www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (II)
Sebastian Mendiburu
1760, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Bigarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XLII.garren OTOITZ-GAIA

ZAZPIGARREN DOATASUNA:
BAKEDIA

 

 

Beati pacifici: quoniam filii Dei vocabuntur.

Ibid, c. 9.

 

 

Doatsuak, eta zorionekoak baketiak,
bada oriei eman zaie
Jaungoikoaren umeen izena

 

        A.

 

        Jaungoikoaren umeen izena izen andia da, anitz balio duen izena da, ta neke andiekin irabazten denean ere, aisa ta merke aski irabazten den izena. Ala irabazten dute berak anditu ondoan, Jaunaren manuak zuzen-zuzen, ta bear den eran, egiten dituztenak; eta besteen artean, baketiak.

        Aur bataiatuberriak ere badute Jaungoikoaren umeen izena; baña orien izen ori, Jaungoiko berak doiarik ematen dien izena da; ez izen oriek berak irabazia. Guk orain billatzen dugun, ta ekustera goazen Jaungoikoaren umeen izen au, adiñetara diran bataiatuen izena da, ta izen, oriek beren lan onekin irabazia.

        Jaungoikoaren umeen izen au irabaziko dutenak, garaitu bearko dituzte beren etsaiak; gerra da alabaña, Job Santuak dionaz, lurreko gure guzien bizitza; ta Apostoluak dio, ger onetan garaitzen ezpadituzte, edo galduak ezpadarabilzte, ta azkenian bazala, beren etsaiak, ez dutela iñola ere irabaziko gizonak Jaungoikoaren ume, zeruaren irabazleen izen au, ta izen onen ondotik datorren zeruko gloria.

        Irabaz ditzagun, bada, guk, izen on eder au, ta izen berari darraikon beti-betiko zeruko gloria, saia gaitezen izen onek eskatzen dituen gauzak egitera, ta gerra bizira; ta ekus dezagun zer gerra den gerra-modu au; ta nola egiten diran ger onetan, etsaiak garaiturik, izen andi au irabazteko egiten diran egitekoak.

        Laur etsai-aldi dira Jaungoikoaren umeen izena erditsiko dutenak garaitu bearko dituzten etsaiak; berekikoak batzuek, edo beti-beti berekin dituztenak; eta gañerako guziak kanpokoak.

        Anima bakoitzak berekin dituen etsaiak dira, bere gorputza beinik bein, edo bere zain-ezur-aragi, bekatu etorkitik dena nasia; ta, aragi beraren nasieratik datozen galtzerako makurtasuna ta tirrikazioa. Anima beraren berekiko etsaiak dira, tirrikazioz suturikako pasioneetatik datozen azturak. Etsai oriek dira, anima gaisoak, beren gorputzetan arkitzen diran denboran, bat-batean ez izan arren, gutika-gutika badere garaitu ta eskura ekarri bear dituzten etsaiak; eragiten diela, niola ere berak nai ez lukeena, baña adimentuak, edo buru onezko ekuste garbiak agertzen diena, ta gure Jaungoiko maitagarriak bere Lege, ezin-zuzenagoan agintzen edo manatzen diena. Ori oriei eragiten dienak (naiz eragin dakiela bortxaz bezala, edo beren gogo gaistoaren, edo makurreraren kontra) egiten dute alde onetatik egin bear dutena; garaitzen dituzten beren lenbiko etsaiak; eta Jaungoikoaren ume baketien izenaren ondoren ongi ta zuzen dabiltzanetatik dira.

        Izen au irabazi-naiez dabiltzan animen etsai bigarrenak dira, beren lagun artetik otortzen zaizten, edo letozkien, naigabeak eta txarkeriak.

        Badakizue zuek zer egin etsai-era oriek aisa garaitzeko? Bai: san Pablok guzioi argiro aski adirazten diguna.

        Baña zer adirazten digu guri geren Apostoluak, etsai oriek guk aisa garaitzeko? Aserre gaudenean, bakeak egitea; baketan arkitzen garan denboran bati ere erriertarako biderik ez ematea; naigaberako biderik ez oni, ez ari, ta ez besteri ezartzea: norbaitek guri ematen digunean, ez dagokigun bazterren batetik, eta, uste ez genuen txarkeriarekin, ezpaliz baño geiago, orri ez-begiratzea; gertatzen zaizkigun, besteren utsegite ta bidegabe guziak, geren Jaunaren izenean, ta gure onerako datozen ondasunak bezala pozik artzea, oriek egiten dizkigutenei, ta nori ere nai begi onez begiratzea; ta egin al ditugun on guziak guziei egitea. Au egiten dutenak aisa garaitzen dituzte beren bigarren etsaiak, eta Jaungoikoaren bakezko umeen izen ederrak erdisten dabiltza. Ala ote zabiltza zu ere? Bai? Bada ez da zer gelditu, ta erditsiko dezu zuk ere Jaungoikoaren ume baketiaren izen billagarria.

        Izen au guri galerazi nai diguten irurgarren etsaiak ere geren lagunen aldetik datozkigunak dira; bada dira lagunen erriertak, lagunen aser-aldiak, lagunen elkar ezin-ekusiak, lagunen auziak, lagunen bendekuak, lagunen txarkeriak, oriek ematen dituzten erran-bideak, eta orien beren makur-ibillerak.

        Oriek guziak, eta era bereko beste gaistakeriak ere zure etsaiak dira.

        Badakizu zergatik? Zeren kendu oi duten lagun urkoen arteko bakea, ta grazia; ta zeren zuri ere, beren alegiñean, kentzen derozkitzuten zeruko bideko zere lagunak, eta Jesusen bidetik aterarik, eraman nai zaituzten sulezeko gaistoen bide zabal loi galgarrietara.

        Zer egin ote genezake guk, etsai-galgarri oriek garaitzeko, ta geren senide gaisoak, edo geren bideko lagunak zeruko bidera zuzen-erazteko, ta gure Jesus maitagarriaren aldera erakartzeko?

        Oriei berei, elkar ongi artzen ez dutenean, non dabiltzan, ta nora doazen argiro ta zuzen adiraztea: ta bidenabar adiraztea, galduak dirala, beren Jaunaren amoreakgatik, eta Jesusek egin zuena egin naiez, elkarri barkatzen ezpadiote, elkarri egiten dioten edozein uts, txarkeri, gaizki, ta bidegabe; ta au adirazten diezun denbora berean, zuk oriei berei adiraztea, orain adirazi zaien ori egiten dutenean, barkatzen dieztela Jesusek beren obenak, beren kulpak, eta beren bekatu guziak; ori oriek egiten badute Jesus beraren amore onez, ta elkarri ere Jaungoiko beragatik ongi naiez; ta adiraztea, oriek guziak barkatu ondoan, Jaungoiko berak ematen diela zeruko bere grazia, ta andik aitziña berak zuzen ibiltzera, zeru bereko bere gloria.

        Au guzia zuk oriei adirazten diezula, ta zere palakuz edo nolerebait elkarganatzen badituzu zuk zere lagun urkoak, edo len aserre zebiltzana, garaituko dituzu zuk zere irurgarren etsaiak; eta, berebat egiten dezula zuk azkeneko zere etsaiekin ere, anima baketietatik zara zu, edo Jaungoiko maitagarriaren zorioneko ume bakenen izenekoetatik. Ez ote dezu zuk izan nai orietatik bat? Saia zaitez, bada, len agertu ditugunekin batean, etsai txar oriek ere lenbaitlen lertuak uztera.

        Gure laurgarren ta azkeneko etsai txar oriek dira anima gaistoen txarkeriak, eta gure Jaungoikoa guztiz aserretzen duten orien bekatuak; eta oriek dira gure etsairik gaistoenak; dira alabaña, guk, geren buruak, eta mundu guzia baño geiago ta geiago maitatu bear dugun gure Jaungoikoaren kontra, beren naiez, edo anima berak nai dutela, dabiltzan etsaiak.

        Nola garaitzen dira gure etsai orren galgarri oriek? Garaitzen dira, bekatariei berei guk lagunduz beren kulpen barkamentua erdisten, orren aserretua dadukaten beren Jaungoikoagandik.

        Baña nola laguntzen zaie orretan oriei?— Laguntzen zaie eskatuz, ta erakutsiz.

        Eskatuz, bai, beinik bein. Nori ote? Jaungoiko maitagarriari. Zer? Urrikal dakiela bekatari gaisoei, zein ere diran beraren etsai gaistoak, ematen diela beren gaizki guzien ziñezko urrikimentua, ta ordu beretik ontzeko gogoa lan berean laguntzen zaie bekatari berei, erakutsiz ere, edo agertuz, bein beren bekatu zikin-galduen itsustasuna, ta oriei dagoten beti-betiko sulezea; gero bekatu berak kentzen diezten Jaungoikoaren graziaren edertasuna, ta zeruko gloria, denbora berean erakusten zaiela, beren bekatupe-loi- galdutik beren buruak ateratzeko, ta Jaungoikoaren grazi eder au irabazteko egin bear dutena; baita egin bear dutena ere, berriz berrira ez-bekaturatzeko; ta, irabazbide garbi zuzenez dabiltzala, zeruko merezimentu andiak egiteko.

        Au egiten dutenak, edo era onetan bekatari gaisoei agertzen dieztenak oriek ikasi, edo jakin bear dituzten gauzak, zorioneko baketiak dira, ta Jaungoikoaren umeen izen ederra erditsi edo irabazi dutenak; egiten dute, alabaña, gure Jesus maitagarriak manatu zien gerra ta etsai-pelea; baita gure Jesus berak, ori nola egiten den guri erakusteagatik, bere bizitza guzian egin izandu zuena ere.

        Zer lan-modu ote zen Jesusek bere bizitza guzian egin izandu zuen lan erakuste zuzen ori? Lan modu ori izandu zen, beinik bein Jesusek ez egitea beiñere bere Aita Jaungoiko maitagarriak nai zituen gauzak baizik; eta egin, ta eraman izandu zituen orretarako, bere gorputz minbere ona anitz aldiz, ta bortizki nekatu ziotenak.

        Lan modu berean aritu zen bidenabar gure Jesus maitagarria, munduan zeni bidegaberik egiten etziola; ta denbora berean egin izandu zituen mundu beraren, edo munduko guzien onerako ziran gauza guziak. Lan-modu berean aritu zen gure Jesus maitagarria, bendekuz bezala, zerutik sua ekarrerazirik bazterrak erre nai zituzten Apostuluak palakatzen aritu zenean: baita munduko guzien artean, bakea sarrerazteko bideak itzez, ta lanez egiten aritu zenean ere: ta, orretan aritu zen bere bizitza guzi-guzian. Lan modu berean aritu zen Jesus munduko bekatu guziak urratu naiez, ta munduko guziak bere Aita maitagarriaren adiskidetasunera ta bere zerura zuzentzeagatik, eraman zituenean ere milla neke ta pena, ta gurutze batean, iltzez josirik, eman zuenean bere bizia, ta bere zañetan arkitzen zitzaion odol guzi-guzia.

        Orra Jesusek, guk geren etsaiak garaitzeko, baketan gu beti bizitzeko, ta Jaungoikoaren ume onen izena guk irabazteko, itzez, lanez, ta nekez egin izandu zigun erakustea.

        Baña egin izandu dut nik, oraindañoko nere denboran, Jesusek niri bere bizitzan agertu zidan lan eder au? Egin izandu dut nik, bein ere uts bat nik egiten ez nuela? Ez ote dut nik egin bein ere, nere aragi gaistoak nai zituen bidegabeetatik batere? Eskura ote dut nik beti-beti; ito, ta garaitu ote ditut aldi guzietan nere aragi sutuak izan oi zituen naikunde makurrak, eta gogoeta lizun guziak? Ez ote naz ni aserretu bein ere, nork-nai niri edozein txarkeri egiñagatik? Egin ote diet nik nerekin zebiltzan guziei, al nuen on ta ontarte guzia; ta bati ere bidegaberik egiten ez niola?

        Elkarren eskura ote ditut nik, len elkar ezin ekusi zutenak; zuzendu ote ditut nik gaizki ta makur zebiltzanak? Urratu ote ditut nik orien bekaturako bideak? Palakatu ote dut nik, nere alegin guzian, aserre zegoen nere Jaungoiko maitagarria? Eta ongi ta zuzen ote nabil ni nere Jaunaren Legean, ta munduko guzien begietan? Zorioneko baketi doatsua ni, ni ala izatera; ta ni Jaungoikoaren umeen izen onesgarria dutenetatik bat!

        A! baña ez izandu ni oraindañoko nere bizitzan, era orretan beren lanak, edo gerrak egin izandu dituztenetatik bat! Nik askotan, ta askotan uts egin izandu nere lanik txikienetan ere! Nik, nere etsaiak garaitu bearrean, oriek ni askotan beintzat garaitu ta urratu izandu! Eta gaur berean ere nola arkitzen ote naz ni? Etsai beren mene galgarrian? Orien eskupean? Edo nola ote?

        A, nere Jesus maita-maitagarria! lagun zakizkit arren, oriek garaitzen gaur, ta beti? Egin uste dut nik ere lan orretan, al dukedan guzi-guzia. Ori lenago ez egiñaz, ta zure ume onaren izena irabazi gabeaz dut orain damu ta urriki; ta ziñez alere. Indazu, arren zuk, damu onetan nik, eta nere pelean nere azken-asnaseraño irauteko grazia. Bai, Jesus maitea, bai, arren, bai!

 

 

Nolite conformari huic saeculo,
sed reformamini in novitate sensus vestri.

Ad Rom. 12. 2.

 

        Ez da zer bizi, ez (dio san Pablok), mundu eroak nai duen eran. Munda eroak nai du, gabiltzan gu guziok onen gogara, ta aragiaren naikundez naikunde: baña era orretako ibillera ero ori debekatua daduka Jesusek bere Legeko mandamentu garbietan; ta ezin ar dezake, zeruko bide zuzenez ibilli nai dutenak.

        Bide zuzen onez zerura nai dutenak, garbitu bearko dituzte beren begiak, beren bearriak, beren esku-oñak, ezpain-miiak, eta burutik oñetarañoko beren gauza guziak; edo egin bearko ez dute, beren gorputzeko zatirik txikienaz ere, egin bear ez den gauzarik batere: ta beren pasione makurrak, beren aztura gaistoak, edo gaitzerako bere tirrikazioak, gaizkiren bat oriei eragin nai dietenian, artu bearko dituzte dagozten bezala, edo aldian eman beatko die aldarte gogorren bat edo beste; eta iutzi bearko dituzte eskura ekarriak, edo beren oinpean lertuak bezala.

        Ori ezezik, egin bearko dute geiago ta geiago ere; bada egin bearko dute, bizitza berri on batek eskatzen duen edozein gauza: ta ibilli bearko dute gau, egun, ta beti ezin-kontuzago, edo kontuz ta erne; asaldatzen bazaizte ere barreneko beren etsaiak, eta aragiaren lagunak, galerazi ez dezoten animako beren bakea, ta egiñik dadukaten beren irabazia. Ori da, orain san Pabloz gure Jaungoiko maitagarriak guri guzioi erakusten diguna; ta ori berbera guk, ongi izatekotz, egin bearko duguna. Dagigun bada gure Jaunak laguntzen digula. Bai arren, bai!

 

 

Noli vinci á malo, sed vince in bono malum.

Ibid. v. 21.

 

        Gaistoak gaistoarena du bere gogoan, gaistorik arkitzen den artean; ta gaisto galgarria ibilli oi da bere gaista denboran, onaren ona ezin eramanez, ta on gaisoari gaitzerako bideak ezartzen diozkala. Egiten diozka gaistoak on gaisoari bere bidegabeak; egiten diozka txarkeriak ere txarkerien gain; ta on gaisoari gaizkirik geiena egiten dion eguna da gaistoarendako, izan oi duen egunik andiena. Orra gaistoaren lana, ta egiteko guzia.

        Eta onarena? Eta baketiarena? Edo Jesusen umearena?— Onen egitekoa da, Apostolu san Pablok dionaz, gaistoaren lan galduak eta bide makurrak urratzea; baña urratzea, ez bide galduz, lan gaistoz, bendekaz, ta bide bagez, baizik onez ta ondasunez; edo onaren lana da, gaistagiñari ongi egitea; gaistoaren itz gogor-galduei itz on leunekin erantzutea, ta begitarte garbi on zuzenez gaisto beraren begiratze gordin-gogor zimel galduei. Ori da, bai, onak gaistoa ongiz garaitzea: ori onaren egitekoa; ta ori bera, bere bizitza guzian gure Jesus maitagarriak itzez ta lanez guri erakutsia.

        Zorionekoak gu, ta Jesusen ume doatsuak, ori guk, emen bizitzen garan artean, zuzen egitera! Ori da, nik beintzat, nere Jesusek niri laguntzen didala, gaurdanik egin uste dudan egitekoa. Lagun zakizkit, bada, Jesus maitagarria, beti nik au ongi egiten: bai arren, bai!

 

 

Providentes bona, non tantum coram Deo,
sed etiam coram omnibus hominibus.

Ibid. v. 17.

 

        Zorioneko bakean bizi diran Jesusen ume doatsuak, ongi artuak daduzkee beren neurri guziak: eta egiten dituzte beren gauzak, gure Jaungoikoari dagozkan bezala, ta giz-artean ere ongi iduriko duten eran.

        Baketi berak ongi datoz beti beren lagun guziekin; ta, oriek ekusi orduko berea lagunen artean naigaberen bat edo beste, edo ez-da-bai-daren batzuek, Aingeruen eran, dabiltza bakea sorrerazi naiez orien artean; ta au oriek erdisten ezpadate, ez onik izaten dute, ta ez ondasunik beren biotzetan. Anbat nai diete zorioneko baketi onak beren lagun-urkoei! Ain ongi derizte oriek gure Lege garbian bizi diranen bakeari, ta oriek elkar ongi ekusi-naiari.

        Onela ote deritzat nik ere ori berari? Anitz alditan lagundu ote diet nik, bake on au billatzen, bake bera galdu zutenei? Eta, ori nik egin lekuan, ez ote diet nik zenbaiti beintzat galerazi len berak zutena; orretarako agertzen nieztela gaistakeriz nik, batzuen utsak besteei, edo zenbaiti erraten niela oriek jakin ere bear etzuken zeredo zer? A! bakearen galgarti-txar dollorra ni, era orretako gauzatik egin izandu badut nik bein ere!

        Berriz ez dagidan nik, edo berriz bati ere nik aserre-bide berririk ez emateko, zentzuz ta ongi oarturik bizi bearra naz ni, ta egin bearko dut nik alegiña nere lagun guzien artean bake on bat sarrerazteko, oriek eta nik, guziok, elkar ongi artzen dugula, maita dezagun, bizi garaño, geren Jaungoiko maitagarria. Ala gerta dedilla, zuk bortizki gure lan onetan, guri lagunduz, gure Jaungoiko guztiz ongillea. Bai arren, bai!

 

 

Solicitudine non pigri: spiritu serventes;
Domino servientes.

Ibid. v. 11.

 

        Orie, Jesusen ume-baketi onak, irauteko zuek zeren bide on orretan, utzi bearko dezue zeren alferkeria edo nagitasuna, ta erne ibilli bearko dezue zeren gauzetan, dio san Pablok. Baña begira; era orretan zuek ibiltzeko, biziro egin uste dezuten zuen ibillerak begiratu bearko dio, (ta zuzen alere) zuen Jaungoiko maitagarriari; edo, zuek biziro egin uste dituzuen zeren gauzetan billatu bearko dezue zeren Jaungoiko maitagarria. Zuek zeren Jaunari atsegin egitea, zeren Jauna bera serbitzatzea; ta ziñez maitatzea da zuen ta munduko guzien egitekoa.

        Baña begira beren Jaun au maite dutenak, egiten ez dute bein ere, egin bear ez duten gauzarik txikiena ere; ta beren alegin guzian eragozten dituzte lagun-urkoen oben guziak, utsak, eta kulpak. Orretan beti bazabiltza, zu, zuk maite dezu zere Jaungoiko maitagarria; ta zorioneko anima baketietatik zara zu, ta Jaunaren ume onen izenekoa.

        Baña beti lan eder orretan ari izandu ote zara zu? Ziñez, ta gogoz utzi ote dituzu zuk zere oraindañoko obenak, eta kulpa guziak? Eragozten ote dituzu, eragotzi alean, besteren oben kulpak ere? Ez ote diezu zuk noiz edo noiz zerbait bake ematen Jesusen etsai gaistoei, bekatuei, edo bekatuaren bideei? Zerorrek alde onetan ezin dagikezuna, egiten ote dezu, egin dezaken norbaitez zu zerori baliatzen zarala? Etxean, karrikan, bidean, lanean, ta non-nai ote zaude beti zu, oben-kulpa orien kontra, ta oriek galerazten?

        Ai ene, ta zein guti! Ez dut nik, ez orretara oraindañokoan orrenbat begiratu izandu! Ariñegi nik, ta ais-asko artu izandu ditut, nere Jaungoiko maite-maitagarriari zegozkan gauzak, eta nere anima gaisoarenak ere! Ni baño lenagoko eroen eran bizitzen nintzan ni, ta aisa beti, ta nere gogara! Ez dut nik nere oraindañoko denboran kasorik egin izandu besteren bekatuez: ta nereak ere ez didate, ez, atsekabe andirik eman izandu.

        Nola bizitu naz bada ni, nere sortu-ordutik egungo eguneraño? Ero txar-galdu bat bezala! Ala da, bai, nere Jesus maitagarria! ala da! Barkatu, arren! nere orain arteko erakeria ta ibillera galdua, bada au barkatzen badidazu zuk, eta zuk laguntzen didazula, saiatuko naz, gaurgero zuk nai dezun eran bizitzera. Orretan lenago ni ez asiaz dut damu; ta orregatik diot orain: Nere Jesukristo, etc.

 

aurrekoa hurrengoa