www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (II)
Sebastian Mendiburu
1760, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Bigarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XLIV.garren OTOITZ-GAIA

BEKATUAN DAUDENAK EGIN BEAR DUTENA,
BEREN DOATASUNA ETA ZERUA IRABAZTEKO

 

        Bere legea, legeko doatasunak, eta zerurako bide zuzen au agertu zituenean, guziendako agertu zituen gure Jesus maitagarriak: Dicebat autem ad omnes. Luc. 9. 23.

        Baña zer? Zerura ditezke bekatu-pean arkitzen diran gaisoak ere?— Bai, berak nai dutela.

        Nola ordea?— Beren gurutzearekin; ta zeruko doatasunak irabazten dituztela.

        Baña nola ori oriek egin dezakee, eri badautza gaisoak, edo bekatuz illak?— Lenik erdisten dutela zeruko graziaren biztuera, edo bizitza.— Lenik erdisten dutela zeruko graziaren biztuera, edo bizitza.

        A, baña nola ill batzuek ardits dezakee beren bizitza?— Nork berea orretarako egiten duela.

        Batzuek baño besteak illagoak dautza, edo batzuek besteak baño bekatari andiagoak dira edo gaistoagoak; eta gaistoenak ez dira bizten, edo ez dira gaistoenak gañerako bekatariak bezain erraz beren bekatupetik ateratzen. Baña guziak aterako dira, beren aldetik egin ezkero egin dezakeena.

        Badira bekatariak, oarkabean bezala bekaturatzen diranak; badira bekatariak, pasionez bekaturatzen diranak; baita oituraz bekaturatzen diranak ere. Orien biztea, edo bekatutik irtetea, da oraingoan ta urrengo bi otoitz-gaietan ekusi bear duguna, ekusiz bidenabar Jesusen irur milagro edo irur illen biztutze; zeren, aldi orietan gertatuak agertzen duen, irur bekatari aldietatik bakoitzak egin bear duena, bere Jaunaren grazia erditsi, ta Jesusen ondoren bere gurutzearekin zuzen ibiltzeko.

 

 

A.

Aur illberri baten biztea; ta
indar guztiko bekatarien graziaraztea

 

        Bekatarietatik batzuek bekaturatzen dira, oartukabean bezala, edo zeren ezagutzen ez dituzten, ongi beintzat eta biziro, bekatuaren itsustasuna, beren Jaunari beren bekatuekin ematen dioten aser-bidea, beren bekatuarekin galtzen duten zerua, bekatuari dagokan betiko sulezea, edo beste zerbait orrelako gauza ta egia: edo bekaturatzen dira zeren, len au guzia ezagutu bazuten ere, bekaturako tentua etortzen zaienean, orrenbat oartzen ez diran era orretako gauzetara, ta aisa garaitzen dituen, indar gutizkoak bezala, beren etsai amurratuak.

        Era onetako bekatariak dira, bekataririk ez gaistoenak, eta urrikalgarrienak: eta orregatik dira, bekatari gañerakoak baño errazago Jesusen grazia erdits dezakenak. Au guri adirazi zigun gure Jesus maitagarriak, ill berri baten biztuera errazarekin, edo errazki berak egiñarekin.

        Gure Jesus maitagarriari, predikatzen arkitzen zen batean, joaten zaio Jairo zeritzan gizon andi, Sinagogako Nagusi bat; eta, au bertan belaunikaturik, erraten dio; Jauna, oraintxe il da amabi urteko nere alabatxo bat; atoz arren, zere eskuz ura ukitzera, ta bertan bizturik uztera.

        Jaikitzen da, luzatu gabe, Jesus, zegoen tokitik, eta badoa neskatx illaren aitarekin onen etxaldera. Illaren itxean sartu orduko, arkitzen ditu anitz, doluz ta negarrez ara joanak. Badoa guzien artetik illaren gelara. Artzen du an eskutik aur illa, ta erraten dio: Jaiki zaitez, aurra. Eta au Jesusek erran orduko, jaikitzen da bizirik aurra; ta badabill, eritu ere ezpaliz bezain sendo ta zuzen. Manatzen du Jesusek, eman dakiola jatera; ta arritzen dira au guzia ekusten dutenak.

        Ekusten dezu zuk, zein aisa, ta erraz itzulerazten duen Jesusek aur illaren gorputzera, andik atera zen anima; ta nola uzten duen aur illa bizturik, eta eritasunik gabe, begiak iste-idikitze batean bezala?

        Eta au egitan dakienak ez ote du jakiñen nola bere graziaren bizitza itzul-erazi, ura bere naiez ta bekatuz galdu izandu zuen animara, ta nola anima bera iutzi batere bekaturik gabe, ta zeruko graziaren bizitza ederrarekin?

        Aitor zazu, bada, orain zuk, au ekusi ta badere, bai dakiela gure Jesus maitagarriak, bekatuz illak arkitzen diran animak bizten; ta aisa alere; ta biztuko dituela biztu nai dutenak, beraren ondoren gero, ta beren gurutzearekin, edo gure legeko gauzak zuzen egiten dituztela, bertatik asitzeko.

        Aitortzen dut, bai, nik au guzia, nere Jesus maitagarria; ta aitortzen dut nere atsegin andiarekin alere. Eta nik au onela ezagutu ondoan eskatzen dizudana da, ez nazazula bekatuz berriz iltzen iutzi: ta, berriz ill ez nadin ni, bete nazazula zuk zere graziaren indarrez ta laguntzaz.

        Baña zergatik biztu ote zuen Jesusek onen laster ta aisa aur neskatx ill berri au? Itz bi aditu orduko aur beraren aitagandik, badoa Jesus illa biztera; ta gorputz illaren alderatzen deneko, artzen du eskutik; eta, jaiki dedilla errate batekin, itzultzen dio bere bizitza ta osasun osoa. Zergatik au, edo zeri dagokala?— Guri adirazteko zein errazki ta laster urrikaltzen den Jesus maitagarria bekatari gaisoez, bekatari berak bekaturatzen diranean, ez Jaungoikoari gaizki naiez, ez eta pasionez edo aztura gaistoz ere, baizik oartukabean bezala, ta indar guti izanez beren etsaiak garaitzeko, edo zeren diran zeruko biderako, ta beren etsaiak garaitzeko, indar gutikoak, eta agitzen edo gertatzen zaien zerura daraman mendiko bidean, ta beren etsai-tentuekin, Jairoren alaba aurrari, bere oatzean izandu zuen eritasunarekin gertatu izandu zitzaiona, edo umore gaistoz, edo oikura galgarriz beteak ez egon arren, eritasun txar, edo tentu-aldi ez andian, indar gutikoak bezala, bekatuaren ortzetan illak gelditzea, aur ura bere eritasunarenetan bezala.

        Orrela bekaturatzen diran animak zer egin bear ote dute, beren bekatuaren atzaparretatik lenbaitlen atera, ta zeruko graziaren bizitza ta osasuna erdisteko?— Beren bekatura orduko mandatari onak, eta bekatutik atera-nai beroak igortzea edo bidaltzea Jesus onagana, ta Jesus maitagarriari negarrez ta umilki eskatzea: ta al badu, Jairok bezala, belaunikaturik. Zer ote? datorkiola, arren, eskua ematera, ta bekatuaren atzapar gaistoetatik bere anima ero-galdua ateratzera, ta indarrez ta argiz beterik uztera, utzi oi duen bezala konfesio damutsu on zuzen garbi batean; baña bidaldu bere nai, gogo on, ta desir oriek, gerozkoan ongi bizitzeko itarekin; ta, agertzen zaizkan etsai ta tentu galduak garaitzeko asmoan; oriek garaituz, ta bear diran gauzak egiñez dabillen bere bidean, bein ere berriz bekatura bage.

        Baña zer gauzak ote dira, oarmen, ta indar gutizko bekatariak egin bear dituen gauzak, bekatutik bein jaiki ezkero ez berriz bekaturatzeko?

        Aur gazte biztuak egin zituenak bezelako bi. Zein dira aur ark egin izandu zituenak?— Ibiltzea, ta jatea. Bai: oartze andirik ez dezun bekataria, ibilli bear dezu zuk zere gauzak egiterakoan, sulezeko etsaiaren, mundu eroaren, ta zere aragiaren deiei, txistuei, ta tentuei ez-aditu egiten diezula; zeren, ori guzia era orretan egin lekuan alferkerian arkitzen baziña zu, ta Jesus maitagarriaren ta zere buruaren etsai galgarrierekin zenerdukala, nola oriek diran anitz dakitenak, atsegin txar galgarriak zuri eskeñiz aisa liluratuko edo engañatuko zinduzke, aurrak goisoz, intxaurrez, madariz, edo nolanai engañatuko oi diran bezala. Orra aur biztuak eginikako, ta zuk ere egin bear dezun lenbiziko gauza: kontuz ta zuzen ibiltzea.

        Aur berak egin zuen, ta zuk ere egin bear dezun bigarren gauza da jatea, edo ongi komuniatzea.— Indar gutizkoa zara zerez, dakizun bezala, ta artu bealko dezu zuk noizean bein Komunione santuko janari indartsua; bestela azpirako zaituzte zere irur etsai galgarriak, edo orietatik batak edo besteak; eta kenduko dizute zeruko graziaren bizitza, edo zerurako illa bezala utziko zaituzte oben-kulpen ezpata zorrotz-galgarriarekin.

        Orra bada, oarmen ta indar gutizko bekatariak egin bear dutena, Jesusen ondoren beren gurutzearekin zuzen ibiltzeko. Erortzen badira noizbait gaisoak, eta zikintzen badituzte beren animak berak eginikako bekatu gaistoen loi galduan, garbitu bear dituzte lenbaitlen Konfesione bateko iturrian; ta, era orretan biztu, ta garbitu ondoan, igan bear dute Komunione santuko maiera; mai berera bear dute andik aitziña noizean bein badere, aldian andik indar berriak ateratzeko: ta jan bear dute bereala Komunioko maiean; ibilli bear dute gero, gelditu gabe, beren gauzetan: baña ibilli bear dute ongi oarturik, toki loitietan ta pausu gaistoetan oñik ez ezartzeko.

        Au guzia egiten duten pekatariei pozik ematen die bai, Jesus maitagarriak, berak ongi bizitzeko bear duten grazia ta laguntza; ta eramaten ditu gero berekin batean bere zeruraño, arako orien ordua etorri orduko; eta eramaten ditu graziaz, doaiez, ta birtutez ongi beteak.

        Era onetako bekatarietatik izandu ote zara zu ere, adizten nazun anima?— Bekaturatzen nintzanean beintzat, bai: bai, nere damurako!

        Eta egiten ote zenuen zuk gero, era orretako bekatariak egin bear dutena? Edo aur ero baten eran bekaturatzen ziñanean zu, damutzen ote zekizun zuri andik laster, ta konfesatzen ote ziñan zu, batere luzatu gabe.— Ai ene, ta zein guti! Nere gaizki-egiñak bere-berealakoan erretzen ninduen zerbait ni, ta illuntzen zidan nere biotz txar minbere au; baña aurrarenak ziruditen orduko nere erretze ta illuntze guziak; bada andik laster nere aurkerietan nenbillen ni, ta, gaizkirik egin ezpanu bezain arin ta aisa; ta gero ere nenbillen ni, batzuetan, nerekin zebiltzan lagunak gaistatzen, ta gutienean gaizkiz gaizki, bekatuz bekatu, ta txarkeriz txarkeri: ta egunoro nenbillen ni, naigabe ta min gutiagorekin; ta egunoro nuen nik nere biotz au ez minbereagoa.

        Andik zetorren gero, nik egunetik egunera luzatzea nere oben-kulpen aitormen ona, edo nere konfesionea. Eta, noizbait ni konfesatuagatik, nola konfesatzen nintzan? Erdizka noski, edo nere lotsa txarrak, edo alke galduak garaiturik, edo nere gaizkien kontuak zuzen atera gabez, nere gaizki berak, edo bekatuak osoro agertzen ez nituela; edo, oriek nik an osoro, ta egin nituen eran agertuagatik, oriek uzteko, ta ontzeko asmorik gabe: ta orregatik konfesatzen nintzan ni gaizki; ta gelditzen nintzan, konfesatu ere ezpanitz baño agitz gaizkiago, ta biotz txar galduagoarekin, ta gaistoagoarekin.

        A nere galdu txar galgarria! ta a nere zentzugabea! Lenbiziko bekatura nintzanean ni, ta bekaturata laster konfesatu banintz ni; ta ni konfesatzera bear zen eran, emain zizkidan niri nere Jesus maitagarriak bere esku indartsu ederra, ta bere laguntza; aterako ninduen ni nere bekatu gaistoen atzaparretatik, eta utziko ninduen ongi sendatua, ta lenago nere animan nuen osasunarekin ta graziarekin; ta, len nuena baño ere andiagoarekin: baña ez nuen nik orrelakorik egin nai izandu; ta gelditu nintzan ni Jaungoiko berak dakien bezala!

        Orain badere ar banitza nik, artu bear diran neurriak! Asi banendi ni nere gauzak zuzentzen! Eska baneza nik, eskatu bear dudan eran, nere Jaunaren eskua, nere Jaunaren laguntza ta grazia!

        Nere lanean asiko naz ni, gaurdanik badere, ori nik orain egitera: ta, egiten ezpadut, galdua naz ni beti ta betirako! Ez arren era orretako galtzerik! Ez, nere Jesus maitagarria, ez!

 

 

Confrigentur rami inconsummati,
et fructus illorum inutiles.

Sap. 4. 5.

 

        Autsiko ditu Jaungoikoak adarrak, sendortu gabe, ta orien frutak loretakoak bezala, ta ezer-eztarakoak! Ori bera gertatzen zaie, edo ori baño ere gauza bat agitz gaistoagoa, aurdanik gaizki dabiltzan bekatari gaisoei, orduan oriek beren Jaungoikoak emendik kentzera, edo oriek era orretan dabiltzan denboran, illak gelditzera: bekatari oriek alabaña dira, era orretan bizi diraño, gure Jesus aien-eder-onaren adar berri-gaistoak; eta aien, mats onen ordez, izurrizko fruta galduak edo oben-kulpak dakaztenak; eta, ordu artan oriek autsiak gertatzera, edo beren gaista-denboran oriek mundutik ateratzera, erretzen ta lertzen oriek betiko sulezean egon bearrak dira.

        Ill banitz ni ere nere adar denboran, edo adin artako bertze gaistagin anitz bezala, gaur non arkitzen nintzan ni, ta zer lekutan? gaur nola nengoen ni; ta nola egon bearra nintzan ni, nere Jaungoiko maitagarria Jaungoiko den artean, edo datorren sekula guzi-guzian?— Orain guk adirazi dugun toki gaistoan, ta era gaistogoan.

        Egoeraren zorigaistokoa!— Ez ninduen ni orduan Jaungoiko maitagarriak autsi, ta atera bere aien artetik, eta mundu onetako ardantzeetatik: ez ninduen orduan ni bota, ez, ala niri bazegokidan ere, damu arrigarrizko bere sulezera.

        Baña atera ote ninduen ni, orduko nere bekatu galgarrien atzapar gaistoetatik? Itzuli ote zidan niri, nere bekatu berak nik konfesatu nituen aldian, bere graziaren bizitza ta nere anima gaisoaren osasuna? Bizitz eta osasun onekin arkitzen ote naz ni egungo egunetan ere?— Ez bata dakit, eta ez bestea!

        Zer ote da bada nik orain dudan, nere jakite guzia?— Nik orain dakidan guzia da, nere Jaungoiko maitagarriak ez barkatzera niri nere aurtasuneko ta gerozko nere bekatuak, ni nazala adar edo egur igartu, betiko sulezean erretzen ta erretzen egoteko dagoen bat! A zer egoera! Zein damuzkoa! Zein zorigaistokoa! Etzaitzatela, ez, ekusi bein ere nere begiak! Ez arren, nere Jaungoiko maitagarria, ez!

 

 

Exibit homo ad opus suum, et ad operationem,
suam usque ad vesperam.

Ps. 103. 23.

 

        Ez da, ez, gizona (dio Dabidek), nagi egoteko ta, alferkerian bizi dela, bere egunak bukatzeko jaioa. Jaungoikoak egin izandu ditu gauza guziak; eta egin du bakoitza bere egitekorako, edo bere lanerako; ta badu gizonak ere bere lana edo bere egitekoa: ta beraren bizitza guzirako da gizonaren lan edo egiteko au.

        Geren oinpean dakargun lur au Jaungoikoak egiña da, ogi-ardoak emateko; ta egaztiak, laur-oñekoak, eta gizonak bear dituen gañerako gauza guziak bazkatzeko. Jaungoiko berak egiñak dira ur-itsasokoak; eta egiñak dira, arraiak azitzeko, ta, ontziz dabiltzan gizonei ibil-bidea emateko. Jaungoiko berak egiña da aizea ere; ta egiña, bere bizkar sendorrean odeiak batetik bestera eramateko, ta orien urarekin bazterrak ezatzeko. Jaungoiko berak egiña da sua ere; ta egiña, otza garaitzeko, ta gizonak bear dituen erre-egost-etarako; ta Jaungoikoak egin zituen ordu beretik asi zen bakoitza, ta geroztik ari da, bein ere gelditu gabe, bere Egilleak emanikako bere lanean, edo egitekoan.

        Bada zergatik ez du ari bear gizon egiñak ere, Egille berak emanik duen lanean edo egitekoan? Gizonaren egiteko au da, dakizun bezala, Jaungoiko maitagarriak bere mandamentuetan berezi diozkan gauzak zuzen egitea. Ongi: baña gizon egiñak egiten ezpaditu oriek nagiz, alferrez, gaiztakeriz, edo edozein beste bidez, zer gertatuko zaio?— Tentazioz eritzea: bekatuz iltzea, ta betiko galtzea.

        Nagitasunaren galgarria! Ez, Jesus maitea, ez; ez diot nik ez, gaurgero nagitasun-galgarri oni nere baitan lekurik egin uste. Ibilli uste dut nik, gelditu gabe, ongi nekatuko banaz ere, zure ondoren, ta ibilli nai dut nik, egiten ditudala nigandik zuk eskatzen dituzun gauzak; ori da, alabaña, zure eskuetatik atera diran gauza guzi-guziak, berak egiten dutenarekin niri erakusten didaten gauza; ta oriek guziak baño ederkiago zuk zerorrek niri, nere Jaungoiko maitagarriak beti-beti erakutsia; eta ori bera da orain ta beti niri dagokidana. Indazu zuk orretan nik beti aritzeko bearko dudan zure eskua ta laguntza. Bai arren, Jaungoiko maitagarria, bai!

 

 

Ideo inter vos multi infirmi, et imbecilles,
et dormiunt multi.

1. Cor. 11. 30.

 

        Zuen artean anitz arkitzen dira eri, dio san Pablok; anitz arkitzen dira indar gutirekin: ta anitz illak, edo Jaungoikoaren grazia gabe.

        Zergatik ote?— Zeren ez dituzten egiten beren jan-edanak beren aldietan, edo bear den eran; ta zeren ez diran komuniatzen bear den orduetan, edo bear den bezala.

        Jaten abiatu ote ziñan zu, bekatari txarra, edo urbildu ote ziñan zu zere komunioneko maiera adiñetan sartu orduko; ta urbildu ote ziñan zu, ara baño len zere legeko gauzak ikasi ezkero, gauz onak egiten asi ondoan, ta ongi-ongi konfesatu, ta bereala? Maiz gerozko komunioneko mai berera zara zu, ta beti zu mai orretara zara ongi prestaturik, eta bear zen eran?

        Ai ene! Ori nik egitera, edo nik ori guzia egin izandu banu, ez nintzan erituko ni, eritu nazan bezanbatetan! Ez nintzan, indarrik ez nuela ta bekatuz illotza geldituko, gelditu nazan bezala! Ala gelditu naz ni, bai; ta gelditu naz, bein ezezik, askotan ere! Etzen nornai arritzeko, niri gertaturikako gauza! Goseak nengoen ni, anitz orduz beintzat, eta indarrik gabe; prestatua zegoen nerentzat nere Komunioneko maia! Bazen an, nik nere indarrak artzeko bear nuena; baita anitz eta anitz geiago ere: baña ara ez urbiltzeagatik ni, edo zeren gaizki urbiltzen nintzan urbiltzen nintzanetan, niri gertatu zait etikaz dagoenari gertatu oi zaiona.

        Etikazko gaitza duten gizonak jaten ta edaten dute beren orduetan; baña beren jan-edan guziekin oriek egiten dutena da, beren sukarra edo kalenturak egunoro ta beti bazkatzea; ta zenbat ere geiago bazkatzen dituzten, edo zenbat eta geiagotan jaten duten oriek, anbat lenago beren buruak bukatzen dituzte, edo anbat lenago illak gelditzen dira.

        Gaitzez, bekatuz, ta gosez iltzeko dauden animak ez billatzera, beren etsai galgarrien tentuak aienatzeko bearko dituzten indarrak; edo anima oriek, ori egin lekuan, alfer ta nagi gelditzera, gosez ta bearrez ill bearrak dira.

        Etsaien tentu oriek aienatzeko indarrak atera ditezke Komunioneko maietik, adiuntz edo garai onean mai orretaratzera komuniatzen diran animak; baña aratzen ezpadira etikan sartu artean, edo alferkeriz beren buruak galdu arteraño, izurri galgarria ta eriotz gaistoa izain da anima beren komunioneko jatea.

        Onelakoak izandu ote dira nere oraindañoko mai bereko jateak, edo orain arteko nere komuniatzeak? Ori da nik neronek nere bizitzan, bestetara begiratu bage, ekus dezakedan gauza, edo ekuskaria. Ongi bizi banaz ni, edo biziro ta zuzen egiten baditut nik nere gauzak, ongi komuniatzen nazalako siñua da; Komunionetik indar onak ateratzen ditudalako señalea da. Baña gaizki komuniatzen nazalako señalea, komuniatu ondoan arkitzen banaz ni len bezain nagi nere gauz onetarako. Onela arkitzen ote naz ni? Beldur naz baietz! Baña denbora berean arkitzen naz ni, nere arkiera gaistoaz ongi damuturik; eta erraten dudala: Nere Jesukristo Jauna, etc.

 

aurrekoa hurrengoa