www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (II)
Sebastian Mendiburu
1760, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Bigarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXX.garren OTOITZ-GAIA

JESUSEN BAZKOA

 

 

A.

Jesusen berezko elizaratzea; ta
guraso-umeei an ark orduan erakutsia

 

        Ejiptotik itzuli, ta zerbait azi artean, itxean bizitu zen Jesus maitagarria: ta bizitu zen, zena bezela, edo ezinobeki, ta adin artako gauzak berak egiten zuenarekin guztiz ederki erakusten zizkigula. Baña zerbait anditu zeneko, asi zen egiten andituxe diranak, edo, zer egiten duten dakiten aurrak egin ar dutena; bada, bere itxea utzirik, joan izandu zen bere Aita Jaungoikoa bere etxe berezian, edo bere Jerusalengo elizan billatzera: ta, ara zeneko, asi zen an berari zegozkan, ta Aita Jaungoiko berak nai zituen, gauzak egiten; ta egin zituen guziak, egin bear ziran eran, ta ezinobekiago.

        Benik bein bada billatu zuen Jesusek, bear bezala, bere Aita Jaungoikoa, edo billatu zuen alik lenena, edo adiñetan sartu orduko, ta elizara berez joan ziteken bezain laster, bada joan zen ara amabi urte zitueneko; ta etzen erraz lenago Jesus elizaraño joatea; bada Jerusalenen arkitzen zen, Jesusek billatu bear zuen eliza; ta Jesus bizi zen andik urruti, Nazaret zeritzan Galileako erri batean. Orra bada lenbiziko Jesusek gaur aur gazteei erakusten dien, ta oriek ere egin bear duten gauza; lenbaitlen bakoitzak bere Jauna billatzea; bere Egilleari bezala, bere agurrak eta zor diozkan gañerako gauzak egiteko.

        Baña etzen Jesus aldi onetan bakarrik joan bere itxetik Jerusalengo elizaraño; joan izandu zen bere Amarekin ta san Joserekin batean. Etziran gidari, bide-erakusle, ta lagun onak, bere bide onetan Jesusek izandu zituenak? Bai segurki; bada oituak zeuden bata ta bestea, san Jose ta Jesusen Ama birjina, Jerusalengo eliza-bidera, ta arako egunik ez uts egitera.

        Orra bada, adiñetara diran aurrak egin bear duten bigarren gauza; beren guraso onen ondoren ibiltzea, beren Jaunaganatzen diran lendabiziko egunetik. Ori da orain Jesusek erakusten dien bigarren gauza; ta ori, emen bizitz on batera ta gero eternidade guziko atsegin-kontentuetara daraman bidea.

        Joan zen bada Jesus Jerusalena, arako garaiera zeneko; ta joan zen ara bere gurasoekin batean. Baña zein egunez? Joan ziteken egunik onenean; joan zen alabaña Lege zarreko Bazkoetan; ta Bazkoak ziran urte guziko egunik andienak. Bazituzten israeldarrak urteoro irur Bazko-aldi; bakoitza, Jaungoiko berak berezi zien egitekorako. Jesusen oraingo Bazko au zen, Jaunari eskerrak emateko, zeren atera zituen israeldarrak beren nagusi gaisto ijito gogorren atzaparretatik, irur-eun urtez ta geiagoz an, orien menean anitz neke, kezka ta naigabe ekusi ezkero. Eta Jesusek ere bazituen zer eman Jaungoiko maitagarriari, era bereko bere eskerrak; bada Jesus ere, anitz denbora etzela, atera zuen Ait-Eternoak Ejipto bereko erreinu gaistotik eta ijitartetik.

        Beren ijitartetik ateratze onen izenean, bada, edo beren ateratze onetan Jaungoikoak egin zien ontartearen eskerrak ematera, Bazkoz joan bearrak ziran Jerusalengo elizara, araño joan zitezken israeltar gizaki guziak; bada beste Bazko bi, edo Fest andietan bezala, etzuen erdisten batek ere Bazko onetan, ez etortzeko eskurik, edo dispensarik.

        Nai zuten israeldarrak, eramaten zituzten berekin Jerusalengo elizara, orduko erdi zorituak arkitzen ziran garagar-gari sortak, balak, edo moltxoak. Artzen zuen, artarako zen eliz-gizonak, moltxo, bal, edo sorta guzietatik bat, bere Jaunarendako (gañerakoak eliz-gizonentzat ziran). Sort edo bal ori Jaunari eskeñi edo ofrezitu ondoan, kiskiltzen zituen, edo su aldean idortzen zituen gari-buruetako bii, edo ale ezeak, edo erdi zorituak; ateratzen zituen gero beren azal, edo buruetatik ale berak; austen edo lertzen zituen guziak; eta, ematen zuten, iriñari ezartzen zion gañetik inzenso ta olio zati bat, eta erretzen zuen gero guzia Jaunaren izenean, ta beraren begietan.

        Lan au guzia eliz-gizonaren lana zen, edo egitekoa: gañerakoen egitekoa zen Jerusalenen bizitzea, edo Bazkoetako zazpi egunak an igarotzea; astiz ekusteko beren Jaunari zor ziotena; zorren alde zerbait egitea; ordu jakinetan bazen ere elizaratzea; ta, Ejiptoko egun latz-miñak gogoan arturik, an egotea; ta orretarako legamirik, orrantzik edo orantzik bageko ogia baizik ez jatea, an arkitzen ziran egunetan.

        Jesusek egin zuen an au guzia, zegokan eran, ta Bazkoak Bazko ziranetik egin zen ederkiena: bada elizara zen beinik bein bere adi-untzan, ta garai onean, edo egunik galdu bage. Elizara zen bear zen eran, edo guztiz ederki ta zuzen; edo elizara zen Jaungoiko-gizona bezala, ta ezinobekiago, edo ibiltzez, gogoz, ta naiez elizara zen Jesus, zena bezala, ta besterik ezin zidoaken eran.

        Ala da, Jesus maitagarria, ala da, bai segurki! Guk ezin uka dezakegu, israeldarrak eta munduko guziak elkar artuagatik, ezin dagikegula guk zure eran, ta zuk bezain ongi ta zuzen, munduan den gauzarik txikiena ere; zu alabaña gizona zara, bai; baña gizon-Jaungoikoa, edo Jaungoiko-gizon guzia dakizuna; Jaungoiko-gizon, nai dezun guzi-guzirako bear den esku guziarekin arkitzen zarana; ta Jaungoiko-gizon, utsik bat ere ezin dagikezuna; ta gu guziok bekatari txar, utsez beteak gara; ta, zuk guri erakusten laguntzen ezpadiguzu, nola betazal bat goititu ere ez dakigun bekatariak.

        Zorionekoak gu geren gauzak egiten baditugu, zureak bezain onak ez izan arren, zureei begira gagoztela, ta orien eran; bada, guk ala gure gauzak egitera, aterako dira zureen erakoak; eta, gureak izan dezakeen gauzarik onena da, zureen idurikoak ateratzea. Ala egiteko, ekusi nai ditut nik aldi onetako beste zure gauzak ere.

        Egun onetako gari berrien, ta gariarekin eliz-gizonak egiten zituen gauzetan agertzen digu guri gure Jaungoikoak ispillu garbi eder batean bezala, gure Jesus; baita Jesusek, gaur asi, ta gero gure Bazkoz bukatu zuen gauz andi bat ere bada Jaungoikoak ematen dio Jesusi, Zakariasen ezpañez, gariaren izena.

        Orduko Bazkoan gari berria zen oraindik, eta gari zoritzen asia baizik ez, gure Jesus maitagarria, edo gizatasunaren adin betera bagekoa zen orduan gure Jesus maitagarria. Denbora berean eliz-gizona zen, edo Sazerdotea gure Jesus; ta Jerusalengo elizara zeneko, eskeñi edo ofrezitu zion Jesusek Ait-Eternoari bere gari-sort edo bal au; edo ofrezitu zion orduan, garitan bezala, bere gorputza, gero bere denboran, juduen ta jentil gogorren suan idorturik, eta orien beren tormentuz iriñ eginik, eta bere otoitzen inzensoa ta amore andiaren olioa gañetik ematen ziola, gurutzeko Aldarean erririk uzteko, len israeldarrei Ait-Eterno berak egin zienaren alde, eta oriek, eta bera ijitartetik bezala, munduko guziak beren etsaiaren atzapar gaistoetatik, eta bekatuaren azpitik atera zitzan.

        Ekusi zazu zer ofrenda? Ekusi zazu non arki ziteken, Jesus aur gaztearen balioko gari berririk? Ekusi zazu, ote zen Jesusek bezain ederki Aitari ofrend au eraman zezoken apaizik? Ekusi zazu, batek ezezik, orduan ziran ta izandurikako Israeldar guziak ere egin zitzakeen au, ta egun artako beste gauzak, Jesusek bezain zuzen ta laster? Eta bidenabar ikasi zazu, Jaungoikoari dagozkan gauzak egiten.

        Jesusek Jerusalenen egin zituen, au ezezik, gañerako beste gauzak ere, israeldar guziak baño agitz obeki ta astiroago; bada Israeldarrak egiten zituzten gizonen eran, ta zazpi egunez, beren Bazkoko gauzak; eta Jesusek egin izandu zituen, Jaungoiko-gizonak bezala, ta gañerakoak baño egun geiagoz; bada, gañerakoak Jerusalendik atera ezkero, ta oriekin batean bere Ama ta san Jose andik joan ondoan, Jerusalenen gelditu zen Jesus bere Aita Eterno maitagarriarekin; ta gelditu zen an, ez Ama ta ez san Jose oartzen zirala; bada etziran oartu urrengo arratseraño.

        Egun guzian ez oartu ez bata, ez bestea, berekin etzutela Jesus? Orren guti nai zioten Jesus maitagarriari bere Ama Birjinak eta san Josek? Etzen orregatik. Zergatik bada? zeren joan ziran Jesusen Ama ta san Jose bide banaz, edo berez; bada, Bedak dionaz, bidean zebiltzanean israeldar gizonak, eta bazter aietako edo Lege zarreko andreak, andreak zebiltzan aldebat eta gizonak beste: ta aurrak bazoazkeen, naiz gizon artean, ta naiz andreen bidez, ta oriekin batean. Orregatik bada san Josek uste zuen, bere Amarekin zela Jesus; eta Jesusen Amak, uste zuen san Joserekin zijoala: ta, orien obenik gabeko bien ustekabeaz baliatu zen Jesus, egin zuen gauz au egiteko, edo Jerusalenen gelditzeko: ta gelditu zen an, gañerakoak joan ta, bere Aitari eskerrak ematen, irur egunez beintzat, ta ango bere gelditze onekin erakutsi zien guraso guziei zein kontuz ta zein erne ibilli bear duten beren umeak zaitzen, galdu nai ezpadituzte ume berak egun-ta-betiko, edo sekula guzirako.

        Eta zer nai ote zuen Jesusek adirazi, bere onenbat esker emate, ta onen luzaro Jerusalenen egote onekin? Zer? Ezin ziñezago egin ziola Aita Eternoari bere buruaren ofrenda; ta Jaungoikagana zen ezkero, Jaunaren gauzetan baizik etzitukela eraman nai bere egunak eta ordu guziak; eta, maite bazuen ere bere Ama birjina, maiteago zuela bere Aita Jaungoikoa; ta Jaungoikoagatik utziko zituela noiznai munduko gauza guziak. Eta bidenabar adirazi zigun, Jaunarenak izan nai dutenak, edo beren Jaungoikoa maite dutenak, egin bear dutela beste onenbeste.

        Adiraztearen ederra! Ageri da, bai, norena den; edo ez dela, dirudien bezalako batena, edo mutiltxo aur utsarena! Ez, Jesus maitea, ez: zurea da; Jaungoiko-gizon jakintsu ezinobearena da zure gaurko adirazte, ta elizan gelditzea; ta orregatik da, zure Aitak bear bezala, ta ezin geiagoraño estimatu zizun gelditzea, ta eskerrak ematea! Egin baneza gaurgero nik, onetan zuk gaur adirazten ta erakusten didazun guzi-guzia!

 

 

B.

Jesusek berezkiro elizan egiña,
ta guri erakutsia

 

        Ez ote zuen Jesusek irur egun orietan elizan egin izandu, bere Aitari eskerrak ematea beste gauzarik? Bai noski ta, gañerako elizaratzen ziranak egin oi zituzten otoitz eta gauz onak ere. Egun orietan elizan egoin zen beti, edo beintzat geienean gure Jesus maitagarria; ta bakarrik an arkitzen zenean, edo bereis an egiten zituenean bere gauzak, itz egiñen zuen bere Aita Eternoarekin; ta agertuko zion ezin-geiagorañokoa zela zuen damua ta pena, zeren ain guti begiratzen zioten gizonak, edo zeren gizonak eta munduko jendeak egiten ziozkaten anbat txarkeri ta bidegabe; ta, oriek galerazteagatik, eta, berari zor zaion onra emateagatik, prest arkitzen zela edozein gauz egiteko; baita zuen odola gurutze batean iltzez josirik, eta nekez beterik arkitzen zela, isurtzeko ere.

        Au guzia, ta beste era bereko anitz gauz on ere, egiñen zituen gure Jesusek egun orietan; baña, gañerakoen artean, egin izandu zuen bat, adin artan egin zezaken onena.

        Zer ote zen gauz andi au? Ango Doktoreak, edo elizako Erakusleak zioten guzia kontuz aditzea; ta oriei berei, jakin bear ziran gauzak guztiz ederki gald-egitea.

        Irur egunen buruan orretan arkitu zuten Jesus maitagarria bere Amak eta san Josek; bada arkitu zuten, dio san Lukas ebanjelariak, elizan jarririk Doktore jakintsuen artean, orien itzak astiz aditzen, bere galdeak oriei egiten; ta, egiten ziozkaten galdetzeei zuzen, ederki, ta zenak bezala, eranzuten; ta, arrituten eran, ta atsegin-kontentuz erdi liluratuak, zeduzkala Doktore guziak.

        Orra Jesusek egin izandu zuena, berez, edo bere oñez bere Jaunagana zenean, ta Jerusalenen bakarrik arkitu zen irur egunetan. Lanaren ekustekoa; ta erakustearen ederra!

        Erakutsi zien, bai, Jesusek gazteei, Jerusalengo bere egiteko lan eder onekin, oartzen diranean, edo zenzatu ezkero egin bear dutena. Ori da, biotzez Jauna billatzea, ta zeren bekatu etorkiaren Ejipto gaistotik bere bataioz atera zituen eskerrak ematea, ta, gañerako guzia baño geiago beren Jauna maitatzea ta onestea; ta, oneste ta maitatze onek eskatzen duen eran gauza guziak geroz egitea; nola egiten diran, Jesusi bere gaurko lanean ongi begiratuz, lenik ikasten dutela. Zorioneko umeak; eta ume Jesusen idurikoak, lan au zuzen egiten duten umeak!

        Egin ote zenuen zuk au zere lendabiziko asieratik? Edo maitatu ote zenuen zuk ordutik zere Jaungoika maitagarria? Ez ote zenuen galdu zuk zenbait denbora, orretan asi ziñaneko? Bein maitatzen asi ziñanetik maitatu dezu beti zuk zere Jaungoikoa; ta maitatu dezu ziñez, ta bear bezala? Zere Jauna maitatzeagatik, eta Jaungoikoari dagozkan gauzak zuzen egin naiez, utzi ote dituzu zuk zere gurasoak, eta atsegin egiten zizuten beste gauzak? Elizara ote zara zu, al zenuen aldi guzietan? Entzan ote dituzu zuk, entzun al adiña meza ta sermoi; baita elizan aditzen diran gañerako gauzak ere? Ikasi ote zenituen zuk, garai onez ta bere denboran, ikasi bear diran gauza guziak?

        A! nere Jesus maitagarria; ta zein guti! Banuen nik, bai, bear etziran gauzetarako, nai adiña aditze ta adimentu; ta, adimenturik ezpanu bezala bizitu nintzan ni nere gaztetasunean, edo aur denboran, nere Jaunaren gauzei era orretan begiratzeko! Banekien nik orduan, bai, bear etziran gauzak maitatzen; ta maitatzen ez nuen nik, bear zen denboratik beintzat, nere Jaun on maitagarria!

        Noiz elizara nintzan ni nere gazte denboran? Adiñetan sartu orduko? edo nere Jaun ona ezagutzen asi nintzanetik? Nerez, edo, bear bezala beintzat, ez: ez eta geroago ta geroago ere: bada, ni elizara joanagatik noiz-edo-noiz nerez, edo zeren bidaltzen ninduten, ara joan oi nintzan ni, etxe eder bat ekustera bezala: ta, an guti bat egon ezkero, aspertzen nintzan ni nere elizako egoeraz; ta laster nik elizako aldiak egiten nituen; ta, an ni zenbait denbor-apur egoten nintzanetan ere, izan oi zen ezinbestez, ta bortxaz bezala.

        Eta zer egin oi nuen nik, elizan nengoen geienean beintzat? Nik egin oi nuena zen geldirik ez egotea; bazterretara, ta sartu atera zebiltzanei begiratzea, nere gogo guzia elizaz kanpoan, ta nere mii txar galdu au erausitan, ta berriketan an erabiltzea; Mezak gaizki enzutea (enzuten banuen batere); predikuaz, sermoiaz, edo doktrinaz kasorik ez egitea; ta, noiz andik aterako nintzan, asmatzen egotea!

        Denbora artako nere on guzia zen jostaketa, jan-edana, alferkeria, loa, ta gogoak ematen zidan edozein gauza txar txarki egitea. Zenbat eta zenbat egin ote nituen nik, alkekizun utsa, ta lots andi bat baizik ez dakartenak? Zenbat, eta zenbat egin nituen nik nere gaitzerako ziranak? Zenbat, nere anim-au guztiz loitzen zutenak? Eta zenbat eta zenbat gerozko nere obenen sustrai, ta asiera gaisto izandu diranak? Eta ez ote datoz, nere adiñ artako asiera beretik, oraingo nere utsak eta txarkeri guziak ere?

        Zer asiera gure Jesus maitagarriaren asiera; ta zer asiera nerea! Orain badere, asi banendi ni bear den erako damuz urratzen, Jesus nereak bere aur denboratik agertu, ta erakutsi zizkidan gauzak zuzen egiteko! Billa baneza nik (eta ziñez maitatzeko) nere Jaun andi guztiz maitagarria! Utz banintza nik nere alegin guziarekin, ori eragozten didaten nere egiteko ta lan txar guziak! Elizan nik gaurgero eraman banintza gauz onetan, nere Jaunaren itzetan, ta gero nik egin bear ditudan gauzak ikasten, zenbait ordu edo denbora zati?

        Orretara-naia nago ni gaur, nere Jesus maitagarria; ta, lenago etorri gabeaz, ongi damutua! Betor, arren, lenago nere uts guzien barkamentua, ta nere nai oñ, zuk zerorrek emanikako onek eskatzen duen zure laguntza ta grazia. Eskatzen dizut, zere lenbiziko Bazkoz erakutsi zenidanagatik, eta, niri erakutsi naiez, orduan zuk egin zenuenaren izenean. Ez ukatu au niri, nere Jesus maitagarria: ez arren, ez!

 

 

Obtulerunt mente promptissima
atque devota primitas Domino.

Exod. 35. 21.

 

        Israeldarrei, Ejiptotik atera, ta beren bazter aldera zijoazenean, adirazi zien Moisesek, Jaunari, beraren manuz, egin bear ziotela tabernakulo edo eliza-modu berri bat, eta, ura egiteko ta aren gauzak zuzentzeko, ekar zezala nai zuenak nai zuena.

        Au aditu orduko ango andreak, gizonak, eta ziranak ekarri zituzten, zituzten gauzarik onenak; eta ekarri zituzten biotzez, ta nai arrigarriarekin, ta eman ziozkaten orretarako, ta beren Jaunarentzat. Prest ote zaude zu, beraren izenean eskatzen zaitzuna zere Jaungoikoari bertatik emateko? Emain ote diozu zuk orain gogoz, biotzez, ta nai osoarekin?

        Ori, bada; adi zazu zuk, zure Jaungoikoak orain adirazi nai dizuna. Etortzeko nago ni, dio Jesus maitagarriak, zu komuniatzen zaran aldietan edo egunetan; ta orduan zuk zerorrek izan bear dezu nere eliza, ta nere egon-leku. Baña nola arkitzen ote zara zu nere etorraldi andi orietan, artzeko ni zuk, niri dagokidan eran? Biotz eta anima garbiekin arkitzen zara zu, ta den txikien autsik ere bage? Arkitzen ote zara zu zeruko birtutez ta doaiez ongi apaindua, ta nik nai bezala? Asmo zuzenak ote dira, zure gogoan gau ta egun arkitzen diran asmoan? Agur andiak, amoriozko eskerrak, eta birtutezko gauzak ote dira zuk, etortzen zaitzunean, zere Jesus maitagarriari eskeñi uste diozkatzun presentak? Present galant-onak dira, zuk dituzun presentak, baldin zuk er-orretako presentak badituzu.

        Bai, Jesus maitagarria; baña nondik nik gauz eder andi, ta present oriek, zuk zerorrek niri oriek ez ematera, nik eskatuz zuri, ta zu nitaz urrikaltzen zarala? Eskatzen dizkitzut bada, ta ziñez alere, izan dezadan nik, zuri zerekin prestatu nere barren txar eliza txiki erdi-galdu au, komunione santuan zu niganatzen zaran aldietarako!

        Lan au, edo nere eskatze umil ziñezkoa lendabizitik, eta gero, ardura ta maiz ez egiñaz dut damu ta urriki. Ez al zait berriz era bereko utsegiterik agituko, edo gertatuko? Ez arren, Jesus maitea, ez: ta gerta ez dedin, ta bear den eran artzeko zu nik niganatzen zaran guzietan, indazu orain dudan asmoan beti irauteko bear dudan zure laguntza ta grazia; baita, eskatuko dizudan beste guzi-guzia ere. Bai arren, Jesus maitea, bai!

 

 

Bonum est viro cum portaverit
jugum ab adolescentia.

Thren. 3. 27.

 

        Zorioneko umeak, Jesusen eran goizdanik, edo beren gaztetasunetik, beren Jauna billatzen dutenak! Oriek egiten dute, zuzen dabiltzanak egiten dutena; ta, ori zeren egiten duten, irabazten dute emen bertan nork jakin zenbat ondasun ta Jaunaren amore; ta gerorako Jaun beraren esku indartsua, edo grazia ta laguntza. Laguntz onekin aisa garaitzen dira, bai, etsai gaistoen alegin guziak; guztiz garbiro, ta bear den eran gordetzen dira biotz-animak; eta zuzen egiten dira, egin bear diran lanak eta gauzak.

        Zorioneko goiztarretatik, edo Jauna goiz aski ta gaztedanik billatzen dutenetatik ote zara zu, nere anima? Orietatik zu izatera, bukaera ona izan oi dutenetatik zara; bada, gaztetan arturikako bidean oi dabill gaztea, zartzen denean ere, Espiritu Santuak erraten digunaz; edo ongi ta zuzen ibilli oi da zar-denboran, baita bere sasoi onean ere aurdanik, eta gastetan bere Jaunaganatzen bada, Jaun berak nai bezala, edo guztiz, ziñez, ta osoro.

        Utsak egiten dituzu zuk, nere anima; makur zabiltza zu, ta bekatuz bekatu, zere gazte denboratik atera ziñan ezkero? Beldur naz bada, datozen zure malur oriek zure gaztetasun zoratu galgarritik, edo zeren garaiez itzuli etziñan zu zere Jaunagana, ta gaztetan ereiñ zenuen, orain zere animan biltzen dezun oitura gaistoen bii galdua. Ala delarik, izain dezu zuk neke ta lan, datozen egunetan; bada lur ona da gure biotza, sustrai gaistoak artzeko; ta ez da laster garbitzen, sustrai, erro, edo zein zikiñez ingurutua ta betea dagoen, zurea bezalako, biotz bat.

        Neka zaitez bada zenbait denboraz orain zere sustrai galgarri oriek ateratzen, nai badezu bizi gero aisa, ta gauz on anitz egiten dituzula: ta, zenbat ere lasterrago ateratzen dituzun zuk zere sustrai galgarri oriek, eta zere animako aztura gaistoak, anbat lenago sartuko zara zere bakezko bizitzan, ta zeruko ondasun andien irabazbidean.

        Garbitu bear dituzu orain, garbiak ezpadaude, damuz ta urrikiz zere biotz-animak; eta egin bear dituzu, utzi zenituen gaztetasuneko gauz onen ordañak, eta gañerako zure oraingo adiñari dagozkanak. Egin ditzakezu, Jaunak laguntzen dizula; ta lagunduko dizu, eskatu ezkero, ta zu zerori baldin artaratzen bazara. Iguzu, gure Jaun maitagarria, lan on onetarako bear dugun zure laguntza ta grazia. Bai arren, bai!

 

 

Cur detestatus sum disciplinam et
increpationibus non acquievit
cor meum?... penè fui in omni malo.

Prov. 5. 12.

 

        Zergatik zen, gaztetasuneko nere gogorkeria? Zergatik nik ez nituen zuzen egiten, orduko nere gauzak? Ongi naiez erraten zizkidaten au, ura, ta nik dakizkidan beste gauzak; baña etziran gauz oriek nere gogo arin galduari atsegin egiten ziotenak, eta ez-aditu egiten nien guziei, ta aurrera ninjoan, edo aitziña nenbillen ni nere bide loi galdu galgarrietan, ta gaizkitik gaizkira, bein ere, guztiz beintzat, gelditu gabe. Eta zertan gelditu dira orain arteko nere gogorrerak, orain arteko nere mukerkeriak?

        Ekusia zegoen! anitz oben-kulpetan, edo, nork daki zenbat bekatutan ta gaistakeritan! Nere Jaunaren Legeko mandamentu zuzenak urratzea, ta anitz lekutan nere anima nik neronek loiturik uztea izandu da gerozko nere egitekoa, edo lan andia! Bai noski, bai; erran dezakegu zuk, eta nik, bekatari txar galdu biok; ona zertara gaituzten geren lenagoko gogorkeria, eta gure gaztetasuneko asiera gaistoak! Ez da batere, edo guztiz guti dira, guk egin ez ditugun gaizkiak, eta lanbide gaistoak! eta, batzuek beintzat, egin izandu ditugu bein ezezik berriz, askotan, ta, nork jakin zenbat aldiz, ta zenbat eratara!

        Au da, gure Jesus maiteak bere aurtasunetik zuri ta niri erakutsi izandu zigun ibillera? Au gure Jesusek bere aurtasunean, ta gerozko bere denboran, egin izandu zuena? Ez, baizik goiz aski bere Jauna billatzea, bere Jauna maitatzea, ta, Jaun berak nai zuena, goiz-arrats, orduoro, puntutik puntura, ta ill arte guzi-guzian zuzen egitea. Au da guri Jesusek erakutsi ziguna bere aurtasunetik, eta ill arteko bere denbora oso-osoro; ta au da guk ez len, ta ez gero, bear bezala beintzat, egin izandu duguna! Eta guk, au egin lekuan, egin izandu ditugu, nork daki zenbat lan gaisto ta gaistakeri?

        Eta alere etzaiku damuz lertzen geren biotz txar galdu au? Ez ditugu guk negarrez urratzen geren urrats eta pausu galduak? Ez ditugu guk artu uste, gaurdanik badere, urrats edo pausu berriak, lenik ikasten dugula nondik asi ta nondik ibilli?

        Naiez gaude beintzat, gure Jaungoiko-aur Jesus maitagarria. Adirazi zaguzu nondik asi, ta, zuk zerorrek nai dezuna; bada, uste dugun zure laguntzarekin batean, prest arkitzen gara gu edozein gauzetarako; ta, dagigun guk ariñago ta obeki zuk adirazten diguzun guzia, ta guri dagokiguna, kendu bear diguzu geren bekatu izugarrien kargatzar astun au. Ori eskatzen dizugu, itzez ta biotzez erraten dizugula: Nere Jesukristo, etc.

 

aurrekoa hurrengoa