www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (II)
Sebastian Mendiburu
1760, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Bigarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XLIX.garren OTOITZ-GAIA

 

 

A.

Saltzen die Judasek ezer-ez batean
Jesusen etsaiei Jesus maitagarria

 

        Saltzen du Judasek Jesus? Saltzen die Judasek Jesus, Jesusen etsaiei? Eta saltzen die ezer-ez batean Judasek Jesus Jesusen etsaiei? Gauza arrigarria!

        Nor ote da Judas Jesusen saltzalle gaisto arrigarri au? Nor ote da, Judas gaistoak orren aisa saldu izandu zuen Jesus maitagarria? Eta nor ote dira Jesusen etsai Jesus beraren erosle oriek?

        Judas da Jesusen amabi Apostoluetatik bat.— Zein ote dira Jesusen Apostolu oriek? Oriek dira, batiatu diran guzien arteko Santurik andienak, eta, Elizako tokirik onen-onenean arkitzen diran gizonak.— Nork eman ote zion Judasi Jesusen Apostoluen arteko toki au? Jesus maitagarriak. Eta zergatik ote? Bere nai utsez, ta batere zor etziola.

        Ongi zordun uzten du Jesusek Judas onenbat ondasunekin, ta onen toki ta leku eder andiarekin! Belaunikaturik, eta arrastan dabilla ere, bera bizi den artean ez luke Judasek egiñen Jesus onari zor dion laurdenik ere.

        Zer egin ote zuen Judasek bere zor andi onen alde?— Zeer? Aditzen dezuna; ta munduan den gizonik txarrenagandik ongille batek usteko etzuen eskergabekeria: bere ongille andi Jaungoiko-gizon Jesus saltzea! Ekusten dezu?

        Nor ote da gure Jesus maitagarria? Jesus da, baldin zuk au ezpadakizu, Aita eternoaren Seme bakar-Jainko-gizona. Jesus da, zeruan ta lurrean arkitzen diran gauza guzien jauna ta jabea. Jesus da, mundu galdua erosi, edo zuzendu naiez, lurrera, gizon egiñik, etorri zen Jaungoikoa, ta orretarako, milla nekeren buruan, bere odola ta bizia gurutze batean eman izandu zituena. Jesus da zerurako bide bat mundu berari egin izandu dion Jaungoiko-gizona, ta zerura ziñez nai duten guziei arako bide au zabaldu diena. Jesus da, bere graziazko ondasunez munduko guziak bete nai dituen gizon-Jaungoikoa, ta Jesus da, eternidade bateko gloria igan nai dutenei eskua luzatzen diena.

        Eta Jaungoiko-gizon, onen ongille au da Judasek onen aisa saldu izandu duena.— Au berau: ez besterik; eta Jaungoiko-gizon, onen ongille au, saldu du Judasek, ekusi dugun ontarte ain andia beraren eskutik artu ezkero.

        Eta nori saldu dio Jaungoiko-gizon on ongille Jesus au Judas eskergabeak?— Jesusen etsairik gogorren-galduen-gaistoenei.— Zein ote dira Jesusen etsai oriek?— Oriek dira juduen arteko Apez-Nagusiak, eta Sazerdoterik andienak. Apez oriek ziran, Jesus ezin ekusi zuten gizon amurratuen erako batzuek. Oriek ziran, Jesus begitan arturik zedukaten gizon galduak; eta oriek ziran, Jesus galtzeko bideen billan zebiltzan gizonak.

        Baña zergatik ote, edo zeri zegokala?— Zeren ongi nai zien: besterik bage. Zeren agertzen zien zeruko bide zuzena, ta Lege berri ondasundun, guztiz eder bat. Zeren debekatzen ta eragozten ziezten ongi etziran zenbait gauza, ta egiteko: ta zeren adirazten zien berak, nai ta ez egin bear zutena, emen onak izateko, ta gero Jesus beraren zeruan sartzeko.

        Ote zuen Judasek Jesusen etsai orien zerbait berri?— Baita anitz ere: bada bazekien arazo andietan zebiltzala, Jesus ill erazi naiez; eta, ori zekienak bezala, billatzen ditu Jesusen etsai berak; eta, agerturik noski, Jesusen etziran anitz gauza; ta, besteen artean, Jesus zela usantza zarren galtzalle gaisto bat; Jesus zela Moisesen Legeari begiratzen ez zion gizon bat; Jesus zela ezteiez eztei, ta jale-edale andien artean, zebillen gizona; ta Jesus zela, bear ez ziran anitz gastu, galtze, ta gauza egiten ta eragiten, edo ontzat ematen zituen bat; eta, orregatik asperturik arkitzen zela bera ere (errain zien gero) Jesusekin egotez ta ibiltzez; eta, ikasirik zertan zebiltzan berak, an zetorkiela Jesus saltzera, ta erosle berei bidenabar erratera beren eskurako zuela, bere iguala egin ta laster, edo berak nai zutenean.— Ekusi dezu zuk oraindik onelakorik? Usteko zenuen zuk, gerta ere zitekela, au bezain gauz arrigarririk?

        Zertan gelditu ote ziran Jesusen etsai-Apezak eta Judas? Zer iguala egin ote zuten elkarren artean? Edo zer eman ote zioten judu-Apaizak Judasi, Judasek berei saldu zien Jesus onagatik?— Berak nai zutena. Etzien, ori berbera baizik, eskatu Judasek, Jesus oriei saltzean; bada orduan ark oriei erran izandu zen: zer eman nai didazue zuek, nik zuei Jesus salduz emateko? Eta, oriek erantzun orduko, emain ziozkatela, denbora artako, ogeita amar diru, iguala egiñik gelditu zen, Judas saltzallearen ta orien artean: ta joan zen Judas, Jesus bere etsai erosleen ekuratzeko, aldarte on baten billara.

        Ezin egin zezaken Judasek, egin zuena baño iguala txarragorik: bada orrenbat eman bear zuen, korradu bat ere ez gutiago, juduen arteko edozeiñek, esklabo, edo kautibo ill bategatik ere (Exod. 21.): ta kautiboak, edo esklaboak ziran, bizi ziranean ere, juduen ta israeldarren arteko gizonik ezer-ezenak.

        A Judas, Judas! denboraren batez ongi maitatzen zenuen, bada, zuk ere, zere ongille-on-Jesus maitagarria! Zer egin zaio, bada, geroz Jesus maitagarriari, Jesus maitagarria zuk orren ziñez, biziro, ta gogorki begitan artzeko?

        Aztu, edo atzendu zaitzu zuri zenbat zor diozun zuk zere Jesus maitagarriari, Jesusek bere Apostolutako artu izandu zinduenetik? Kendu ote dizu Jesusek geroz, orduan zuri Jesusek emanikako lekua, edo leku andi orrek dakarren eskua? Egin ote dizu Jesusek zuri bidegaberen bat edo beste?— Zertan zabiltza, bada, orren makur, ta zertan zere buruaren orrenbat arazo galgarriarekin? Zuk Jesusi zor diozun adiña zor zionak salduko zuen, bada, Jaungoiko-gizon-Jesus maitagarria? Eta, saltzekotan ere, salduko zenien Jesus, beraren eroslerik gaistoenei, ta judu gogor galgarriei? eta salduko zenien ezer-ez batean?

        Zergatik etzenion saldu (saltzekotan) bere Ama, beraren ongi maitariari, santa Maria Madalenari, edo ongi nai zion besteren bati? Orietatik edozeiñek emain zizun zuri Jesus maitagarriagatik Juduak eman dizuten adiña, ta anitz geiago; baita zuen guzi-guzia ere. Izan zu, bada, zaran bezain diru-zalea, ta alere galtzen dezu zuk galdu dezun adiña diru ta irabazi! Ongi nonbait itsutu zaituzte zu zere oben-kulpak, edo gaizki galgarriak; eta ongi alere!

 

 

B.

Ezer-ez batetik asi zen
Judasen itsuera, ta lan gaisto au

 

        Judasen ondotik dabillen gaistoa da bekataria; ta aren ondora nai ez duen anima gaisoak, ekusi bear dn, nondik asi zen Judasen sal-bide galgarri madarikatua; bada garbiro, zuzen, ta bear den eran ibilli nai duen animak ez du sartuko, ez, oñik bein ere bere buruaren gal-bidean, alakoa dela bide bat bein berak ongi ezagutzera.

        Asi zen bada (baldin ezpadakizu) Judas galduaren gal-bide gaisto au utsegite zenbait txikitatik, eta gutika-gutika ebaste gaistora oitzetik. Igortzen ziozkaten Jesus maitagarriari, edo ematen ziozkaten, ongi nai ziotenak, Jesusek berak, eta beraren Apostoluak bear zituzten gauzak; eta, besteen artean, zerbait diru.

        Diru au beintzat (eta agian Jesusen gañerako gauzekin batean) Judasen eskuetan zebillen; ta au ekusiz ark, eta batetik bestera bete esku tartean zerabillela, diru-zaletu zen Judas betiko galdua; ta asi zen Jesusen dirutik gordetzen, gogoak ematen zion bere gauzetarako; ta egin zen lapur gaisto, ta ebasle galgarri. Ioan. 12. 6.

        Gaistoarena! Onela gaistatu zenetik Judas, etzion Judasek ongi begiratzen gure Jesus maitagarriari. Aldian geiago erretzen zuten Judas Jesusen itzak, Jesusek ziardukanean beintzat ebaste gaistoen gain, edo kontra: ta Jesusen itz onak aditu, ta bere lapurreriak utzi, ta ondu bearrean, egunoro zen Judas ebasleago, naiez ta gogoz beintzat; egunoro zen gaistoagoa, ta egunoro begiratzen zion Jesusi Judasek gaizki baño gaizkiago; ta orregatik, eta gure Jaungoikoak artarako bear zen eskua ematen ziola, sartu zen Satanas Judasen biotzeraño, ta arrerazi zion Satanasek Judasi, Jesus maitagarria arras galerazteko asmoa: ta saldurazi zion Jesus judu gogorrei, ekusi dugun bezain merke ta diru gutitan; ta, zenbat ere diruzalea zen Judas galdua, naiago izandu zuen Judasek, zerbait galtzen zuela bazen ere, galdurik ekusi Jesus, ezen ez bere Amaren, Maria Madalenaren, edo, diru anitz emain zion, edozein besteren baitan edo mene onean.

        Orra nola daraman, sulezeko gure etsai amurratuak, gutika gaistatuz, ta itsutuz, gaizki dabillen anima.— Gutiren bat arreraziko zion lendabizian etsaiak Judasi Jesusen gauzetatik. Urrengo aldian zerbait geiseago. Andik laster, ta fite bekatu andi bat egiteko diña. Gero sartuko zion bere gogoan, geiago ta geiago izan-nai bat, naiz zela nai zen bidez ta eran; ta bere geiago izan-nai onegatik salerazi zion azkeneko, ta salerazi zion ezer-ez batean bezala bere ongille Maisu-Jaungoiko-gizon Jesus maitagarria; ta salerazi zion milla ta milla neketarako, ta eriotz ezin-gogorrago baterako.

        Gauz arrigarria! Zuzen erabiltzera Judasek Jesusen gauzak; eta Judasek garaitu izandu balitu, garai zitzaken bezala, bere diru-zalea ta diruaren naikunde makurrak, Judas arkitzen zen egun, ta beti zerukoetatik bat egiña; ta Jesusen Apostolu maiteen artean gloriaz betea; ta, zeren ori Judasek egin izandu etzuen, egin zituen Judasek, egin ditezkeen gauzarik gaistoenak edo gaistoenetatik anitz eta asko: ta arkitzen da gaur Judas; ta arkituko da Judas, Jaungoikoa Jaungoiko den denbora guzian, edo beti ta beti, ta bukaerarik ez duen eternidadean, guk guziok dakigun tokian, edo beti-betiko sulezean.

        Judasen urratsak, edo pausu galduak ote daramazkitzu zuk ere? Diru-gurak ondasun-naiak, edo zerk edo zerk makurtzen ote dizu zuri ere, Judasi bezala, zere gogoa, zere biotza, ta zere anima?

        Begira zazu, bada nola ta non zabiltzan; begira zazu nora zoazen zu, ta non gelditzen diran, zu zabiltzan eran, ta Judasen ondoren dabiltzan animak! Gelditzen dira, zorigaistoan jaiorikako ibille gaisto Judas gelditu zen tokian, edo eternidade guziko sulezean.

        Orra nora daraman bere guti banakako ebaste galduak, eta besteren diru-naiak Judasi airerazi zion bere bide makurrak! bide makur berez zu ere bazabiltza, zuk ematen dezun pauso oro, edo bekatu egin aldi guzietan egiten dezu (zer uste dezu?) Judasen lan berbera, edo zuk ere zere Jesus saltzea.

        Bai: dio san Pablok, bai, saltzen du Jesus gaistagin edozeiñek, gaizki larriren bat egin-aldietan.— Zergatik ote? Gaizkiak dakarren atsegin txar galduakgatik.— Nori saltzen dio bere Jesus gaistagin burugabekoak?— Atsegin txar au nai duen, pasione galgarriari.— Zertako? Nai duen guzi-guzirako. Bada bekatari txarrak, bekatuan arkitzen duenagatik galtzen du, berez, betiko bere Jesus, ta uzten du Jesus bere pasione asaldatuen atzaparretan, Jesusez dagiten oriek berak nai dutena; ta saia ditezen, san Pablok dionaz, beren gurutze gogorrean Jesus bera bekatuz jostera: Rursum sibimetipsis crucifigentes Filium Dei. Hebr. 6. 6.

        Eta au guzia nekiela nik, ibilli izandu naz ni nenbillen eran? Au guzia nekiela; egin izandu ditut nik, onen saltze gaistoak? Au guzia nekiela, egin izandu ditut nik, egin ditudan adiña gaizki ta bekatu?— Gaizki neritzan nik Judas saltzalle gaistoaren igualari, edo ogeita amar dirutan Judasek Jesus salzeari; ta alere saldu dut nik neronek Jesus bera, agitz gutiagotan; bada saldu dut nik Jesus bera atsegin zikin, asmo lizun, ebaste galdu, nai galgarri, edo beste zerbait orrelakotan: ta saldu dut nik nere Jesus, bein ezezik, orrelako gauzaren bat egin izandu dudan aldi guzietan?

        Eta ez naz alere ni nerekin aserretzen? Ez naz arritzen ni nere Jesusen egoeraz? Bada Jesus, nik ura onela salduta ere, dago, gaizki bat nik egin ezpanio bezain ixill ta geldi: ta denbora berean, niri nere oben-kulpa guziak, nere salduera galduak, eta gañerako nere erakeriak barkatu-naiez, eta ori guzia nerekin egiteko, nere naiaren ta damuaren begira dago!

        Ekusi zazu bada damutzen zaitzun zere Jesusen damuzko saltzeaz, eta gañerako zere gaizki guziez: eta ekusi zazu, nai dezun zuk zere Jesus onagandik orien guzien barkamentua?

 

 

Inglorius erit inter vivos.

Isai. 52. 14.

 

        Ona non ekusten dugun Isaiasek urrutitik erakusi ziguna, erran zuenean onrarik gabe arkituko da giz-artean: bada ala ekusten dugu guk gure Jesus; eta ala baño ere agitz gaizkiago ekusten dugu; ekusten dugu alabaña, den guzia desondratua; ta gaistagin arrigarri bati bezala, bizia kendu dezoten, ezer-ez batean bere etsai amurratuei saldua!

        Baña norgatik ote dira gure Jesusen onenbat desondra, edo noren onerako?— Zure ta nere bion onerako, zuk eta nik biok ala nai izatera; baita mundu guziaren onerako ere, munduko guziak ori nai dutela.— Onetarako egin zen gizon, ta ibilli zen Jesus giz-artean, lurreko bere bizitza guzian. Onetarako ziran Judasek Jesus saltzea; ta Jesusek ekusi zituen gañerako bidegabe ta neke-tormentu guziak.

        Zer bada? ta, nere onerako etorria dela Jesus, galtzen dut nik nere Jesus maitagarria, ta saltzen dut Judas galgarriaren eran?— Emen ondasunez, ta zeruan ondraz ni bete-naiez nere Jesus; eta ni nere naiez Jesusen desondraritzar bat egiñik, nere bekatuetako denbora guzian? Au ezagutu dut nik; eta ala ere, ezait damuz lertzen niri nere biotz txar galdu au? Ez diot nik negarrez eskatzen nere Jesus maitagarriari nere oraindañoko erakerien, nere oraindañoko eskergabetasunen, ta nere oben guzen barkamentua?

        Ongi bearturik arkitzen naz ni, bein, berriz, ta nere ill-arte guzian, ori nik maiz egitera. Indazu zuk zerorrek, nere Jesus maitagarria, lan orretan asteko anitz laguntza ta grazia. Bai arren, bai!

 

 

Si fortior eo (forti armato) superveniens viceris eum,
universa arma ejus auferet,
in quibus considebat.

Luc. 11. 22.

 

        Armaz beterik dagoen indartsu batek, etxe bat zaitzen duenean, zaitzallearen pean arkitzen dira etxeko gauzak: baña bera baño indartsuagoren batek ura garaitu ezkero, kentzen diozka bere arma guziak, eta uzten du andik aienatua.

        Zu zara, bai, gure Jesus maitagarria, au guri agertu diguzun erakuslea. Armaz ta tentuz garaitu gaitu geren etsaiak. Aspaldi da, jabetu zela gure etsai sendor, gure garalle madarikatua, gure biotzaz ta gure pasione guziez. Guziak egondu dira gero etsai beraren pean, ta berak eragiten diela berak nai adiña gaistakeri.

        Ala da, bai, nere Jesus maitagarria; ta etsai berak, gaistakeri berriren batzuek eragin ditzazkidan beldurrez nago, ekusirik oraindañoko nere ezer-eza ta indar labur gutia. Zuk nai bazenu, nere Jesus maitagarria, aisa aiena zenezake etsai nere galgarri au emengo bazterretatik; bada, au ta onen lagun guziak baño, milletan ta milletan ere indartsuagoa zara zu; zu zara alabaña, zerorrek nai dezun guzi-guzia dagikezun Jaungoiko-gizona.

        Atoz bada, Jesus maitagarria, atoz arren; ta atera nazazu ni nere etsai galgarri onen petik, eta eskutartetik, eta lagun zakizkit gerozko nere denbora guzian, nere pasione sutuak eskuratzen. Zuk au nerekin, nitaz urrikaldurik, ez egitera, egiñen dute nitaz nere etsai galgarriak, eta pasione berak, gogoak ematen diena; ta salduko zaitut nik zu berriz ta berriz ere, edo bekaturatzen nazan guzietan: ta ekusten dezu zein gauza itsusia den au, ta zein izugarria.

        Ez dedilla era onetako asmorik berriz sar nere gogo arin, ta biotz txar galdu galgarri onetan! Aiena ditezela biotz beretik, zorigaistoan len emen sartu ziranak ere.

        Ala gertatuko da, bai, nere Jesus maitagarria, zuk, nitaz urrikaldurik, barkatzen badituzu nere oraindañoko oben kulpa guziak. Ori eskatzen dizut nik gaur damuz ta negarrez, ta zugandik anbat erditsiko dudalako uste osoan. Ala gerta dedilla, bai arren, Jesus maitagarria, bai!

 

 

Decorum pretium, quo appretiatus sum ab his.

Zachar 11. 13.

 

        Orra, gizonak; orra zenbat ematen duten juduak Jesus onagatik! Ogeita amar diru txar; geiago ez, korradu bat ere! ta pagu ori, orren pagu txarra izanik ere, pagu ona deritza Jesusen saltzalle, Judas itsu txar galduak; eta pagu txar ori artzeagatik, artzen ditu Judasek, nork daki zenbat ibillera ta arazo!

        Pagu ederra; ta agitz alere, Jaungoikoari eskerrak! dio Zakarias Profetak, arriturik bezala, juduen ta Judasen ausardi itsu zikiñaz, ta iguala zirtzillaz. Eta ederki dio; izanik alabaña (zen bezala) gure Jesus maitagarria, Aita eternoaren seme bakar Jaingoiko-gizon ezin paga ditekena; ta alere ekustea, Zakarias santuak, profeten begiz ekusi zuen eran Jesus ezer-ez zirtzil batean Judasek judu gogorrei saldua, Zakariasen erako profeta jakintsu santu bat ezezik, nornai arritzekoa den gauza itsusi-izugarria da.

        Atozea, zu ere, nere gisako bekatari txarra; atozea zu ere, Judasen iduriko Jesusen saltzallea; ta ez dezu saldu izandu zuk ere berriz, ta berriz, ta askotan, ta anitz aldiz zere Jesus bera ogeita amar zillarrezko diru baño agitz gutiagoan ere? Ez dezu saldu izandu zuk zere Jesus maitagarria laur errealetan, edo anitz andiagoa etzen irabazi zikiñen batean? Ez dezu saldu izandu zuk zere Jesus maitagarria kezka ta damua baizik utzi ez dizun atsegin txar-loi batean? Saldu izandu ez dezu zuk Jesus maitagarri bera bendekatu-nai sutu batean; edo debekatua zegoen jan-edan txar, edo era orretako beste gauza zirtzil batean edo bertzean? Paga txar-galdu zirtzilla bazen bada, Judasek Jesusen bere saltzetik aterarikako diruzko pagua, zer pagu da zuk zere Jesus beraren saltzeetatik atera izandu dezun pagu txarra? Guztiz ederra! Guztiz andia! Bai segurki!

        A, gure, geren buruen galgarriak! Saltze orietan galdu izandu dugu guk; eta galdu izandu dugu, ezer-ez bat ordañez artu naiez, gure Jaungoiko-gizon Jesus maitagarria!

        Baña ez dugu, ez, guk ori bakarrik galdu izandu: galdu izandu ditugu guk geren saltze orietan geren buruak, geren animak, geren zerurako deretxa, ta gure Jaungoiko maitagarriaren grazia! Galtzearen izugarria!

        Gure Jesusek erosi ginduen gu, gure onerako; ta erosi ginduen bere odol-isurtze, bere neke, ta ill arteko bere pena guziekin; bazekien, bai, zer egiten zuen gure Jesus maitagarriak, onenbat nekerekin gu erosten ari zenean; ta orretan Jesusek ekusia ekusi, ta emana emanik ere, kontent arkitzen zen bere gauz erosiarekin.

        Ekusten dezu zuk zein tratu txar-galdua zen zuk egiten zenuen tratua, zere gogo zikiñari atsegin egiteagatik, saltzen zenuenean zuk zere Jesus maitagarria; ta Jesus maitagarriak, anbat neke-pena ta odol-isurtzerekin, erosi zuen zure anima?

        Egiteko baleude, gaurgero egiñen zenituke zuk orren tratu gaistoak? Galtzeko baleude gaur, galduko zenituke zuk, mundu guziagatik ere, zere Jesus maitagarria ta zere anima?

        Ez nere Jaungoiko maitea, ez! Eta bertatik nik, nere naiez ta gogoz, urratzen ditut oraindañoko nere tratu galgarriak. Ez dute balio bear, ez: ez nekien alabaña nik zer egiten nuen, oriek nik itsu-itsuan bezala egin izandu nituenean. Gaizki egiñak dira guziak; eta damuz urratu bearrak eta, oriek guziak orain urratu naiez esatera noa itzez ta biotz osoz, zuk orretan niri gaur laguntzen didazula: Nere Jesukristo Jauna, etc.

 

aurrekoa hurrengoa