www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (II)
Sebastian Mendiburu
1760, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Bigarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXXV.garren OTOITZ-GAIA

LEGE-BIDERARO JESUSEN DEIAK:
ETA BIDEKO ONDASUNAK

 

 

A.

Legeko nekeak guri arrerazi naiez,
egiten dizkigu guri gure Jesusek
anitz amoriozko deitze

 

        Ez da erraz, ongi beintzat, guk ezagutzea zenbat eta zenbat egiten duen gure Jesus maitagarriak, guri nekezko geren gurutze au arrerazi naiez, gu geren gurutzearekin aren ondoren gabiltzala, ta Lege gureak guri bereisten dizkigun gauzak egiten ditugula, bere zeruan gero sarrerazteko. Onetarako egin ginduzen gu gure Jaungoikoak Bataio-errian. Onetarako eman izandu zizkigun, ta ematen dizkigu gaur ere, erakusle onak, bide zuzenak, eta Elizako Sakramentu guziak. Onetarako egiñak dira, oraindañokoan Jesus berak egin dizkigun ontarte ta fabore guziak; baita lurraren ondotik azken zeruaren erpinerañoko gauza guziak ere.

        Ez da au (zenbat ere den), gure Jesusek onetarako egin izandu zuen gauza guzia: egunoro, ta noiznai gure Jesus bere lan onetan ari da, edo egiteko berean dabil gau-egun, ta beti; ta bein batetik, gero bertzetik, eta askotan anitz aldetatik, deiez ta deiez dagokigu, bide au guri arrerazi naiez.

        Oar zaitez ezperen, ta ezagutuko dezu, bai, orain aditzen didazun egi au.

        Oar zaitez orretarako, goizetik arratseraño, ta urte guzian gertatzen zaitzunera.

        Atozea, Predikariak erraten duenean, edo konfesariak adirazten dizunean zure onerako den, ta animaren zauriak ukitzen dituen gauzatxoa, ez dezu izan oi zere barrengo oñaze-modu bat? Atozea, libru onen bat irakurtzen ari zaranean, edo ango gauz onak aditzean, izan oi ez dezu zuk zere biotzaren dardararen bat edo beste? Atozea, ezagunaren illberria aditu orduko, lotzen etzaitzu zuri zere ikara modua, edo beldur iduria? Atozea, gauzaren bat gaizki egin, edo gertatu ondoan, etzaitzu zere biotza zerbait naigabetzen? Atozea, begitarte illun bat ekusi orduko, edo ezustezko itzen batzuek aditzen dituzunean, ez da tristatzen ta nasten zure barren guzia? Etzaude zu orduan damuz beterik, eta zaputz bezala? Eta zer dirala uste dezu, aldi orietako zure illuntasun ta tristura guziak? Guziak dira zure Jesusen deiak: guziekin deitzen dizu, bai, zuri zere Jesusek, berak daraman bidera ta zeruko gurutzepera.

        Orrelako gauzarik ez den orduetan ere ez dago ez isillik gure Jesus maitagarria. Zere mezakoetan, zere otoitzak edo eskaerak egiten ari zaranean, ta gauz onen bat (dena dela) zuk zere gogoan artu orduko, an da bertan zure Jaunaren deia ta adiraztea. Adirazten dizu aldian, aldi artan zuri ongien dagokizuna, edo, ongi izateko zuk orduan egin bear dezuna.

        Zere jostatze moduetan, edo zere atseginetan zabiltzanean ere, ez dago, ez, zure Jaungoikoa geldirik, eta zuri itz egin gabe. Itz egiten dizu, bai, zere isillaldietan, edo zu geldirik eta soseguz zauden instante zenbaitez ere; ta orduan zuk zere Jaungoikoari ez-aditu egiñagatik, illuntzen dizu Jaungoiko maitagarriak zere biotza, edo an bertan, edo andik atera ondoan; ta ezagun-erazten dizu orduko zere gaizkia edo erakeria.

        Bakarrik arkitzen zaranean, naiz gabaz dela, ta naiz egunaz; zere egitekoren bat esku tartean dakartzun aldietan; ta an, emen edo nonnai zabiltzan denboran, an dezu zuk, edo zerekin dezu, zere Jaungoiko maitagarria, ta an bertan itz egiten dizu adi dezakezun eran.

        Aldi orietan zere gogoan arrerazten dizu, bein bizitzaren laburtasuna, bizitza laburraren ondotik datorren erioa, ta biei aldetik darraiken kontu arrigarriak; zenbait aldiz zere ibillera zentzugabekoa, ta oni dagokan betiko sulezea; beste askotan zuk zere Jaunari zor diozun amore andia, ta, gaizki ibilliz, galtzen dezun zeruko gloria; ta bertze aldietan era bereko zer edo zer, ta aldi orietako gogorazio guziak, eta oriekin ibilli oi diran nai onak, zuk zere Jaungoiko maiteari zor diozkatzun urrikarizko deiak dira.

        Ez-aditu zuk bein, berriz, ta nork daki zenbat aldiz egiñagatik, ez da isiltzen, ez, zure Jaungoiko maitagarria, zere burua zuk, eta zere anima, guztiz galdu artean.

        Gure Jaungoikoaren ona, ta maitagarria! Ni bezain gauza txar baten ondoren, ta onenbat bidez nere bizitza guzian nere Jaun andial Niri deiez, nere bear bailiz bezala, nere Jaungoiko altsu ezin-aberatsagoa! Niri deiez gau ta egun, ta eguneko ordu guzietan! niri deiez, eragiteagatik niri nik nai-ta-ez egin bear dudana, ni betiko kaltear ez gelditzeko! Eta niri deiez, atsegin-kontentuz beterik bizi nadin ni, nere Jaungoikoa Jaungoiko den arteko denboran, edo beti; ta beti, ta eternidade guzi-guzian! Eta alere ez diot nik nere Jaungoikoari erantzun bear, oraindañokoan ez bezala ta bertatik, edo batere trikatu gabe? Eskergabe txarra nintzake ni, ta agitz alere, ala nik ez egitera, edo nik laster, ongi, ta zuzen ez ari erantzutera!

 

 

B.

Ona, ondragarria, ta soseguzko bidea
da gure Legeko bidea

 

        Lurreko errege aberats andi-onak artzen dituzten bideak, bide onak izan oi dira; ta bide, kezkarik gutiena eman oi dutenak. Orrelakoetatik da gure Legeko bidea (zein ere dirudien latza, ta nekezkoa); ta denbora berean da, anitz ondasun dituen bide bat: eta orregatik da bide ongi maitagarria.

        Bai, benik bein errege-bidea da gure Legeko bide au, da alabaña, erregeen Errege, Jaungoiko-gizon Jesus maitagarriak beretzat arturikako bidea: ala dio Jesus berak, dionean: etzenekiten, nekezko bidez zebillela, ta ibilli bear zuela Jesus maitagarriak; eta, neketan ill ondoan, igan bear zuela Jesusek zerura? Eta erregeen bideak bide onak badira, erregeen Erregearen bidea zer-nolakoa izan da? Nai ta ez guztiz ona, ta ondrazkoa!

        Erregeen aldean dabiltzan gizonak ez dute, erregeen eran, ta erregeen bidez ibiltzea baño naiago duten gauzarik batere; ta ez da ondra geiago dakarrenik ere. Orregatik bada, besterik ezpaliz ere, nai andiarekin ta gogo osoz artu, ta eraman bear zenuke zuk, guztiz nekezkoa dirudien bide onetako zere gurutze au, edo ontzat zuk, eta zere Jaungoiko maitagarriaren amorez artzen zenituela, pozik eraman bear zenituke Jaun berak igortzen dizkitzun, edo lurrekoen eskutik etorri oi diran neke-kezkak, eta naigabe guziak: ori da alabaña Jesusen bidez zu, Jesusen ondoren, ta Jesus, errege guzien erregeren eran ibiltzea: ta ori, zabiltzken ongiena, eta ederkiena zu ibiltzea: ta bidenabar ibiltzea zu, ibilli zaitezken kezkarik gutienarekin.

        Nola ori? (diozu zuk, zeruko gauzen berri andirik ez dezun bekatari txarrak)? Nola da ori? Ori orrela da, baldin zuk ezpadakizu, zeren Jesus maitagarriaren bidea bakar-bakarrik den, orrenbat ondasun ta nekeen aringarri dakarren bidea; bada gañerako bide guzietan arkitzen dira Jesusen bide onetan arkitzen ez diran naigabeak eta kezkak; eta arkitzen dira kezka ta naigabe arintzallerik bagekoak. Eta bide orietatik edozein artzen duena gaizki dabil, ta kontrako bidez; ta kontrako bidez edo gaizki dabillenari gertatzen zaio, zuk zerorrek dakizun bezala, aldapako bidea gogor iritziz iutzi, ta azpiko satitik artzen duenari gertatu oi zaiona, edo atsedetez beterik arkitzen den bide bat ez artu naiez, urraturik dena, ta dena odolturik, laster edo fite gelditzea.

        Ez da ala? Ezin uka dezakezu; bada era onetako bidezkoari sasian, sartu orduko, itsasten zaio buruko illetik adarren bat edo beste. Ura kentzera doanean, zulatzen du eskuan, an arkitzen den arantza zorrotzak; eta onen igesi badarama, jotzen du bere esku berarekin, edo ari laguntzera daraman bestearekin, an arkitzen den elorri punta, edo nasten ta odoltzen zaizka biak ango lar-elorri ta adar artean, ta gelditzen da, den guzia oñazez betea, ta bide ta toki ain gaistoan sartu delako, damu andiarekin; ta ekusirik etorkizuna, ta gaistoagoa izain dela aitziñatzea, edo geiago ibiltzea, uzten du, artu duen sasiko bide zelaia, ta artzen du aldapakoa; ta badoa aldapaz zuzen, anbat nekatu gabe, ta noizean bein atsedeten duela, bere lekura edo bere atsegin tokira.

        Ori bera gertatzen zaio gaizki dabillenari, edo bekatariari; bada bein bekatariak bere begiak idiki ezkero, ekusteko non ta nola dabillen, ez-ongi, edo gaizki dabillenean, ekusten du emengo atsegin- kontentu guziak, eta emengo oben-kulpak, eta ibillera makurrak, arantzak dirala ta bide gaistoko larrak; ekusten du alabaña, zulatzen diotela, ukitu orduko bere biotz minberea; beretzen diotela ai-ez ta kezkaz; ta uzten dutela bera, den guzi-guzia, aitzina badoa, gaizki ill ta galduko delako beldur andiarekin.

        Bere beldur au berritzen ta anditzen zaio maiz aski, ta askotan ere, edo bere Jaungoikoak, bere eritasunarekin, bere bearrarekin, bere naigabeekin, edo beste edozein bidez, bere biotzean kroskadak ematen diozkan aldietan, ta orduan ark ongi begiratzera, laster ekusiko du, ta klaroki alere, Jesusen bidea dela, era orretako beldurrik ez dakarren bidea; ta bide, zenbait nekeren artean, anitz atsegin dakartziena. Au ekusi ondoan, bururik badu, utziko du bekatariak bere bekatuen sasi gaistoko bidea, ta artuko du Jesus maitagarriarena, edo zerura zuzen daramana. Ori da Dabidek ere, berak dionaz, egin izandu zuena.

        Bai, dio Dabidek, bai: gaizki egin nuen nik, eta bekatu arrigarria, nere gogo gaistoari atsegin egiteagatik, bertzeren emazte bat artu nuenean; baita nere gaizki au estali naiez, onen senarra illerazi nuenean ere; baña artu dut, bai segurki, bi aldi orietako nere irabazia, edo orduko nere gaizkiari zegokan kezka-nekea: bada ez gau ta ez egun uzten nau baketan nere Jaunaren eskuak: eta nere Jaunaren esku onek eman izandu dizkidan krokadaldiekin, ta Jaun beraren esku berak nere bizkarrera ekarri dituen nekeekin sartu zait niri nere biotzaren ondoraño nere bekatu bien arantza zorrotza, ta ez dut atsedete onik izandu, arantz au damuz ta urrikiz nere biotzetik atera dudan artean. Ekusirik alabaña ez nuela nai nuen nere atsedete onerako au beste biderik, itzuli nintzan ni noizbait nere Jaungoiko maitagarriagana: agertu nion Jaungoiko berari nere neke guzia, ta oben-kulpa; aitortu nion, arganako bide zuzen au utzi, ta nere atsegin loien ta bekatu zikiñen sasian sartzetik zirala orduko nere kezkak, nere naigabeak, eta nere barreneko oñaze guziak. Eskatu nion zin-ziñez, ta, al nuen indar guziarekin, urrikaltia bezala, urrikal zekidala, ta nere ibillera ero galduez urrikaldurik, atera nintzala lenbaitlen nere lar arterik, edo bekatupetik, eta sar nintzala bere Legeko bide zuzen garbi ondasunduenean: ta, denak bezala, aditu ninduen ni nere Jaungoiko maitagarriak; kendu zizkidan urratzen ninduten nere bekatu galduen larrak; artu nau azkenean bere aldera, ta aienatu ditu nere leneko kezka ta naigabe guziak.

        Orra len Dabidi gertaturikako gauza; ta orra norinai, edozein denboraz, gertatzeko dagoen gauza, leneko bere bekatuen bide gaistoak utzirik, bekatariak artzera, erregeen Errege Jesus maitearena: au da alabaña gure Jaunaganako bidea: au da zerura zuzen daraman bidea; ta au da, bere neke guzien artean, bakezko atsedeteak eta aldarte onak dituen bidea. Eta orregatik da, nere Jesus maitagarria, nik zure amorez arturik dadukadana, ta ill arte guzian, utzi bage, eraman uste dudan bidea. Indazu zerorrek, orretarako bear dudan zure laguntza, ta grazia guzia. Bai, arren, bai!

 

 

C.

Ondasun, ta atsegin andizko
bidea da gure Legeko bidea

 

        Jesusek guri agerturikako Legeak baditu, bai, bere nekeak; baña neke, ekusi degun bezala, gure Jaungoikoak atsegin garbiz arintzen dituenak; eta neke, denbora berean, ondasun anitz agertzen dizkigutenak; eta ondasun, aisa irabaz ditzakegunak. Goazen orain orietatik zenbait badere ekustera.

        Gure Legeko nekeen lenbiko ondasuna da, leneko gure gaizkien zorrak urratzea, ta bidenabar zerurako irabazi andiak egitea. Nola ote? Geren zorren alde, ta umilki, guk artzen ditugula gertatzen zaizkigun bidegabeak, eta orietatik datozen lanak eta nekeak. Aski du orretarako, Jose zeritzan Ejiptoko Bisoreiaren anaiak, egin zutena egitea. Oriek beren gaztetasun arroan, gogo gaistoari atsegin egiteagatik, edo aren peera ta menera etortzeko beldurrez, bakarrik ekusi zuten batean, saldu izandu zien beren anaia Jose au, saldu-erosian zebiltzan Ismaelita batzuei, eraman zezaten orien begiak ekusi etzezaken tokiren batera. Andik denboraren buruan, arkitu ziran Josefu anaia berak estutasun ta neke guztiz arrigarriko batean. Ordu berean oroitzen dira obenbageko bere anaiari egiñikako bidegabeaz, ta ezaguturik andik zutela zuten beren neke au, erran izandu zuten umiltasun andiarekin: bai, ongi egin zaiku, bai! Neke au etorri zaiku, guk len geren anaiari egin genion bidegabeagatik; eta artzen dute aren alde, ta beren Jaungoiko maitagarriaren izenean. Ongi: ta zer gertatzen zaie azkenean? Nekerik bage, ta atsegin gelditzea; bada barkatu zien anaia Josek, zein ere arrigarria zen, beren saltze gaisto ta gaizki guzia; ta bidaldu edo igorri zituen beren Aitagana, begitarte onez ta ondasunez beteak.

        Zuk ere, gaizkiren bat egiten dezun aldioro, saltzen dezu zere Anai, Jaungoiko-gizon Jesus maitagarria. Oroi zaitez bada, neketan arkitzen zaranean, aldi orietako zere saltze gaistoaz; ta ezaguturik argatik dirala orduko zure nekeak, errazu, Joseen anaien eran: Ongi irabaziak neduzkan nik, bai, daramazkidan oraingo nere nekeak! Ongi eskergabea izandu naz ni, bai, oraindañoko denboretan nere Anai Jesus maitagarriarekin! Egin diozkat nik, bai, oraindañokoan nere Jesus maitagarriari, nik neronek dakidan adiña txarkeri ta bidegabe! Orregatik dira oraingo nere nekeak! Izan ditezela, bada, nere zorrak ateratzeko, ta nere oben guzien alde! Zein ere andiak diran, aldi onetako nere nekeak, ez dira, ez, nere zorren diñakoak! Geiago ta geiago nekatzen banindu ere, ez ninduke nekatuko, ez, nere Jaun on maitagarriak, bear den laurdenik ere.

        Jaun au onenbatekin, ta geiago bage, kontent den ezkero, kontent naz ni ere: ta ojala kitatu banendi ni onen gutirekin, ta nere Jaun andiak, nik au jasotzeagatik, gora baleza, nigan duen bere artzeko guzien eskua! Egiñen al du, denak bezala, ta niri dagokidan baño agitz obeki! Ala gertatu oi da; bada, zorrak barkatzean, eman oi ditu gure Jaun emalle maitagarriak bere grazia, bere laguntza, ta zeruko doaien zati andiak; eta gero, emeki ta beraren amoreakgatik nekeak eramate orri dagokan glori guzia.

        Konfesio zuzenarekin batek bere zorrak atereagatik, edo bekatupetik atera ondoan, erdoiturik bezala, ta onerako nagitasunez beterik, edo zinkinkeriak dituen arrearen eran, gelditzen da bekatariaren anima. Suak, sua baldin bada bear den erakoa, kendu oi ditu urrearen zikinkeriak; eta zeruko bideko nekeak ere kendu oi ditu animaren erdoiak, edo onerako nagitasunak; eta ori da gure Legeko nekeen bigarren ondasuna.

        Bai, dio san Agustinek (in Ps. 60.): bai, mundua da animaren sutegia; anima da, garbitu bear den urrea; eritasunak, bearrak, eta naigabeak dira orretarako sua ta garra; ta Jaungoiko bera da zillargillea, edo su orretan anima sartzen duena.

        Urrea sutegian daduka zillargilleak, urrearen zikinkeriak suz kendu artean; ta ni banago nere suan, nere gurutzepean edo nekeen artean, nere Jaungoikoak nai duela ta nere onerako nago; bada nago, Jaungoiko beraren amoreakgatik, edo aren izenean, daramadala nere neke ta naigabe guzia, oitu nadin birtutezko gauzetara, ta ken ditzadan nere animatik bekatuaren erdoiak, edo nere animak dituen onerako nagitasunak edo moteltasun gaistoak, eta geldi dedin nere anima, Portugalko urrerik garbi-ederrena baño ere agitz garbiagoa ta ederragoa; ta denbora berean geldi dedin, gauz onak egiteko guztiz, ta ongi prestatua. Eta orra, gure Jaungoikoaren izenean arturikako nekeetatik datorren irurgarren ondasuna.

        Laurgarrena da, bekatu gaistoak gaitzerako dakazten griñak eta makurtasunak eskuratzea. Zaldi gazte biziak, berez, aisa, ta gaizki dabillenean, egiten ditu egin bear ez diran anitz lasterka ta salto; ta denbora berean oitzen da trotara, edo ibillera nekagarri batere; baña zigorpean, esproñekin, ta frenoz buru-aoak arturik, zaldun indartsu batek zenbait egunez badarabil, aisa dator eskura, bai; ez du bizitasunik erakusten, zaldunak artaratzen ez duenean; ta, leneko trotak eta ibillera makurrak utzirik, artzen du beste leun, arin, eder guztizko bat.

        Berebat gertatzen zaio eritasunez, malurrez, naigabez, esker gaiztoz, kezkaz, ta nekez Jaungoikoak ezitzen duen emazteki edo gizon bekatariari. Orregatik dio Espiritu Santuak, eritasun andiak (eta orobat egin oi du edozein beste neke gogorskotek ere) eskura dakar anima; ta ez dio geroz ibiltzen utzi nai, aragi bero-indartsuak eragin oi ziozkan urratsetan, edo pausu ta bide makurretan.

        Nekeak dakarten bostgarren ondasuna da animaren umiltasuna. Nekeak beldurtzen dute, neketan dabillen edozein anima, ta beartzen dute beren Jaunaren lagunza umilki billatzera; gertatzen zaio, alabaña, neketan dabillen animari, bidezko edozeini gertatu oi zaiona. Bide zabalean, edo lorezko baratze batean badabil bat, aisa dabil, ta besteren bearrik ez duela; baña oartukabean, edo berariaz sartzen bada lar artean, ta sasi gaistoetan, baldin asitzen bada aldapa gaiztoz, edo malkortegi gogorren batean, erne ibilli oi da ta beldur andiarekin; ta, al badu, eskatzen duela norbaiten laguntza ta eskua.

        Ori bera da gertatu oi zaiona, zerurat, edo zerurontz dabillen edozeñ gizoni. Ondasundun arkitzen denean gizonen bat, denbora berean arkitzen bada osasunarekin ta berak nai bezala, ez du, ez, anitz autsi oi bere burua, erne ta biziro zeruko bidean ibiltzeagatik; baña Jaungoikoak bere bidea mintzen dionean, edo nekez, gurutzez, ta kezkaz betetzen badio bere biotza, bertan ernetzen da, bere Jaunagana begiak goititzeko, ta erdisten du zuzen ta biziro eskatzen duela ango laguntza ta grazia.

        Bai: dio Espiritu Santuak; naigabezko orduetan, ta nekerik geiena den denboran agertzen du gure Jaungoikoak bere guganako urrikaltasuna, bere guganako miserikordia; ta agortian odei onak urez bezala, betetzen du bere graziaz ta laguntzaz, neketan dabillen anima.

        Jaungoikoaren izeneko nekeen seigarren ondasuna da etsaien kontra ziñez ta bortizki lanak eragitea. Mariñelak ekusten badute urez betetzen asirik beren ontzia, artzen dute bonba, ta badarabilte gau ta egun, ta ez dute uzten bein ere, nekez erdi-lertuak egonagatik.

        Zergatik ote? Zeren dakusten, bonbaz ez ateratzera ol artetik sartzen zaien ur gazia, galduak dirala guziak, eta laster ondatuak beren ondasunekin, ta ontzi guziarekin, itsasoaren urpean.

        Gisa berean, tentuz ingurutua dagoen animak badakusa non dabillen, ta zer eran; edo badakusa, bere tentu gaistoak ez garaitzera, ta estutzen duten bere nekeak artzen ezpaditu emeki, ta bere Jaun onaren izenean, beteko zaiola ur galgarriz, edo bekatu zikiñez, bere anima, ta azkenean ondatuko dela den guzia, sulezeko itsaso arrigarrian; ta, an ondatu nai ezpadu, egin bear du alegiña etsaien kontra, ta orien tentu gaistoak garaitzeko, baita nekeen gurutzea alik zuzenena erabiltzeagatik ere. Eta, ori egiten dugula, orra non nekeak eragiten diguten egin bear duguna.

        Baña, nola eragiten ote digute geren lan on ori? Irabazi andiekin. Bai, dio san Agustinek (ser. 29.), Kristo Jaunaren gurutzea, ta guk gerok daramaguna, ondasun andiak dakazten gurutzeak dira. Bai, ondasun andiak dakazten gurutzeak; bada gure Jaunaren adiskideak, edo ongi bizi diranak, Jaun beraren izenean egin oi dituzten, gauza txiki-errazak ere balio andizko gauzak badira, diran bezala, ta sekulako glori zatiren bat irabazten dutenak, zenbat irabazizko gauzak izain dira, era bereko gauz andiak eta gaitzak?

        Eta zenbat ondasun irabaziko dute bizitza guziko neke andi onak? Nork au adirazi? Orra bada zer irabazbidea den, gure Legeko nekeen bide au! Eta nork ez du artu naiko, ikasi ezkero nora daraman, ta zein aberatszalle ondasunduna den? Nork ez ditu pozik eramain Jesusen ondoren, onekin batean, ta sekulako pagu ta pagu, onen andiagatik, emengo nekerik gogorrenak ere?

        Baña itxozu: badute oraindik ondasun geiago ere emengo gure gurutzeak, eta Jaunaren Legeko nekeak. Badakizu zer? Birtuteen aziera, ta animaren azken-apaintza.

        Eskerrak zor diozkagu guk, eta esker andiak, gure Jaungoiko maitagarriari, (erraten digu Santiagok) Jaungoiko berak neketan gaduzkanean, ta gurutzez jauntziak; bada irauten badigu oriek erauntzi gabe, ta Jaun beraren izenean daramazkigula, agitz anditzen ta edertzen da gure pazienzia; ta pazienziak ongi laguntzen die birtute guziei beren bearra, ta egiteko zuzena zuzen, ta bear den eran egiten; ta, birtuteak ori egin ezkero, egiñen gara gure Jaungoikoak nai duen erakoak, edo utsik bageko gauzak; eta geldituko gara birtutez agitz apainduak.

        Orretarako egiten du gurekin gure Jaungoikoak, santugilleak arriarekin, zurarekin, urrearekin, edo zillarrarekin egin oi dutena. Egiñen badu santugilleak urrezko edo beste edozein gaiezko santuren bat, edo Santuaren imajina, eman bear diozka gaiari, nork daki zenbat golpe; erabilli bear du urrea, edo gaia batetik bestera; ta, ematen diozkan tundekin, bizia baliz gaia, kenduko lioke eun aldiz, ta agitz geiagotan ere, bere bizia.

        Gai ori imajinarako baño agitz baldanagoak gara gu birtutera; ta, moldatuko bagaitu gu gure Jaungoikoak, egin bear dizkigunai ez genituken anitz gauza; ta eman bear dizkigu anitz ukaldi, edo golpe-modu ta neke: ta alere moldatu gabe geldituko gara gu, guk oriek ontzat ez artzera.

        Gu birtutetsu egiñik gelditzeko ez da aski, ez, Jaungoikoaren eskutik datozen nekeak guk bein, ta berriz ontzat artzea; artu bearko ditugu, bizi garano; ez gara alabaña gu zura ta zillarra bezalakoak; bada zur- zillarrak gelditzen dira beti, bein arturikako moldurarekin; baña gu gaitzera makurtuak gara geren aurtasunetik; eta, gure Jaungoikoak gu bein moldatuagatik, moldura berriak eta berriak bear ditugu guk, lenak ez galtzeko: ta zenbat ere geiago ditugun, anbat obeago gu, anbat santuago. Eta orra Jaungoigoaren izeneko nekeak dakarten zazpigarren ondasuna; edo orra non nekeak diran, ongi daramatziena birtuteen edertzez, ta santutasunez beterik uzten duten gauzak.

        Ekusten dezu zenbat diran, Jesusen ondoren dabiltzanak beren nekeetatik atera ditzakeen ondasunak?

        Baña zuk usteko dezu neke oriek, beren ondasun guziekin ere, neke latz gogorrak dirala? Uts egiten dezu zuk, uste orretan baldin bazaude. Jesusen ondotik dabiltzanen nekeak, neke ondasundunak ezezik, atsegin andiak dakazten nekeak dira; baita, beste mundurako bezala, emen bertarako ere.

        Ala diote, gauz onen berria dutenak. A! ta zein andia den (dio Dabidek) gure Jaungoiko maitagarriak, beraren beldur diran animendako gorderik daduzkan atsegin-kontentuak!

        Nere Jaunaren izeneko nere neke ta naigabe guzietan atsegin utsez bete tait, dio san Pablok, nere biotz au guzia, ta pozak eragin ere dio gañez. Era berean mintzatzen dira gauza beraren berria duten gañerakoak.

        Au onela den ezkero, den bezala, aditu orduko nik nere Jesusen itzak, edo Jesusek diona, erraten digunean: Nai duenak etorri nere ondoren, auts beza bere gogoeta gaistoa, ar beza bere gurutzea, ta bebil ni nabillen eran, nork ez dio erran bear bere-bereala itzez ta biotzez, ona non nazun ni, nere Jesus maitagarria. Eraman nazazu ni, zuk zerorrek nai dezun bidez ta tokitik. Den nekezkoena izanagatik au, ez nau, ez, izutuko batere, nekeen erakoak diran ezkero zure atsegin-kontentuak, eta, aditu dudan bezalakoak, era onetan dabillen edozeinek egiten dituen gerorako irabaziak. Ar nazazu gaurdanik ni zere aldean, nere Jesus maitagarria, ta lagun zakizkit bide guzian ekusiko ditugun pausu gogorretan. Ori diozu zuk ere, nere erako bekataria? Bai? Bada zorionekoa zu, zuk diozun guzia zuzen egitera!

 

 

Regnum coelorum vim patitur,
et violenti rapiunt illud.

Matth. 11. 12.

 

        Ez dut ukatzen (dio Jesus maitagarriak) ez dut ukatzen nik, ez, nekezko lana dela zeruko bide zuzena artu duten onen ibillera, ta emendik, nere ondoren dabiltzanak dakarten gurutzea. Ez dira, alabaña, zerura nai dutenak zerurako, beren aztura ta kostunbre gaistoak galduz, gogoeta makurrak garaituz, pasione sutuak eskura ekarriz, eta anitz gauz on beren buruei eragiñez zuzen dabiltzanak baizik, eta era onetan beti bat emen ibiltzea, edo era onetako ibillera batek eskatzen dituen gauzak egitea, nekezko lana ta gurutze gogorra da, dakusazun bezala. Baña era orretan nekatzen diranak, eta nere Legeko bide onean irauten dutenak dira zorioneko nere umeak, eta nik nere aldera, denbora datorren orduko, artuko ditudan umeak. Ongi nekatzen diran nere umeak, ez dute bide onetan deus galduko, ez, nere izeneko beren neke guziakgatik ere. Beren lan-nekeen alde emain diet nik, bai, dezakedanak bezala, mundu guziak baño geiago balio duen gauza ta irabazia; bada emain diet, eternidade guzian irauteko dagoen zeru nereko Erreinua.

        Au eman naiez, bada, (dio Jesus maitagarriak), au eman naiez deitzen zaituztek nik nere zeruko bide nekagarrira, ta zeren gurutzepera, edo zeren Legeko gauzak zuzen egitera. Eta alaere ez dezue zuek nere ondoren ibilli nai? Zuen zenzugabeak! Zuen eroegiak!

        Orie; dio oraindik gure Jesus maitagarriak: orie; nere bide onetako nekeak izutzen bazaituzte zuek, edo nekez, kezkaz, ta illuntasunez beteak bizi bearko dezutela baderitzazue zuek, nere Legeko lanetan edo egitekoetan sartu ezkero, ez denak izutzen zaituzte: artu zazue zeren gain zeren egiteko au, ta ekusiko dezue; ta noiz, edo noiz, zeren biotzak illuntzen bazaizkitzue, atozte nigana, ordurik galtzen ez dezutela; ager zazue, gertatzen zaitzuena; eska zazue nere laguntza ta grazia, ta izain dezue bear dezutena, ta geldituko zarazte arintasunez ta pozez beteak: Venite ad me omnes, qui laboratis et onerati estis, et ego reficiam vos. Ibid. v. 28. Ongi da bada, gure Jesus maitagarria; ongi da; ta, ori orrela den ezkero, zuganako gara gu, ta pozik alere. Iguzu zerorrek orretarako ere bear dugun zure laguntz ori, ta zure grazia. Bai arren, bai!

 

 

Iugum enim meum suave est,
et onus meum leve.

Matth. 21. 30.

 

        Siñes nazazue, bai, dio Jesus maitagarriak; siñis nazazue, biotz beratx umill manso ongille batekin arkitzen nazan Jaungoiko-gizona naz ni, ta zuzena, ona, ta bear bezalakoa ez den biderik ezin ar dezakedan Jaungoiko-gizona. Nik, nere ondoren dabiltzanak neketan ta penaz beteak ekusi ezkero, ez dakit egoten oriei erakutsi bage ibillerarik errazena; ez eta lagundu gabe ere beren gurutze-nekeak eta kezkak eramaten. Orregatik, era orretan, edo nere ondoren dabiltzanen gurutzea, biren artean dakargun gurutzea ta uztarria da; ta uztarri ta gurutze, gogo onez ta nere izenean artzen dutenentzat guztiz leun-ariña, ta guztiz ondragarria; ekusten dezu, alabaña, nerekin dabillela era orretan dabillena, ta anitz bere ondrarekin dabillela nerekin dabillen edozein, nolanai au orduan ibilliagatik.

        Au onela den ezkero, den bezala, nere Jesus maitagarria, ero-eroegia nintzake ni, bertatik nik ez artzera zuk erakusten didazun nekezko zure bide au, ta nik pozik, edo beintzat gogo osoz, ez eramatera bide onetako nekeen gurutzea ta zure Legeak eskatzen dituen gauza guziak, izan ditezela oriek berez, edo latzak, edo gogorrak, edo edozein erakoak. Lenago ni nere lan onetan, bear zen eran ez asiaz dut orain damu ta pena; ta ziñez alere. Indazu zuk zerrorrek, nere Jesus maitagarria, damu au galdu gabe, ta oraingo nere asmo on onetan irauten dudala, nere egunak bukatzeko grazia. Bai arren, bai!

 

 

Id, quod in praesenti est momentaneum
et leve tribulationis... aeternum gloriae
pondus operatur in nobis.

2. Cor. 4. 17.

 

        Ez da zer izutu, dio san Pablok, emengo geren nekeakgatik. Emengo gure neke gogor ta gurutze guziak, gurutze ta neke laburrak dira; bada, geienaz ere, gure bizitzak adiña, ez geiago, iraunen dutenak dira. Eta zer da, geien-geiena irauten duenaren bizitza ere? goizean agertzen den, ta arratserako igarturik arkitzen dugun lorearen erakoa. Orra bada norañokoak diran gure nekerik andienak ere!

        Eta norañokoa ote da, neke oriek dakarten ondasuna? Eternidade guzi-guzirakoa: beti, ta beti iraunen duen zeruko Gloria.

        Glori au zuri emateko dago zure Jaungoikoa, Jaungoikoaren izenean zuk emen artzera emengo zere neke zati guziak, edo zati oriek emen egiten dizuten zere gurutzea.

        Ez ote zara bada bertatik au artzera saiatuko? Mariñelez ta merkatariz betetzen dira beti, batetik bestera dabiltzan ontziak, naiz atera ditezela urteoro amar millataraño.

        Mariñelak izaten dituzte, beren ontzietan dabiltzan denboran, gau ta egun agitz illunak; eta, orietatik anitzek beintzat, itsasoan izan oi dute beren bukaera, zeren itotzen diran beren ontziarekin, edo zeren garbitzen dituen onzi berean beren erioak edo eritasunak.— Baña zergatik ote dira mariñel-merkaterien orrenbat perell-neke ta gal-bide?— Ogi zati bat irabazi naiez, eta zuk, irabaz dezakezula, ta orrenbat neke ta laurdenik ere gabe, eternidade guzi-guziko atsegin-kontentua, ta zere Jaungoikoaren zeruko gloria, geldirik egon naiko dezu, ta nekatzen etzarala zere Jaunaren gauzetan?

        Soldadu gaisoak ez dute begiratzen, nora daramatzien beren manatzalleak, naiz eraman ditzala milla ta milla tiroren artera; ta, igesiari ez emateagatik, utziko dituzte beren buruak etsaien atzaparretan, edo geldituko dira an bertan erdi-lertuak, illotzak, edo besorik bage.

        Zergatik au onela? Soñeko zuri-tzar, urdin, edo ori bategatik, eta gosez iltzeko beldurrez bezala.

        Eta eternidadeko gose-egarritik iges egiteko, ta sekulako atsegin-kontentu guziak irabazteagatik, eramain ez dituzu zuk, zere Jaungoikoak laguntzen dizula, aisa ta emeki eraman ditezkeen bizitza labur bateko zenbait neke ta gurutze?

        Nekatzen da langille gaisoa goizetik arratseraño. Gaur egiten du lan bat, bigar bestea; ta biak ongi nekagarriak. Maneatzen du, artarako garaia datorrenean, bere lur gogorra; betetzen du au, aren bearrez dagoenean, galziñez edo karez; ta gañerakoan al duen ongarri guziarekin. Era onetan bere lurra prestatu ondoan, egiten ditu langille berak bere erreintzak, bere jorrak, eta bere gañerako lanak.

        Au guzia zertako? Gari zati bat, edo zenbait ale bildu naiez; ta askotan, ereiñ zuenik ere biltzen ez duela.

        Eta, laurdenik kostatu gabe, egin ditzakezula zuk, urtearen buruan ezezik, egunoro ere biltze arrigarriak, eta langille guzien gariak, eta Indietako bazterretan arkitzen diran ondasunak baño geiago balio duten irabaziak, sartu naiko ez dezu zuk zere egiteko orretan, jakiñik ere, dakizun bezala, nor dagoen zuri laguntzeko, edo Jesusek lagundu nai dizula, ori guzia bear den eran zuk bukatu artean?

        Baldin bazeneki zuk, ez dizula manatuko lurreko erregek ezin dagikezunik; lagunduko dikezula, zu bein erregeren gauzetan asi ezkero, baita asitzen ere; ta zuk aren gauz oriek egin orduko eman likezula errege berak, ezin asm-al adiñako pagua edo ondasuna, etziñake zu bertan, ta pozik alere, erregeren gauzak egiten abiatuko?

        Badakizu zuk au guzia zere Jesus maitagarriagandik; eta alere ez dezu zuk artu nai Jesusek ematen dizun zere gurutzea, edo Jesusen izeneko zerbait neke ta kezka; ez eta (Jesusi orretan atsegin egiten diozula) eternidadeko ondasunak irabazteagatik ere? Ongi nonbait liluratua zaduzkate lurreko zere erakeriak eta gauza txarrak!

        Idiki izkitzu orain badere zere begiak, eta artu zazu lenago au ez egiñaz, ta orregatik egin dituzun uts arrigarrien damu ziñezko bat; eta, berriz bat ez egiteko asmoarekin, errazu itzez ta biotzez: Nere Jesukristo, etc.

 

aurrekoa hurrengoa