www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (II)
Sebastian Mendiburu
1760, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Bigarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXXIX.garren OTOITZ-GAIA

LAURGARREN DOATASUNA:

ZUZENTASUNAREN GOS-EGARRIA

 

Beati qui esuriunt, et sitiunt justitiam,
quoniam ipsi saturabantur.

Math. 5. 6.

 

Zorionekoak justiziaren gos-egarriz,
ta ansiaz daudenak;
bada aseak izan bear dute oriek guziak

 

        1. Zer dela deritzazu zuk, zeruko justizi, Jaungoikoaren laugarren doai onen ekarle au? Eta zein dirala justizi onen gose-egarri diranak?

        Justizi au da zeruko zuzentasuna ta birtutea; ta justizi onez ase nai dutenak dira zuzen ibilli nai duten guziak, eta birtutez birtute dabiltzanak. Eta era onetan ibilli nai dutenei (baldin ziñez au oriek nai badute) eman oi die beren Jaungoiko maitagarriak beren jan-edana; ta jan-edan onekin asetzen dira, berak nai bezala.

        Baña janari on onen billan dabiltzanak gurutzepean dabiltza, ta Jesusen ondoren; ta sartu nai badezu zuk ere orien artean, atoz, nor diran oriek, eta nola dabiltzan ekustera.

        Zorioneko gose, ta egarri onelakoz beterik daudenetatik dira benikbein beren Jaunarekiko, ta elkarren arteko zuzentasuna billatzen dutenak; edo egiten dutenak, beren Jaunak bere Legean manatzen diena, naiz Jaungoiko berari dagokana dela oriek egiten dutena, naiz dela lagun-urkoari dagokan egitekoa.

        Zorioneko orietatik izain zara zu ere, zu ere zere Jaunaren gauzetan, ta lagun guziekin zuzen bazabiltza, edo zuk ere zuzen egiten badituzu zere Jaunaren gauzak, baita gañerakoak ere. Eta, ala egiten badituzu zuk oriek, zuri emain dizkitzu, bai, zere Jaungoiko maitagarriak, zure gose-egarri onak eskatzen dituzten ondasunak; eta aseko zara zu ere zeruko justiziaren edo zuzentasunaren goseti onak ase oi diran bezala.

        Goseti on-ase orietatik beretatik dira, egunez egun, edo atzo baño gaur, obeki beren gauzak egin naiez arkitzen diranak; eta, alere beldur diranak, ongien-ongiena, beren ustez egiten dituztenak ere, utsez beteak arkitzen dirala, edo ez beintzat bear den eran egiñak.

        Ekusi zazu orain zuk, onenbat konturekin, ta onen zuzen egin dituzun zuk zere gauzak; eta alere iduritzen zaitzun ez dezula zuk bat bakarra egiten ongi, zuzen, ta bear den eran, ta orregatik egunoro arkitzen zarala zu birtute ta zuzentasun agitz gutiagorekin. Orretan bazaude zu, ta leneko zere utsak atera naiez, zorioneko bigarren goseti ta egartietatik zara, ta beren gurutze onarekin Jesusen ondoren zuzen dabiltzanetatik.

        Irurgarren gos-egarti doatsu onetatik dira, nai lukeenak, berak ezezik, gañerako guziak ere legiten beti, ta bein ere uts egiten ez dutela, beren Jaunaren legeak manatzen ta agertzen diena.

        Orietatik zara zu ere, itzez zuk, erakutsiz zuk, emanez, exenploz, ta, al dezun aldetik laguntzen badiezu zuk, ori bera egiten zurekin dabiltzanei, ta ekusten zaituzten guziei; ta, zuk au egiten badezu, etzara zu sartuko an, ez, bakarrik, eta lagunik bage, zere zeruan zu sartzen zaranean: ta, an sartu ondoan, esker onak artuko dituzu, bai, zere lan on ta irabazi andiakgatik ezezik, zuk ondu zenituen, edo zugatik ondu ziran lagunakgatik ere.

        Laurgarren gosegarti doatsu onetatik dira, Jaungoikoak eskatzen diena baño geiago ta geiago ere egin nai dutenak, edo, astelegunetan ere, al dituzten mezak enzuten ari diranak; maiz, eta kontuz konfesatzen diranak garbiro; ederki, ta umiltasunez beterik aldareko Jaun andia artzen dutenak; eta, egun orietan, ta al duten beste guzietan ere elizara, Jaun au an ekustera, agur andiak an oni egitera, urbiltzen diranak; eta era bereko, edo beste deboziozko gauzetatik, egin bage, batere, al dukeela, uzten ez dutenak.

        Egiten dezu zuk ere au guzia? Egiten dezu zuk egiteko onen laurdenik ere? Ez? Zure galgarri alfer nagia! Egunen batean damutuko zaitzu, garai onez zu ez artaratzera; edo zuk, ori guzia ezpadere, zerurako bear den adiña ez egitera.

        Badira, gose onez, ta egarriz beteak dauden beste zenbait ere. Oriek dira, lurra bere gauzekin beren oinpera ekarri dutenak. Oriek dira lenbaitlen Jaungoikoaren zeruko maiera, edo ango atsegin-kontentuetara igan nai lukeenak; eta beren arako igate au erditsi naiez, ta bertatik, eta beti beren Jaungoiko berari atsegin egiteagatik, egunoro beren gauzak obeki egiten dituztenak.

        2. Zorioneko gos-egarriak dira, ekusi ditugun bost jende modu oriek dituztenak. Naita ez neke andiak dakazte, era orietan dabiltzan jendeen gos-egarriak; baña dakazte neke, Jesus maitagarriak agitz arintzen dituenak.

        Nola arintzen dituela deritzazu zuk, gure Jesus maitagarriak, zorioneko gos-egarri oriek dakazten nekeak?

        Arintzen ditu, beinik bein, argiro erakutsiz, nola ar ditezkeen, artu edo eraman bearrak diran aldietan.

        Arintzen ditu, bai, Jesus maitagarriak, justiziaren gos-egarrizko neke onak, Jesusek berak erakusten digunarekin; bada arintzen dira nekeak, oriek nola eraman, norbait erakusten ari denean; ta bere lan, edo erakuste on onetan aritu zen Jesus, jaio zen ordutik azkeneko bere asnaserañoko denboran; bada bere denbora guzian egin zituen Jesus maitagarriak bere gauzak, naiz errazak izan, ta naiz nekezkoak, deusetan ere uts egiten etzuela, ta denbora berean eraman zituen ezin-emekiago, berak baizik ezin eraman zitzakeen nekeak eta penak: eta, au guzia zen guri erakustea nola guk eraman, era bereko geren nekeak.

        Bai; gure erakusle eder Jesus maitagarria jaio zen, dakizun bezala, otzez, ikaraz, bere biotzeko naigabez, ta bearrez betea. Odoltu zuten andik laster edo zortzigarren eguneko, bere Zirkunzisioko kanibetarekin. Eraman zuten negu-erdian mendiz mendi, ijit-artera. Andik itzuli orduko, edo bere aur denboran, Jerusalenen ibilli zen Jesus zenbait egunez galduaren eran; ta bere predikako azken-urteetaraño neke ta izerdi bizitu zen beti Jesus maitagarria.

        Bere predikuko denboran agertu zuen Jesus maitagarriak, bizitz on baterako guztiz ederra den lege berri bat; baña lege, eskribak eta fariseotzarrak ezin ekusi zutena; ta orregatik artu zuten begitan Jesus gizatzar oriek; asmatu zituzten, Jesus galerazteko, nork daki zenbat gezur ta gauza; ta milla ista, irri, tormentu, ta nekeren buruan, eman zioten Jesusi gurutzeko eriotz guztiz arrigarri bat.

        Orra, bada, zenbat den, gure Jesusek, bere Aita Jaungoikoak nai duena zuzen egiteagatik, izandu zuen gos-egarria ta gurutze nekagarria; eta orra bidenabar guri Jesus berak erakutsi izandu ziguna, beraren izeneko gos-egarriak gurutze astunak, edo nekaldiak agertzen diran orduetarako. Zorionean jaioak gu, guk ordu orietan egitera, Jesusen erakuste eder oni ta guri geroi dagokiguna!

        Aisago guri geren lan au eragin naiez, nola egiten den erakutsi ezezik, egite berean ere laguntzen digu guri gure Jesus maitagarriak; eta laguntzen digu, idiak idiari uztarrian adiña, ta agitz geiago; ta orregatik uztarri leuna da, dio berak (eta ezin esan dezake Jesusek egia baizik), eta neke ariña, nere ondoren dabiltzan gos-egartiak artzen duten neke-uztarria.

        Ote dakizu zuk nola leuntzen ta arintzen digun guri gure Jesusek geren legeko uztarri edo neke au!

        Leuntzen ta arintzen digu benikbein graziaren indar andiak ematen dizkigula, indar oriekin batean guk errazki ta aisa daramagun au, aur batek ere eraman oi duen bezala, aurrari dagokan edozein gauza, gauz au daramanean, ez bakarrik, baizik gizon indartsuren batekin batean.

        Bigarren lekuan leuntzen ta arintzen digu guri gure Jesus maitagarriak geren legeko neke-uztarri au, zeruko ondasunez, irabaziz, ta merezimentuz betetzen gaituela gu geren animetan.

        Irurgarren lekuan leuntzen ta arintzen digu guri uztarri bera, animako poz ederrak eta atsegin andiak noizean bein ematen dizkigula.

        Laurgarren lekuan leuntzen digu, deitzen gaituela bere Komunioko maiera, an emateko guri, guk artu al adiña grazia, kontentu, ta gusto. Eta aldi orietan, ta beste zenbaitez ere, adirazten die Jesus maitagarriak beraren itz emea aditu nai dutenei, bere zerurako dadukatziela, gloriaz aserik eta nekerik gabe, an, bera bera den arteari, edo sekula guzi-guzian idukitzeko, era orretan, edo Jesus beraren eran emen oriek bizitzera, bizi diraño.

        Ez dezu ekusten zein ederki aseak uzten dituen gure Jesusek, beren gurutzearekin ta zeruko justiziaren gos-egarriekin aren ondoren dabiltzanak? Ez dute, ez, era orretako asetzerik emengo beren nagusietatik, itsasoan dabiltzan mariñelak, lurreko soldaduak, alorretako langilleak, etxeetako nekazariak, eta besteren pean dabiltzan gañerako gizon-emakumeak; bada, andiena duenak ere bizi den denborakoa du, ta lurrekoa, emengo bere ase-era, edo asetza; ta orregatik du atsekabez, ta kezkaz beterikako asetza; baña, Jesusek bereei ematen den ase-era, edo asetze garbia da, naigaberik bageko asetzea da, ta beti ta betiko asetzea.

        Ote zenekien zuk au, oraindañoko zere denboretan?— Ongi beintzat, ez segurki! bada zuk au lenagotik ongi jakitera, egin izandu dezunetik beste bizitza egiñen zenuen; bai; ibilli zaranetik, beste gisaz ibilliko ziñan zu; ibilliko ziñan alabaña, zere gogoa geroko gauzetan ongi sartua zenerabillela, ta, bere gogoa ala dadukanak egin oi dituen eran zere gauzak egiten zenituela.

        Orain badere idikitzatzu zuk zere begiak. Begira egiozu, bere gurutzearekin aitziñean doakizun zere Jesus maitagarri, ta ekusiko dezu, bere Aitaren gauzak ongi egin naiez, ta munduko guziak zuzenerazteagatik, goseak dabillela Jesus ta egarriz, edo nekez ta nekez betea.

        Jesusen eran nekatzen denak, noizean bein badere, baditu, bai, bere animako atsegin andiak, eta oriek baño ere andiagoak dira gerorako berak uste dituenak; bada geroko justiziazko gosegarti onaren atsegin oriek iraun bear dute beti ta beti: baña ez, orain oriek dituenaren nekeak eta gos-egarriak; emengo gos-egarri ta neke guziak laster bukatu bearrak dira alabaña; bada, luzenaz ere, bukatuko dira emengo gure bizitzarekin batean.

        Egizu bada gaurgero zuk aldi onetan zuri zere Jesusek erakusten dizuna. Zabiltza beti zere burua ontzen ta ontzen, ta lan orretan lagun egiezu, al dezun lagun-urko guziei, baldin nai badezu zuk eman dakizun emen atsegin andi-garbi-eder bat; eta gero eternidade guzian bukatzen ez den, ta agitz andi-ederragoa den zeruko gloria.

        Zorionekoa ni, ni orretan ibiltzera! Ibilli naiez nago, bai; ta ibilli nai dut, bizi nazaño. Jesus maitagarriak didala, nere oraingo asmo au galtzen ez dudala, nere egunak bukatzeko grazia. Bai arren, bai!

 

 

Anima esuriens etiam amarum pro dulci sumet.

Prov. 37. 7.

 

        Bere burua ondu-naiez dabillen anima, Jesus nekatuari begira dagokan anima da, edo nekez beterik, eta bere gurutzepean Jesus ekusten duen anima, ta nai-ekuste onekin, ta era onetan dabillen anima, nolanai izutzen ez den anima da; ekusten du alabaña onelako animak, nor den Jesus nekatu maitagarria, ta norgatik den Jesusen ibillera; edo ekusten du Jesus maitagarria dela Jaungoiko-gizon ezin andiagoa; ta Jaungoiko-gizon, gure anima gaisoen amorez milla neketan sarturik arkitzen dena; ta bere Jaungoiko-gizona era onetan ekusi ezkero, zer anima ez da saiatuko, al duen eran erantzutera, onen amore ezin andiagoari; ta Jaungoiko-gizon berak daraman bidez berari jarraitkitzera, naiz dela, den gogorrena, Jaungoiko, gizonak daraman bidea?

        Orregatik dio Espiritu Santuak, ondu naiez, ta bere Jaunaren ondoren dabillen animak ez duela mintasunik arkitzen, gauzarik miñenetan ere, edo egiten duela laster, ta trikatu gabe, edozein gauza, naiz dela den gogorrena, bere Jaunak nai duela au ezagutu ezkero.

        Orrela egiten ote dituzu zuk ere zere gauza guziak? Eta egiten ote dituzu bein, ta berriz, ta beti?— Ez egiaki, nere Jaungoiko maitagarria! Ez eta erdietan ere! Orregatik nabil ni, nabillen eran, edo ondu gabe, ta utsez uts.

        Eta orain zertan gelditzen gara gu, nere anima? Ondu naiean? Jesusi zuzen, ta gelditu gale jarraiki naiean? Bai? Baña begira: beste gisaz ibilli bearko dugu guk, ala izatekotz.

        Badakit, bai au guzia, nere Jaungoiko maitagarria; ta alere nai ditut egin (ta kontuz, ta beti), nere ibillera berri on onek eskatzen dituen gauza guziak; eta, oriek era orretan egiteagatik, egin uste dut nik nere Jesusek nai duena. Ala didala berak (eta emain dit nik ziñez eskatu ezkero) orretarako bear den bere laguntz andia, ta anitz grazia: bai arren, bai!

 

 

Sicut vestimentum, sic comedet eos vermis...
Salus autem mea in sempiternum erit,
et justitia mea in generationum.

Isai. 51. 8.

 

        Emen goserik ekusten ez dutenak; emen nai adiña jan ta edan egiten dituztenak: emen aisa, ta aserik bizi diranak: emen gogoak ematen diena egin oi dutenak, eta neketan dabillen Jesusi begiratzen ere ez diotenak, nola bizi bear ote dute urrengo bizitzan, ta eternidadean?

        A gaisoak! Beren barreneko errak, edo ar ozkari amurratuak, emengo ar txarrak soñekoa urratu oi duten bezala, beren biotzak urratzen-ta-urratzen dieztela! A gaisoak! kezkaz ta kezkaz beteak, sutan erreak, eta neke ta pena baizik ez dirala! Bizitzaren galgarri madarikatual Zoaz, ordu gaistoan, nai dezun lekura, edo sekulan nere begiak ekusiko etzaituzten tokira.

        Eta zuzentasuna, edo zeruko justizia, ta gure Jaunaren legeak diona billatzen ta egiten dutenak, emen nola bizitzen ote dira?— Birtutez aseak, eta gerorako irabazi andiak, eta guztiz ekuskariak, egiten dituztela.

        Eta gero, edo emendik atera ondoan, zertan gelditu bearrak ote dira era orretan bizi diranak?— Zorioneko doatasunean, edo atsegin utsezko, ta gloriaz beterikaka bizitzan, ta eternidade guziko laurdario ta benedizione ezinobeetan. Au da Jaungoikoak berak bere profeta Isaiasen ezpañez, orain adirazi digun egia.

        Bukaeraren, ta egoeraren gaistoa, gaistoen bukaera, ta, adirazi zaikun sekulako orien egoera! Eta bizitzaren ederra, ta eternidadeko doatasunaren zorionekoa, zuzen dabiltzanen bizitza, ta oriendako Jaungoikoak gorderik dadukan sekulako doatasuna, ta beti-betiko gloria!

        Badut orain, bai, badut nik ere zuen bien, bear den erako berria; ta eroegia nintzake ni, nik bertatik ez artzera azkenekoen, edo, bear bezala dabiltzenen bizitza, bidea, ta gos-egarria.

        Artu nai dut, bai; ta ziñez ta gogoz alere, nere Jesus maitagarria! Naiago ditut nik gaurgero zure legeko gos-egarri nekagarriak, mundu eroaren asetze ta atsegin guziak baño. Zuk emana da bai segurki, orain nik nere baitan arkitzen dudan ongi bizi nai au ere; ta gal ez dezadan beste, lenago zuk emanikako zenbait bezala, eman bear didazu anitz laguntza ta grazia! Bai arren, Jesus maitea, bai!

 

 

Vae vobis, qui saturati estis; quia esurietis.

Luc. 6. 25.

 

        Ai! emen ongi aseak, aisa, ta zeren gogara bizi zaraztenak; bada egunen batean, (ta anitz luzatu gabe) bukatuko da zuen emengo aisatasuna, ta jan-edana; ta asiko da bukaerarik bageko zuen gos-egarri amurratua. Orra orain Jesus maitagarriak guri agertzen digun egi izugarria! Zergatik au onela, baldin badakizu? Zeren lurreko janari meez, ta atsegin gustoz asetzen diranak, ostikoz ematen dioten beren Jaungoikoaren zeruko eztiari, edo, ango atsegin andiak irabazten dituen bizitza zuzenari: Anima saturata calcabit favum (Prov. 27. 7.); ta, ori egin ezkero, zer itxedan dezake bere aldia datorkionean? Jesus maiteak diona, edo betiko gos-egarria, betiko nekea, ta beti-betiko sulezea, ta besterik ez.

        Orain an datza, bai, bere mai mee batean len ongi asetzen zen Ebanjelioko Aberatsa. Milla urte ta geiago da ango sutartean, duen egarriarekin ezin burutuz dagoela; ta, zenbat ere billatu duen, ezin arkitu izandu du ur tanta bat, bere egarri amurragarri au iltzeko; ta ez du arkituko ere aren billan ibilliagatik Jaungoikoa Jaungoiko den artean, edo sekulako eternidade guzi-guzian. A zer egarria, orain daramana! ta sekula guzian aberatstzar jal-edale onek eraman bearra.

        Jakin balu aberats onek, onetan gelditu bearko zutela orduko aren jan-edan galant-ederrak, ez ote zituen utziko denboraz, oriekgatik gero ez aratzeagatik, ara zen bezala? Orietan galdu zituen ondasunak emain ez ote ziezten, bearrean arkitzen ziran goseti gaisoei?

        Ori orduan, edo denboraz, ez-egiñaz du orain duen adiña damu; ta izain ere du eternidade guzian, edo beti-ta-beti. Baña aren oraingo damu au damu alferra da, ta damu damutzen denaren galgarria, edo penatzallea!

        Aberatsak bada, ta aisa bizi zarazten jendeak, edo jan-edanaz, ta sabela betetzeaz kontu andia dezuten gizonak, begira ongi, ta begira zeren buruei! Ekusi zazute nora bearrak ote zarazten, ta zer egitera, era orretan bizi bazarazte gaurgeroko zeren egunetan.

        Zuen eran dabiltzan gizonak ez dabiltza, ez segurki, Jesusek guri bere ibillerarekin agertu zigun zerurako bidez, ta arako gauz onak egiten dituztela. Justiziaren gos-egarria da gure Jesusek agertu zigun bideko janaria.

        Nekeak, ildurak, eta gurutzeak dira bide onetako lagun ederrak. Gure Jaunaren gauzak zuzen egitea; nori berea bere orduz ematea, ta goizetik arratserañoko gauza guzietan ongi, zuzen, ta bear den eran ibiltzea, da emengo ibiller-onen lana ta egitekoa. Egiteko zuzen, edo lan au egiñaz, lagun oriekin ongi zatozela, ta Jesus maitagarriaren eran ibiltzen zarala, sartu bearko dezu zuk gos-egarririk ez den tokian, edo zeruko glorian.

        Ongi da, bada, nere Jesus maitagarria, ongi da; sekulako neke izugarriak baño naiago ditut nik zure legeak dituen emengo gos-egarri ta gurutze guziak.

        Emengo nekeak, eta emengo gurutze guziak, atsegin andizko neke-gurutzeak dira, zure izenean, ta zuk laguntzen dezula, artzen diranean. Era orretan artu nai nituke nik gaur, nere Jaungoiko maitagarria. Indazu orretarako zere laguntza ta grazia; baita, lenago lan au egin bagez, egin ditudan uts eta bekatu guzien barkamentua ere. Orain au erditsi naiez, erratera noa nere gogo, ta nai guziarekin: Nere Jesukristo, etc.

 

aurrekoa hurrengoa