www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (II)
Sebastian Mendiburu
1760, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Bigarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXXVIII.garren OTOITZ-GAIA

IRUGARREN DOATASUNA:

NEGAR ATSEGINDUNA

 

Beati qui lugent: quoniam ipsi consolabuntur.

Matth. 5. 5.

 

Zorionekoak negarrez daudenak;
oriek izain dituzte atsegin andiak

 

        1. Zer negarti ote dira Jesus maitagarriak gaur agertzen dizkigun zorioneko negarti oriek? Munduko negarti guziak?— Ez ori.

        Zein bada?— Bear den bidez dabiltzan penatuak, eta zeruko beren gurutzepean negar egiten dutenak.

        Era orretan negar egiten ote dute, beren desondraz, beren kalteren batez, eta beren bearraz edo gabez, negar egiten dutenak?— Ez, orretara baizik oriek begiratzen ezpadute.

        Zergatik ez?— Zeren orien negar oriek, lurreko negarrak diran, ta gure Jaungoikoa urrikal-erazten ez duten negarrak. Atsegin andiak irabazten dituzten negarrak, eta negarti berak zorioneratzen dituzten negarrak dira, gure Jaungoiko maitagarriari begira dauden negarrak; oriek dira alabaña Jesusen ondoren dabiltzanen gurutzepeko negarrak.

        Bide onetaz, ta zeruko gurutzepean dabiltzan guzien negarrak ote dira bide batezkoak, eta era bereko negarrak?

        Ez: irur bidezko, ta erako negarrak dira, aldi onetako doatsu zorionekoen negarrak; eta orietatik ere batzuek besteak baño berez geiago balio duten negarrak dira.

        Baña zer bide-modu dira, zorioneko negar orien bideak? Oriek dira Damua, urrikaltasuna, ta ongi naia, edo amorea. Irurak dira zerurako bide onak; eta iruretatik edozeñez dabillenaren negarrak zorioneko negarrak dira, atsegin-kontentu on garbiak irabazten dituztenen negarrak dira; ta, jorradarik galdu gabe, bein bata, ta bein bertzea, ar ditezkeen negarrak.

        Orietatik batez edo bestez gabiltzan beti, ta zuzen ibiltzeko, goazen guziak banaka ekustera: ta ekus dezagun bein zorioneko negarbide damuzkoa, edo zein ote diran ortik dabiltzan zorioneko negarti doatsuak.

        Zorioneko negarti, damuz negar egiten dutenak dira, beren obenak edo kulpak begitan ongi ta ziñez artzen dituztenak, eta beren kalteen gain negar garbiro egiten dutenak. Oriek dira, ongi damuturik, ekusten dutenak beren obenez edo kulpaz galdu dutela beren Jaungoikoak emanik zuten zeruko grazia, ta graziaren edertasuna, ta biekin batean, galdu dituztela Jaungoiko beraren amorea, zerurako eskua ta deretxa, ta sekulako gloria; ta denbora berean ekusten dutenak guztiz aserretu dutela beren Jaungoiko ongille maitagarria, ta irabazi dutela beti, ta beti sulezean galdurik, eta neketan erre-lertuak egoteko gaia; ta gai au ez urratzera, edo bere gain ezartzera, gure bekatarien, ta, guk aserreturik dadukagun bere Aita eternoaren arteko bakeak egitea Jaungoiko-gizon Jesus maitagarriak, galduak garala gu, edo zerutik betiko erbestaturik, sulezean beti ta beti erretzen egon bearrak.

        Onenbat beren kalte, ta Jesusen neke ekusi ondoan negarrez daudenak, dira bada, zorioneko damuz negar egiten duten negarti doatsuak; eta bidenabar dira, gerorako atsegin andiak irabazten dituzten lendabiziko negartiak.

        Zorioneko atsegin orien zale bazara zu, egizu zuk ere negar ta negar, biotzez badere, oraindañoko zere oben kulpez, edo zuk zere oben kulp-oriekin zere Jaungoiko maitagarriari egin diozun atsekabeagatik, eta oben-kulpa berekin zuk zere animan arrerazi diozun kalte arrigarriagatik; baña egizu negar, negar denboran artzen dezula zuk, oben-kulpa berriak, mundu onetan arkitzen zaraño, ez egiteko asmoa, ta, oben-kulpa berriren batera makur zentzakeen sartu-atera, itzketa, jostatze, edo era orretako beste edozein gauzetatik iges egiteko asmoa.

        A! nere Jesus maitagarria! pozik egiñen dut nik nere alegiña, damuzko negar ondasundun oriek lenbailen erdisteagatik, eta negar oriek eskatzen dituzten asmoak orain bertan artzeagatik. Lenagotik orretan ez asiaz dut damu, ta ziñez alere; bada, au lenagotik nik egitera, lenago utziko nituen nik, geroztik egin ditudan obenak eta kulpak.

        Urra al banintza nik, oraindañoko nere denboran egin izandu ditudan guziak! Urra al banintza nik diran guziak, edo negarrez, edo odolez badere! Odola bear baliz orretarako, bertatik emain nuke nik nere zañetan arkitzen den guzi au, zuk ala nai izatera.

        Baña obea da onetarako, Jesus maitagarria, zuk isuri zenuena; ta orrekin urratu bear dituzu diranak, edo jautu, ta garbitu bear didazu nere anima oraindañokoan nik egin ditudan oben-kulpa guzien loi galdutik; eta, berriz loitara ez nadin ni, eman bear didazu zuk zere eskua ta laguntza; ta eraman bear gaituzu damuzko bide negarti on eder onetatik. Ez dugu gutiago uste zure piedadetik! Ez Jesus maitagarria, ez.

        2. Era onetako damuak idarokitzen dituen negarrak negar onak dira, ekusi dugun bezala; baña obeak dira urrikarrizko bigarren negarrak.

        Beren obenak damuzko negarrez ongi kenduagatik, ez dira zenbait on negarrez asetzen; negar ta negar daude geroz ta geroz ere, ta beren bizitza guzian.

        Zergatik ote dira orien kezka negarrak?— Negar oriek dira, gañerako bekatari gaisoak beren obenez dituzten damu ta kalte arrigarriakgatik, eta zeren bekatari berak, beren oben-kulpekin naigabetzen duten beren Jaungoiko guztiz maitagarria. Eta orregatik dira urrikarrizko negarrak.

        Beren Jaungoiko maitagarria maite dutenak, ez lukee nai, niork legion Jaungoikoari bidegaberik batere; ez eta, bere bidegabeakgatik, nior gal ledin ere. Eta ekusten dutenean galduak arkitzen dirala, bekatupean arkitzen diran guziak eta beren bekatuakgatik agitz aserretua dadukatela beren Jaungoiko zuzen maitagarria, beren kargape gaistotik atera naiez bekatari gaisoak, eta bidenabar orien Jaun aserretua palakatzeagatik, asitzen dira negar ta negar begiz ta biotzez, edo biotz ez badere; ta eskatzen diote beren Jaungoiko, gaistoen txarkeriz aserretuari, ez duela zer bere aserretzalleei begiratu; begira dezola bere prestutasunari; ta ekusirik, ekusten duen bezala, bere gaistagiñen ezer-eza, erakus diezatela beren bekatu beltz arrigarrien itsustasuna; uki dizala graziaz (baña bortizki) beren biotzetan, damu dakien gaizki egiñaz, ta eska, ta erdits dezaten beren ordurañoko gaistakerien barkamentua, ta gaizki ibilliz, galdu zituzten Jaungoiko beraren grazia ta beren zeruko bidea.

        Onetan ari diranen negarrak, lagun-urkoei, edo proximoari ongi naiez isurtzen diran negarrak dira; ta negar, bekatuen damuzko negarrekin garbituak arkitzen diran begietatik datozenak, edo ongi naiezko negarrak; eta orregatik dira, urrikarizko negarrak; eta, damuzko negarren gain, zerbait on dakarten negarrak.

        Zorioneko negartia ni, negar egiten badut nik ere, nereakgatik ezezik, besteren bekatuakgatik ere, edo beste bekatariak Jaungoikoari egiten dioten atsekabeen alde; bada era orretako nere negarrak urrunduko naute ni bekatu berrietatik; arinduko naute ni nere zeruko bidean, biziro ta erraz ibiltzeko, ta egunoro irabaziko derezkidate atsegin-kontentu garbi andiak, eta glori zati berriak au ez galtzeagatik badere, saiatuko al naz ni era onetan ere negar egitera, ta nere urrikarizko gurutzearekin Jesusi jarraikitzera!

        3. Damuzko ta urrikarrizko negarrak baño ere agitz obeak dira irurgarren negarti doatsu, zeruko bidean dabilzanen negarrak; dira alabaña, geiago ta geiago gure Jaungoikoa maitatu naiezko negarrak, edo dira negar amorezkoak; eta Jaungoikoaren amorea da birtute guzien artean oberena.

        Ekusirik bada anima garbi birtutezkoak, emen bizi diran artean, beren loak, beren nekeak, beren lanegin-bearrak, eta beren beste anitz gauzak kentzen dietela, bear bezala, beren Jauna maitatzea; ta ezaguturik maitatze era onetakoaren ondasuna ta balioa, asitzen dira negar ta negar, emendik atera naiez; ta eskatzen diote bein, berriz, ta askotan ere beren Jaungoiko maitagarriari, urra ditzala lenbaitlen emengo orien bizitza txarraren kateak, eta eraman ditzala maitatze utsaren tokira, edo bere zerura; maitatu nai dutela Jaun bera gau ta egun, ta eternidade guzian ere; ta maitatu nai dutela, beren maitatzetik bein ere gelditu gabe: ezin dagikeela au, nai bezala beintzat, usteldu bearra den beren gorputzetik atera artean: ta atera ditzala lenbaitlen, ta trikatu gabe. Eta, au erditsi artean, guzia da negar, nai, ta suspirio, orien bizitza.

        A zer negarrak, lan onetan ari danaren negarrak! A zein urrats eta pausu arin-luzeak, Jesusen ondoren era onetan dabiltzanen urrats-pausuak! Zein ederki daramaten beren negarrezko nekeen gurutzea, era onetako asmoetan dabiltzan animak! Zein atsegin goisoak, noizean bein beren biotzetan Jesusek oriei sartzen diezten atsegiñak!

        Noiz izan bear ote ditut nik ere negar era berekoak? Baña izain ote ditut nik oriek bein ere? Bein ere, oraindañokoan baño gogotikago maitatzen ezpaditut nik nere atsekabeak, nere desondrak, nere ildurak, eta nekeak! Bein ere, uzten ezpaditut nik lurreko nere asmoak, lurreko nere itzketa makurrak, jostatze lizunak, erortokiak eta pekatuak!

        Oraindañokoan bezala, utsez uts nabillen bitartean, kezka utsak, eta naigabeak arkituko ditut nik nere biotz txar galgarri onetan. Eta zorionekoa ni, nere neke-naigabe oriek idikik-erazten badituzte nere begiak; ekusisik nik orduan badere oraindañoko nere ibillera gaistoak, atera nadin ni nere kontrako bideetatik, eta sar nadin ni bein nere bekatuen damuzko bide zuzenean, gero urrikarizko obean, ta azkenean nere Jaunaren amorezko onenean. Jaun berak didala, artarako bear dudan bere argia, indarra, ta laguntza. Bai arren, bai!

 

 

Vae vobis, qui ridetis nunc;
quia lugebitis, et flebitis.

Luc. 6. 25.

 

        Zorigaistoan jaioak, dio Jesus maitagarriak, emen lurrean irriz ta kontentuz bizi diranak; bada negar ta negar egon bearrak dira eternidade guziko denboran. Orien emengo far-irriak; orien emengo atsegin txar lizun galduak, kezkak, ta naigabeak, emen bertan ere nastu oi diran gauzak dira; ta ala nastuak ez izan arren, orien azken atseginari darraiko betiko dolua, betiko negarra, ta tormenta.

        Gaistoen emengo irriak agerrerazten ditu orien ortzak: eta orien ortz berak karraskadaka, ta elkarren etsai egiñik egon bearrak dira sulezeko pena gogorretan. Emen atsegin adiña, ta anitz eta anitz neke ta negar geiago eraman bearrak diran sulezean emengo arrotzar arin-eroak.

        Beren gogora, ta irri-atsegin anitzen artean bizi uste zuten oriek anitz denboraz; baña, uste ez duten egun batean artuko ditu beren eriotzak; eta artuko dituzte oni darraizkon sekulako goseak, sekulako negarrak, eta sekulako suak; eta artuko dituzte, berriz ez uzteko beren atzapar gaistoen artetik.

        Egun beltz illun, egun arrigarria, onenbat negar penazko eguna! Etzaitzatela, ez arren, ekusi, ez egun ta ez sekulan nere begiak! Zu ez ekusteagatik, pozik egoin nintzake ni negar ta negar, edo nere kulpen damuz beterik, bizi nazaño! Betorkit emen edozein gurutze ta neke gogor: ta, pozik ni, nere neke gurutze guziekin ibilliko naz Jesusen ondoren gaurdanik asi, ta nere azken-orduraño, ala badere niri didan nere Jaungoiko maitagarriak, gañerako orretan dabiltzanei eman oi dien doatasuna ta gloria. Didala bada: bai arren, bai!

 

 

Videns civitatem, flevit super illam, dicens, etc.

Luc. 19. 24.

 

        Etzuen gure Jesusen maitagarriak farrarik, edo irririk egin beñ ere, guk dakigunaz beintzat, dio san Basiliok, jaio zenetik ill arteko bere denbora guzian; baña badakigu guk, egin izandu zuela negar askotan, anitz aldetara ere; ta bein beintzat urrikariz, Jerusaleni begira zegokala, ta denbora berean erraten zuela: Ai, nere erri maitea, ta ai! ezagutzen bazenu zuk, aragiz jauntzirik emen orain agertzen zaitzun zere Jaungoiko au, etzeniteke zuk onekin egiñen, ez, egin uste dituzun bidegabe, lan gogor, ta txarkeri gaistoak!

        Itsutu zara zerez, edo zuk zerorrek nai dezula, ni bezain argi eder au ez ekusteko; ta ez dituzu zuk zere begiak idikiko, Erromako jendeak etorri ditezen artean, zure dorreak, eta zure itxeak, eta bazterrak ingurutzera, ta estutzera, ta urratzera!

        Urratuko dizkitzute, bai, diran guziak; eta urratuko dizkitzute, arri bat arri gain uzten ez dizutela; ta era orretan oriek orrela urratu orduko, illen derezkitzute millaka, ta eun millaka ere, or orduan arkituko diran zure umeak! Orra Jesusen orduko itzak, eta urrikarrizko negarrak.

        Baña norgatik, edo noren gain ote ziran, Jesusen orduko negar-itzak? Ez ote ziran nigatik, edo nere gain ere! Ez ote naz ni, nere Jesusez azturik bizitu den Jerusalen bat, edo anima? Eta nola bizi ote naz ni egungo egun berean ere? Aisa, kezkarik gabe, ta etorkizunaren beldurrik ez dudala?

        Era onetan ni nagoela, niganatzen badira nere eriotza, nere etsaiak, eta nere kontu galgarriak, zertan edo non gelditu bearra ote naz ni? Zer gerta ere, goazen, nere anima, goazen gure Jesus maitagarriari eskumuñ bear bezalakoak, eta agur andiak egitera.

        Bai, nere Jesus maitagartia, bai, ta pozik ere. Atsegin dut nik, bai, zu orrela orain ekusteaz! Negarrez zaude zu, nere Jesus maitagarria; negarrez zaude zu, ta denbora berean zaude niri begira!

        Egizu negar, bai; badezu zergatik; bada zere gain artuak daduzkatzu nere bekatu guziak; eta bekatu oriek eskatzen dituzte, zureak bezalako negar eder batzuek!

        Egizu negar, bai, nere Jesus maitagarria, oraindañoko nere erakeriez, ta nere oben-kulpa guziez. Zu negarrez ekusteak biguinduko du agian nere biotz, arri bat baño gogorrago au, ta arreraziko dio, orien bear bezalako damu-urrikia.

        Ala gerta dedilla, Jesus maitagarria, ta gerta dedilla bidenabar, ni negar ta negar nere, ta munduko bekatu guziez beti bizitzea, bizitzeko gero ni zurekin batean, zure Erresuman, edo Erreinuan; ta bizitzeko an, atsegin-kontentuz bete-betea: bai arren, bai!

 

 

Fuerunt mihi lacrimae meae panes die ac nocte,
dum dicitur mihi quotidie, ubi est Deus tuas?

Ps. 41. 4.

 

        Neketan nabill ni goiz-arrats, eta egun guzietan; ta, era onetan ni ekusten nautenak diote, dio Dabidek, non ote dabil, non arkitzen ote da, edo zer egiten ari ote da zure Jaungoikoa? Au nik aditze onek lurreko nere neke gogorrak, eta, nere Jaungoikoa ekustera, ezin ni bertatik edo lenbaitlen iganak, erdiratzen didate niri nere biotz au guzia; ta denbora berean uzten naute ni, deus bat egiteko gogorik ez dudala; ta bitarte guzian nik egiten dudan jan-edana da negar ta negar egitea, ta Jaun onaren billan ibiltzea; ta ibiltzea, nere Jaun on au ezin arkituz, berand-etsirik bezala.

        Ai! zion Dabidek berak bertze batez, ta ai ene zion! ta zein luze-gogor nekezkoa den emengo nere bizitza! Erbestaturik, edo desterraturik arkitzen naz ni emen, lurreko nere bizitza negarti nekagarrian! Nere Jaungoikoaren zerua da nere erria, edo nere bizi-tokia! Andik urruti bizi naz ni aspaldi guzian! Anitz galgarri gaistoren artean bizi naz ni ta nekez, nazan au, beterik anbat denboraz! Baña, ditudan guzien artean nere nekerik andiena da bertatik nik ezin ekusia nere Jaungoiko maitagarria! Noiz artean iraun bear ote dute, bada, emengo nere nekeak, emengo nere bizitzak, eta nere Jaungoikoa nik begiz begi ezin ekusi onek?

        Onela itz egiten zuen Dabidek, negarrez begiak ederki beteak zeduzkatziela. Gisa berean ziardukaten beste Santuak, eta gañerako Jaunaren ziñezko maitatzalleak, emen bizi ziraño.

        Ez naz arritzen, bazekiten alabaña oriek guziak, zein bizitza txarra den emengo gure bizitza, ta zein on-eder-maitagarria zerukoa!

        Baneki au berau nik ere, berebat naiko nuke; ta, ara artean, beti-beti egoin nintzake negar ta negar, onen eran, ni ere.

        A! zorioneko negar goisoak! Naiago zinduzket nik zuek, munduko far-irri, ta atsegin guziak baño! Zuek zarazte alabaña Jesusen ondasunak; eta ondasun, Indietako perlak eta urre zillarrak baño agitz geiago balio dezutenak! Nor zuez jabetu liteken, edo bertatik, edo beintzat anitz luzatu gabe!

        Nor?— Edozein, baldin berak bertatik begitan artu nai baditu lurreko atsegin lizunak.

        Bai?— Ona bada ni, orretarako prest, zeruko negar ondasundun oriekgatik. Ona ni ongi damuturik, lenago begitan ez artuaz gauza, nere animaren galgarri guziak, itzez, ta biotzez erraten dudala nere Jesukristo, etc.

 

aurrekoa hurrengoa