www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (II)
Sebastian Mendiburu
1760, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Bigarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XLVII.garren OTOITZ-GAIA

MAIZKO OTOIZAK

 

        Erakutsi dizkigu gure Jesusek, oraindañoko zenbait otoizgaietan ekusi dugun bezala, zein den zerura nai dutenak artu bear duten Legea, ta zein Lege onetako ibillera; baita zer neke-gurutze diran ere ibillera bereko gurutze-nekeak; eta zein andiak diran gurutze-neke berekin irabazten diran doatasunak, eta graziak; eta erakutsi dizkigu onenbat ikaskari eder, itzez ezezik, neketan bera ta gurutze-pean ibilliz ere; ta berak lenik egiten duela, guri gero eragin nai diguna.

        Baña zenbat ere den guk oraindañokoan ekusi dugun gure Jesusen itzezko ta lanezko erakuste au, ez da, ez, ekuskari txikiagoa, urrengo Libruan guk Jesus beragandik ikasi bear duguna, ekusiko dugun bezala ekusi ondoan, bein Jesusek, neketan gabiltzaneko, iutzi digun atseden-toki bat; ta atseden-toki, anitz lekutan arki dezakeguna, baita geren baitan ere; ta toki geren neketarako, ta etsaiak garaitzeko indar andiak dakauziena: ta gero, era onetako nekeen igesi dabiltzanen kalteak. Goazen orain lenbizikora.

 

 

A.

Gure legeko nekeetan,
dabillenaren atseden-toki ta indar-bide
guztiz ona da elizan otoitz egitea

 

        Gu gerez beti gaitzera makurtuak arkitzen gara. Gaitz berera bulkatzen gaituzte gu geren etsaiak; eta etsai bortitzak dira gure etsai oriek; eta elkar arturik dabitzan etsaiak dira; ta ala dabiltza, guri zeruko geren grazia galerazi naiez; ta orretarako, bekatuak bekatuen gain guri eragin naiez dabiltza.

        Guk, oriek nai dutenik ez egiteko, billatu bearko ditugu indar andiak. Gure Jaungoiko maitagarriarenak dira lan onetarako diran indarrak; eta, Jaungoiko berak erranik daduka emain dizkigula, guk ari oriek ongi ta maiz, edo bear den eran, eskatu ezkero: petite, et dabiiur vobis. (Mat. 7. 7.)

        Orregatik bada, bekatutik atera den animak, baldin iraun nai badu bere Jaungoikoaren grazian, ta berriz bekatura gabe; ta eraman nai baditu bere Legeko neke guziak, eta Jesusen ondoren dabiltzanak daramaten gurutze nekezkoa, egin bearko du, oriek ere egiten duten gauzatxo bat, edo egin bearko du bere Jaungoikoari ongi; ta maiz otoitz egitea. Ori da Jesusen ondoren dabiltzanen atseden-tokia, ta indar andiz beterik arkitzen den lekua.

        Baña zer ote da, batek bere Jaungoikoari ongi ta bear den eran, otoitz egitea?— Ori da orrek bere Jaungoikoari, dagokan eran mintzatzea, eskatzen diola, bera serbitzatzeko, ta eskallearen onerako den gauzaren bat edo beste, lendabizitik adirazi genuen bezala.

        Mintzo-eskaera on onetarako billatu bearko dezu zuk, al dezun tokirik onena; ta, al dezunean, zere errikoa edo beste edozein eliza: au da alabaña Jaungoikoaren munduko jauregia, edo palazioa; ta au, bere zeruko ondasun andiak eta graziak emateko, Jaungoiko berak berezi duen tokia.

        Non-nai eman ditzake, bai, gure Jaungoikoak bere ondasun oriek, eta ematen ere ditu maiz aski, ta egunoro, oriek guk an eskatu ezkero, eska ditezkeen bezala, baña, al ditekenean, naiago du eska dakiozkan bere eman-tokian, bere jauregian, edo bere elizan.

        Orobat gertatzen zaie lurreko erregei ere; bada oriek ere beste edozein lekutan baño naiago dute, eska dakien, eman nai dutena, beren tokian edo beren jauregian, edo beren palazio berean.

        Elizaratzen zaranean zu, zere Jaunari zuk an zere otoitz on oriek egitera, sar zaitez elizan, ta zaude an, errege andien gelan sartu, ta egon oi diran gizonen eran, erregeetara zerbaiten eske sartzen diranetan.

        Nola doazela, uste dezu zuk, eta zer moduz, edo eran, an egon oi diran gizon oriek?— Ara doaz oriek, beinik bein ongi jaunziak, eta guztiz garbiak. An sartzen dira oriek agur andiekin; ta, zertara doazen ongi oartuak; eta an daude oriek, an dauden denbora guzian, umill-umill; ta an berean egiten dituzte beren eskaerak alik ongiena; ta, beren eskaerak baizik, gogoan artzen ez dituztela.

        Zere elizako sartze-egote oriek egin nai badituzu zuk, era orretan, edo bear bezala, zoaz zu ara, gisa berean, edo biotz bear bezalakoarekin, edo lenik zuk zere biotza garbitzen dezula (bekatuz loiturik arkitzen denean) onez-damuz edo kontrizionez badere.

        Zoaz bada beinik bein biotz garbi-garbiarekin, ta biotz bera graziaz, umiltasunez, ta zere Jaungoikoari eskatzera zoazen ondasuna, Jaungoiko beragandik erdisteko uste osoz beterik, edo jauntzi apaindurik, daramazula: ta, gero elizan sartzen zaranean, ta, an arkitzen zaran denbora guzian, zaude zu, non arkitzen zaran dakizuna bezala: edo zaude uill-umillki zere Jaungoikoari begira, edo zere Jaungoikoagandik gogoa bein ere kentzen ez dezula.

        Au guzia guri erakusteko ziran, bere txiki-zitutik, edo txiki-danetik ill arteko, Jesusen elizaratze guziak, eta Jesus beraren ango egoerak; baita eliza berean Jesusek egiten zituen gauzak ere, ta beste guzien artean bat.

        Zer gauza ote zen Jesusen elizako gauza berezigarria au?— Au zen eliza zaitzea. Jerusalengo elizara igan zenetatik batean ekusi zuen Jesusek eliz-gizonak etziran jendeak, edo Lebit edo Apez etziranak, otoitz egitera zijoazenak gelditu oi ziran tokian, saltzen zeudela barrengo Aldarerako bear ziran ardiak, beiak eta usoak; eta beren diru zeak edo txikiak maigañean zeduzkatela, andiak trukatzeko, aldarerako gauzen erosleei: ta au an ekustean, aserretzen da Jesus maitagarria; egiten du sokazko azote bat; eta ateratzen ditu azot-ukaldika ango ardi ta bei guziak, beren saltzalle guziekin batean: botatzen ditu batera ta bestera, ango diru-mai guziak: eta uso saltzalleei erraten die: atera emendik uso oriek; ta ez dagizuela berriz sekulan kontratazioko, edo saldu-erosteetako etxe, nere Aitaren etxe au. Ioan. 2, á v. 14.

        Bere Pasioneko egunak baño lentxeago arkitzen ditu berriz Jesus maitagarriak leku ta gisa berean saltzall-erosle, ta trukalari berak, edo beste zenbait, eta egiten du orduan ere (baña azoterik bage) leneko aldian egin izandu zuena; ta, bere lan au egin ondoan, erraten die artan ari ziranei: nere itxea otoitz itxea da mundu guziarendako, eta zuek zeren egiteko oriekin egin didazue lapur etxe. Eta geroz etzion bati ere utzi nai andik kargerian ibiltzen.

        Ekasten dezu, bein, ta berriz ere Jesusek Jerusalengo elizan egin izandu zuena? Ezin ote legike gaur zurekin ere gure Jesus maitagarriak, aldi orietan jerusalendar oriekin egin izandu zuena?

        Atozea ezperen: etzaude zu anitz aldiz beintzat, elizan egonagatik, eta otoitz egiten dagoenaren eran, andik urruti daduzkatzula zere asmo guzia, ta zere gogoetak? Edo etzaude zu elizan, zere gogoz ta pensamentuz zaitzen, saltzen, ta erosten ardiak, beiak, edo lurreko zer edo zer? Etzaude zu elizan, andik usoak bazkatzen bezala, edo bear ez diran gauzei begira, ta oroitzapen lizun-loi anitz zere gogoan darabiltzkizula? Edo, elizan zu gorputzez egonagatik, asmoz, gogoz ta buruz etzaude zu, askotan beintzat, diru kontuetan, saldu-erosietan, eun milla eskanbilletan, kargeri loietan, eta, nork daki zenbat erakeritan? Eta gisa onetan zu elizan egotea otoiz egitea da?

        Ez, baizik eliza loitzea; eliza nastea, eliza zuk zere gogoeta ta oroitzapen lapurrez betetzea; ta elizan zuk, ongiak ongien gain egiteko dagoen zure Jaungoikoa otoitz onez palakatu bearrean, aserreturik uztea.

        Nai badezu bada, dizun zuri zure Jaungoiko maitagarriak, bekatu berririk ez egiteko, ta zere nekeen gurutze onarekin zuzen ibiltzeko, bear dezun indar guzia ta laguntza, sar zaitez zu zere Jaungoikoaren jauregian, edo elizan ongi prestatu apaindua; ta egizkitzu zuk ango egitekoak, guztiz umilki, ongi oarturik, eta, an arkitzen zaran aldian, norekin diardukazun dakizunak bezala. Zuk ori era orretan egitera, eliza izain da (izan dedilla au zure errikoa, edo edozein beste tokitakoa), zure atseden-toki, ta irabazbide guztiz egokia; bada zure Jaungoiko maitagarriak bere graziarekin, ta esku onarekin leunduko ditu zure neke gurutze guziak; eta denbora berean emain dizkitzu anitz ondasun, ta ontarte.

 

 

B.

Era bareko bidea, nork berak
bere baitan edo barrenean otoitz egitea

 

        Elizara ezin zoazken aldietarako egizu zuk zere biotz berean gogozko eliza txiki, ta aldaretxo bat; eta or aldare orretan egizu gero, elizan egiñen zenuken otoitza; ta egizu or zuk zere otoitz ori, san Pablok adirazten dizun eran, onek erraten dizunean: nai dut nik, gizonak otoitz dagiten bazter ta toki guzietan, beren Jaunagana esku garbiak goitituz, irañik bageko biotzarekin, ta asaldaziorik batere artzen ez dutela. 1. Tim. 2.

        Garbi zazu bada zuk orretarako zere biotz txar-galdu ori. Ken egizkitzu zuk zere biotz beretik lurreko naikunde loi-makur-beroak edo, bear ez diran, zere naikunde guziak. Apain zazu zuk zere biotz bera umiltasunez, uste biziz, edo esperantzaz, ta zere Jauna zuk maitatu-nai andi-zuzenez.

        Sar zaitez gero zu, gogozko zere oñ ariñez ta bidez, zere biotzeko eliza txiki orretan; ta, agur andiak or egiñik, or bertan arkitzen den zure Jaungoiko ongille maitagarriari, asi zaitez eskatzen: ta eska zaiozu nai dezuna.

        Ala egiten zuen, beste anitzen artean, Senako santa Katalinak; bada bere gogoz egin zuen Santa onek bere biotz berean aldaretxo bat bere santo Kristoarekin; ta lurreko bertze edozein egitekotan oñez ta eskuz ibilliagatik, naiez ta gogoz an arkitzen zen beti bere Jaungoikoarekin; ta an egiten zituen, elizan egin zitzaken otoitzak eta gauzak; eta era orretako bere otoitzekin erditsi zituen, bere burua santasunez beterik uzteko, bear zituen zeruko indarrak eta gauza guziak; baita zeru bereko birtute ta ondasun andiak ere.

        Baña zenbat aldiz egunoro, ta zer orduz sartu bear ote du batek bere Jaunaren elizan, edo bere biotzekoan, an arkitzen dituen indar andiekin ongi bizitzeko, ta bekatu berririk egiten ez duela, irabazi andiak egiteko? Edo zenbatetan otoitz egin dezake batek goizetik arratseraño, bear den eran, ta orrenbat irabazirekin bizitzeko?

        Era orretan biziko da, bai, ark ori, san Pablok erakusten duen adiñetan, ta zuzen, egiten duela. Ez dezazuela (dio san Pablok): ez dezazuela zuek zeren gogotik iutzi zeren Jaunari zuek zeren otoitzak egitea: Sine intermissione orale. (1. Thesal. 5. 17.)

        Ala egiten du, bai (ta ederki alare), itsasoz onzia zuzen darabillenak egin oi duena egin ezkero. Ez da, ez, era orretan onzia darabillen Pilotoa, lotarako, Nort-izarrari bein begiratu bage, ta izar ark adirazten dion eran ontzia zuzendu artean. Lotatik jaiki orduko begiratzen dio berriz izar berari; ta izarrak agertzen dion bide zuzenez ezpadoa daraman ontzia, bide artaratzen du, trikatu gabe, edo denborarik galtzen ez duela; ta gero egun guzia darama, noizean bein ontzi-izarrei begira, aize gaistoak, edo ubeldeak galerazi ez dezoten onzi berari, eraman bear duen bere bidea. Baña bere begiratze, ta kontu artze oriek ez diote Piloto berari kendu oi bere jan-edanak, bere loak, eta gañerako bere gauza guziak, bear den eran egitea.

        Egin ditzaketzu, bada, zuk ere zere gauzak, zere Jauna zuk bein ere zere gogotik uzten ez dezula, edo zere Jaunari zuk, egin bear diozun aldietan, otoitza egiten diozula: ta, ala zuk ori beti egitera, egiten dezu zuk, zuri Apostoluz zere Jaungoikoak adirazi dizun otoitza: ta ori zuk egiñen dezu, egin ezkero zuzen ta kontuz goiz-arratsetako zere otoitzak, jan-orduetarakoak, eta elizara zaitezken aldietakoak: eta noizean bein egunaz zu, ta iratzarririk arkitzen zaran gabazko orduetan ere, sartzen bazara zere biotzeko aldareraño, edo, arkitzen zaran tokitik, zere Jaunagana zuk zere gogo asmoak goititzen dituzula, ematen badiozkatzu, laburki badere, egin dizkitzun guzien eskerrak; eskatzen badiozu zuk bidenabar. Bein, leneko zere utsen barkamentua, berriz bere laguntza, zere gauzak zuzen egiteko; gero bere beldur santua, uts berrietatik eta orien bide galduetatik iges egiteko; batzuetan bere amore maitagarria; besteetan bera bere zeruan ekusi-naia; ta orrelako zer edo zer: baña utzi bage bein ere Jesusen Amaren egunoroko Errosarioa, zere Meza-entzutea; ta egunoro, edo al dezunetan, libru onetan zerbait irakurtzea, emen arkituko dituzun gauz onak egiteko asmoan.

        Egin ote dezu zuk ori guzia oraindañoko zere denboran?— Egin ote dezu zuk onen laurdanik ere?— Ez egiaki, diozu, ori egin bageak ematen dizun damu andiarekin!

        Orregatik egin dituzu zuk, zuk zerorrek dakizun adiña uts, eta bekatu.— Galzez galdua dago mundua, dio Jeremias profetak (cap. 12. 11.), zeren ez den mundu berean bere bearrari, bear den eran ta adiña, begiratu nai dionik; eta, bere bearra ekusten ez duenak ez dio, ez, bere Jaungoikoari eskatzen, bearretik ateratzeko, bear oi den laguntza ta grazia; ta, bear duena billatzen ez duena bearti gelditzen da beti, bera gero gosez ill artean.

        Au gertatu zait niri, bekatura nazan guzietan; ta gertatu zait, bai, nik ongi begiratu gabez nere gabera, edo nere bearretara.

        Etsaiez inguratua nenbillen ni gau, ta egun, ta beti. Nere aztura, ta pasione galduak elkar arturik zebiltzan, ta nere etsaiekin bat egiñak; eta, oriek garaitzeko, nik naita-ez bear nuen laguntza bein ta berriz nere Jaun maitagarriari eskatu bearrean, nerau sartzen nintzan ni nere galbideetan, ta nere etsai amurratuaren atzaparretan; ta gelditzen nintzan geroztik ni, nere oñetatik bururañokoan nazan au, oben-kulpaz erdiratua.

        Eta sendatu ote naz ni, orduko nere erdiratze gaisto, ta eritasunetatik? Barkatuak ote daude oraindañoko nere utsak, eta bekatu guziak? Egin bear ote dut nik uts, edo kulpa berririk gaurgero bein ere?— Nere eskuan dago orrelakorik batere bage beti ni bizitzea. Ez dut orretarako bear nik, kontuz ibiltzea, ta ongi ta maiz nik nere Jaunari otoitz egitea besterik. Badakit orain, bai, au nola ta zer eran egiten den. Egin naigabez betetzen baditut nik nere uts galgarrien neurriak, ondatuko naz ni betiko sulezean, ta galdua naz ni an, eternidade guzi-guzirako. Ala ni an azkenean galdurik gelditzera, nere zorigaistoan jaioa!

 

 

Zelus domus tuae comedit me, et opprobia
exprobrantium tibi ceciderunt super me.

Ps. 68. 10.

 

        Zure etxea, zure eliza, zure jauregia ekusi nai nukean nik, zegokan eran, ta jende umil, begiratu-garbiz zena betea, baña zer gertatu da? (dio Jesus maitagarriak, bere Aita eternoarekin itz egiten duela) Kontatuak dira, ta ongi ezagunak, era orretan onaratzen diranak! Gañerakoak datoz, edo zertara datozen ez dakitela, edo ausardiz beteak, eta Etx-Jaunen eran; ta, emen zenbait denboraz egon, ta ondoan emendik doaz, emen zuri, nere Aita maitea, deus eskatu gabe; ta, berak bear dituzten gauza guziekin arkitzen balira bezein buru zuzenarekin, ta gogor, ta tieso: ta orregatik onara etortzen diranean, datoz beren gaitzerako bezala, ta atsekabe galantez zu ta ni biok ongi beteak uztera; bada datoz, gogoz, begiz, biotzez, ta miiz nork daki zenbat txarkeri emen bertan egitera.

        Egin dut, dio Jesus maitagarriak; egin dut nik zuk, nere betiko Aitak, dakizun adiña, oriek zentzarazi naiez, ta oriei erakusteagatik zertarako den zure itxeratzea, edo zertara etorri-bearrak diran zure itxera edo elizara etortzen diran aldietan: baña ez aditu egiten didate niri oriek; eta onara etorri oi dira oriek, eroen eran, ta beren buruen galtzera bezala; bada orien emengo eskaerak eta otoitzak izaten dira, emen bertako bekatu berriz beren buruak loitzea.

        A, era orretan onara datozenen etortze galgarriak! Uzten ezpazaituzte zuek elizaratzen diranak; eta, zuen lekuan, artzen ezpadituzte elizaratze obeak, emendik aienatuak izain dira etorle berak, berak ori gutien uste dutenean; ta, orain oriek beren Salbatzallearen gaiñera bota dituzten, era orretako ta gañerako oben-kulpak, orduan artu bearko dituzte berak beren gain, orien astuntasun nekagarriarekin lerturik bizitzeko eternidade guzi-guzian, ta sekulan!

        Ez arren, nere Jaungoiko maitagarria, ez! Gaurdanik egin nai ditut nik, zuk zerorrek nai dezun eran, nere elizaratze guziak, eta nere ango otoitzak. Indazu zuk orretarako zere eskua ta laguntza! bai arren, bai!

 

 

Si Patrem invocatis eum, qui sine acceptione
personarum judicat secundum uniuscujusque opus,
in timore incolatus vestri tempore conversamini.

1. Petr. 1. 17.

 

        Aitaren izena ematen diozue zuek zeren Jaungoikoari, ta ongi egiten dezue, dio san Pedrok; baña begira (dio berak), begira: ez die Jaungoikoak mintzatzen diranen itzei begiratzen, begiratzen dio oriek berak egiten dutenari; ta egiten dutenean, duten barreneko begiratzeari.

        Orregatik bada, alferrik ibilliko zara zu andik onara, ta nai dezun bezala; baldin ezpazabiltza zu, ibilli bear den bidez ta eran, galdua zara zu egun ta sekula guzirako; bada gure Jaungoiko zuzen maitagarriak ez du, ez, gure ezpañetara begiratuko: ezpañak batetik, eta biotza beste bidez, dabiltzan aldietan: ta itzez ta biotzez zuzen dabiltzanak dira, gure Jaungoikoaren begitarte ona, ta zerurako sentenzia erdisten duten ibilleak.

        Zerutik urruti arkitzen ote zara zu? Andik erbestatu ote zaituzte, ta desterratu zere oraindañoko oben-kulpak? Ara naiez arkitzen zara, ala ere zu? Baña ara ezin zoazke zu, zere Jaungoiko maitagarriak zuri laguntzen ez dizula. Eta nai ote dezu zuk zere Jaungoikoaren laguntza? Bai?

        Bada emain dizu (ta gogo osoz alere), zuk ori ongi, ta ongi, ta mugaz zere Jaungoikoari eskatu ezkero.

        Ote dakizu zuk, zer eraz egiten den, mugazko eskaera zuzen au?— Egiten da bada errumes beartsu baten eran, itz egiten zaiola, edo gure Jaungoiko maitagarriari eskatuz ziñez, umilki, ta garairik uts egin bage, erditsi uste duguna.— Lurreko umil-beldurtiak dira, beren Jauna lenenik urrikarazten dutenak. Oriei, bai, gure Jaungoiko maitagarriak ematen die, nai osoz, ta luzatu gabe, berak eskatzen diotena.

        Zorioneko ibille zuzena ni, ni orien eran ibiltzera emen bizi nazaño! Ni era orretan beti emen ibiltzera, ni izain naz nere Jaunaren ume maiteetatik bat; eta, nik nere Jaun oni eskatu ezkero, bere ume on oriek eskatzen dioten eran, bere esku indartsuaren laguntza ta grazia, izain dut nik au, bein ere uts egin bage; ta izain dut gero bere denboran sekulako gloria. Ala gerta dedilla, nere Jaungoiko maitagarria: bai arren, bai!

 

 

Deus meus misit angelum suum,
conclusit ora leonum et non nocucrunt mihi.

Dan. 6. 22.

 

        Guztiz maite zuen Daniel zeritzan profeta errege Dariok; eta orregatik egin ere zuen, bere erreinuko irur gizon andienetatik bat.— Danielen on au ezin eramanez, Babilonako beste gizon andiak, egin izandu zieten, beren ustez, amilltegi edo galbide bat guztiz egokia.— Bazekiten gizon errebes oriek, oitua zegoela Daniel profeta goitz-arratsetako ta egunezko bertze zenbait otoitzetara; ta tranpiaz atera zioten errege Dariori, ogeita amar egunez, Errege berari baizik, otoitzik ez egiteko manua; ta manu au austen zuena bota zedilla, an Babilonian gosez arkitzen ziran leoi izugarri batzuen lezera.

        Aditu zituen Danielek Erregeren manu au, ta au austen zuenak ekusi bearko zuen pena; baña, aditu ezpalitu baño geiago, etzuten izutu Profeta; ta urrengo egunean (geiago luzatu bage) egin zituen Danielek, len bezain astiz ta kontuz, bere otoitz guziak: eta orregatik aurtiki zuten leoi goseti gogorren artera, izan zedin an orien bazka ta janari.

        Baña zer gertatzen da?— Otoitz onarena. Igortzen du bertan gure Jaungoiko maitagarriak bere Aingeru indartsu onetatik bat; eta lotzen ditu onek ango leoien muturrak: eta an dago Daniel leoien artean, bertze anbeste bildotsen artean arkitzen baliz bezain ongi ta seguru; ta ateratzen da gero, ater-ordua etorri zenean, ara aurtiki edo bota zutenean bezain oso, ta osasun onarekin.— Banatzen du errege Dariok Danieli aldi onetan gertatuaren berria, ta gure Jaunaren izena; ta gelditzen da Daniel leneko bere lekuan, ta erregek, len-ere baño agitz geiago nai diola.

        Nai dezu izan zuk ere leku eder bat, gure Errege andi, Jaungoikoaren zeruko Erreinuan? Nai dezu zuk, gaitzik ez dagizuten sulezeko leoiak, lurreko gaistoak, eta zere pasione biziak!

        Egizkitzu, bada, egunoroko artuak daduzkatzun zere otoitzak, eta zuri dagozkitzun gañerako gauzak. Ez da zer utzi guzietatik bat bera bein ere, zure etsaiak ori, zure egitekoak, zure lagun gaistoak, edo zerk edo zerk eragotzi naiagatik.

        Zabiltza zu zuzen-zuzen zere Jaungoikoarekin, ta zere begietatik bein ere zere Jesus maitagarria galdu bage. Egizkitzu zuk, alik eta konturik onenean, zure Jaungoikoari dagozkan gauzak, eta, edozein neketan ekusiagatik gero zuk zere burua, ez da batere zer beldurtu.

        Gure Jaun ezinobea da, ta gure Jabe ezin- maitagarriagoa, gure Jaungoikoa; ta, era onetako Jaun eta Jabe batek ezezik, ez daki, den txikienak ere galzera iuzten, bere lan guziak ongi egiten diozkan bere serbitzaria.

        Gure Jaun au, gure Jaun ta Jabe ezezik, gure Egille ere da; bada Jaungoikoaren eskukoak gara gu guziok, eta berak egiñak; eta nork-nai maite ditu, berak egiñikako bere gauzak, gauz onak diranean oriek, eta bear bezalakoak. Denbora berean gure Aita ezin-maitalleagoa da gure Jaungoiko egille au; ta edozein aitak maite baditu bere umeak, dituen bezala, zenbat maitatuko ez ditu era onetako Aita batek bere ume onak?

        Ezin geiagorañokoa da gure Jaun onen eskua, edo, asm-al ditezkeen gauza guziak dagizkiena da Jaun and-egille maitari onen aala ta eskua; ta bere esku guziarekin laguntzeko dago Jaun au bere umeei, bere gauzei; ta bere serbitzariei, oriek eskatu ezkero umilki, ta bear den eran, bere laguntza.

        Ona bada ni, nere Jaungoiko egille-on-indartsu-maitatzallea, ona ni prest, zuk nai dezun guzi-guzia egiteko.— Etsaiez inguratua nago ni, ta oriek garaitzeko indarren ta indarren eske. Ez emen dakizkitzu ukatzen zuk, ziñez ta ongi eskatzen dizkitzunari. Ziñez eskatzen dizkitzuk, bada, nik, eta beartsu-errumesak bezala, edo ezaguturik nere bearra, nere ezer-eza, ta zure izate ezinobea.— Zure bearrean nago ni, ta egoin ere naz, bizi nazaño: ta, au dakidan ezkero, dakidan bezala, beti-ta beti, edo alik maizena eskatuko dizut nik zuri zere laguntza; ta eskatuko dizut, emain didazulako ustean.

        Au lenagotik ez egiñaz, ta orregatik egin ditudan utsez, dut nik orain damu; ta damu au zuri nik, eta mundu guziari adirazi naiez, erratera noa, al dudan zintasun guzi-guziarekin: Nere Jesukristo Jauna, etc.

 

aurrekoa hurrengoa