi diranak.

        Orra zein diran zorioneko doatsu, beren Legeko nekeak bear den eran daramaztela, ondasun anitz zerurako biltzen dituztenak. Orietatik bat izan zaitezen zu ere, baldin ezpazara oraindañokoan, ekusi bear dezu aztiz ta kontuz, Zorioneko doatsu bakoitzak egiten duena; edo ekusi bear dezu, ori oriei eragiteko, Jesus maitagarriak egin izandu zuena.

 

 

A.

LENBIZIKO DOATASUNA:

JAUNAREN AMOREZKO BEARRA

 

Beati pauperis spiritu, quoniam
ipsorum et regnum coelorum.

Matth. 5.3.

 

Doatsuak, eta zorionekoak dira
gogozko beartsuak;
bada oriena da zeruko gloria

 

        Zein ote dira Jesusen ondoren dabiltzan zorioneko beartsu oriek? Ezer ez duten errumesak? Eskean dabiltzan beartsuak? Gaizki jauntziak arkitzen diranak? Eta jan-edan txarrak egin oi dituztenak?

        Ez beintzat guziak.

        Zein bada?

        Beren bearra, ta gabe guzia Jaungoiko maitagarriaren izenean emeki daramatenak. Zorioneko doatsuak dira aberasteko naikunderik ez dutenak, bide gaistoz beintzat, eta zillegi ez diran irabaziekin: ta, ezagutu ezkero, beren onerako ez dagozkiela lurreko ondasunak, ondasun gabe ta beartsu bizi nai dutenak; eta nai dutenak au, beren Jaurgoikoari atsegin egiteagatik, eta zeruan sartu naiez.

        Onela beartsu diranak gogozko beartsuak dira, Jesus beartsuaren ondoren dabiltzan zorioneko beartsuak dira: zerua irabazten duten beartsuak dira; ta beartsu doatsuak, eta zorioneko Jesusen umeak. Ala dio san Bernardok: Non paupertas virtus, sed paupertatis amor.

        Zorioneko beartsu orietatik ote zara zu ere? Zere gabearekin, zere bearrarekin ongi arkitzen ote zara zu, bear ori, ta izan oi dezun gabea zuri zere Jaungoikoak bidaltzen dizkitzun aldietan? Zure Jaungoikoak betiko zuri emanagatik bear au edo besteren bat, artuko ote zenuke zuk, bere eskuan apa ta muñ zere Jaungoiko, orien emalleari, egiten zeniola? Ala bada, Jesusen ondoren dabiltzan zorioneko doatsu beartsuetatik zara zu; ta zuk orretan irautera, zurea da era orretako beartsuendako Jaungoikoak dadukan betiko atsegin-kontentua, ta zeruko gloria.

        Baña bear utsetan, gabez beterik, eta arrastan bezala biziagatik zu, bizi zaraño, ala arkitzen zaran denboran atsekabetan bezala bazabiltza zu, gogoaren bortxan bazabiltza, edo, baldin bazabiltza zu, zere Jaungoikoaz oroitu ere gabe edo Jaungoikoaren izenean artzen ez dituzula zuk zere neke-gurutzeak, bortxazko beartsua zara zu, ez zorionekoa.

        Begirozu bada: guztiz gaizki zabiltza, orrela bazabiltza; ta, nekatzen zaran ezkero, neka zaitez, arren, zere onerako, ta zorioneko beartsuen doatasunak erdisten dituzula; ta, zere Jaungoikoaren izenean zere neke ta naigabe guziak artuz, zeruko atsegin-kontentu andiak irabazten dituzula. Era orretan nekatzen dira, munduan zituzten gauzak edo gauzen usteak aldebat utzirik, munduz kanpoan, edo Relijioren batean, bear den eran bizi diranak. Oriek dira gogozko beartsu guztiz doatsuak, eta zeruko bidean Jesusen ondoren arin dabiltzanak.

        1. Ala da, diuzu. Baña ondasundunak? Aberatsak? bear den guziarekin, ta bear dutena baño geiago ta geiagorekin arkitzen diranak? Badabilzke oriek ere Jesusen ondoren, ta gogozko beartsu-doatsuen artean?— Nai badute, bai; ta arin alere.

        Nola bada?— Prestatuz batzuetan dituzten ondasunetatik, eskatzen dieztenei; ta, bear denean, emanez gabeari onen bearrak eta premiak ori eskatzen duenean; ta gañerakoan egiten dutela, dutenarekin, egin bear duten gastua ta egitekoa, bai, baña ez besterik; eta, beren ondasun guzien artean arkitzen dirala, ondasun bat ezpalute bezain biotz garbi soseguzkoekin; ta Jaunak ala nai duela, duten guzia, edo guzitik edozein zati, uzteko asmoan.

        Baña erraz ote da ondasundunak gauz au egitea? Ezetz, dio Jesus maitagarriak; bada dio: Ai aberatsak! Emen dituzue zuek zeren atsegiñak, zeren Jaunagandik urruntzen zaituztenak, eta atsegin, zeruko atsegin garbi ederren galgarriak!

        Zergatik ote, Jesus maitagarria?— Nik errain dizut ori, Jesusen ordez. Aisa bizitzen dira lurreko ondasundun aberatsak. Izaten dituzten diru, ta dituzten ondasunekin erraz arkitzen dituzte lurreko aberatsak, beren sabelak betetzeko, beren gogo gaistoak aspertzeko, ta, berak nai dituzken gauza guziak egiteko, bideak eta era makurrak.

        Aurdanik aberatsak geiegi oitzen dira ibillera guztiz eme batera, edo beren soñeko gauzetan; beren oñekoetan, beren jan-edanetan, lotaratzen diranean, ta gañerako beren gauza guzietan, beren buruei atsegin ta gusto egitera.

        Ordutik aberatsak, eta gerozko denboretan ere beren ezpañetara begira-begira daduzkee etxeko guziak ezezik, beren errietako ta bazterretako beartsuak, edo gabe arkitzen diranak ere; ta, zernai aberatsak oriei adirazi orduko, edo oriek guziak, edo guzietatik zenbait beintzat, prestegi arkitzen dira, aberatsak adirazten diena bertan egiteko. Eta, oriek ala ori au ez egitera, an dira, bai, ta batere luzatu gabe, aberatsen eskanbillak, aberatsen errietak, aberatsen ordu gaistoak, eta meatxuak; baita, zenbait aldiz beintzat, aberatsen eskukak ere: ta alere muker gelditzen dira aberats galduak; eta denbora luzeetan beren begietara begiratu ere ezin dakikeen eran.

        Atzo baño gaur, edo egunoro arkitzen dira gogorrago egiñak aberats galduak. Berak baño geiagorik ekusi nai ez dute Lurreko ondasundun aberatsak. Berena gora, berena bera dabiltza beti aberats berak. Berenarekin atera naiez dabiltzan aldietan aberatsak, au ez galtzeagatik, galdu oi dituzte beren animak eta beren Jaungoiko maitagarria.

        Aberats beren muker-erak eta, aserraldiak, aseraldi-muker luzeak dira. Onra ta antustea dira aberatsen biotzak geienik erretzen dituzten ikatz eta egur sutuak edo irazakiak.

        Galdurik utzi dituzten neskatx eroen edo emakume gaisoen negarrekin; berena orien eskuetatik ezin atera duten beartsuen kezkarekin, ta beren egia ezin adirazi dutenen atsekabearekin asetzen dira, nekatzen ez diran alfer aberatsak.

        Era bereko aberatsak dira, gauz onak egitez, aditzez, ta ekustez lenen-lenenik aspertzen diranak, eta gauza berez, ez bein, irri ere egiten dutenak.

        Oriek berak dira, urte anitzez, edo denbora luzeetan golderik, aitzurrik, eta laiaren edo arearen ortz bat ekusi ez duten alorrak, edo zelaiak bezala; bada lur oriek osiñez, belar gaistoz, larrez, sasiz, ta arantzez betetzen diran bezala, bete oi dira bekatuz, mukertasunez, ta aztura gaistoz aberats alferrak.

        Alor galduetan sartu oi dira zezenak, sartu oi dira ganadu beltzak, baita oriek bezain ortz gaistoak dituzten beste zenbait ere, ta aberats alferren gogo zabaletan ere sartu oi dira oroitzapen lizunak, naikunde loiak, arrotasun eroak, eta bendekurako suak; eta oriek egiten dute aberatsen barrenetan, esirik bageko alor ereñietan ganadu gaistoak egin oi dutena; bada galdu oi dituzte ganadu galgarriak alorretako maizak, ogiak, sagarrak, arbiak, illarrak, edo, orien ordez, an arkitzen diran era edozeinetako gauzak; eta berebat egiten dute aberatsen animetako frut-on, leneko merezimentu, ta irabazigai berri guziekin, aberats beren barreneratzen diran tentu, tirrikazio, sugar, ta etsai gaistoak.

        Bai, dio san Pablok, bai, ondasunen zale diranak, izan oi diran bezala aberats-alferrak, beren etsai isteri galgarriaren lakiora doaz, ta etsai beraren esku indartsuetara, kate gogorretara, ta presondegi beltz illun madarikatura. A, ta zein guti-guti diran, dio san Bernardok, Apostoluak agertzen digun lazo, edo lakio galgarri au, urratzen duten aberatsak!

        Zer aberats ote dira, ondasunen bazka duen lakio madarikatu au urratzen duten, edo artara urbiltzen ez diran zorioneko aberatsak?

        Oriek dira, ondasunen artean biziagatik, zuzen, ongi, ta garbiro bizi diranak. Oriek dira ongi aziak, obeki eziak, eta beren Jaun onaren gauzak bear den aduintzan, bear den eran, ta guztiz kontuz egiten dituzten aberatsak. Oriek dira, nori berea bere denboran ematen diotenak. Oriek dira eliza gizonei, ta gañerako artan dabiltzan guziei, gauzak zuzentzen laguntzeko, noiznai ta beti prest arkizen diranak. Oriek dira, egiten zaizten bidegabeei begiratzen ere ez dienak; eta orien Jaungoikoak ala nai izatera, dituzten ondasunak utziko lituzkenak, eta edozein gauza Jaungoiko beragatik egiñen lukeenak.

        Era onetako aberatsak dira, ondasunezko lakio galgarrietan erortzen ez diran aberatsak; bada, izatez ta ondasunez ongi diranak izan arren, naiez ta gogoz beartsu utsen eran dira; ta orregatik dira zerua irabazten duten gogozko beartsuak, eta Jesusen ondoren dabiltzan gabe doatsu zorionekoak.

        2. Ekus dezagun orain nola ibilli izandu ote zen gure Jesus maitagarria, gogozko beartsu ondasundunei, ta gañerako guziei, zorioneko beartasun onetarako bidea agertu zienean.

        Ibilli zen Jesus (baldin ezpadakizu) munduan izandu den beartsurik beartsuena baño agitz bearrago; ta ala ibilli zen, berak berariaz arturikako beartasunarekin: bazituken alabaña Jesus maitagarriak, nai izatera, nai adiña ondasun ta gauza; ta guziak utzirik artu izandu zituen, artu zitzaken txarrenak eta beartasunez beteak; bada artu zituen, dakigun bezala, Am-aberats baten lekuan, Ama guztiz beartsu bat. Eta era berekoak izandu ziran Jesusen etxea, Jesusen jaitegia, ta Jesusek, jaioberrian, artu izandu zituen gauza guziak.

        Jesusek bere gaztetasunean, ta ogeita amar urtetarañoko denboran jan-edan izandu zuen bere eskuz, bere nekez, ta izerdiz irabazten zuena. Predikatzen ibilli zen gerozko irur urteetan, artu oi zuen ongi naiez ematen ziotena; ta gañerakoan garagar-ogia zen Jesusen janaria.

        Denbora onetan etzuen Jesus maitagarriak nora bildu lo egitera; ta, txoriak eta aiseriak ere baño gutiago zuela, bizitu zen Jesus munduko bere denboran: ta, gurutze batean josirik utzi zutenean judu gogorrak, etzioten soñeko pits bat ere utzi gure Jesus maitagarriari. Eta ori zen Jesus maitagarriak beretzat beti nai izandu zuena; bada bere naiez ta gogoz lendabizitik utziak zeduzkan Jesusek, bere soñekoak ezezik, munduan arkitzen ziran, ta Jaungoiko berak zegizkeen gañerako gauza guziak ere; ta, bearrez artu izandu zituen txarrak ere, artu zituen ezinbestez, ta bidenabar guri erakusteagatik nola artu guk, artu bear ditugun geren bearrak, gabeak, eta premiak.

        Orain badakit nik, bai, nere Jesus maitagarria, nola dabiltzan zure ondoren dabiltzan beartsu doatsuak, naiz aberatsak izan, ta naiz ondasungabeak. Guziak dabiltza alabaña, zuri begira, ta gogoz beintzat, uzten dituztela zure Legeko bidea galerazten duten lurreko gauzak. Ez dute nai oriek bein ere, zurekin ibiltzeko, ongi dagokiena, ta zuk zerorrek nai dezuna, bai, ta besterik bat ere: ta dituzten ondasunak edo gauza txarrak dituzte, zuk nai dezuna zuzen egiteko.

        Orretaratzen diran Lurreko guziak, munduan naiz bearsu utsak izan, naiz aberatsak, doatsuak dira, ta zorionekoak: bada berekin dute san Pablok dionaz, beren Jaunaren Erreinua edo zuzentasuna, bakea, ta Espiritu Santuaren atsegin garbia; baita zeruko gloriaren ustea ta eskua ere, edo arako deretxa.

        Ez ote naz saiatuko ni ere, au guzia dakidan ezkero, zorioneko doatsu oriekin batean zure ondoren ibiltzera, nere Jesus maitagarria? Nere gogoan, oraindaño denboran bezain sartuak egon bear ote dute, zure Legeak debekatzen dituen atsegin loiak, emengo irabazi txarrak, eta gañerako lurrean arkitzen diran gauza galgarriak?

        Ez arren, Jesus maitagarria, ez! Ustu nai dut nik (eta bertatik alaere) nere biotz txar au, era orretako ezer-ez, edo gauza galgarri guzietatik, zure amorez dena gero beterik uzteko. Ori da, bai, orain ta beti niri dagokidana.

        Emengo gauza txar guziak emen aitu bearrak dira, ta lenik nik oriek, nere gogotik ez uztera, ustelduko didate nere biotz au, ta galduko naute sekula guzirako.

        Bidoaz bada, ta bidoaz lenbaitlen, nai duten lekura. Ez diet nik, ez gaurgnero nere gogoan tokikirik eman-uste. Zuk izan bear dezu, bai, gaurgero, zuk, ez bestek, nere Jesus maitagarria, nere biotz onen, ta nere nai guziaren Jaun ta jabe uts bakar-bakarra. Zu bazaitut nik, bizi nazaño, etzait ezer, ez, mundu guziko bearra ta gabe guzia nere gain edozein orduz etorriagatik.

        Zuk laguntzen didazula, (ta lagunduko didazu, nik ziñez zuri eskatu ezkero), pozik eramain dut nik, ori guzia, baita geiago ta geiago baliz ere; ta, zenbat ere gogozago ori nik daramadan, anbat doatsuagoa ni, anbat zorionekoa ni; ta egunen batean atsegin-kontentu geiagoz betea! Indazu bada, indazu zuk, nere Jesus maitagarria, onenbat doatasunerako bear dudan gabea, bidea, ta zure laguntza: Bai, arren, bai!

 

 

Pauper sum ego, et in laboribus
á juventute mea etc.

Ps. 87. 16.

 

        Beartsu bizi naz ni, dakizun bezala (erraten dio gaur Jesus maitari onak bere Aita maitagarriari; ta erraten dio, guri erakutsi naiez nola itz egin guk Aita berari, beartsu gu, ta gabe arkitzen garan aldietan): beartsu bizi naz ni, nere Aita maitagarria, ta nekepe gogorretan, jaio nintzan ezkero.

        Jaungoiko-gizona naz ni, dakizun bezala, ta, guztiz zuk maite nazun, zure Seme lenbiziko bakarra; ta alere ona non arkitzen nazan ni nekez ta bearrez ongi urratu-makurtua, ta erdi-auts egiña.

        Ezpaneki nik, dakidan bezain ongi, zein maite nazun zuk ni; ta nik ezpaneki nor zaran zu, usteko nuke nik, begitan arturik nadukazula zuk, eta arkitzen zarala zu niganako iraz ta suz betea, ta asmatzen bide zaudela zu, nondik obeki ta gogorkiago galdu dezakezun nere bizitza.

        Baña badakit, bai, Aita maitagarria, badakit, nondik datorren au guzia, edo badakit guzia datorkidala, niri didazun zere ongi naietik; eta orregatik artzen dut nik ere zure izenean, zuri atsegin egiteagatik, nai osoarekin ta guztiz emeki; ta berebat egiñen nuke, gaurdanik asi, ta nere azken-orduraño, dena baño andiagoa ta andiagoa baliz ere zuk ematen didazun nekezko, ta bearrezko nere gurutze au.

        Orra Jesusek, Dabiden ezpañez aldi onetan erraten edo adirazten duena; ta orra zuk ere zere neke-bearretan zere Jaungoikoari erran dezokezuna. Zuk ori ziñez zere Jaungoikoari erraten badiozu, segurki maitatuko zaitu zu zere Jaungoiko berak; eta maitatuko zaitu, zuk ez uste adiña; lagunduko dizu bidenabar indar andiarekin, ta zu bertatik izain zara Jesus maitagarriaren zorioneko lagun beartsu doatsu bat. Ala gerta dedilla; bai arren bai!

 

 

Dominus dedit, Dominus abstulit;
sicut Domino placuit, ita factum est:
sit nomem Domini benedictum.

Iob. 1. 20.

 

        Gogoz batek, eta bere Jaunaren izenean daraman beartasuna da, san Anbrosiok dionaz, birtute guzien ama ta sustraia, parens, generatioque virtutum, Bazenekien au zuk, beartsu gaisoa, nekepean ta izerdia zeriozula bizi ziñanean, ta alere zere burua, ta zere gain zenituenak sustentatzeko diña, ezin bilduz zenbiltzanean? Au zuk jakitera, eta artara zu oartu izandu baziña, egiñen etzenituen, ez, egin dituzun utsak; eta nekatu ondoan zu, billatzen zenuen gauza gabe, ta beartsu arkitzen ziñanean, egiñen zenuen zuk Job Santuak egin oi zuena.

        Ondradun aberats andi bat izandu zen bere denboran Job, gizon santua; baña, gutien uste zuenean, gabe gelditu zen, ta edozein beartsu bezain beartsu. Asaldatu zen orregatik Job Santua?— Batere. Betazal bat zimurtu gabe, ta belaunikaturik, agur andi bat bere Jaunari egiten ziola, erran izandu zuen (zer uste dezu?): len Jaungoikoak emanak ziran, orain Jaungoiko berak kendu dizkidan nere ume ta ondasun guziak! Zezakenak bezala, egin du gaur nerekin egin izandu duena; ta egin du gogo zuena, bai, baña denbora berean niri orain ongien dagokidana: bedeika dakiola bada bere izena, nerekin egin duenagatik!

        Orra Job Santuak, zituen gauza guziak galduak ekustean, erran izandu zuena: ta orra, zorioneko beartsu guziak, era bereko aldietan, gogoz bada ere, esan bear dutena.

        Errazu bada zuk ere, beartsu bekataria; edo, bearrak eta gabeak estutzen zaituztenetan, oroi zaitez zu ere Job onak, bere estutasun edo nekaldi arrigarrian egin izandu zuenaz; ta, ezaguturik, ala Jaungoikoak naiez datozkitzula zere gabe-bearrak eta neke guziak, eta orien artean zu arkitzen zaranean, zure Jaungoikoak zugandik nai duena dela, zuk oriek Jaungoiko beragatik, eta Jesusek zure onerako eraman zituen alde artzea: artu izkitzu era orretan, ta alik emekiena.

        Ordu orietan ori zuk zuzen egitera, egiten dezu ederki len Job onak egin izandu zuena, zere Jesus maitagarriaren ondotik zabiltza, ta bearti doatsu onetatik zara, ta zorionean jaioa. Zere Jaungoiko maiteak dizula, era orretan zuk zere neke-modu guziak eramateko bear dezun beraren laguntza ta grazia: bai arren, bai!

 

 

Facilius est, camelum foramem acus transire,
quam divitem entrare in regnum coelorum.

Matt. 19. 14.

 

        Gaitz da, ta guztiz gaitz, dio Kristo Jaunak, gizon aberats, edo aisa bizi den bat, zeruko Erreinu andi eder onean sartzea, ta gamelu bat jost-orratzaren begi, edo zirritu txikitik igarotzea bezain gaitz, edo gaitzago.

        Gamelua, eun milla zatitan zeetu, urratu, edo zatikatu ta baizik, ezin sar diteke orratzaren begi txar txikian; ta gizon ondasundun aberatsak, zeruan sartuko bada, eman bearko ditu dituen gauzak, Jaungoiko maiteak nai duen gauzetarako, edo zatika, edo nolerebait; edo Jaungoiko berak ori argandik nai ez duenean, bizi bearko du, deus ezpalu bezain garbiro, umill, ta mear. Ala ez izatera, arrotuko da den guzia; lodituko da arazoz, obenez, ta zikinkeriz; ta ezin sartuko da zeruko ate mear, garbi estu-estutik; eroriko da sulezeko putzu arrigarrian, ta an erreko da Jaungoikoa Jaungoiko den artean, edo eternidade guzi-guzian.

        Erretze zorigaistokoa era onetako ondasundun gaistoaren erretzea! Zorigaistoko ibillera, bide makurrez ondasunen billan dabillenaren ibillera!

        Ibilli ote naz ni ere noiz edo noiz, era onetako pausu, ta urrats galdu-galgarrietan? Eragin ote didate niri ere, nik neronek nituen gauzak, egin bear ez nuken lanen bat edo beste? Ongi oartzen banaz, ekusiko dut dena, den bezala.

        Eta ondasun-zaleak erortegi limuri gaistoetan baldin badabiltza, edo tentazioz tentazio, ta lakioz lakio, san Pablok dionaz, ta lenago ere guk aditu dugun bezala, ondasundun aberatsak non ibilliko dira? Ekusten dezu.

        Gal ez gaitezen bada gu ere geren bideetan, gaurgero ibilli bearko dugu guk kontuz, edo ongi oartuak, eta guztiz emeki: utzi bearko ditugu gogoz badere, bear ez ditugun lurreko gauzak, eta gauz oriek eragin oi dituzten obenak edo kulpak. Lenago ori ez eginaz; ta, orren lekuan eginikako nere oben-kulpez, dut damu ta urriki, ta orain, berriz alakorik ez egiteko asmoan, itzez ta biotzez erratera noa: Nere Jesukristo, etc.

 

aurrekoa hurrengoa