www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (II)
Sebastian Mendiburu
1760, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Bigarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XL.garren OTOITZ-GAlA

BOSTGARREN DOATASUNA:

URRIKALTASUNA

 

Beati misericordes, quoniam
ipsi misericordiam consequentur.

Matth. 5. 7.

 

Zorionekoak urrikaltiak;
bada oriei urrikalduko zaie
beren Jaungoiko maitagarria

 

        Urrikaltasuna da lagun-urkoari, edo proximoari begira dagokan gauza, ta birtutea. Gauz edo birtute onek bi aldetatik begiratzen dio lagun-urkoari, edo proximoari; bada begiratzen dio, al duen ongi guzia egin naiez; ta ongi egin dagioke lagun urkoari bi aldetara.

        Badakizu zein alde diran bi alde oriek?— Oriek dira anima, ta gorputza. Gorputz aldetik alabaña, edo animaren aldetik dira lagun-urkoaren bearrak eta premia guziak; eta oriek dituenaz urrikaltzeko bat, aski da bearrean dagoen lagun-urkoari bere bi alde orietatik begiratzea. Asi gaitezen gorputz aldeko begiratzetik

 

 

A.

 

        Gorputzaren aldetik proximoari edo lagun urkoari datozkan premiak eta bearrak dira, edo beraren bizitzakoak, edo berari, bere illondoan darraizkonak.

        Lagun-urkoaren illondoko bearrak ez dira, ez, bear andiak; bada, illaren gorputza ortzitu ezkero, bukatu dira onek bear dituen gauza guziak: eta ill bat ortzitzea da, orrenbat arazo ta neke ez dakarren, ta nori bereak egin oi dioten gauza edo egitekoa.

        Gorputzaren bizitzako bearrak, bear andiagoak dira; bada dira gos-egarriak, soñeko gabea, etxegabea, edo, bear den beste zenbait gauzaren bearra ta gabea, ta, gauz orien bearra edo gabea duenari zerbait ematea, da, al dutenak egin bear dutena, baldin nai badute gerta dakien zorioneko urrikalti-emalle onetatik izatea.

        Baña zorioneko emalle-onetatik izateko, ez da aski, ez, nolanai batek beartsu gaisoari bear duen gauza ematea; eman bear dio ematen diona, Tobias zarrak bere seme Tobiasi adirazi zion eran.

        Adi zazu (erran zion bein Tobiasek bere semeari) adi zazu, nere semea, orain nik zuri erran nai dizudan gauzatxo bat. Iltzen garanean, ortzitu bear dituzu nere gorputz au, ta nere emazte ta zure ama maitearena. Bizi zaitez zu, gure ordu au etorri artean, baita gero ta gero ere, utsik bein ere egiten ez dezula, ta zere Jaungoiko maitagarriaren legea zuzen gordetzen dezula.

        Bai, nere semea, bai; bi gauz oriek zuk zuzen-zuzen egitera, beartua zaude zu, zu zeren zaran gure semea, ta zeren zaran Jaungoiko maitagarriaren lege-zuzenean ongi azia.

        Oriek ezezik, egizkitzu zuk, nere semea, lagun-urkoekin urrikarizko, al dituzun guziak ere; ta, besteen artean, emaiezu bearrean arkitzen diran gaisoei, eman dezakezuna; ta emaiezu, orietatik bat ere bage uzten ez dezula, ta eman aldian emazu, anitzekin arkitzen zaranean anitz; eta, gutirekin arkitzen bazara, aldi artan eman dezakezuna: ta emazu beti, ematen dezun guzia, biotz osoz, ta artzen duenaren bearraz urrikaldurik.

        Orra gizon santu ark bere semeari aldi artan erran izandu, edo adirazi ziona; ta orra zuri ere zere Jaungoikak gaur, Tobias beraren ezpañez, adirazten dizun egitekoa. Baña ote dakizu zuk zer erran nai duen Tobias zarraren itzkuntz eder onek?

        Erran nai ditu irur gauza: lendabizikoa da, zerbait zu ematera zoazen aldian, ez dezazula begiratu adiskidea den edo ez-adiskidea, bearren arkitzen den lagun-urkoa: begira dezazula, arindu nai dezun artzalle nekatu gaisoaren bearrera; ta eman dezazula, eman bear dezana aren bear au arintzeagatik, eta norena den (etsaiaren bearra denean ere) begiratu bage.— Bigarrena da: ematen asi ezkero, eman dezazula zere esku biak ongi-ongi zabaldurik, eta laburkeririk bage.— Tobiasen izkuntz ederrak adirazten duen irurgarren gauza da, ematen asi ezkero, egin dezazula zuk zere ematea, zure Jaungoiko maitagarriak ontzat artuko dizun eran, edo arpegi ta biotz on garbiarekin, ta urrikarizko eskuekin.

        Irur gauz oriek egiten dituztenak, zerbait ematen duten aldi guzietan izain dute, bai, Tobias gazteari bere aitak an adirazi zion ondasuna; edo izain dituzte beren alde Jaungoiko maitagarriaren amoriozko begiak (ita enim fiet, ut neque á te avertatur facies Domini. Tobias 4. 7.) baita Jaungoiko beraren urrikaltasuna, piedadea, ta miserikordia ere: misericordiam consequentur.

        Ote zenekien zuk, orain artean onelakorik? Zure oraindañoko ibillerak eta lan guziak ezetz diote; bada bearrean arkitzen den gaisoari ematen zaiona, gauza galduren bat bailiz bezala, ertsi, edo giltzatu izandu dituzu zuk zere kutxak, zere faldrikerak, zere sakelak, eta zere eskuak; eta bere gabean, edo bere bearrarekin utzi izandu dituzu zuk bearrean arkitzen ziran guziak, oriek etziranean zure gogarakoak: edo zure adiskideak.

        Eta zerbait eman badezu, era orretako aldiren batean edo bestean, eman izandu dezu erdizka bezala, edo aldian guti, aldian berandu, edo bein, ta berriz, ta geiagotan ukatu ezkero, ta ez bein ere arpegi onarekin, nai onez, ta amoriozko eskuz.

        A gogor txarra! Eta naiko zenuen zuk, egin zezaten zurekin besteak beste orrenbeste, zu arkitzera oriek aldi orietan bezain beartsu ta gabe? A zere galgarri galduegia! galdu dezu zuk aldi orietako zere laburtasunarekin zere Jaungoikoaren urrikaltasuna, ta, nork daki, zenbat Jaungoiko beraren ondasun, laguntza, ta grazia!

        Etzen, ez, orrela kaltear gelditu Tobias gaztea, era bereko ez-dun beartsu gaisoekin ziarduken aldietan. Eskerrak ark orduan ez egiñari, zuk egin oi dituzun laburtasunetatik bat ere.

        Urrikaltasuna gogoan bere aita Tobiasek sartu zionean, bear andian arkitzen ziran aita-semeak, eta etxeko guziak, eta, jaten zuten ogi zatia ere, izerdiz ta beren nekearekin irabazten zutela; baña geroz, beren urrikarrizko lan onakgatik, izandu zituzten bazter ta ondasun andiak.

        Tobias aitak ekusi zuen itxeko laugarren aldia, edo jenerazioa; ta semeak bostgarrena; eta berak, beren umeak, eta alde guziak bizitu ziran santuak bezala, Jaungoikoak eskatzen zuen eran, ta ezagutzen zituzten guzien gogara. Ala dio Eskritura santak (Tob. 14). Orra, gorputz aldetik den besteren gabeaz, bear den eran urrikaltzen diranen emengo ona, ta ontasuna! Baña ez guzia.

        Zorioneko urrikaltiak urrikaltzen dira lagun-urkoen animako bearraz ere. Animaren bearrak, gorputzaren bearrak baño agitz andiagoak dira; ta dira animako itsutasunetik, edo animak jakin bear dituen gauzak ez ezagutzetik, gaitzerako bere makurtasunetik, ekuste ta aditze gaistoetatik, eta, perill edo bide orietatik edozeinetan arkitzen den animaz urrikaltzea, da anima bera bere perill ta bide gaisto orietatik ateratzea, orietatik urruntzea, ta zeruko bidean zuzen ta biziro erabil-eraztea, edo bide orretan ibiltzen laguntzea. Ori egiten dute, egiten dutenak Tobias berak bere semeari, ta onen umeei, agindu edo manatu ziena.

        Adi zazue (erraten die, Tobiasek, zartu, ta beste mundurako abian zegoela); adi zazue, nere semeak, zeren aitak, zuei ongi naiez, orain erraten dizutena: serbi zazue zerok zuzen ta ziñez zeren Jaungoiko maitagarria. Zaudezte beti alik ernena Jaungoiko berak adirazi nai dizuten guzia zuzen aditzeko; ta egizue bertatik, eta luzatu gabe, adirazten dizutena, beraren gogarakoak eta onak zuek izateko. Baña begira; ez da aski, ez, zuek zerok onak izatea, edo zuek ori guzia zuzen egitea; eginerazi bear diezue ori bera zeren umeei ere: manatu bear diezue dabiltzala erne ta zuzen zeruko beren bidean, ta Jaunaren gauzetan; ta bideak dakarrenean, egin dezatela oriek ere, al duten on guzia.

        Manatu bear diezue, ez dezatela bein ere iutzi beren gogotik beren Jaungoiko maitagarria, oroi ditezen beti oni zor diotenaz; ta oroitze onek beartu ditzan beti, edo maiz beintzat, biotzez badere, Jaungoiko berari agurrak egitera, ta, berei dagozten gauz onetara, era onetako beren bizitzarekin, ta birtutez birtute dabiltzala, egin ditzaten irabazi andiak, eta oriekin igan ditezen bere denboran beren zerura.

        Orretarako, nere umeak, atera bear dezue zuek lenbaitlen, Ninibe deritzan erri gaisto onetatik, emen galdu etzaitezten, galtzeko dauden emengo erritar gaizto galgarri guziekin batean. Cap. 14.

        Orra, erioa bere begietan zedukala, ta egiak errateko den ordurik onenean, Tobias zar onak bere ondorengoei adirazi ziena; ta orra besteren animak urrikari dituzten onak egin bear dutena, anima oriek bearren arkitzen diran aldietan: toki ez-onetatik lenbaitlen orrelakoak keneraztea: begiz ta gogoz lurrean sarturik dabiltzanean, arreraztea beren Jaungoiko maitagarriaren ontasuna, ta oni zor dioten ontarte ta fabore guzia; ongi-ongi ezaguturik beren zor andi au, erantzun dezoten oni, al duten eran, ta alik ere ongien-ongiena.

        Au ezezik urrikalti onak egin bear dute geiago ere anima beartsu gaisoekin; bada denbora beroan oriei agertu bear die beren Jaungoikoaren zorrotztasuna ta indardia, edo, gaistoak galdurik uzteko, ta sulezean erretzen ta urratzen beti ta beti ta beti oriek idukitzeko gure Jaungoikoak duen ezinbesteko eskua, onak eskuratzen ezpaditu orien gaistakeriak, eskura ditzan onenbat neke gogorren beldurrak; eta nolerebait mugi ditezen gaistoak, egitera beren onerako egin bear dutena.

        Orretan aritu ote zara zu zere etxekoekin, zure auzokoekin, zure kontura zeuden guziekin, ta zuzendu zenitzakeen gañerako animekin?

        Zein guti! Ez naz arritzen orretaz, ez: bada zuk zere animaz ere izan izandu dezu, dakizun bezain kontu laburra ta ezer-eza; ta, askotan beintzat, ibilli zara zu loiez loi, edo gaizkiz gaizki, ta bekatuz bekatu. Eta zertan ote zabiltza gaur ere?

        Nola arkitzen ote zara zu gaur, eta zer eratan? Zer kontuak emain zeniozke zuk orain, orain zu zere Jaungoikoak deitzera bere Tribunalera?

        Urrikal zaitez bada orain badere zere buru gaisoaz! Zuzen itkitzu, geiago luzatu bage, ta bertan gaurdanik, Jaungoiko berari emateko zauden zere kontuak. Artu zazu, artu bear dezun zere zeruko bide zuzena. Zabiltza geroz ibilli bear dezun eran; ta zerori ondu ondoan, urrikalduko zara gañerakoen animez ere; ta etzara izanen, ez, zeruan bakarrik sartuko zaran anima.

        Ala gerta dakizula gure Jaungoiko urrakalti maitearen amorez, ta beragandik uste dezun laguntzaz baliatzen zarala. Bai, arren, bai!

 

 

Panent tuum cum esurientibus et sitientibus
comede, et vestimentis tuis nudos tege.

Tob. 4. 17.

 

        Gosez, ta egarriz arkitzen diran gaisoei eman bear diezu zuk zerbait beti, zere maierako egin zenuen ogi onetik, eta, prestatzen dezun edaritik; bada ez da ongi dirudien gauza, zure erako batek anitz izatea, eta besteren batzuek bear dutenik ere ez. Guziendako zabaltzen du gure Jaungoiko maitagarriak bere eskua, eskua zabaltzen asi ezkero. Gozez ta egarriz arkitzen diranak, Jaungoiko maitagarriaren umeak dira, zu ta ni biok bezala; ta orregatik elkarren senideak, edo aurrideak gara, Aita maitearen ume guziok; eta ekusten dezu, gure Jaungoiko maitagarriak bezain Aita edo Guraso onak ez duela ontzat artuko sekulan senideen elkarren arteko gogortasuna, edo senide ondasundunak, ez duten gasoei eman bagez, oriek gosez, egarriz, bearrez iltzen uztea.

        Begitan ar etzaitzan bada zu zere Jaungoiko Aita maitagarriak; eta galdurik utz etzaitzan eternidade guzirako, oriekiko zere gogortasunak, emazu dezunetik al dezuna, ta arin zazu zere aurrideen, ta Jaungoiko beraren umeen, bearra ta gabea. Orra bein Job santuak bere semeari adirazi izandu ziona. Eta orra, duten guziekin itz egiten duen gauza.

        Beren buruak, beren umeak, beren zorrak estaltzeko diña ez dutenak, otzikara ibilli oi dira, ta edozein soñeko zakar, erdi-urratu, edo zarturen billan bezala. Dutenen eskuetatik uste dute zerbait orrelako gaisoak. Badezu zuk oriei emateko, zerori gabe gelditzen etzarala? Eta zer? Alere ez-ekusi egin uste diezu beartsu gaisoei?

        Aldatuko dira egunen batean, dio Jesusek, zuen aldiak. Graziazko, ta birtutezko soñekorik bage, ta gosez ta egarriz egoin zara zu emendik atera ondoan. Orduan arkituko dezu zuk Jesus, bere beartsu onak eskoi aldetik daduzkala; ta, zu an, ekustean begi zorrotzez begiratzen dizula, errain dizu: Onako nere beartsu oien goseaz, egarriaz, ta gabeaz etziñan urrikaldu zu batere; ta, beartsu gaisoez urrikaltzen ez diranak, ez dira nere ume onak; ez dira nere ezagunak; ez dira nere zerurakoak. Zoaz, zoaz ortik zere tokira: zoaz gogor galduen artera. Zoaz, bearrez, nekez, suz, ta kez beterik beti ta beti bizitzera. Au da zuk Jesusen aotik aditu bearra; au zuri len edo gero, ta anitz luzatu bage, gertatuko zaitzun damugarria, bage ta bearrean daudenei gaurgero zuk ez laguntzera, oraindañokoan ez bezala.

 

 

Discite quid est: misericordiam volo,
et non sacrificium.

Matth. 9. 13.

 

        Badira munduan, bai, bearrean dagoen gaisoari ardit bat eman nai ez diotenak, eta denbora berean elizak, eta aldareak, eta orrelako gauz andiak, beren diruz egiten ari diranak. Ai eroak! A, zentzugabeak! Urrikaltasuna da, gure Jaungoiko urrikalti maitagarriak nai duena, ta ez zuen arrotasuna ta antustea.

        Antustez, arrotasunez, ta zuen izenak gero gizartean iraun dezaten, ustutzen dituzute zuek zeren diru-zorroak, eta zeren diruarekin an zarazte zuek, zuen antusteak asmatzen dituen egiteko ta lan andi orietan. Zuen lan egiteko guziak, beartsu gaisoez denbora berean urrikaltzen ezpazarazte zuek, sareak dira; ta sare, armiarmak egin oi dituen sare zirtzillen erakoak, edo antuste arroaren aize-aldiak urratzen dituenak.

        Nai badezue bada zuek, iraun dezaten luzaro zuen gañerako lanak, edo egin uste dituzuen gauz onak, egizkitzue lendanik urrikaltasunaren zimendu sendoak; edo emaiezue bein bearrean arkitzen diranei, orien gabeak eskatzen duena, ta gero egizue nai dezuten on guzia.

        Beste gauz onak ere nai ditu, bai, gure Jaungoiko maitagarriak, egiten badira oriek urrikaltasunak eskatzen dituen guziak egin ezkero. Zorionekoak zuek, batak eta besteak zuzen egitera. Iguzu zuk, gure Jesus maitagarria, ala guziak guk egiteko bear dugun zure laguntza ta grazia. Bai arren, bai!

 

 

Estote ergo misericordes,
sicut et Pater vester misericors est.

Luc. 6. 36.

 

        Urrikalti onak dirudite beren emate batzuetan munduko zenbait emalle-txarrek ere; baña orien emate guziak, lapur galgarri gaistoen emate galduak dira; bada ematen dutena ematen dute, ematen diena baño agitz geiago artzalle gaisoei kendu naiez, edo artzalle gaisoak beren pean beti, ta beren menean idukitzeagatik. Jentilak, turko galduak, juduak, eta lurreko gaistoenak ere era orretan urrikaltzen dira beartsu gaisoez; baña orien era orretako urrikaltze guzia, eskergabeko urrikaltzea da, ta beste mundurako deus bat balio ez duen urrikaltzea.

        Ez, dio Tesos maitagarriak, ez da ori, ez, nik eskatzen dudan eran beartsu gaisoez urrikaltzea: nik eskatzen dudan urrikaltzea, ongi naizko edo emate garbizko urrikaltzea da, ta zuen Aita urrikaltiaren urrikaltzea dirudien urrikaltzea, edo beartsuari ematen zaizkan gauzak, doairik bezala, ta artzallearen bearra arindu naiez ematea.

        Bai; gure Aita eterno urrikalti-maitagarriak ez daki ukatzen beartsu-eskatzalleari, aren bearrak eskatzen dituen ta ongi dagozkan gauzetatik batere; ta, ematen diozkan guziak ematen diozka beraren onerako, edo beartsu bera, bear den eran edo ongi ekusi naiez: ta ukatzen badio zer edo zer, ukatzen dio, zeren aldi artan ez dagokan ark bere Jaungoikoari eskatzen dion emaera edo gauza; ta denbora berean ematen dio, eskatu duen gauzaren ordeña, ta, ark orduan eskatzen duen gauza baño agitz obekiago dagokan gauza.

        Au ezezik, geiago ta geiago ere egiten du gurekin gure Aita urrikalti-maitagarriak; bada guk ari ez eskatuagatik gure bearrak eta gabeak eskatzen duen laguntza ta grazia, ematen digu beti gure bearrak bear adiña; ta gu, ark emanikako grazia ta laguntza onarekin ateratzen ezpagara geren bear-premien, ta gabe guzien artetik, eta bidenabar guk egiten ezpadugu, zerurako bear den ondasun irabazia, guk ori ez egin naiez izain da, ez guk izan bagez, ez, artarako bear den esku indartsu, edo indar guzia.

        Lan on au guri eragin naiez, ematen digu Jaun urrikalti berak, edo geren buruak galtzeko beldurtasuna, edo zeruko ondasun andi-ederrak irabazi-naia, edo, berak, artarako ona dela dakien gogoeta moduren bat, edo bertze. Eta, nolanai gu gero ibilliagatik, ez gaitu bakarrik iusten gure Jaungoiko maitagarriak geren bide galgarri galduetan; an da beti, an gurekin prest, bere laguntza ta esku indarsua guri noiznai emateko; ta gu gerok geren naiez galdu arte guzian urrikari izain gaitu gu gure Jaungoiko maitagarriak eta doairik eman dizkigu, guk geren buruak ontzeko bear ditugun gauza guziak.

        A gure Jaungoiko urrikalti guztiz maitagarria! Beti-beti bat zu; ta beti gure urrikari, ta ongille ezin andiagoa, guk gerok, geren naiez geren buruak ez galtzera! Noiz ezagutuko dugu guk zuri zere urrikaltasun ezinobeago onegatik zor dizugun ongi naia, ta amore bazterrik bagekoa! ta noiz baliatzen asiko gara gu zure urrikaltasun ta miserikordiari zor diogun laguntz onaz ta graziaz? Noiz utziko ote ditugu guk, oraindañoko geren aurkeriak? Noiz geren bide makur-galgarriak? Noiz zeruko gauzetarako geren nagitasuna? Eta noiz asi bearrak ote gara gu, geren lagun-urko bearsu gaisoei al dugun eran laguntzen, ta eskua ematen? Izan dedilla gaur beretik, batere luzatu bage, nere Jaun on maitagarria. Eskatzen dizut, zere urrikaltasun bazterbagekoagatik; eta oraindañokoan, ori egin bagez, egin ditudan bekatu guzien damuz beterik, erraten dizudala: Nere Jesukristo, etc.

 

aurrekoa hurrengoa