www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (II)
Sebastian Mendiburu
1760, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Bigarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXXIV.garren OTOITZ-GAIA

JESUSEN LEGEA, ETA LEGEKO NEKEAK

 

        Ez da aski, bideko lapurrak edo bere etsai galgarriak batek garaitzea, zeruan sartzeko. Zerurako denak, ibilli bear du bere bidez, ta neke andiarekin alaere. Bai, dio Jesus maitagarriak, bai Gurutzezko bidea da nik daramadan bidea; ta, gurutzea soñean duela etorri bearko du nere ondoren nerekin batean zerura nai duenak. Math. 16. 24.

        Zer bide ote da Jesusen zerurako bide au? Jesus berak agertu zigun bere legea. Eta bideko gurutzea? Lege berak dakarren nekea. Gure Legeko neke au, bada; ta, neke onekin egiten diran irabaziak, dira oraingo otoitz-gaiean, ta urrengo zenbaitetan, ekusi bear ditugun gauzak.

 

 

A.

Agertzen digu gure Jesus maitagarriak
bere Lege berria, ta Legeko ibilera

 

        Bein baño geiagotan ere agertu zituen Jesus maitagarriak gure Legeari zegozkan anitz gauza; baña beingo batean, bildu zituen guziak bi gauzetara.

        Jauna (galdegin zion batek bein), ta zer da gure Legeko gauzarik andiena, edo bearren den gauza?

        Jesusek erantzun zion gauz onen gain, galdegilleak eta guk guziok jakin, ta egin bear dugun guzi-guzia, erraten ziola: Ori: bearren-bearren den gauza, ta lenbiziko lekuan zuk egin bear dezuna, da zere Jaungoikoa gogoz, biotzez, ta alde guzitara guztiz zinki maitatzea. Onen idurikoa da (erran zion bertan, ta oni zitxekola), zuk egin bear dezun bigarren gauza; ta orise da, zere buruari bezala, zuk zere lagun urkoari edo beste edozeini begiratzea: ta bi gauz orietara biltzen dizkitzut nik nere Profetak adirazi dizutena ta, zure Jaunaren Legeak dion guzi-guzia: In his duobus mandatis universa Lex pendet, et Prophetae. Math. 22. 40.

        Erakustearen laburra, Jesusen aldi onetako erakuste au! Ala da; baña, zein ere laburra den, orretan or arkituko dezu, zuk eta nik, biok, eta munduko guziok, egin bear duguna; ta, ori guk egin ezkero, egiten dugu gure Jaunaren Lege guziak, eta Jaun beraren Profetak adirazten digutena; bada Profetak diotena, ta gure Legeak eskatzen duen guzia da, guk, gure Jaungoikoari, gure lagun urkoari edo proximoari, ta gere anima gaisoari dagozten gauzak zuzen egitea; ta ori guzia egiñik uzten du bere Jaungoiko maitagarria ziñez onesten duenak, baldin denbora berean, bere buruari bezain garbiro ta zuzen, begiratzen badie lagun-urkoaren, edo besteren gauzei.

        Baña, aisa ta erraz egiten diran gauzak dirala uste dezu zuk, gure Jesusek gaur adirazi dizkigun gauz oriek biok? Ez orren aisa, ez! Badituzte, bai, gauz oriek beren lan-egitekoak, eta neke gogorrak. Neke gogor oriek dira, zeruko bidean dabiltzanen gurutzea egiten duten nekeak eta gauzak.

        Zerurako gure gurutze au, guri geren Jesusek ar-erazten digun gurutzea da; ta gabiltzan gu, edo ibilli gaitezen geren gurutze au arturik eta soñean daramagula, artzen du Jesusek berak berea, ta bere gurutze onekin dabillela, erakusten digu guri geren ibillera edo ibill-bidea, ta erakusten digu berak berearekin neke-luze-gogor arrigarriak daramatziela.

        Bai, Aita maitea, bai, erran izandu zion bere Ait-Eternoari gure Jesus maitagarriak (gizatasuna artu, ta bizitzen asi orduko) bai Ait Eternoa, bai: badakit nik, eta ongi alere, zer gauza ta lana den lenbiziko lekuan zuk orain nigandik nai dezun lana ta gauza. Gauz au da, nik zu ziñez, egiñal guzian, ta ezin zuzenago maitatzea; ta, ala nik zu maitatzen zaitudalako siñutan edo señalean, zuk nai dezun guzia bertatik asi nik, eta ill arte guzi-guzian, bear den eran egitea. Orretan nago ni, bai, nere Aita maitagarria; ta orretarako, ona non dadukan nik nere biotzaren erdi-erdian zure Lege onak diona; ta emen dadukat Lege onek dion eran ta denboran nik egiteko dion guzia, ta zuk nigandik nai dezuna.

        Nik badakit, bai, nere Aita Eternoa, (erraten dio Jesusek berak, aditu dugun au bukatu orduko); nik badakit, bai, ta ongi alere, zertara natorren ni, nere gizatasun au arturik mundura natorrenean. Mundura nator ni, munduko galduak zuzentzera; mundura nator ni, mundukoen zorrak ateratzera; ta mundura nator, munduko gizon-galduen ta zure artean bakeak eragitera: ta denbora berean nator, aldez nai duten munduko gauzei gure zerurako bide zuzen garbi bat arreraztera; itzez nik, eta lanez lenik agertzen diedala bide bereko sar-bidea, ta bidezko ibillera on zuzena.

        Au guzia, bada, beste anitz gauzaren artean, egitera nator ni, nere Aita ezin-maiteagoa, ta nator, guzi-guzia pozez beterik, eta atsegin andiarekin egitera; maite zaitut ala bada zu, zuk zerorrek dakizun bezala, ta, zuri dizudan amore andiagatik, maite ditut, eta agitz urrikari, zuk ongi naiez egiñak diran munduko galdu gaisoak, eta ori da orain nigandik nere biotzeko amore bazter-bagekoak eskatzen duena. Orra gure Jesusek lendabizitik ziona; ta orra zuzen-zuzen, ta uts egin bage gero Jesusek egin izandu zuena!

        Bada zenbat bere nekerekin egin izandu ote zuen gure Jesusek au guzia, ta guri erakustea geren Legeko ibillera zuzena?— Ez da erraz, ez, au guk nola-ere-bait gaur ezagutzea. Au guri erakusteko ziran, jaio zenetik bere gain asi arteko Jesusen neke guziak; eta ekusi dugu, zein anitz izandu ziran oriek, zein andiak eta zein arrigarriak!

        Etziran izandu, ez, batere laburragoak, gerozko irur urteetan Jesusek eraman zituen gos-egarriak, neke-izerdiak, eta biotzeko ai-ak eta kezkak: ez eta, aditu zituen baldankeriak, itz itsusiak, eta blasfemiak ere! ta orien artean ibilli zen Jesus, Lege berri bat erakusten, illak biztutzen, eriak sendatzen, ta eun milla ontarte ta fabore guziei egiten, esker gaistoak, istak, eta irriak baizik orien alde, geienetatik beintzat, artzen etzuela; ta azkenean artu izandu zuen, bere ondasunez bete zituen eskuetatik, ar zezakeen traturik gogorrena, ta eriotzarik bide-bagekoena!

        Eta zergatik au guzia, ta Jesusen gañerako lanak eta gauzak? Adirazi dugunagatik, edo, bere Aitari zion amore andiagatik, eta guri guzioi ongi naiez.

        Bai, dio san Joan ebanjelariak; bai, beti maitatu izandu zituen gure Jesusek munduko gaisoak; baita bere Pasioneko tranzerik gogorrenean ere, ta bere ill arte guzian; ta maitatu zituen, bere Aitari zion amore andiagatik.

        Eta, bai, dio Jesus berak ere; bai, ezagu dezan mundu guziak, zein maite dudan nik nere Aita Eternoa, ta onen amoreak niri eragiten didana, ots, emazue (erraten die bere Apostolu maiteei ostegun santu arratsez), ta goazen emendik.

        Nora, uste dezu? Jetsemaniko baratzera. Zertara ote? Aratzen denetik illotza gelditu arteko denbora guzian, odolezko izerdiz, neke gogorrez, ta era askotako penaz ta tormentuz beterik bizitzera.

        Bizitzaren arrigarria, ta amorearen andia, Jesusek bere Aitari dion amorea, ta amore onegatik daraman bizitza! bada Jesusen biotz onetako penak eta nekeak, neke ta pena, guk adirazi alak baño agitz eta agitz andiagoak eta arrigarriagoak izandu ziran; ziran alabaña, sulezeko etsaiak, eta munduko gaistoak asmatu al zituzten nekerik gogorren-gogorrenak; eta ziran neke-pena, beren gogoratze utsarekin Jesus maitagarri-Jaungoiko-gizona odolezko izerditara, ta eriotzeko tranzeraño eraman izandu zutenak; eta neke-pena, milla tormentu gogorren buruan bizia galdurik, eta odolik bage, gure Jesus utzi zutenak! Eta guzi-guziak eraman zituen gure Jesusek, bere Ait-Eternoaren ta gure amoreagatik; eta gure Legeko ibilera guri erakutsi naiez, edo guri arrerazteagatik geren Legeko neke-penak, eta lagun-urkoen, ta geren Jaunaren amorea. Ekusten dezu zer bizitza, gure Jesus maitagarriari, bere Aitaganako, eta guri ere izandu zigun amore bazter-bagekoak arrerazi izandu zion bizitza!

        Eta au onela den ezkero, den bezala, nork ez ditu artuko Jesus beraren izenean, ta onen amore andiari erantzuteagatik, onen andiak ezpadere, al dituen neke ta pena guziak? Artu bear genituke, bai, ongi izatekotz, gure Erakusle on, nere Jesus maitagarria! Baña oraindañokoan beintzat, oriek ezezik, orien laurdenak ere artu izandu ez ditugu guk era orretan ta zure amore andiari erantzun naiez; ta, artu, edo eraman ditugunak ere, eraman izandu ditugu bortxaz bezala, ta zuganako amore andirik artan agertu bage. Besterik izain al da datozen denboretan? Nai nuke beintzat, Jaungoiko maitagarria, zuk zerorrek artan laguntzen didazula, nere Jesus maitagarria. Ala gerta dedilla, bada; bai, arren, bai!

 

 

B.

Gorputzaren nekagarria da
gure Jaunaren Legeko ibillera zuzena

 

        Gaiztaturik utzi ginduzen gu, ta gaitz aldera guztiz makurtuak, lenbiziko gizon Adanen bekatu loi-galgarriak. Orregatik neke andizko lana da gu geren zeruko bidean zuzen ibiltzea. Au guk argiro ekusteko, aski dugu geren ibiller oni zerbait konturekin begiratzea, naiz begira dakiola gorputz nekakor gaisoaren aldetik, naiz animarenetik. Egin dezagun orain geren lenbiziko begiraldia gorputzarenetik, eta ekus ditzagun Jaungoikoaren Legeko ibillera zuzenak edozein gizonen gorputzari arrerazten diozkan nekeak.

        Betor, nai badu, mundua mundu denetik mundura den gizonik sendorrena, ta osasunarik onena duena; betor, ta bizi bedi munduan den bazterrik edo lekurik onenean, ta nai adiña ondasun ta munduko gauza beti berekin dituela; ta alaere ez da biziko, ez, naigaberik ez duela, ta nekerik gabe.

        Bazabilzke, bada, nai dezun bezala, ta bazoazke gogoak ematen dizun aldeetara edo tokira, baña, nekez beterik bizi bearra zara zu, dio Tomas Kenpis deritzan gizon andi jakintsu birtutezkoak. Egin dezakezu zuk zere gogoak ematen dizun guzia; zuzen ditzaketzu zuk zere gauzak, ongien-ongien deritzazun eran; izain dezu ala ere, bai, neke ta neke. Itzul zaitez, itzultzeko gogoa datorkizunean, gañeko aldera; itzul zaitez gero azpiko aldera; edo bein zoaz kanpora, sar zaitez zere barrunbera, ta egizu aldian zere alegiña, zere buruari atsegin egiteagatik; eta ala ere bazter guzietan arkituko dezu zuk zere nekea, ta zere gurutzea; ta non-nai bearko dezu zuk zere nekezko umiltasuna ta bakea, bizi nai badezu asaldaziorik gabe, ta irabazten dezula zere zeruko gloria. lib. I. c. 22.

        Bai egiazki, bai! ta, siñes dezazun aditzen dezun au, begira egiozu goizetik arratseraño, ta zere bizitza guzian zuk daramazunari: baña begira egiozu saiets guzietatik, eta beinik bein zere gorputzaren eritasunen aldetik.

        Ill-bearra den gorpuzezkoak gara gu geren pekatu etorki, edo orijinalagatik; eta ez da besterik bear, dio san Agustinek, jaio giñanetik minkorrak eta eriak izateko gu guziok.

        Jaio orduko, negar ta negar ari da aurrik sendorrena; ta ordu beretik bere burua ederki nekatzen duela dago aur gaisoa. Ez dira bukatzen, ez, beraren jaioberrian, aurraren orduko negar-marraskak; negar ta marraska dago gerozko illetan ta illetan ere, edo gau egun, ta beti, edo beintzat anitz aldartez ta denboraz. Aur beraren negarrak gogorragoak dira ortz-agiñen atera-orduetan: ta len, ta gero, negarrez adirazten du aur-gaisoak zer duen ezpada ere, bai duela miñen bat edo beste. Eta ez da au, san Agustinek dion bezala, jaiotzen deneko, bat eritzen abiatzea edo astea?

        Eta ez dirau, mundura datorrenaren eritasun onek, beraren bizitzak adiña? Non arkituko dezu zuk zer edo zer gorputzez, emen bizi den denboran, ez daramanik? Ez dautza guziak sukarrez erretzen, edo tabardilluz erdi lertuak, ez. Ez dabiltza guziak, ez eta laurdenak ere, erdi ustelduak, edo oñak ezin jaso dituztela. Ez dabiltza besorik gabe, ta zurezko oñarekin; ez eta begiak galdurik edo arrastan ere. Baña zenbat gizon, edo emasteki arkituko dituzu zuk, noiz edo noiz zerbait ez dutenik? Zenbat; beren aldarte gaistoak ez dituztenak? Zenbat, zenbait aldiz beintzat, gaizkitzen ez diranak? Zenbat, buruko, ortzetako, agiñetako, edo begietako miñik gabekoak? Zenbat, eztarrian, sabelean, eskuan, edo non-edonon miñen bat, gaitzen bat, edo zerbait izan oi ez dutena? Bada, buruko mintxo bat ere ez dutela erran oi dutenak, berak eritasun andirik bage bizigatik, izaten ez dira zer edo zer ekusi gabe: ta orregatik erran diteke Senekak diona; eritasuna da gure bizitza. (zein nekezkoa!) Haec vita est morbus perpetuus. Ep. 76.

        Ala ere, ez da eritasuna guri geren gorputzaren aldetik datorkigun nekerik andiena: andiagoak dira beste zenbait izan oi ditugun gure neke, eta, orien artean, gauzen bearra ta gabea.

        Guzien-guziena dutenak berak ere ez dute, beti beintzat, ez, berak nai adiña; ta zenbait aldiz, bear duten, edo nai lukeen zer edo zer gabe, dira; ta aldi orietan, nai lukeena erditsi naiez, billatzen dituzte berak ez diñakoak ere.

        Orrenbat ez dutenak, zorpean dautza geienean, edo arrastan bezala dabiltza; ta, beren bearra estali naiez, jan-edan laburrak egiten dituztela, ta, ori estaltzeko, irabazi zerbait egin naiez sartzen badira jokoan, tratuan edo egitekoren batzuetan, buruak autsirik doaz askotan beren itxera, edo kaltear, ta len baño ere agitz gutiagorekin, ta beren gorputz nekatia ongi nekaturik daramatela.

        Gañerakoak, gau ta egun ongi beren buruak nekatugatik, doi-doia biltzen dute bear dutena; ta geienak soñean eskas dabiltza geienean, ta zorrak ezin atereak, umeei bide onik ezin emanak, bear dutena ezin arkituak, eta milla izerdik eta kezkak egunoro urratzen dituztela. Orregatik zion Diogenes zeritzan gizon jakintsuak: ez da, ez eritasun txikia gauzen bearra, ta gabea; edo ori neke arrigarria da.

        Baditu gorputzak beste nekeak ere; ta, oraindañokoak bezain gogorrak. Orietatik dira eguraldien, lagun-urkoen, edo beste zenbait gauzen aldetik artu oi dituenak. Otzak batzuetan, ta beroak zenbait aldiz, ematen diozka urtean gorputz nekatiari nork daki zenbat neke ta naigabe; ta, bear bada, eriotzeko ordurañoko daraman eritasuna. Lagun urkoak, edo auzokoak, etxekoak edo erbestekoak, eragiten diozkate gutatik bakoitzari nai ez litukeen zenbait gauza ta neke; ta guzia da gorputz-ezur minbereen gain.

        Oriek ezezik, gañerako gauzak ere gorputz nekakorraren kontra edo gain izaten dira. Batetik bertzera dabillenean, ezpadabill geldi, kontuz, ta erne, urratzen du bein bere soñekoa, bein burua, odoltzen diozka oñak bere beatztopak, eta eskua kanibetak edo nabalak; eta ez du saietsik, ez du burutik oñetaraño lekurik, miñ ar ez dezakenik. Eta zenbat dira, gorputz minbereak artzen dituenak, eta zenbat orien artu-aldiak?

        Orra gorputzaren aldetik bati datorkion gurutze-zatia, edo neke gogorra. Neke-zati astun pisua; ta, gogoz artzen ezpada, ta gure Jaungoiko maitagarriaren izenean, agitz pisuagoa ta agitz astunagoa! Eta, nolakoa nai dela, ontzat artu bear dute, ta Jesusen amoreakgatik, Jaunaren legean zuzen ibilli nai dutenak.

        Zorionekoak gu geren neke guzien artean bagabiltza Jesusi begira, ta Jesusen eran guziak eraman naiez; ta, ala eramateko Jesus berari bere laguntza eskatzen diogula; bada, ori guk zuzen ta beti egitera, aisago eramain ditugu geren nekeak; eta eramain ditugu, zerurako irabazi andiak egiten ditugula.

        Nere eskuan dago, ori guzia bear den eran gaur bertatik nik egitea: bada norinai erakusten dio Jesus maitagarriak, nola eraman dezaken, anitz nekatu gabe, bere gurutze zati au, edo bere gorputzaren aldetik datozkian neke guziak; eta, ongi eskatu ezkero, ematen dio Jesusek, den errumesenari, den txarrenari, ta edozein-edozeini ere, oriek bear den eran eramateko bear duen laguntza ta grazia. Indazu arren niri ere, nere Jaungoiko maitagarria, ta saiatuko naz ala nik nereak eramatera. Indazu bada, bai arren, bai!

 

 

C.

Animaren nekagarria da
gure Jaunaren Legeko ibillera zuzena

 

        Baditu, bai, animak ere, zeruko bere ibillera zuzenean bere neka-moduak; eta neka-modu gorputzarenak bezain gogorrak, baita agitz eta agitz gogorragoak ere. Neka-modu orietatik zenbait anima nekakor gaisoari kanpotik sartu oi zaizkan neka-moduak dira; beste zenbait bere baitatik edo barrendik datozkionak dira; eta guziak dira, anima guzia ongi naigabetzen duten nekamoduak, artzalle gaisoak guziak ez artzera artu bear diran aldetik, bidez, ta eran.

        Anitz aldetarakoak dira anima gaisoari kanpotik sartzen zaizkan nekeak. Nekatzen dute anima, ta penatzen dute beinik bein gorputzaren miñak, gorputzaren eritasunak eta oñazeak berak; arkitzen da alabaña gorputzarekin bat egiña anima gaisoa; ta arkitzen da, den guzia gorputz guzian; baita gorputzaren edozein parte, zati edo lekutan ere; ta, an arkitzen ezpaliz anima, illa legoke, ta oñazerik ezin ar lezaken eran, gorputzaren edozein zati, alde, ta leku.

        Eskua badabil batetik bestera; emendik ara igitzen badira oñak, belaunak, begiak, betazalak, eta gorputz guzia, guzien barrenean arkitzen den animak bizturik, eta beraren erabilliz darabiltzanak dira; ta orregatik animari zor diote guziak beren ibillera ta beren bizitza.

        Gorputzaren zati bakoitzari ongi naiez dago, zati bakoitzarekin bat egiñik arkitzen den anima; ta guzien ona nondik erditsiko duen dabill gau, ta egun, den guzia; ta ongi dabiltzanean, ta nekerik gabe, gorputzaren aragi-ezurrak, zain-muñak, eta gañerako gauzak, aisa ta pozez beterik arkitzen da anima; baña orietatik edozein neketan ekusi orduko, nekatzen da den guzia, ta artzen du bere gain animak gorputzak daraman nekea, miña, edo oñaze-aldia.

        Gisa berean artzen ditu bere gain animak, edo nekatzen dute anima, gosetik, egarritik, gabetik, otzetik, berotik, elementatik, edo edozein beste gauzetatik gorputz nekakorrari datozkion lan gaistoak edo naigabeak; bada bizten duenetik, eriotzak biak banatu artean, guztiz maite du animak gorputza, gorputzarekin bat egiñik dago, diogun bezala, ta ezin ekusi du, naigabetu ta penatu gabe, gorputzaren naigaberik edo penarik txikiena ere. Orregatik bada, animari sartzen zaizkan kanpoko nekeetatik dira, gorputzak izan oi dituen neke guziak.

        Neke oriek ezezik, sartzen zaizka anima gaisoari beste anitz ere: ta sartzen zaizka, sartzean beintzat, batere gorputza naigabetu bage; bada berri gaistoak ez diote kalterik egiten gorputzari, gorputzaren bearritik animara sartzen diranean; ta alere, sartu orduko damuz beterik uzten dute berri gaistoak anima gaiso damukorra.

        Aditzen badu batek ill zaiola maite zuen bere aita, bere semea, edo bere aidea, ez du miñik artzen berri oni sar-tokia ematen dion bere bearrian; baña naigabezko berri au barrenera orduko, illuntzen zaio bere biotza, ta gelditzen da animan tristuraz, ta naigabez ongi-ongi betea.

        Berebat gertatzen zaio, aditzen duenean ezurrak autsirik datzala beraren beia, idia, edo itxekoren bat, edo beste. Orobat agitzen zaio, ikasi ezkero izotzak, arriak, aizeak, edo agorrak eraman diozkala bere zelai-alorretako, bere sagardietako, bere baratzeko, edo ardantzeetako ta mastietako gauzak; baita aditzen duenean ere lapurrak eraman dituztela gorderik zeduzkan diruak; itsasoan ondatu dirala Indietatik uste zituen ondasunak, galdu duela zekarren auzia edo pleitoa, umearen ezkontza, edo aidearen ondra; erre zaiola etxe guzia itxeko bere gauza guziekin; ustu zaiola kupela oartukabean, edo galdu duela an zedukan edari guzia; ill zaizkala onenbat edo anbat ardi, bei, edo ganadu; edo gertatu zaiola bertze edozein kalte ta malur. Berri orietatik bat, edo beste, aski da aldian anima kezkaz ta naigabez beterik gelditzeko.

        Ala ere, urrutitik datozen berriak dira berri oriek: eta, orrelakoak baño geiago nekatzen dute anima nekakorra bertan ekusten ta aditzen dituen naigabezko gauzak.

        Egiten badizu batek, begira zagozkiola, ista, ta burla, edo begiratze zorrotz edo gogorren bat, bere-bereala naigabetzen zaitzu zere barrena, edo zere anima; ta naigabetzen zaitzu, urrutitik egin dizula aditzen bazenu baño agitz geiago.

        Agertzen badizu nork edo nork zere odoleko zikintasuna, lenagoko zere txarkeria, zere ebastea, zere lan gaistoa, edo ibiltze lizuna, zere gabea, zere zorra, zere gezurtikeria, edo beste zere zer edo zer, alketzen zara, zaran guzia; gelditzen zara mindurik bezala, ta sutan dadukazula zere barrena edo anima; ta, Jaungoikoak daki noiz kentzen den orduko zure ezinegona ta mindura latz-gogorra.

        Orra zenbat penatzen duten anima gaisoa, gorputzaren nekeak, kanpoko berriak, eta egiten zaizkan, edo erraten diozkaten, beste txarkeriak. Baña ez dira oriek, ez, animaren neke guziak; baditu geiago ta geiago ere; ta, ez batere oriek baño ariñagoak.

        Orietatik zenbait bere gogo arin nasiak arrerazten diozka anima nekakorrari. Gogoak ematen badio zerbait billatzea, ez du onik animak ura non-ere-bait arkitu artean; ta, arkitzen ezpadu, naigabez betezen zaio bere biotza, ta bere gogotik ezin iutziz dabill orduko bere illuntasuna.

        Jartzen bazaio bein bere gogoan anima gaisoari, irri egin naiez dabiltzkiola zenbait, egin diotela bidegabe au edo bertzeren bat; kendu diotela, berez bezala zetorkion egitekoa, gauza edo onra, edo, nondik galduko duten, dabiltzkiola au edo ura, edo besteren batzuek, alakorik ez izan arren, damuz, tristuraz, ta bendekurako asmoz betetzen zaio bere burua; ta nork daki nola dabillen asko denboraz; ta, bere barrena palakatu naiagatik, ezin burutuz ibilli oi da gau-egun, ta anitz aldartez.

        Gogoratzen zaionean etorkizuna, umeen aziera, edo ezkon-bidea, zorren premia, irabazbidearen laburtasuna, zordunekiko jardukitzea, gau-ta-egun nekatu bearra, edo betiko lan-izerdi-neke ta arrasta, nai-ta-ez kezkaz betetzen zaio bere anima.

        Bada zer izain da oroitzen denean bat leneko bere ibilleraz, leneko bere urrats edo pausu galduez, bekatu zikiñez, ta oriei dagoten sulezeaz? Ai ene! errain du orduan animak (eta egiaz alaere): ai nere eroegia! Ona zertan nadukan zentzugabeko nere bizitzak! Irriz, ta farraz galdu izandu ditut nik nere Jauna, ta Jaunaren grazia; ta galdu izandu ditut nork daki zenbatetan! Egin dut, bai, nere gauza galduak bildu naiez, zer edo zer! Baña bildu ditut nik bein ere! Barkatuak arkitzen ote dira oraindañoko nere txarkeriak eta oben-kulpa? Ez ote naz oriekgatik ni erre, ta kiskildu-bearra beti ta beti sulezean?

        Onelako beldurrak, eta adirazi ditugun gogorazioetatik datozen kezkak, gañerako nekeekin batean, ekusi zazu zer nekeak diran, edo zein arrigarriak anima nekakor minbere gaisoarendako!

        Ala ere, ez dira dituen guziak; baditu alabaña anima bekatariak beste nekeak eta nekeak ere: ta neke, Legeak dion eran ibiltzeko, emeki berak eraman bearrak. Orietatik batzuek bekatuen zorretatik datozenak dira, ta beste zenbait bekatu beren aztura gaistoetatik datozenak.

        Bere bekatuak anima bekatariak konfesatuagatik, eta ongi konfesatu arren, barkatu ez oi diozka Jaungoikoak bekatuekin batean, bekatu beren zor guziak. Eta bere bekatu barkatuen zor oriek atera bear ditu animak ilduraz, konfesio berriz, nekez, baruz, negar andiak egiñez, mezaz, edo lan nekagarri zenbait egiten dituela: ta, ala ez ateratzera animak, bere gorputzean bizi den artean, erretzen, ta erretzen egon bearra da Purgatorioko su arrigarrian, zorrei dagoten denbora guzian: ta, naiz bataz, ta naiz besteaz oroitze utsak ere nekatzen du, dakusazun bezala, anima gaisoa.

        Baña emengo nekez ta lanez atereagatik anima bekatariak bere bekatuen zorrak, ez ditu bukatzen bere neke guziak.

        Erdoiturik bezala uzten dute bekatuak anima, ta aztura gaistoz zikindua, edo gauz onetarako erdi trabatua bezala, ta, aztura oriek kendu artean, neke geiago du animak bere gauz onetan: ta, aztura berak kentzea neke andia da anima gaisoarentzat: ez dira alabaña aztura gaistoak sugearen gañeko larrua bezalako soñekoak (alakoak izatera, beingoan utz litzake animak, sugeak arritartean bere larru zarra bezain aisa); Adanen bekatutik beren sustraiak dakazten elorri gaistoak dira animaren makurrerak eta aztura gaistoak; eta elorri, anima ongi artua edo inguratua dadukatenak. Ekasi zazu bada zenbat kostatzen zaion animari, oriek kendu, ta garbirik gelditzea; ta zenbat, adirazi ditugun neke ta naigabe guzia eramatea!

        Bada, guziak daramatziela, bere Jauna maitatuz; ta onesten duela, bere burua bezala, lagun-urkoa; ta, gauz oriek guziak eskatzen dituzten nekeak bere gain artzen dituela, ibilli bear du animak, zuzen ibiltzeko, bere Jaunaren Legeko bidean. Eta ekusten dezu, zein andiak diran orrelako nekeak! Oriek dira bada, ta orrelakoak, zerura nai duten anima gaistoak eraman bear dituzten nekeak; eta neke oriek, gorputzaren nekeekin batean, dira Jesusen ondoren dabiltzanak eraman bear duten gurutzea egiten duten nekeak. Neke ta gurutze berez gogorrak; baña, Jesusen amorez ta beraren ondoren eramaten dituztenendako anitz arintzen diran neke-gurutzeak. Zabiltza bada, ori zuk zere soñean daramazula, ta ekusiko dezu zein egia den orain aditzen dezun au.

        Ala ibilli ote naz ni nere oraindañoko denboran? Ez ote dut urratu nik bein ere nere Jaunaren Legea, nere buru au, era orretako neketan ez ekusteagatik? Txarkeriari txarkeriz erantzuteagatik? nere gogo galduari atsegin gaistoren bat egin naiez? edo neronek dakidan beste bideren batetik? Ala bada, aurtiki dut nik, eta bota nere gurutze ona; utzi izandu dut nik zeruko nere bidea, ta Jesusen igesi ibilli izandu naz ni, eskergabe galdu galgarriaren eran!

        Zaude bada, nere anima, zaude zauden lekuan; itzul zaitez lenbaitlen Jesus maitagarriaren nekezko, edo gurutzezko bidera; ta artu zazu bide au, berriz ez uzteko, ta bideko lauak Jaunaren gogora, ta beraren Legeak dion eran egiteko asmoan. Bai, arren, bai!

 

 

Ingrediatur putredo in ossibus meis,
et subter me scateat,
ut requiescam in die tribulationis,
ut ascendam rrie.tiraua in (lie tribulationis,
ut ascendant ad populum accinctum nostrum.

Habac. 3. 16.

 

        Ezaguturik Abakuk Profetak gure Jaunaren izeneko nekeen ondasuna, betor, zion, betor, nai badu, eritasunik andiena; betor aldarterik gaistoena, ta sar bekit ezur-muñetaraño, ta geldi bitez nere ezur-aragi-muñak materia, ta usteltasuna dariela; ta geldi bitez denbora berean ar egiñak nere gorputz guziko zañ-aragiak. Gis-orretan ekusten baditut nik nere zañ-aragiak, eta nere buru guzia, laster aski nik goratuko ditut, bai, nere bi begiak; eta eskatuko diot, onenbat neketan nadukan nere Jaungoiko maitagarriari, bere laguntza ta grazia; ta, nik nere Jaungoikoaren laguntza-graziak erditsi ezkero, ais-aski jasoko ditut, bai, nere neke-gurutzeak, ais-aski eramain ditut nik nere miñak, nere oñazeak, nere usai gaistoak; eta nere neke guziak; eta, era orretan arkitzen nazanean ni, izan uste dut nik nere atsedeterik onena; ta, emen geroz niri nai dena agitu, edo gertatuagatik, azkenean igan uste dut nik gure lagun onen, ta gure Jaungoikoak nai duena zuzen egiteko prestaturik arkitzen diran zeruko Aingeruen artera; an, kezkarik gabe ta atsegin garbiz beterik eternidade guzian, nai bezain ongi, ta agitz ongiago, bizitzera.

        Orra, Jesusen ondoren ibiltzea zer den dakitenen mintzoa ta itzketa: baña itzketa ta mintzo, munduko eroak aditzen ez dutena.

        Aditzen ote dugu, zuk eta nik biok, bada ere? Ote dakigu guk, gure, gorputzaren eritasunak, gure begietako miñak, gure oñen beatztopak, eta gañerako gure gaitzak dirala, gu zentzarazteko, gu zeruko geren bidean sarrerazteko, edo, an sartuak arkitzen bagara gu, geren arrotasunak utzirik, ibilli gaitezen umil-umilki, guztiz biziro, gure Jesusen eran, ta Jaungoiko maitagarriak nai dituen gauzak baizik egiten ez dugula? Eta bagenekien guk, era orretan dabiltzanak dirala zeruko Aingeruen lagun egiñik gelditu bear dutenak, eta zerubereko atsegin-kontentuz beti-beti aserik biziko diranak?

        Nik ez dakit nekien, edo ez, orrelakorik! Orain nik dakidan guzia, ta ekusten dudana, da bizitu nazala ni, gauz au jakin ezpanu bezala, lasai, ta nere eritasun ta neke guzietatik, edo zenbaietatik beintzat, izurri utsa ta kalteak baizik ateratzen ez nituela!

        Eroaren ibillera, ta nekeak artzea, oraindañoko nere nekatze ta ibiltze galdua! Ez ote dut utzi bear gaurgeroko nere denboretan? Ez ote dut artuko Abakuk Profetaren ibillera, ta nere Jesusen bidea? Bai baldinbere! Nai nuke beintzat zuk, nere Jesus maitagarriak, laguntzen didazula! Lagun zakizkit bada, ta sendorki ala ere: bai arren,bai!

 

 

Per multas tribulationes
oportet nos intrare in regnum Dei.

Act. 14. 21.

 

        Eritasunik bage gorputza dagonean ere, izain oi ditu biotzak bere premiak, bere kezkak, eta bere naigabe-moduak. Erbestetua edo desterratua, ez da nekerik bage bere erriratzen. Paradisutik erbestetu ginduen gu Adanen bekatuak; eta ez gara gu Paradisurako, edo ez gara zerurako, nekatzen ez garala! Gure leneko bekatuak eskatzen dute kezka ta nekea; ta egunoroko gure zor berriei badagote beren neke ta kezka-modu berria. Nekez beterik bada, ta bide gogorretatik, igan bear dugu guk zeruko atsegin-kontentu tokira.

        Nekatzen zaituzte zu, nere anima, tentuz etsaiak, txarkeriz mundukoak, eta zere gogoetak naikunde errebes makurrekin? Ori da bada zure zorrei zor zaiena; ta ori, zeruko bidean dabillenari gertatu oi zaiona: bada gertatu zitzaion Jaungoiko-gizon Kristo Jaunari ere.

        Bai, dio S. Pablok; nekez beterik dago zeruko bidea; ta emendik baizik ezin zerurako da bat ere. Bai, zion Dabidek ere, Jaunaren Legea zuzen bizi diranen nekeak eta kezkak, kezka neke gogorrak dira. Estutasunaren, gabearen, ta premiaren suak erretzen ginduela batzuetan, ta beste zenbait aldiz txarkerien, naigabeen, ta kalte arrigarrien urean erdi itoak ibilli gara, Jaunari atsekaberik ez egin naiez. Orra san Pablok eta Dabidek diotena.

        Eta zer ote dio gure Jesus maitagarriak? Estrata mearra dela, dio, zeruko bidea. Bai, ta sasiz, arantzez, urrats edo pausu gogorrez ere dena betea! Poliki gabiltzala bada, ta gure Jaunaren izenean artzen ditugula emengo geren odoltzeak, emengo miñak, eta emengo gaitzak, igan bear dugu guk, igatekotan gu gure Jesus dagoen tokira, edo igan bear dugu guk, emeki ta pazienzian artzen ditugula gure etsaien aldetik datozkigun nekeak.

        Orretan nago ni, nere Jesus maitagarria! baña lagun zakizkit bortizki zuk nere etsai galgarri gaistoak garaitzen, ta, jaso bear ditudan neke guziak eramaten. Bai arren, bai!

 

 

Attendite, et videte, si est dolor, sicut meus.

Thren. 1. 11.

 

        Jesus maiteak, gure Maisu egiñik, erraten digu bere bizitza guzian, ta lenago baño agitz argiroago azken aldian, edo gurutze batean iltzatu zuten ezkero, odola zeriola, illtzeko zegoen puntuan: Begira, erraten digu: begira, nere ondoren etorri naiez arkitzen zaraztenak: begira niri; ta begira burutik oñetaraño: ta begira bein, ta berriz, ta geiagotan ere; ta begina niri aldian, astiz baño ere astizago. Gis-onetan begiratzen badidazue niri zuek, arkituko nazue zauri ta llaga egiñik burutik oñetaraño, nazan guzi-guzi au; arkituko dituzue batetik bestera burdiñez zulatuak, eta odol bizizko iturri egiñak nere oñ-eskuak: eta arkituko dituzue arantzez urratuak nere bi loak, nere kopeta, ta inguru guzian nere burua!

        Ekusten dezu, zuk, anima nerea, zein andiak ziran, zein gogorrak ziran, eta zein arrigarriak, Jesusen aldi onetako nekeak eta oñaze biziak? Ekusi uste dezu orien erakorik, orien idurikorik, edo orien parerik?

        Nola arkitzen ote da gure Jesus orien artean? Nola ote darama gure Jesusek, oriek egiten dioten gurutze nekagarria?

        Naiez ta gogoz; guztiz emeki ta bere Aitaren amoreakgatik, eta gure onerako; ta bidenabar bere eramate ederrarekin erakusten digula nola guk eraman bear ditugun geren neke-gurutzeak, edo gorputzaren aldetik eta animan izan oi ditugun neke ta naigabe guziak.

        Egin uste dezu bada zuk, nere anima, Jesusek aldi onetan erakusten dizun ta, ongi izatekotz, zuk egin bear dezun zere lan on au guzia?

        Baietz uste dut, Jesus berak laguntzen didala: ta arin baño ariñago ibilli naiez nere lan au egiten, ta nere Legeko bide nekagarri zuzen onetan, utzi naiez nago nere oben-kulpa guzien kargatzar astuna; ta orretarako, ta bertatik ken diezadan, dagikenak bezala, alik zinkiena erratera noakio nere Jesus maitagarriari: Nere Jesukristo, etc.

 

aurrekoa hurrengoa