www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (II)
Sebastian Mendiburu
1760, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Bigarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XLI.garren OTOITZ-GAIA

SEIGARREN DOATASUNA:

BIOTZAREN GARBITASUN ZUZENA

 

Beati mundo corde,
quoniam ipsi Deum videbunt.

Math. 7. 8.

 

 

Zorionekoak biotz garbizkoak; bada
oriek dira Jaugoikoa ekusi bear dutenak

 

        Zertako egiñak ote gara gu, edo zertako jaioak, mundu onetan arkitzen garanok?— Geren Jaungoiko ezinobe-maitagarria zinki ta zuzen onesteko. Au da, bai, au, orain mundu onetan arkitzen garanon egitekoa; ta egiteko berberera etorriko dira jaiokizun arkitzen diran, ta gure ondoren etortzeko dauden andi ta txiki guziak.— Egiteko zuzen-onesgarri au guri guzioi eragin naiez da, gure Jaungoiko berak guri emanikako lege ta manu guzi-guzia: finis autem praecepti est charitas. Tim. 1. 5.

        Baña zein ote dira gure guzien artean, egiteko eder amoriozko au ongi ta zuzen; edo, bear den eran, egiten dutenak?— Oriek dira, batean ere uts-egin bage, egiten dituztenak, gure Jaungoikoaren lege berak bereisten dizkigun gauz andi ta txiki guziak.— Zorioneko egille zuzenak, era orretan gauz oriek egiten dituzten jendeak; bada egunen batez oriek mundu galgarri au emen uzten dutela, igan bearrak dira atsegin-kontentuz beterik arkitzen den Jaungoiko gurearen jauregira, ta zeruko doatsu guzien artera, ta orien eran, an Jaungoiko berari arpegiz arpegi begira egotera. Ori da, bai, guri gure Jesus maitagarriak, seigarren doatasuna agertu zigunean, agindu izandu zigun ondasuna.

        Doatasun maitagarri ondasundun onek eskatzen ditu, bertze zenbaiten artean irur gauza. Lenbizikoa da, bekatuaren loirik bageko anima bat; bigarrena, oroitzapen onez beterikako adimentua; ta irurgarrena, naikunde onak eta asmo zuzenak dituen, biotza, edo naimentua.

 

 

A.

 

        Bai, lenbiziko lekuan doatasun onek eskatzen duen gauza da anima garbi bekatu-gabeko bat. Bada garbirik arkitzen ez den animak ez du maitatzen bere Jaungoiko maitagarria.

        Eta aisa ta erraz erdisten den gauza ote da animen garbier au? Ez, anitzek uste duten baño neke ta arazo, edo egiteko geiago dakarren lana da, zorioneko doatasun onek eskatzen duen garbiera. Zergatik uste dezu?— Zeren gure anima gaisoak, Adanek ordu gaistoan egiñikako bekatuarekin gelditu ziran guztiz loituak, eta denbora berean bekatu gaistoen lokatzeetara, ta bide lizunetara guztiz makurtuak.

        Gure anima gaisoen makurrera au azitzen ta anditzen da, guk, geren naiez, egiten ditugun bekatu berriekin; ta zenbat eta geiago ta andiagoak gertatzen diran gure bekatu gaistoak, anbat andiagoak da gure animen gaitzerako makurrera, ta anbat errazkiago sartzen zaizte anima gaisoei oroitzapen lizunak, gogoeta txarrak, eta naikunde galgarri-loituak: eta oriek guziak beren baitatik aienatzea, ta animak berak beren makurrerak zuzenduz ibiltzea, ta garbiak beti bizitzea, anitz neke, ta egiteko dakarren lan andia edo gurutzea da; aienatze ori alabaña, ta bere betiko garbiera erdisten dute anima gaisoak, igeska ta igeska dabiltzala begiratze arinetatik, aditze eroetatik, itzketa lizunetatik, eta lapin galgarri gaisto guzietatik; eta bidenabar ongi oartuak, erne, ta kontuz dabiltzala beren pausu, ta egiteko guzietan.

        Eta au guzia zuk ongi-ongi ekustera, ekusiko dezu, bai segurki ongi, andia edo ez, anima gaisoak beren biotzak ongi garbitzea; ta garbiro beti, ta beren Jaungoikoa ziñez maitatzeko, bear den eran beti bizitzea. Zorionekoa ni, onenbat nekerekin badere, garbiera eder au nik noizbait erdistera!

        2. Doatasun ekuste billagarri onek eskatzen duen bigarren gauza da, anima garbiak beren adimentua oroitzapen onez, ta, beren Jaungoikoagana zuzenduko dituzten pensamentuz beterik, idukitzea; oroitzapen onak alabaña, ta pensamentu, edo gogorazio bear bezalakoak dira gure biotzari, onetsi edo maitatu bear dituen gauzak agertzen diezten izarrak, edo Jaungoikoaren argiak, ibilli dedin, amorez dabillenean, zuzen-zuzen, ta batere uts egiten ez duela.

        Oroi zaitez, bada, noizean bein badere, nere anima, beldurrezko zenbait etorkizunez; ta, besteen artean, oroi zaitez batzuetan, asmo-galdu-galgarriari, gogoeta zikiñari, ta, edozein lan txar lizun loiri dagokan gauza dela sulezeko erretzea, ta lertze arrigarria; ta ekusiko dezu, era orretako etorkizunaren beldurrak zein aisa kentzen dizkitzun oroitzapen ta gogorazio txar orietako naia, ta gogoa.

        Oroi zaitez beste batzuetan bertze bidezko etorkizunez ere, edo oroi zaitez, ongi bizi diran anima garbien ondasun andiez, edo beren Jaungoiko maitagarriak oriei ematen diezten birtuteez, irabazbidez, ta atsegin garbiez; ta, ori guzia zuk kontuz ekusi ezkero, zu saiatuko zara, bai, laster aski zere baitatik aienatzera edozein oroitzapen loi, naiz dela den txikiena.

        Oroi zaitez orren ondoren, anima garbi on birtutetsuak baizik, ezin sar ditezkela Aingeruen artera, zeruko gloriara, ta Jaunari an atsegin ta kontentuz beterik begira ta begira beti, eternidade guzi-guzian egotera; ta, ekusiko dezu, nola era orietako oroitzapen garbietatik datorkizun ongi ta zuzen bizitzeko, ta bizitza garbi on batek eskatzen dituen gauza guziak zuzen egiteko, gogoa.

        Beste zenbait aldiz oroi zaitezke zuk zere Jaungoiko maitagarriari zor diozun bazterbageko amoreaz: oroi zaitezke Jaungoiko beraren maitagarritasunaz; oroi zaitezke Jaungoiko berak zugatik egin izandu dituen anbat ondasunez, gauzaz, ta ontartez; ta zuk maiz, usu, edo anitz aldiz izaten badituzu era orietako oroitzapen onak, izain dezu, bai, zorioneko Jaungoikoaren ekuste garbiak bear duten bigarren gauza, edo oroitzapen, pensamentu, ta gogorazio bear bezalakoz apaindurikako adimentua. Ala geldi dedilla nere au ere, nik gero noizbait arkitzeko, zorioneko Jaungoikoaren ekuste garbi orien artean zerbait leku. Bai arren, bai!

        3. Zorioneko ekuste orien doaiasunak eskatzen duen irurgarren gauza da, tolesturik ez duen biotz on zuzen, bere Jaungoikoaren maitari bat: maita dezan maiz eta zin-zinki bere Jaungoiko maitagarria; ta maita ditzan, bere Jaungoiko berari atsegin egiteagatik, bere lagun-urkoak edo proximoak ere; ta maita ditzan, berak bera maita lezaten naiko luken bidez ta eran.

        Ekusten dezu zenbat egiteko dakarren, ta zein gurutze ona bizitza guzian daraman, bere bi gauza-modu oriek egiten dituen edozein animak! egiten ditu alabaña, bi gauz oriek egiteko, bere Jaungoikoaren lege guziak manatzen diozkan egiteko ta lan guzi-guziak; eta guzi-guziak egiten ditu bere Jaungoiko berari atsegin ta gusto egiteagatik, eta bere lagun urkoari begitan eman dezaken gauzarik txikiena ere egiten ez duela.

        Erne ibilli bearko dezu, bada, ta kontuz, bai, goizetik arratseraño au guzia, uts egin bage, zuk, eta zuzen-zuzen egiteko.

        Au egiteko zuk, lenik billatu bearko dituzu otoitz-gai onetan ekusi ditugun anima garbi bekatu bageko bat, oroitzapen on zuzenez apaindurikako adimentua; ta biotz, gaitzerako makurtasunak utzirik, edozein gauz on egiteko ta bere Jauna ziñez maitatzeko, ederki prestaturikako bat. Irur gauz oriek billaturik, zuzen egiten dituenak, ekusi ditugun bertze biak, egiten du ekusten ari garan doatasunak eskatzen duen guzia.

        Zorioneko umea ni ere, nik era orretan oriek egitera, emen bizi nazaño, bada ala nik oriek egitera, nik ekusiko ta maitatuko dut beti-beti, zorioneko biotz garbidun guzien artetik nere Jaungoiko ekuskari ezin maitagarriagoa. Ala gerta dedilla. Bai arren, bai!

        4. Au guzia guk egiñagatik, egiñen ez dugu bein ere, guri gure Jesus maitagarriak, itzez ezezik egitez ere, erakutsi bageko gauzarik batere.

        Bada Jesus maitagarriak, bizitu zen denbora guzian beti-beti iduki izandu zuen ezin garbiroago bere biotz eder guztiz maitaria; etzuen alabaña egin bein ere uts andi edo txikirik batere, ta ezin egin ere zezaken, Jaungoiko-gizona zen Jesus maitagarriak. Eta orra non bere egitez guri gure Jesusek erakutsi izandu zigun, doatasun onek eskatzen duen lenbiziko gauza.

        Era berean erakutsi zigun bigarrena; bada etzituen Jesusek kendu beiñere bere Aitagandik bere animako begiak. Orain dadukan bezain gogoan ta bistan iduki zuen beti bere Aita eternoa gure Jesus maitagarriak.

        Ekusten zituen Jesusek, bai, lurreko jendeak; baita berak egiten zituen, ta besteri eragiten ziozkan gauzak ere; baña bere begiak bein ere kendu gabe bere Jaunagandik; eta gertatzen zitzaion Jesus maitagarriari, mariñel on bati bere onzian dabillen denboran gertatu oi zaiona.

        Badabil mariñela bein soketara, bein maiera, bein onara, bein alde artara: baña, edo dabillela batetik bestera bere onzian mariñela, edo egon dedilla geldirik, eta nai duen bezala, bein ere gelditu bage dabill, onziak daraman bide guzian. Era onetan bada (baña milla, ta milloi bider ederkiago) ibilli zen Jesus, emen bizitu zen egun guzietan, bada puntu ta puntuoro, ta beti-ta-beti bere Aita maitagarriagana zijoan Jesus, beste edozein gauzetan ari zen denboretan ere.

        Erakustearen ederra, aldi onetako Jesusen erakustea! Ikasten badugu guk ere; ta guk, ikasten dugun au emen egitera, zorioneko ekuste onen bidea daramagu, ta Jesusen ondoren dabiltzanetatik gara.

        Au da, au guk ikasi bear dugun ibillera; ta au guri guztiz ongi dagokigun gauza.

        Au, ta lenago guk ekusi dugun gauza ezezik, erakusten digu guri gure Jesus erakuste on maitagarriak, bide onetan dabiltzanak egiten duten irurgarren gauza ere; bada erakusten digu Jaungoikoagana begira dagoen biotz garbi-zuzen batekin gauza guziak egitea; zeren Jesusek egin izandu zituen bere bizitza guzi-guzian ezin zuzenago, ezin ederkiago, ta ezinobeki bere gauza guziak; bere gauza guzietan billatu izandu zuen Jesus maitagarriak bere Aita Jaungoikoari atsegin egitea; ta egin ere zion bein ere uts egin bage; ta bare gauza guzietan Jesusek billatu zuen bere Aitaren onra ta guru ona: ta billatu zuen, Jaungoiko-gizonak bezala, ta billa ziteken ederkien ederkiena.

        A, erakusle egille on, Maisu eder Jesus maitagarria! ta zein aisa ikas dezakegun guk gerok nai dugula, nola ta nondik ibilli, zuzen ibiltzeko, zure ondoren. Ez dugu orretarako guk, zuri bein, ta berriz, ta maiz begiratzea baizik; bada zu bat zara beti: zu beti zabiltza bide batez; ta beti zabiltza ezin zuzenago!

        Itsuak bezala ibilli gara gu oraindañoko geren denboran, ta gutitan ibilli gara, zuri begiratzen genizula. Ala atera dira orain arteko gure ibillerak! Urte anitzen buruan, bataiatu ondoan baño agitz eta agitz urrutiago geunden gu, nai genuken zure zerutik; eta geunden geren obenez, edo geren bekatu zikiñakgatik, sulezeko atarian, ta sutan erretzen daudenen artera erortzeko puntuan! ta an erori bagiña? Galduak gu sekula guzirako!

        Eskerrak zuri Jesus maitagarria, gu an aspaldi asko ez eroriaz! Eta eskerrak zuri gurekin gerok egin dezunaz ere; bada urrikaldurik zu, gu bezein errumes galdu txar errebesez, idekerazi dizkigutzu guri geren begiak, ekus genezan guk non genbiltzan, ta zenbat amiltegiren, ta galtzeko perillea artean, perill oriek izutzen ginduztela bazen ere artu genezan geren gaizkien dam-urrikia, ta gaurgero zure ondoren ongi, zuzen, ta biziro ibiltzeko gogoa, pozik guk artu dugun bezala. Onetan iraun dezagula guk, gu gerok illik gelditu arte guzi-guzian. Bai arren, Jesus maitea, bai!

 

 

Non intrabit in eam aliquod coinquinatum,
aut abominationem faciens.

Apoc. 21. 27.

 

        Zeru eder, Jerusalen santa, arkitzen da, dio san Joan Ebanjelariak, sartze-toki, edo bere atari guziak Aingeruz gordeak edo ingurutuak daduzkala. Jerusalen artako edertasuna ezin ederragoa da: ta ango argia ezin andiagoa, ezin buka ditekena, ta Jaungoiko berarena bezalakoa.

        Jerusalen artan sartzen diranak illen ez dira bein ere: ez dute negar-biderik ekusiko, bein an sartu ezkero; ez eta kezkarik, karraisirik, edo beste neke modurik ere: nekeak bukatzen dira, an bein sartzen diranentzat emengo beren bizitzarekin. Au ez da, atsegin-kontentua, Jauna bein berak, eta gero elkar maitatzea, ta betiko gloria-ta-gloria besterik. Emen ez bezalakoak dira ango, edo zeruko gauza guziak; eta guziak dira ezinobeak.

        Ongi da; baña norenak ote dira gauz orren naigarri eder oriek? Edo zein ote dira, zorioneko doatsu, gauz oriez betiko jabetzera, zeru orretan sartzeko dauden oriek? Emen aisa, emen beren gogora, ta, nai duten eran bizi diranak? Emen atsegin andiz, ta kontentu luzez beterik beti arkitzen diranak? Emen, berak bizi diraño, beren gogoak ematen diezten gauzak baizik, egiten ez dituztenak?

        Ez, ez: dio san Joan Ebanjelariak; oriek zikiñak dira, dio, ta gauz ez-onak egiten dituztenak; era orretako gizon andreak zeru garbi artan ezin sar ditezken jendeak dira.

        Zenetatik ote dira, bada, arako diran jendeak?

        Negarti garbi onetatik. Bai; damuz, ta negarrez beren biotzak garbitzen dituztenak dira, arako diran emazteki-gizonak. Oriei, bai, oriei an sartzean, garbituko diezte Jaungoiko maitagarriak beren begietako negar guziak, eta, beren ordurañoko negar garbiakgatik emain diezte eternidade guziko atsegin-kontentuak.

        Zorioneko negar-damu-garbiak, orrenbat ondasun ta atsegin irabazten dezuten damu-negarrak! Nereak gaurgero zuek izatera, nere, doatsu zorionekoa ni! Lenago nik zuek artu bagetik dira, nere oraindañoko negar-bide galgarriak eta bekatu zikin guziak. Oriek nik nere barrendik bein aienatzera, edo aienatu ezkero, ez dute berriz, ez, sar-bide berririk emen arkituko. Zorigaistoan ez nien nik lenago ta lenago ere, len zutena galerazi! Nik len ori oriei galerazi banie, gaur ez nintzan arkitzen ni, arkitzen nazan eran, edo arkitzen nazan bezain garbitu-bearra; ta gaur arkitzen nintzan ni nere Jaungoiko maitagarriaren gogo biotzean ongi-ongi sartua! Sar banendi gaurdanik badere! Eta sar banendi, sekulan, edo bein ere andik ez ateratzeko! Ala gerta dedilla: bai arren, bai!

 

 

In timore Domini esto tota die;
quia habebis spem in novissimo.

Prov. 23. 17.

 

        Artu zazu zuk, emen bizi zaran arteko, ongi dagokizun, ta gerorako uste onez beteko zaituen bide zuzen ondasundun bat.

        Zer bide da, etorkizun onez beterik dagoen, ta emen bertatik ere onen ongi dagokigun, bide zuzen au? Bide au ote da lurreko ondasunez, ta urre-zillarrez beterik arkitzen den bideren bat?— Ez bada, ez: zerurako bidea da zorioneko bide au; ta, zerura igateko, ez dira lagunik onenak diru-ondasunak; astunak dira alabaña, edo guztiz pisuak.

        Zer bada? Bide ori ote da jan-edan galantezko bideren bat?— Ez ta ori ere: arin ibilli bear du alabaña, zerurako bidean dabillen edozein gizonek; eta era orretan ezin dabilke sabela bete, ta alferkeri nagian gau-egun arkitzen den gizona, edo sabel betetik datozen lan loietan ibilli oi dena.

        Ote da bide on ori aragiaren atsegin-kontentuz beterik dagoen bidea? Ez eta ori ere.— Zergatik ote? Zeren atsegin-kontentu txar oriek usteltzen duten orien ondoren dabillen edozein, ta zeren orri kendu oi dioten zeruko gauzak ekusteko bear luken argi guzia, edo argi beraren puska ta zati anitz; ta, argirik bage, edo argi gutirekin dabillen bat ibilli oi den, ondatzera doan ontzi urratuan lo datzan marillenaren eran.

        Zer bide da, bada, zerura zuzen daraman gure Jaunaren bide on ori?— Ori da, dio Espiritu Santuak, egun guzian ikara bat, eta bere Jaunaren beldurrez beterik egotea. Era orretarako beldurtiak dira zeruko bidean biziro dabiltzanak. Oriek dira, bide orretatik atera nai dituenaren txistuari, edo oiuari ez aditu egiten diotenak; eta etsaiaren sareetan, edo tentuetan sartu nai ez dutenak. Oriek dira beren Jaunari emateko dauden kontuak alik ongiena zuzendurik daramaztenak. Oriek dira Jaun berak nai dituen present onak berekin daramaztenak, edo al dituzten lan on guziak egin oi dituztenak: eta orregatik dira, beren kontu guziak ongi eman ondoan, zeruan sartu uste dutenak; eta sartuko diranak ango atsegin ta kontentu guzien jaun ta jabe izatera. Zorionekoak era onetako beldurrez beteak arkitzen diranak; bada oriek dira, uts egin bage, ta guztiz segurki erditsiko dutenak beren Jaunaren zerua, ta zeru bereko atsegin-kontentu-gloria. Saia banendi ni ere, orien eran emen bizitzera, orien bide beraz gero sartzeko orien beren artera. Nere Jaungoiko maitagarriak didada ibillera oriek eskatzen duten laguntza ta grazia; bai arren, bai!

 

 

Quis ascendet in montem Domini,
aut quis stabit in loco sancto ejus?
Innocens manibus, et mundo corde.

Ps. 23, 3.

 

        Zein ote da, gure Jaungoikoaren mendira igateko prest arkitzen den zorioneko anima? Zein ote da, Jaungoiko beraren toki eder, zeru garbi-garbian beti egon bearra? Zeru, eternidade guzian Aingeru guzien lagun izateko dagoen anima? Zein zeruko Santu-santekin batean gure Jaungoiko maitagarriari begira-begira, ta gloriaz beterik egon ditekena? Zein? baizik, eskuz ta biotzez garbiro dabillen gizona, dio Dabidek.

        Baña zein ote da gizon ebille garbi biotz onezko au? Au da (baldin ezpadakizu) bati ere bere gauzarik kentzen ez diona. Au da berak, eta besteren gauza guziak, bear den eran zuzentzen dituena; edo berari ez dagokanik artzen ez duena, ez eta ukatzen ere, besteri dagozkanetatik batere. Au da goizetik arratserañoko bere gauzak, baita bizitza guzikoak ere, alik ongiena egin oi dituena; ta utsen bat zerbaitetan egin orduko, damuz ta urrikiz, ta aldatuz, zuzendu oi duena. Au da uts egiteko biderik bati ere eman nai ez likeona; au, al duen ona edozeni egiten diana: au, norinaibide zuzenetan, edo gauz onak zuzen egiten laguntzeko, prest dagoena.

        Zerurako dagoen au da, eskuz bezain garbiro ta zuzen biotzez dabillen gizona. Au da bere amore onez Jaunaren amore bazter-bagekoari eranzun oi diona: au da, gogoeta ta asmo txar, zuzen ez dabilzanak, lenbaitlen bere baitatik edo beregandik kendu oi dituen gizona; ta, au da bera gorputzez lurrean egonagatik, bere gogoz, biotzez ta naiez beti, edo maiz beintzat, zeruan sarturik arkitzen dena; ta au, arako ustean, bere gauza guziak bear den eran egiten, eragiten, ta zuzentzen dituena. Orra nolakoa den zerurako dagoen anima.

        Era orretakoak ote gara zu ta ni, biok? Anima orienak bezain zuzenak eta garbiak ote dira gure bien asmoak, gure itzak, gure lanak, eta beste gure egiteko lan ta neke guziak?

        Ez beintzat nereak, ez! Emengo gogoetak, eta asmo txar arin galduak arrastatu naute ni, ta eragin izandu dizkidate (nork daki) zenbat lan gaisto, oben, ta kulpa. Eta zer dakit nik, urratu ote ditudan, bear den eran beintzat, damuz, naigabez, ta ziñezko urrikiz orien kate astun pisu-arrigarriak! Edo zer dakit nik, barkatu ote dizkidan, nitaz urrikaldurik, nere Jaungoiko maitagarriak, beraren kontra nik egiñikako utsak, obenak, eta kulpa guziak?

        Eta ark oriek niri barkatu badizkit ere, zer dakit nik, zer eran ta nola biziko nazan ni, datozen denboretan!

        Baña zer egin uste dezu zuk orain, orain bezala?

        Nik orain egin uste dudanada ziñezko damuz, ta Jaungoiko berak eskalzen den urrikiz, nere leneko zor guziak ateratzea; ta emendik aitziña, al dukedan bizitzarik onen bat egitea. Eta zorionekoa ni, nik au egitera, orain nik uste dudan eran, ta irauten dudala oraingo nere asmoan arte guzian, edo bizi nazaño! Zer gerta ere, asi nadin ni, orain dagikedanetik, eta eska dezodan nere Jaungoiko maitagarriari leneko nere usten, ta bekatu guzien barkamentua, itzez, ta biotzez erraten diodala: Nere Jesukristo, etc.

 

aurrekoa hurrengoa