www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (II)
Sebastian Mendiburu
1760, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Bigarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

LI.garren OTOITZ-GAIA

JESUSEN ODOL-IZERDIA;
TA NONDIK ZEN ONELAKO
JESUSEN IZERTZEA?

 

A.

Jetsemaniko baratzean illuntzen da
Jesusen biotza odolezko izerditaraño

 

        Ostegun Santu arratsean egin zituen Jesusek, azkeneko bere afaltegian adirazi ditugun gauza guziak; baita beste zenbait ere; eta, bat beintzat, guztiz andia. (Gelditzen da au urrengo Librurako).

        Arrats artako bere gauzak bukatu zituen Jesusek, bere Aitari eskerrak luzaro ematearekin.

        Eskerrak emate au egin ondoan, ateratzen da Jesus maitagarria bere afaltegitik; baita Jerusalengo erritik ere; ta badoa zuzen-zuzen bere amaika Apostoluekin Jetsemaniko baratzera: Judas, amabigarrena, joana zen orduko Jesusen etsaietara, Jesus nola oriek an artu ta loturik ekarri Jerusalena, judu Jesusen erosle galduei adiraztera.

        Jerusalendik atera, ta laster, edo bereala arkitzen zen Jetsemani zeritzan leku-aran, edo balle bat, eta leku zelai edo balle berean ortu, edo baratze-moduren bat.

        Emengo Baratze onetan sartu zen Jesus arrats artan, len askotan bezala, otoitz egitera.— An sartu, ta laster, edo ango sartegitik anitz urrundu bage, utzi zituen, irur-ez, beste bere Apostoluak; ta irurei, irurekin zerbait geiseago barrendurik arkitu zenean, erran izandu zien, bere barreneko lasaitasunen baten billan dabillenaren eran, agitz illundu zait nere biotz au, ta nere barren ta anima guzia. Iltzeko dagoenaren tristurekin arkitzen naz ni, arkitzen garan tokian ta denporan! Zaudete zuek emen bertan; ni barrenaiseago oraziora edo otoiz egitera noa: baña begira, bitartean erne ta kontuz otoitz egiten egon bear dezue zuek ere.

        Au irurei Jesusek erran ondoan, sartzen da Jesus andik zerbait barrenago; ta, an umilki belaunikaturik, eta bere buruarekin lurra ukitzen duela, asten da Jesus otoi ta otoi bere Aita maitagarriari; ta eskatzen dio, baldin al badedi, ken dezola bere biotzeko tristura ta illuntasuna; baita orien ondoren berak uste zuen bere Pasioneko neke arrigarria ere.

        Orren andia zen, bada, orduko Jesusen tristura ta illuntasuna?— Orren andia; ta ezin andiagoa.— Au zuk zerorrek ere aitortuko dezu, bai, aditu ezkero bein, non ta nola zegoen ordu artan Jesus maitagarria; ta gero orduan, Jesusek egiñak egiñik ere, Jesus berari gertaturikakoa.

        Lur otzean zegoen ordu artan Jesus maitagarria: ordu artan zegoen Jesus otoitz egiten; ta, belaun-eskuak, eta arpegi guzia lurrean zeduzkala zegoen Jesus maitagarria.— Ostegun Santu gauerdiko denbor otza zen, Jesusen aldi artako otoitz-ordua. Tellaturik eta estalkirik etzuen Baratze bat zen Jesusen orduko otoitz-tegia. Bein, ta berriz, ta irutan ere aritu zen Jesus bere Aita maitagarriari otoitz egiten; ta aldian egin izandu zion denbor anitzez, astiz, ta guztiz luzaro; ta alere, otzez ikara egon bear zuela zirudienean, arkitzen zen Jesus maitagarria burutik oñetaraño izerdi-uts egiña; ta, zarion izerdiarekin, lur guzia bustitzen zuela.

        Baña zer izerdirekin, uste dezu? Gañerakoen izerdiaren aintzurako, edo iduriko izerdiren batekin?— Ez, baizik odolezko izerdi arrigarriarekin: ta lurreraño tantaka zerion odolezko izerdiarekin.

        Au zuk ekusi ezkero, errazki ezagu dezakezu zer tristurak ziran, ta zer illuntasunak, Jesusen biotzak aldi artan ekusi zituen tristur-illunak.

        Eta ez ote ziozkan Aita eterno maitagarriak arindu izandu bere Seme maite bakar Jesus odolez izerdituari bere biotzeko tristura illunak, onenbat otoitz eta otoitz, onen luze-onak Jesusi ekusi ta bazen ere?— Zerbait, bai, artarako berariaz igortzen ziola bere Aingeruetatik bat; eta, aldi artan Aita eternoak au ez-egitera, an bertan ill bearra zen noski Jesus maitagarria.

        Baña Aingeru onak egin bazuen ere guztiz ederki bere lan au, edo Aita eternoak emanikako egitekoa, Aingeruaren arintza guziarekin ere, agitz gogor-pisu-arrigarriak gelditu ziran Jesusen orduko neke-penak, eta tristura illunak: eta orien pean illik ez gelditzeaz gure Jesus maitagarria, Aita eternoaren laguntz onari eskerrak, eta Jesusek berak guri zigun bazterrik bageko bere amoreari; bada Jesusen amoreagatik, eta bere Aitaren milagroz ez izatera, orduko bere tristurak, illuntasunak, odol-izerdiak, eta biotzeko nekeak illotza utziko zuten Jesus maitagarria Jetsemaniko baratzean: ain andiak ziran oriek, eta ain izugarriak!

 

 

B.

Nondik zen Jesusen odol-izerdi au?

 

        Nondik zirala uste dezu zuk, Jetsemaniko baratzean Jesusek izandu zituen neke gogorrak?— Bere gogoan zeduzkan gauz izugarri zenbaitetatik.— Zer gauzak ote ziran ordu artan Jesusek bere gogoan zeduzkan gauzak?— Gogoan zeduzkan, Jesus maitagarriak, mundua mundu zenetik ordu artarañoko gaizkiak eta bekatu guziak; baita munduko gaistoak, ordu beretik asi, ta mundu beraren azkeneko punturaño egiñen zituzten guziak ere; ta orien artean zureak eta nereak.

        Guzi-guziak ekusten zituen, bai, guk gerok argi andi bat ekusten dugun bezain garbiro ta klaroki; ta anbat, eta anbat, eta kont-al baño kasi geiago izan arren oriek, guzi-guziak ekusten zituen Jesus maitagarriak, banaka bezala; ta denbora berean ekusten zuela norañekoa den bakoitzaren itsustasuna, makurrera, ta malizia.— Eta nola bekatu bakoitzaren itsustasun au kasi bazter bagekoa den, ez da erraz guk ezagutzea nolakoa, ta norañokoa den orien guzien itsustasun, arrigarria baño arrigarriago au: ta au guzia zen ordu artan Jesusek lenbiziko lekuan bere gogoan, edo animako bere begietan, zedukan gauza.

        Baña nola ote zedukan gure bekatu sall orren kargeri izugarri au gure Jesus maitagarriak?— Au guzia zedukan gure Jesusek bere gain artua; Jesus alabaña egin zen gizon, bere Pasione Santako neke guziekin, ta gurutze bateko eriotz gogorrarekin, Aita eternoari emateko gure bekatu guziak eskatzen zuten pagua ta satisfazionea.— Kargaren arrigarria onenbat bekatuk, eta bekatu, onen izugarri latzak, Jesusi egiten ziotena! Orra bada nolakoa, Jesusek Jetsemaniko Baratzean ekusi zituen gauzetatik bata.

        Bigarren zen, Jesus beraren neke-tormentuen ta eriotz gogor-miñaren oroitzapena.— Oroitu zen Jesus Jetsemaniko bere otoitz nekagarrian bere buruaren gau artako arrapatzeaz. Oroitu zen sokaz loturik bera juduak arrastan ta ostikoka batetik bestera eramateaz. Oroitu zen judu berak eta jentil arroak arrats berean berari egiñen ziozkaten ista, irri, zaplada, ille-tiraka, karkaisez arpegi-begien zikintze, ta gañerako txarkeri guziez. Oroitu zen Jesus bere etsai berak, eta oriei laguntzen zieten jentilak utziko ziotela bere buru guzia arantzezko koro arrigarri batez zena josia, ta bere loetatik, eta buru bereko inguru guzitik odola zeriola.— Oroitu zen Jesus Jetsemaniko otoitz arrigarri berean bigaramun goizean artzeko zegoela bere etsai beretatik milla ta anbat azot-ukaldi edo golpe gogor; baita gurutze batean illik gelditu arteko bere neke-pena, ta agonia guziez ere: oroitzapen oriek, jakinik Jesusek berak (zekien bezala) zein minberea zen zuen gorputza, nai-ta-ez agitz illundu zioten Jesus maitagarriari bere biotz on-maitari nekakorra.

        Irurgarren gauza, Jesusen biotz nekakor maitari au agitz illundu zuena zen, israeldarren berariazko galtzea.— Ekusi zuen an gure Jesus maitagarriak, judu gogorren artean bera, gizon egiñik, agertu bazen ere; ta judu gogor berei irur urtez bere Lege garbi zuzena itzez, predikuz, ta milagroz erakutsi ondoan, zenbait bakotx atera, ta gañerako judu guziak etziotela begiratzen ere; edo begiratzen zioten guziak begiratzen ziotela, bera beti begitan arturik idukitzeko: eta guzien artean gizonik jakintsuenak, eta gauzak errazkiena ezagu zitzakeenak zirala, Jesus berari ez-ekusi ta ez-aditu egiten ziotenak; eta oriek zirala, zeren Jesusek gauzak agertu ziezten, Jesus geienik begitan artu zutenak; eta gizatzar eskergabe orien artean arkitzen zela Judas, Jesus beraren Apostolua ere; ta Apostolu, israeldarretatik batek ere baño anitz geiago Jesusi zor ziona.

        Ekusirik bada gure Jesus maitagarriak, aldi ain nekagarrian, au guzia; ta ekusirik denbora berean, israeldarren artekoa zela, Jesusek berak berekin zuen odol guzia, ta alere israeldarrak izan bear zutela lenenik, eta amurratukiena, bera-bere Legearekin galerazi naiko zutenak, eta urrengo eguerdirako gurutze batean josirik, eta andik irur ordurako illik utziko zuten gizonak, zer tristurak, eta zer illuntasunak, izan bear etzituen aldi artan Jesusen Biotz guztiz minbere-maitagarriak?

        Laurgarren gauza, Jesusen Jetsemaniko illuntasun ta tristura berera anitz eta anitz lagundu izandu zuena zen, mundukoen, Jesus beraganako, esker-eza ta oztasuna.— Ekusten zuen Jesusek, bere Jetsemaniko otoitzean, bera mundu guziaren onerako iltzeko zegoela; ta iltzeko, asm-al adiña baño neke geiagoren artean; ta alere munduko gizonen zatirik andienak, ezpaliz baño geiago etziola Jesusi begiratuko ere: bada Turkoak, Jentilak, eta Juduak bataiatuak baño agitz eta agitz geiago dira; ta oriek ez dira Jesusen Legekoak, edo Jesusi begiratzen dioten gizonak.— Ekusten zegoen Jesus, bataiatuetatik ere geienak, edo beintzat anitz eta asko biziko zirala zismaz ta erejiaz galduak.— Ekusten zuen, gure Legekoetatik ere anitz-eta-anitz biziko zirala erejeak, jentillak, eta turkoak ere baño agitz gaizkiago: ta, orren gaistoak ez izan arren, beste bataiatu anitz, eta asko, ibilliko zirala gaistakerien artean, ta beren bekatuz ongi loituak.— Ekusten zuen, Jesusek bidenabar, beraren orduko tristura-neke-eriotzaz etzutela egiñen kaso andirik, geienean beintzat, geienak.— Ekusten zuen, utzi zigun Aldareko Sakramentuarekin berebat egiñen zutela oriek guziak, eta beste anitzek ere.

        Eta (ori baño ere, gaistoago dena) ekusten zuen Sakramentu onekin erejeak eta beste anitz gizon gaistok egiñen zituztela gauza arrigarri-itsusi-lizunak; eta, komuniatuko ziran gizaki, ta emakumeetatik anitzek artuko zutela Sakramentu au, Judasen biotza bezalako biotz galduekin, edo zeren joain ziran Konfesorearen oñetara ontzeko asmorik galbe, edo zeren garbiro agertuko ez zituzten beren aitormenean edo Konfesionean beren bekatuak, edo bekatuaren erak; eta orregatik artuko zutela Jesus bera beren Komunionean guztiz gaizki, ta beren Komunione gaistoakgatik, sekulako sutara noizbait berak aurtikitzeko eskua Jesusi ematen ziotela.— Ekusten zuen Jesusek orduko bere otoitz denboran, bekatu larrietatik kendurik bizi diranetan ere, arkituko zirala (ta ez guti) urbilduko ziranak beren oztasunarekin, edo amore andirik bage, beren amoreakgatik sakramentaturik arkitzen den Jaungoiko beragana.— Eta onenbat ekusten dezu, naiz-ta ez anitz illundu bear zutela Jesus maitagarriaren Biotz minbere maitaria.

        Au guzia ekusten zuen denbora berean, ekusten zituen Jesus maitagarriak bere Ama maitearen barreneko illuntasunak, eta biotzeko nekeak (zein andiak oriek, eta zein arrigarriak!): eta bere Amaren neke oriek, bere guziak baño ere agitz geiago illuntzen zioten Jesus maitagarriari bere Biotza; maite zuen alabaña ezin geiagoraño bere Ama maitagarria, ta bazekien beraren Seme Jesusek, Seme beraren urrikariz izain zirala Amaren orduko neke-pena guziak.

        Ordu berean ekusi zituen Jesus maitagarriak beraren Apostoluen, beraren Martiren, Santu Konfesarien, ta gañerako on guzien neke, tormentu, ta bidegabeko pena guziak; eta, nola oriek eraman bear zituzten Jesus berari ongi naiez, Jesus beraren amoreagatik, eta beraren Legea zuzen baño ere zuzenago gorde naiez, orrenbat neke ta pena: ta au guzia Jesusek ekustean, orien guzienganako urrikaltasunez, ta neke-penaz beterik, gelditu zen Jesusen Biotz maitari-maitagarria.

        Orra Jetsemaniko bere otoitz denboran Jesusen gogora ziran gauza nekagarri illunetatik zenbait. Guziak artu zioten Jesusi bere Biotza, dolareko ardatzak olpeko sagarrak edo matsak artu oi dituen eran; ta, ardo ordez, edo ur lekuan, atera zioten odolezko izerdia ta izerdia.

        A tristurak, tristur-arrigarriak, onenbateraño gure Jesus maitagarriaren Biotza illundu zenuzten tristurak! A tristurak, nere oben kulpa gaistoak nere Jesusi arreraziak!— Bai: nere oben-kulpak Jesusi arreraziak ziran, Jetsemaniko bere otoitz denboran Jesusek izandu zituen tristurak; bada ni nere oben-kulpa guziekin orduan arkitu nintzan an, nere Jesus maitagarriaren gogoan, edo beraren Animako begietan; ta arkitu nintzan ni an, ni besterik an arkitu ezpaliz bezain agerian; ta, ezin klarokiago ni nere txarkeri guziekin nere Jesusek ekusten ninduela: ta orduko bere ekuste onek ematen ziozkan Jesus maitagarriari, nere oben-kulpei, nere esker gabetasunari, ta nere arganako molde kabeari zegozkan tristura guziak: eta neke pena ta tristura ezin-andiagoak Jesusi emateko, aski zen, ta sobera, nere oben-kulpa guzietatik bat.

        Baña guziagatik ere itxedan dezaket nik, ez nabela Jesusek aldebat utziko ni; ta baliatuko zaizkidala nere zorren alde, orduko Jesusen tristurak berak. Ala gertatuko da, leneko gaizkiez ni ongi damuturik, ori nik berari ziñez eskatzera. Gerta dedilla bada, nere Jesus maitagarria; bai arren, bai!

 

 

Circumdederunt me vituli multi: tauri pingues
obsederunt me, aperuerunt super me os suum,
sicut leo rapiens et rugiens.

Ps. 21. 13.

 

        Zer kezkak, zer ai-ak, zer naigabeak leoi aserre baten atzaparretan arkitzen den gizonaren naigabeak, ai-ak, eta kezkak! Era berekoak izandu ziran, ta agitz latzagoak eta arrigarriagoak, gure Jesus maitagarriak bere Biotzean izandu zituenak Jetsemaniko bere azken-otoitz denboran.

        Nola-ere-bait bere neke gogor, naigabe illun, ta ai oriek guri adirazi naiez erraten digu Dabidek, Jesusen ordez ta lekuan: Ingurutu naute ni bazter guzietatik, nork-daki zenbat zekorrek, edo zezenkok. Zezen sutu gizenak ere beren erdian arturik nadukate ni; ta, nik iges egin naiagatik ere, iges egiteko biderik bage nadukate ni oriek.— Ez dira oriek kontent, ez, nolanai niri nere bizi au kentzearekin. Beren abak edo aoak ongi zabaldurik datoz oriek nigana; ta, egiten dituzten orroz, bazterrak urratzen dituztela; ta, era orretan datoz bizirik ni, edo, al duten eran iritsi naiez; ta datoz, leoi jale aserretu orrolariaren eran.

        Zein ote dira zezen ta zekor oriek? Zein, baizik zu ta ni, biok; eta gu bien erako bekatari txar-gaistoak? Guk guziok geren gaizki galgarriekin; guk geren oben kulpekin; ta, guk gerok egin oi ditugun, geren bidegabe ta txarkeri guziekin, ingurutu izandu genuen Jetsemaniko bere otoiz-denboran gure Jesusen Biotz minbere maitaria; ta guk gerok, orduko judu gogor ta jentil gaistoekin batean, eman izandu geniozkan Biotz minbere maitari oni, egin ditugun bekatu adiña nek-ukaldi, golpe, ta naigabe: ta geren onenbateko naigabe arrigarriekin odol-izerditan utzi izandu genuen guk geren Jesus, bere burutik oñetarañoko guzi-guzian; ta, bera ezezik, bere peko lur guzia bustitzeko diña odol zeriola.— A gure galduak gu, guk geren Jesus maitagarriagandik ez erdistera, gure bekatu gogorrak Jesus berari atera zioten odol-izerdiaren laguntza! bada ori guk ez erdistera, galduak gara gu sekula guzi-guzirako!

        Ez arren, Jesus maitagarria! ez datorrela gure gain orrenbat malur, ez: Zuk bein zere izerdi odolezkoarekin garbitu ezkero gure anima bekatuz loitu gaisoak, ez ditugu loituko guk berriz geren gaizkiz ta kulpaz; ta zuri zor bezala, eskerrak emanaz guk, eta garbiro maitatuz zu, gure Jesus maitagarria, egiñen dugu guk ongi bukatzera geren egunak, zeruan gero gu zu maitatzen egoteko beti ta beti, edo eternidade guzi-guzian. Ala gerta dedilla, gure Jesus maitagarria, bai arren, bai!

 

 

Sicut aqua effusus sum, et dispersa sunt
omnia ossa mea: factum est cor meum
tamquam cera liquescens in medio ventris mei.

Ps. 21. 15.

 

        Nere gorputzeko ezur guziak (dio Dabiden ezpañez gure Jesus maitagarriak): nere gorputzeko ezur guziak elkar utziak dirudite, ta, niri laguntzeko, indarrik batere bage arkitzen diran ezurrak: bada nere azken-arrats onetan, nazan guzi au nago ni agoniez, ta agoniez bete-betea; ta, illtzeko dagoen gizon baten eran. Denbora berean arkitzen naz gaur ni, sull edo gurbil bat urratu, ta, banatzen ta galtzen den ura bezala: edo bere ibillera ta osasuna galdurik dagoen baten eran; bada arkitzen naz gaur ni guztiz triste, ta illun, ta ikaraz, zer egin ezpaneki bezala.

        Eta alere, ez da au, ez, oraingo nere lanik gogorrena: gogorragoa da nere Biotzaren aldetik datorkidana. Su baten bazterrean arkitzen den argizagia dirudi gaur nere Biotzak; bada, suaren bazterrean argizagia bezala, urtuz doakit niri nere Biotz guzia, ta izerditan ateratzen zait an arkitzen den nere odola: ta ni gaur, nere Jaungoikotasunaz ez baliatzera, nere biotzeko ta barrengo zerbait odol geldirazteko, azotatzen edo zeatzen nauten aldirako, ta lantzaz nere bular au urratzen didateneko, bertan illa geldituko nintzake ni emen, Jetsemaniko baratzean.— Orra, dagoeneko ere, zertara naben ni, nik munduari diodan ongi naiak eta gizon amoreak! Orra zenbaterañokoa den, oriek niri nere izerdi odolezkoagatik didaten zor arrigarria!— Orien zorraz oroitzeak, edo orien zorrakgatik nik gaur daramadan ta emendik asi, ta ni illik gelditu artean, nik eraman bear ditudan nekeen oroitzapenak, eta, guzien gain, gizonen niganako eskergabetasunak onetara ditu gaur nere gorputz-animak, eta nere biotz guztiz maitari au!

        Guri ongi naiak, eta gure amoreak orretara zaituzte zu, gure Jesus maitagarria? Eta zeer? etzenekien zuk, zere gizatasuna gure artean artu zenueneko, gu bezain bekatari txar galdu batzuetatik itxedan zitekena? Bada zertako egin ziñan zu gizon, ta zertako sartu ziñan onenbat arazo, onenbat neke, ta onenbat tristura, illuntasun ta agonia zekarren egiteko gogor onetan?

        Guri ongi egiteagatik, nere erako bekatari txarra! Beti-betiko gu gal ez gindezen, ta gu, anbat berak gugatik egin ta bazen ere, zentzarazi naiez!

        Eun milla milloi aldiz bedeika dedilla zure ontasun maitagarria, zure guganako urrikaltasuna, zure ongi naia ta amorea, gure Jesus, orren nekatu-odoltua!— Zure amore oni nola-ere-bait erantzuteagatik badere, saia banendi ni, lengo nere ibillera gaisto galgarriak utzirik, bizitz-on bat artzera!

        Nai nuke bada, nik bertatik nere lan onetan asi, nere Jesus maitagarria! Indazu zuk arren, orretarako, bear den zere laguntza ta grazia: bai arren, bai!

 

 

Vide, Domine, aflictionem meam,
quoniam erectus est inimicus.

Threm. 1. 9.

 

        Begira, Jauna, begira, erraten dio Jesusek bere betiko Aita maitagarriari, len Jeremiasek Jesus beraren izenean erranik zedukan bezala. Begira, Jauna, begira non ta nola nagoen ni, orain zurekin emen Jetsemanin itz egiten ari nazanean!— Bein ta berriz agertu dizkitzut nik, nere oraingo tranze, ta egoera guztiz arrigarriak: eta ona non natorkitzun orain irurgarren aldian, ori bera egitera; ta, len eskatu dudan gauza bera berriz eskatzera.— Estutu nau ni oraingo aldian; ta estutu nau, ezin geiagoraño, nere etsai galdu amurratuak: bada nekez ta naigabez nere bizi au galerazteko puntu-puntuan naduka!

        Orretara baño len anitz da, ta guztiz gogorra, etsai berak judu gogorren eskuz neretzat prestaturik dadukan neke-tormentuzko Pasionea. Pasione nekagarri onen oroitzapenak berak, ez dakit zertara duen gaur nere Biotza: ta Pasione nekagagarriaren oroitzapen utsak au egiten duenean, zer ez dagikee Pasione bereko neke tormentuak berak?

        Orietan ni sartu baño len, bada, ezin geiagoraño maite nazan nere Aita maitagarria, baldin badaiteke, ken ezadazu zuk nere kaliz latz, edo edari miñ au; ta indazu beste bideren bat, munduko gaistoen zorrak nik ateratzeko.— Badakikezu zuk denbora berean atera ditzakedala nik, bertze eun milla aldetara, nere gain nik artuak daduzkadan mundukoen zorrak; bada badakizu zuk aski dela, zor oriek nik ateratzeko, nere negar malko edo suspirio bat edo beste edozein nere gauza edo lan.

        Baña nik au orain naiagatik, baldin artuak badaude neurri guziak, eta nai badezu zuk, nere Aita maitagarria, nik ar dezadan nere Pasioneko edari latz au, edain dut nik zure izenean, tantarik uzten ez dudala; ta emain dut nik, nere gain artuak daduzkadan munduko zorren alde, gurutze batean iltzez josirik, ala zuk nai izatera, nere odol, asnase, ta bizi guzia: Anbat da, nik zuri nai dizudana nere Aita maitagarria; ta anbat nik munduari diodan amorea! Verumtamen non mea voluntas, sed tua fiat. Luc. 22. 42.

        Ekusten dezu, bere neke-pean, ta odolezko izerdi guzien artean, gure Jesusek diona? Erran lezake Jesusek orrelakorik, ezin andiagoa ez izatera guri Jesusek digun nai-amorea!— Bere bizitza maitagarria baño maiteago gaitu gu gure Jesusek; bada, gu gal ez gaitezen, pozik galduko duela dio Jesusek bere bizitza; ta galduko duela, dio, milla nekeren artean, ta lapurren eran, arantzez beterik eta gurutze batean iltzez josten dutela!

        Galdu nai dezu zuk, Jesus maitagarria, orrenbat balio duen zere bizitza; ta galdu nai dezu, lenik zuk zere gorputz minbere orretan artzen dituzula orrenbat neke ta pena; ta nai dezu galdu, gu bezain gauza errebes-galdu-txarragatik?— Zer da, nigan zuk ekusten dezuna, siñes litekeana baño andiagoa dirudien zure niganako nai orretarako?— Zer izain da, baizik nigan arkitzen den, edo nik nerekin dudan nere Jaunaren imajina ta aintzura, edo iduria; baña iduri, edo aintzura, nik neronek nere gaistakeriz ta bekatuz, guztiz galdurik dadukadana!— Orrenbat balio du, bada, nere Jaunaren aintzurak, iduriak, edo imajinak? Eta ala ere bekatuz zikindu dut nik, eta galdu edo urratu bein, ta berriz, ta anbat eta anbat aldiz ere?

        Zuk au niri garbitu naiez, ta nere onerako da, nere Jesus maitagarria, zuk orain orrenbat nekerekin nai dezuna? Eta ez dut nik ere egin uste nere alegiña, nere anima onen loikeriak neregandik kentzeko, ta nere biotz au ongi garbitu ondoan, nola-ere-bait nere amorez gero erantzuteko, zor dizudan zere biotzeko amore andiegiari?

        Bai baldinbere, nere Jesus maitagarria! Orretan asi naiez nago ni, ta lenago au ez egiñaz ongi damuturik; eta, ala delako siñutan, erratera noa zure laguntzarekin batean: Nere Jesukristo Jauna, etc.

 

aurrekoa hurrengoa