www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (II)
Sebastian Mendiburu
1760, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Bigarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XLIII.garren OTOITZ-GAIA

ZORTZIGARREN DOATASUNA:
BIDE ONEZKO NEKEA

 

Beati qui persecutionem patiuntur propter justitiam,
quoniam ipsorum est regnum coelorum.

Matth. 5. 10

 

Zorionekoak bide onezko neketan dabiltzanak:
bada oriena da zeruko gloria

 

 

A.

 

        Ez dira bide onezko nekeak, lurreko neke guziak: bekatuz bekatu dabiltzanak ere badituzte, lurrean bizi diraño, beren nekeak: bada nekez irabazten edo erdisten dituzte (askotan beintzat) lapurrak berak ere besteren diruak, edo ebasten dituzten beste gauzak: anitz nekeren buruan, ta, dituzten diruetatik zerbait zati galtzen dutela, izan oi dituzte aragizko loikerietan dabiltzan zikiñak, beren atsegin lizunak; eta, gañerako gaizkitan dabiltzanak ere, edo beren gaistakeriak egin baño len, edo orien egite berean, edo gaistakeriak egin ezkero, izaten dituzte beren naigabeak; eta zenbait aldiz anitz neke gogor ta pena; baña orien naigabeak, eta orien neke-penak ez dira, ez, orain ekusten gabiltzan zorioneko naigabe-neke-penak.

        Badira, bai, gure mundo nekadi galdu onetan beste neke-moduak ere; eta orietatik zenbait berez onak. Orietatik dira beren bekatuakgatik, len gaizki bizitu diranei etortzen zaiztenak, baldin oriek beren bekatuen alde, ongi, ta garbiro artzen badituzte baña neke oriek ere neke onak, eta neke, zeruaren irabazleak izan arren, ez dira, ez, bidegabeko nekeak; ez eta oraingo aldian guk billatzen ditugun zorioneko doatsu onen bide onezko nekeak ere; bada orain guk billatzen ditugun nekeak dira ongi bizi diranen nekeak; eta neke, onak orietarako biderik ematen ez dutela, izaten dituztenak, eta eme-emeki eraman oi dituztenak: si benefacientes patienter sustinetis, haec est gratia apud Deum. Ep. 1. Petr. 2. 20.

        Zorioneko neke oriek ez dira guziak, ez, bide batezko nekeak; izaten dira irur bidetatik batez datozen nekeak; bada etortzen dira, ontzat artzen dituen zorioneko doatsuagana, edo zeren au dabillen bere Legeko gauza guziak, batean ere uts egiten ez duela, ta bear den eran, eginnaiez; edo zeren dabillen zuzenerazi naiez gaizki ta makur ibiltzen diranak, edo zeren egin nai dituen, bure Legeko gauzekin batean, beste anitz ere; ta egin nai duen ori guzia, ona baño obea izateagatik, edo Jesusen ondoren ta eran ibilli naiez.

        Zuri bakan, edo maiz etortzen zaizkitzun nekeak etortzen bazaizkitzu era onetako gauzakgatik, bide onez datozkitzun nekeak dituzu; ta, zuk ongi oriek, eta bear den eran artzera, zorioneko doatsu nekatia zara; ta doatsu-nekati, zere onezko nekeekin erreinu bat irabazten dezuna; ta ori irabazten dezuna, gure Jesus maitagarriak nai duen bidez ta eran; ori da alabaña justiziazko bidez, edo bide zuzen-zuzenez, ta onezko neke garbiekin gure Jaungoikoaren zeruko Erreinua zuk irabaztea; ta Erreinu ori bera, bide berez, ta era berean irabazi izandu zuen gure Jesus maitagarriak ere.

        Ori da, bai, dio san Pablo Apostoluak; ori da, ori, ez besterik, ongi bizi nai dutenak eraman bear duten bidea ta ibillera: omnes, qui pie volunt vivere in Christo Jesu, persecutionem patientur. 2. Tim. 3. 12.

        Zaude bada zu, zaude beti orretan; ta egizu zuk zere egitekoa jakiteko eder zuzen au dakizunak bezala; edo bizi zaitez zu, bati ere gaitzik egiten ez diozula, txarkeriz betetzen bazaituzte ere zurekin bizi diranak. Ez da zer zu aserretu zure esiak edo sasiak urratu, ta besteren ganaduak zure baratzean, zure zelaietan, edo zure alorrean sartzen diranean: eta zure itxean, zure ganaduetan, edo beste zure gauzaren batean bidegaberen bat ekusten dezunean ere.

        Gezurrez, ebatsiz, edo nolanai zere gauzaren bat kentzen dizutenean; edo zuri zere gauzak galerazi naiez dabiltzala oartzen zaran aldietan, gora zazu zuk zere burua zere Jaungoikoagana; ta, ezaguturik (orduan zuk ezagutuko dezun bezala), neketan bizi bearrak dirala, ongi ta zuzen bizi nai dutenak, eta ala bizitu izandu zela gure Jesus maitagarria ere, errazu, itzez nai badezu, edo biotzez badere, aldi orietarako Job santuak, era bereko aldi batean erakutsi izandu ziguna; edo errazu: nere Jaungoiko ongille maitagarriak emana da, edozein gauza, ta nik dudan guzi-guzia, ta ezin niri niork kenduko dit, den zatirik txikienik ere, nere Jaungoiko berak artarako eskurik ematen ez diola, edo ari ori egiten ez iuztera. Kentzen badidate, bada, noizbait niri zerbait, edo galtzen baditut nik gauzaren batzuek, kentze, ta galtze oriek izain dira, aldi artan niri dagozkidan gauzak: agi dedilla bada, edo gerta dedilla, nere onerako dela, nere Jaungoiko maitagarri berak dakien guzia.

        Au zuk erran ondoan egiten badezu dagokizuna, edo egiten badituzu zuk zere gauzak bide onez, ta asaldatzen etzarala, zu izain zara, bai, bide onezko neketan dabiltzan zorioneko zeruaren irabazleetatik bat.

        Ekusten badezu noizbait zuk, zu geldi-geldi egonagatik, eta bati ere gaitzik egin gabe, ez daudela geldirik, ez, zurekin jarduki nai dutenak: ekusten badezu zuk eskeka dagokizula emendik bata, ta andik bestea, bati ere zuk ezer zor ez izan arren: ekusten badituzu zuk, lagun onen biderik bageko auzia edo pleitoa, ta beste aren marmarioa: ekusten badezu zuk, gizon batek batetik, eta besteak bestetik ematen dizkitzula anitz naigabe, neke ta pena, ta guzien artean laburtzen dutela zure osasuna, baita ondasuna ere, sar zaitez zu naiez ta gogoz zere biotzeraño; ta, an ezaguturik begira dagokizula zuri zere Jaungoiko ekusle maitagarria, errazu alik emekiena: A Jauna; ta zer dakit nik zer den niri aldi onetan ongien dagokidana! Aisa bizitzera ni, ta naigaberik batere bage, agian galdua nintzake ni! Zuk badakusazu, bai, orain nik daramadan gurutze-neke-kezka guzia! Zuk ala nai ez izatera, ez nuke nik era onetako nekerik orain eramain: baña zuk, nere Jaungoiko maitea, ala nai dezun ezkero, nai dut nik neronek ere; ta, eraman dezadan nik au, zuk zerorrek nai dezun eran, eskatzen dizut nik orretarako bearko dudan laguntza, ta grazi guzi-guzia.

        Au zuk egin ondoan asitzen badira (bati ere zuk artarako biderik eman bage) bata zuri begitan ematen egin ez dituzun txarkeriekin, bestea zuri asmatzen zuri bein ere gogora etzaizkitzun erakeriak; erraten au, zu zarala zaran ez bezalakoa; ura, ez dakizula zuk non dezun zere burua; eta beste anitz, gogo gaiztoak eman al diña asmazio, ta gezur: Onela edo beste edozein bidez urratzen dizutenean zuri zere ondra, izen ona, ta opinionea, errazu zuk eme-emeki zere baitan, ta zere Jaungoiko maitagarriaz oroitzen zarala: ez dut nik oraindañokoan, ez, era onetako gauzarik egin izandu; egia da: baña nori eskerrak? Egin ez nitzake nik, oriek guziak baño agiz gaistoagoak eta gaistoagoak ere: Eta nerez ni ez nago beti, edo geienean beintzat, artarako prest, eta prestegi ere?— Zertarako ote da bada, oriek nik egintzat aditzea? Egin ez ditzadan nik bein ere; ta, ez egiteko presta nadin ni, emen bertatik nik nere Jaun maitagarriari bere grazia ta laguntzak eskatzen diozkadala. Eskatzen dizkitzut, bai, nere Jaungoiko maitagarria; ta eskatzen dizkilzut umill-umilki, ta guztiz ziñez. Ez dagidala nik, nere Jaungoiko maitagarria, gauz orrelakorik bein ere, ta darausala mundu eroak, nai duena.

        A, zer mintzoera, era onetako mintzoera! A zein itzkuntz ederra, era onetan mintzatzen diranen itzkuntza! Au ote da, nik nere oraindañoko denboran erabilli izandu dudan mintzoera, edo itzkuntza? Au ala dela, justiziazko, zuzentasunezko, edo bide on-onezko nekeak daramazten zorioneko doatsuetatik, beren gurutze onarekin Jesusen ondoren dabiltzanetatik, eta zerua ederki, ta anitz ondasunekin irabazten dutenetatik bat izandu naz ni; ta, era bereko, datozen aldietan, au berau nik egiten dudala, irabazten dut nik beti-betiko nere Jaunaren zeru bera; ta irabazten dut nik au, nere Jesus maitagarriak irabazi izandu zuen era berean; bada Jesusek au irabazi izandu zuen, anitz neke-modu arrerazten ziozkatela, ez zeren egiten zituen gaitz, edo gaizkiren batzuek, baizik bere bizitza zuzenagatik, eta zeren egiten zuen beraren Aita eternoak nai zuena; ta ala ere berak artzen zituela guziak, ezin emekiago, ta pazienzia ezinobean.

        Au guzia badaki onela dela, dakienak zer eran arkitu oi zen gure Jesus maitagarria emen munduan bizitu zen denboran; eta dakienak, Jesusek emen ekusi, aditu, ta eraman izandu zuena bere erritar eskergabeetatik, fariseo gaisto ta judu gogorretatik, eta beste jende-modu guzietatik, Pilatosen manuz gurutze batean josirik illa iutzi zuten artean.

        Baña gure Jesusen eran, ta adirazi ditugun bezala, artu ote dituzu beti zuk zere onezko edo justiziazko neke guziak? Ez ote diezu zuk gaitzik egin bein ere; ez ote diezu zuk erantzun zerbait, gaizkiren bat egin izandu dizutenei?

        Ontzat beti artu ote dituzu zuk, eta zere Jaun onaren izenean, lagun onak zuri egin dizkitzuten txarkeri guziak? Gaisto guzien bidegabei begiratu ote diezu zuk beti, zere Jaunaren eskutik zetozkitzun irabazbideei bezala? Eskerrak beti ematen ote zeniozkan zuk zere Jaungoiko maitagarriari, era onetako bere irabazbide guziakgatik?

        Ez ez, nere Jaungoiko maitagarria, ez, askotan beintzat, ez! bada agitz mindurik uzten ninduten ni, anitz aldiz beintzat, noizean bein izan oi nituen nere, era orretarako nekeak; eta aldi orietan ibilli oi nintzan ni, tiratu dioten arriaren ondoren ortzka dabillen zakur sutua bezala; ta denbora berean erraten nuela, nekatu ninduenagatik, nork daki zer; oroitu bearrean ni, nere nekeak niri nere onerako bidaltzen zizkidan nere Jaungoiko maitagarriaz!

        A nere eroegia! A! ta zein andiak ziran, aldi orietatik edozeñetan nik galdu izandu ditudan ondasunak! Baldin baneduzka orain nik oriek guziak, zein aberatsa ni gaur, ta zein zorioneko neke-eramallea! Orain nik dagikedana da, leneko utsez damuturik, uts berririk ez egiteko asmo on bat artzea.

        Artzen dut bada, bai, gaur bertatik; eta pozik alere; ta, lenago au ez artuaz ongi damuturik arkitzen naz ni gaur. Nere Jaungoiko maitagarriak didala niri, oraingo nere asmo on onetan irauteko, ta, artu bear diran gaurgeroko nere neke guziak artzeko; ta bidenabar irabazi andiak egiteko grazia. Bai arren, bai!

 

 

Oportet contristari (vos) in variis tentationibus,
ut probatio vestrae fidei, multo praetiosior auro
quod per ignem probatur) inveniatur.

1. Petr. 1. 6.

 

        Ezin zerurako dira, garbi-garbiak arkitzen ez diran animak. An sartuko diran animak, ara baño len iutzi bear dituzte beren oben-pitsak, eta loikeririk txikiena ere. Oben-loi-pits oriek iuzten dituzten anima ez-garbiak kezken, naigabeen, tentuen, ta era bereko anitz nekeren arri tartean; bada, san Pedrok dionaz, animak garbitzen dira urrearen eran; ta urrea ez da garbitzen, sutan urtuz ta urtuz baizik.

        Eta nik, oben txikien pitsak ezezik, bekatu andien loikeriak ere nere animan sartu izandu ditudanak; nik, obenez oben, ta kulpaz kulpa nenbillela, aztura gaistoen lokarri zikiñez nere anima loturik dadukadanak, zenbat nekeren su, zenbat naigaberen egur, ta zenbat urrikiren ta damuren ur bearko dut, nere au ongi garbitzeko? Au nork adiraz! Gogaratzeak berak ikara iutzi lezake, ni bezain zentzu gutizkoa ez den edozein anima!

        Baña anitz ikaratu ote naute ni oraindañokoan, nere ez garbierak, edo nere anima gaiso onetako zikintasunak? Zorionekoa ni, orrelako zerbait ikararia sartu izandu balitzait niri, nere lenbiziko bekatura nintzanetik! Ez nuen agian bekatu berririk egiñen nik, onek bein ni beldurtu ezkero; ta gaurkotz nere animatik kenduak zeuden nere bekatu txar onen zorrak, eta loi-pits guziak; eta geroz nik artuko nituen nekeak izain ziran justiziazko, bide onezko, ta anitz irabazizko nekeak.

        Baña ez naz, ez, ikaratu ni, ori ikustez ezezik, bekatu berriak eta berriak egiñagatik ere: ta arkitzen naz ni gaur kulpaz, zorrez, ta loiez ongi betea! Jaungoikoak didala berririk ez egiteko, ta lenen atzaparretatik, eta orien zarretatik datozan loikerietatik, edo itsustasunetatik lenbaitlen irteteko grazia: bai arren, bai!

 

 

Conjungere Deo, et sustine,
ut crescat in novissimo vita tua.

Eccl. 2. 3.

 

        Zuk zerez, eta zere Jaunak laguntzen ez dizula, ezin dagikezu gauzarik batere; baña zuri ere Jaunak lagundu ezkero, badagikezu zuk edozein gauza, ta, zerorrek nai dezun guzi-guzia; bada indar gutikoa izanagatik zure besoa, indar guziak dituena da zure Jaungoikoarena; ta bien artean bada, edozein gauzetarako bear den guzi-guzia.

        Zabiltza bada zu beti bat egiñik zere Jaungoikoarekin, ta aziko dira zure indarrak, edozein gauz on egiteko, ta Jaunaren Lege onak ekarri oi dituen neke guziak eramateko; ta oriek zuk ontzat artzera, zere Jaun beraren indarraz baliatzen zarala, egiñen dituzu zuk emen bizi zaraño, zeruko irabazi anitz eta agitz andiak; eta erditsiko dituzu gero zeru berean atsegin-kontentu andiak, eta Jaungoiko beraren gloria. Ala erraten dizu Jaungoiko berak Eskritura santaz.

        Ongi: baña artu naiko nazu zuk zugana ni, nere Jaungoiko maitagarria? Eman naiko ote derezkidatzu zuk niri zere indar andiak eta laguntza? Lagundu naiko ote didazu zuk niri nere neke onak eramaten, ta nere lan zuzen oriek egiten?

        Ni bat zurekin egin ezkero, bai, nere Jaungoiko maitagarria, bai; edo bai, nik zuzen egitera nere gauzak, edo nik, zuk nai dezun eran egitera, zuk zerorrek erraten, manatzen, ta adirazten dizkidatzun guziak.

        Nai dezu zuk au, nere anima, zere Jaunaren laguntza indartsu zorioneko onegatik?

        Bai, nai dut, bai, nere nai on onetan ere nere Jaungoiko berak laguntzen didala. Prest nago, bai, nere Jaungoiko maitagarria, zuk nai dezun guzia zuzen egiteko. Ori guzia bertatik egiten asi-naiez nago; ta orretarako zure begira nago, edo zure laguntz-indartsuaren begira ta uste. Eskatzen dizut nik alik zinkiena; ta ez au, ez gaur zuk niri ukatu, nere Jaungoiko maitagarria; ez arren, ez!

 

 

Vae, cum benedixerint vobis omnes homines!

Luc. 6. 26.

 

        A gaisoak, gaistoen lausengaz beterik bizi zaraztenak! Gaistoen eran zuek ez bizitzera, ez likezue oriek, ez, begiratuko ere, edo oriek zuei begiratzekotan, lizake begitan zuek artzeko, ta istaz, ta irriz, ta asm-al adina gaistakeriz zuek zikintzeko. Zikintzen ezpazaituzte; ta, zikindu bearrean, elkarren ezagunen ta adiskideen gisan mintzatzen badizue, gaisoak zuek! bada orien erakoak bide zarazte zuek ere, edo oriek bezain gaistoak; dakizuen bezala, zorigaistokoak dira; galdu bearrak dira, ta erre bearrak dira beti ta beti, ta Jaungoikoa Jaungoiko den artean!

        A nere Jesus maitagarria! Ez dut nik nai, ez, gaistoen lausenga galduen zatirik batere! Dabidek bein ziona (Ps. 140) diot orain nik, eta errain dut beti, bizi nazaño: Izan bitez (niri zaidanagatik) gaistoak, diran aberatsenak, diran andienak, eta diran esku-emalleenak; ez dut nai nik orietatik batekin ere joan etorririk; ez dut sartu nai nik orien jolas eroetan; iges egin nai dut nik orien bideetatik; bada orien bide guziak beteak arkitzen dira beatztopez, eror-tokiz, lakioz, edo lazoz; ta, era orretako bidez dabiltzan animak erortzez erortze dabiltza; ta, diran guziak loituak, beltztuak, eta galduak.

        Zorigaistoan nenbillen ni lenagoko nere denboretan, bide galgarri orietako nere atsegin txar galduen ondoren; bada orien ondoren nenbillela ni gelditu nintzan, anima zikindu orien eran; ta baditut nik oraindik, bai noski, orduko nere erortzeetako karramistak, eta kalteak ere!

        Daraustela bada nai dutena, nere gauz ta ibillera berrien gain lenagoko nere lagun gaistoak; ez dut berriz, ez, nik orien artera itzuli uste. Berriz aratzen banintz ni, berriz ere oriek galduko nindukee ni beren egiteko ta ibillera zikin galgarri gaistoekin, ta azkenean eramain nindukee beren betiko sulezera.

        Ez dut nik nai, ez, erretzen egon an oriekin batean; ez eta bakarrik ere. Zerura nai dut nik, Aingeru guzien, ta ango onen lagun izatera. Arako banaz ni, sartu bearko dut, bai, bein ta berriz ezezik, askotan ta askotan ere lurreko gaistoen maldiziozko, ta milla nekezko gurutze-pean: baña ara nai dut nik, onela badere; ta orretarako nai dut nik, pausuren batean nik uts egin orduko, ta bear ez den gauzaren bat egitera noan denbora berean, itzez, ojuz, ta alde guzietara izu nazaten onak, eta nere Jaungoiko maitagarriak orretarako daduzkan gizon guziak; eta orduan nik orietara aserretu lekuan, eskerrak eskerren gain emain dieztet beren mintzoera ta itz egite gogorragatik.

        Nere Jesus maitagarria! Zere gurutze-pean nigatik zabiltzan nere Jaungoiko-gizon ezin onagoa! zurea da, bai, edo zuk emana, nere barren onetan nik arkitzen dudan oraingo nere asmoa: ta zure ondoren ibilli-naia! Eskerrak zuri ondasun onegatik ere, gañerako guziakgatik bezala! Indazu arren, beste anitz bezala, au ez galtzeko bear dudan zure laguntza ta grazia. Eta ariñago ibilli nadin ni, ta biziroago zure gurutze bidean, ta zu bein ere nere begietatik galtzen etzaitzudala, kendu bear didazu oraindañoko nere utsen, nere obenen, ta kulpa guzien karga guzia. Ori eskatzen dizut, damuz ta urrikiz beterik erraten dudala: Nere Jesukristo, etc.

 

aurrekoa hurrengoa