www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (II)
Sebastian Mendiburu
1760, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Bigarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XLVIII.garren OTOITZ-GAIA

JESUSEN ONDOREN GURUTZEAREKIN
IBILLI NAI EZ DUTENEN KALTEA

 

        On utsez, ta amorioz ezin eragin diguna guri, eragin nai liguke gure Jesus maitagarriak, lenik beldurtzen gaituela, ta izutuz badere, ta orretarako erakutsi zizkigun, bere Legeko bidean zuzen dabiltzanen doatasunak, eta ondasunak bezala, Lege beretik urrunduz galzen diranen kalte arrigarriak ere. Kalte oriei ere egin bear diegu guk beren begiraldia, aldi onetako otoitz-gai onetan; baña ekusi ondoan zein diran, orien pera beren naiez doazen kaltear gaisoak.

 

 

A.

Zein diran Jesusen legeko bidetik,
edo gurutzetik iges egiten dutenak

 

        Gure Kristo Jaunaren deiak aditu orduko, egiten dizkigu bere deiak gure etsai gaistoak ere; ta bidenabar egiten du gure etsai amurratu berak bere alegiña, Jesusen ondotik kendu, ta bere aldera gu guziok eraman naiez: ta, argana bagoaz gu, dio, emain dizkigula anitz atsegin ta gusto, anitz ontarte on, onra ta estimazio; baita irabazbide berriak ere; bizi gaitezen gu geroz erraz, aisa, ta nai dugun eran.

        Bere dei oni, ta eskaintze gaistoari indar geiago eman naiez, ematen dizkigu gure etsai amurratuak milla su ta tirrikazio; eramaten gaitu bere perell ta bide galgarrietara, ta, armez ta lakioz beterik dautzan bere tokietara; ta, an atsegin txar ta irabazi galduen edadiarekin, nastu oi die anitzi beren burua, egin dezoten ez-aditu, bear den bide ta nekerako, Jesusek egiten dien dei eme-eder-onari.

        Badakizu zuk, zein ote diran itsu-gor-galdu oriek?— Oriek dira beinik bein, Jesusen ondoren ibilli nai lukeenak, baña batere nekatu gabe. Oriek dira zerura nai lukeenak, baña bide gogorrik ekusi gabe. Oriek dira beren Jesus maitatu nai lukeenak, baña gogotik, edo biotzez utzi gabe lurreko beren atsegin txar-galgarriak: eta oriek dira, zeruko bidez ibilli nai dutenak; baña su-lezerakotik beren oñak atera gabe: ta era orretako zerura-naia, ara ez-naia diña da; edo, zentzugabeko eriaren naia bezalako naia.

        Zentzurik ez duen eriak ere sendatu nai duela dio: baña erraten bazaio, orretarako urratu bear diotela bere besoko zaña, ta andik atera gaistaturik an arkitzen den odol-zatia; kendu bear diotela usteltzen asi zaion aragi-zatia; atera bear zaiola agin bat, ezur puska bat, eman bear zaiola edari miñ bat; edo egin bear duela, nai ez lukeen gauzaren bat edo beste, ez duela nai, dio, orrelakorik; baizik sendatu. Eroaren itzketa!

        Eta norena da zurea?— Sendatu nai dezula diozu zuk ere: baña odoltu gabe, edo itzultzen ez diozula zuk nori berea: ondu nai dezula, diozu zuk, eta garbiro bizi; baña kentzen ez dituzula jostatze lizunak, jan-edan galduak, bear ez diran sartu-atereak eta luza-bideak.— Sendatu nai dezula diozu zuk ere; baña nekatu gabe, zere oroitzapen galduak zere gogo-biotzetatik iuzten ez dituzula; ta zere aragiaren naikunde loiak ilduraz, nekez, ta mortifikazioz ito edo lertu gabe.— Zerura nai dezula diozu zuk, baña aisa, ta gurutzerik gabe, edo Jesus maitagarriak egin, ta erakutsi zizkitzun gauzak egiten ez dituzula.

        Zer nai da, bada, zure nai txar galgarri au?— Eri nagiarena!— Zer erantzute da zure erantzute-modu au, Jesusek zuri deitzen dizuenean zeruko bere bidera, ta zere nekezko gurutzearekin aren ondoren ibiltzera?— Ezin txarragoal Ez-aditu egin adiñakoa!

        Onen gaitzki ez izan arren, ez-aditu egiten diote Jesus maitagarriari beste anitzek ere. Badakizu zein diran oriek?— Oriek dira, zerua irabazteko gauz onak egiten dituztenak: baña ez bear diran adiña, bear diran aldietan, edo bear bezala.

        Adirazten die beren Jaungoikoak, edo berez, edo konfesariz, edo predikatzallez, edo libruz, edo nolerebait, zerurako egin bear dutena; baita noiz ta nola egiñ ere: baña ez dute oriek zuzen egiten, beintzat beren Jaungoikoak adirazten dien guzia; ta orregatik ez dira sendatzen, edo sendortzen bear bezala, gero Jesusi darraizkola, birtutezko aldapak iganez, zeruan sartzeko.

        Badira eriak, ziñez sendatu nai dutenak, era orretarako gauz anitz on egiñagatk, len bezain eri gelditzen diranak. Badakizu zergatik?— Zeren dabiltzan eri oriek beren buruz; ta, onak izanagatik, artzen dituzten auts, edari ta gañerako gauzak ez diran oriek, orien gaitzari dagozkanak; eta orregatik diran auts-edari, indarren galgarriak, ez emalleak.

        Jesusek utzi zizkigun guri geren senda-bideak, eta aldioroko gauzak; baña anima eriak ez dira, oriek bereisteko, onak: egiteko ori utzi zien Jesusek animen medikuei, ta konfesari aditu-onei.— Sendatu nai duenak, eta osasunan bizi, bizi deño; ta nai duenak ibilli gero Jesusen ondoren, billatu bearko du mediku orietatik bat, eta ikasi bearko du mediku beragandik zer gauzak utzi, gaitzik egin ez dezaioten, ta zer egin goizetik arratseraño, asteko egunetan, illoro, ta urte guzi-guzian; ta, ikasten badu argandik egin bear duena, ta egiten badu gero ikasten duena, izain du osasuna, bai, baita bear den adiña indar ere, bere nekezko gurutze ona jasotzeko; ta, ura soñean duela, ta berari dagozkan gauz onak eginaz, ibilliko da geroz Jesusen ondoren, ta sartuko da, beraren Jaungoikoak orrelakoei prestatu zien tokian, edo zeruko glorian.

        Baña zenbat ote dira, ori egiten dutenak? Zenbat ote, orretan beren buruak beti, (ta zuzen) erabilli oi dituztenak? Erran dezatela munduko geienen ibillerak, eta erran dezala geienak egin oi duten bizitza-moduak.

        Zeñetatik ote zara zu, au aditzen dezun bekataria? Gure Jaunak nai duena, ta beren konfesari onak adirazten diena baizik egiten ez dutenetatik, eta ori ere zuzen-zuzen egin naiez, orretarako egin bear diran gauzak egiteko, prest arkitzen diranetatik? Edo ote zara zu, Jesusen gurutzearen igesi dabiltzan alfer-nagietatik, edo ote zara zu, Jesusen gurutze au aldebat utzirik, aisa, lasai, ta beren gogora dabiltzan itsuetatik? Edo, ote zara zu, gure Lege garbi zuzenak dakazkien gauzak eta nekeak bein artu, bein utzi, ibilli oi diranetatik, eta, orregatik, dabiltzanetatik ez ongi, ta ez bear bezala? Azkeneko orietatik zu izatera, zure galdua! Ai zure kaltearra! Zenbateraño ote? Goazen ekustera.

 

 

B.

Zein kaltearrak diran, Jesusen guretzea,
edo beren Legeko bidea eraman nai ez dutenak?

 

        Nolerebait ezagutzeko guk gure Legeko gurutzearen igesi dabillenaren kalteak, ekus dezagun orain begiraldi batez, len luzaro ta astiz adirazi dugun guzia; edo ekus dezagun zenbat nai dien gure Jesus maitagarriak, beraren ondoren, beren gurutze au, edo gure Legeko nekea soñean dutela dabiltzanei. Nai duenak (dio Jesusek. Mattk. 16, 25. etc.) bere burua sulezeko bidetik atera, ta bere Jaunaren bidera, edo zerukora eraman, ez dezala izan emen bere buru bera batere kupide; auts bitza bertatik bere naikunde makur guziak; utz bitza alik lenena, leneko bere pausu ariñak: eta ar bitza biotz onarekin, ta Jesusen izenean, lurrekoen txarkeriak, gogortasunak eta esker gaistoak; eta ar bitza gisa berean bere kezkak, bere eritasunak, bere gabeak, bearrak, eta beste edozein uts, eta tristura; baita al dituen, edo konfesari jakintsuak bereisten diozkan, ildurak eta mortifikazioneak ere.

        Ori egitera batek, artan ari dela, galduko balu ere bere bizitza, bukatuko ditu ongi ta zuzen bere nekeak, iges egin du betiko nekeetatik, eta izain du gero bere denboran sekulako bere bizitza ta gloria.

        Orra Jesusek zuri eskaintzen dizun ondasuna, berak daramanaren gisako gurutze bat zuri arrerazi nai dizunean. Eskañiaren naigarria! Bizitza labur bateko zenbait neke txikigatik, beti-betiko atsegin-kontentua; ta atsegin-kontentu, nekerik ez duena!

        Ekus dezagun orain, zer kalteak diran, bere Jesusen gurutze au aldebat utzirik, bere gogora dabillenaren kalteak.

        Era onetan dabillenak galtzen ditu beinik bein, orain adirazi ditugun ondasun guziak; eta denbora berean artzen ditu bere gain beti-betiko suak, beti-betiko ai-a! beti-betiko naigabeak, beti-betiko damuak, eta beti-betiko sulezea!— Orra zer kalteak, Jesusen gurutzearen igesi ta beren gogara dabiltzanen kalteak.

        Onen kaltepe arrigarritik atera naiez gu gure Jesus maitagarriak, edo an sartuak gu ez ekusteagatik, erraten digu, beregana deitzen gaituen aldi guzietan: Atozea zu, nere anima, ta zertako du batek mundu guzi-guzia ere, bere atsegin ta kontentu guziekin; bere urre-zillar ta ondasunekin, bere manu, ondra ta esku guziarekin, galtzen badu azkenean, (galduko duen bezala) au guzi-guzia eta, onekin batean, graziaren ondasun ta zeruko atsegin-kontentu-gloria: ta, galtze au bere obenez egiten duenean, erosten badu sekulako lertzea ta sekulako su-lezea? Asma diteke kalte au baño kalte andiagorik? Au da bada sulezean datzan edozeñena: ta au berau, etsai galgarriaren bidetik kentzen ez den edozein mundukorena!

        A, sulezeko gaiso-negarti erre-nekatuak; eta zer egin ote ziran zuen emengo atsedete gaistoak, eta lenagoko zuen nagitasun alferrak? Zer egin ote ziran zuen edari beroak, zuen atsegin lizunak, zuen gusto loiak, eta zuen ibiltze galdu-makurrak? Non arkitzen ote dira orain zuen ondasuna? Non zuen irabaziak? Non gañerako, zuen lur gañeko gauzak?— Eta zer egin ote ziran emen zuek zenituzten agur andiak, eta oorezko esku-muñak, eta begitarte onak? Zer zuen antuste arrotzarra? Zer zuen bendeku irakiña? Eta zer zuek geienik emen maitatzen zenuten arako gauza txar galgarri ura!— Aitu zen au; ta aitu ziran zuendako, zuek emen izandu zenituzten andi ta txiki guziak; eta guzi-guziak aitu ziran beti-ta-betirako!

        Baña bein ere galduko ez diranak dira, zuen orko negar erreak, zuen orko karraisi ta orro amurratuak, eta zuen orko erretze, urratze, ta lertze zorigaistokoak. Ez da au ala? Zer diozue? Baietz? Egia diozue. Bai: ala da: ezin uka daiteke.

        Ongi da, bada, nere anima: ta zuk au dakizun ezkero, ez ote dituzu utzi uste zere oraindañoko erakeriak, eta bide galduak? Izan bear ote dezu zuk, emen bizi zaraño, zorigaistoko negarti orien erakoa, ill ondoan gero zu izateko, orien beren lagun erre-urratu madarikatua; ta ala izateko beti-ta-beti, ta sekula guzian? Beti zu ala izatera, alkekizun onak eta nekeak ekusteko jaioa zara zu, ta zorigaisto-gaistoko umea!

        Bai, dio Jesus maitagarriak, bai, etorriko da egun bat (ori da azken-juiziokoa), bekatari gaisoendako ongi lotsagarria. Egun artan agertuko naz ni dio, nik nere Aita eternoagandik dudan esku ta indar guziarekin: ta agertuko naz, nazan au, Aingeruz inguratua.— Egun artan agertuko diet nik munduko guziei, nik bakoizagatik nere bizitza guzian, edo nik, jaio nintzanetik ill arteko nere denboran eraman izandu nuen gurutze gogorra, ta neke-tormentu guzia; baita zein ta zein diran ere nere ondoren ibilli izandu nai etzutenak, aisa beti, ta beren gora bizitzeagatik.— Denbora berean agertuko ditut nik gaisto guzien lan galduak, eta asmo makur guziak; eta agertuko ditut, an arkitzen diran Aingeru guziak, an arkitzen diran sulezeko etsai amurratuak, eta gañerako ango onak eta gaistoak egin dezoten ista ta ista; orien irri-istak eta erran ariñak aditzean, geldi ditezen gaistoak lotsaz ta alkez erdi-illak, eta sekulako damuz ta urrikiz beteak, eta lots-aldi au eman ondoan, aurtikiko ditut nik gaisto guziak, beren etsai galduekin batean beren sulezera, eternidade guzi-guzian urratzen, erretzen, ta lertzen an egotera.

        Orra zein kaltearrak, beren gurutze onarekin Jesusen ondoren ez ibiltzeagatik, bekatuz bekatu dabiltzanak. Orien lagun gaistoa nai ote dut izan nik ere, bizi nazaño, oriek bezain kaltear izateko gero sulezeko sekula guzian? Edo lagun egin nai ote diot nik nere Jesus maitagarriari, emengo bere nekezko bidean, Jesus berarekin atsegin ta kontentuz beterik bizitzeko gero beraren eternidade guziko glorian?

        Baldin arkitzen ezpanaz ni nere burutik irauzia, pozik artu bear dut nik, Jesusek niri erakutsi izandu zidan zerurako bide zuzen garbi au, bide au baliz ere, den baño agitz-eta-agitz latzagoa, luzeagoa, ta gogorragoa.

        Ala da, bai, nere Jesus maitagarria! Ero batek baizik, ezin ar dezake gaistoak daramaten, ta nik ere eraman izandu dudan, bide galgarria! Eroaren pausuak dira, bide orretan oriek eta nik oraindañoko denboran eman izandu ditugunak. Emanak, emateko baleude gaur, emankizun geldituko lirake, bai segurki, nere aldetik beintzat, eun milla milloi urtez bizizo banintz ere ni emengo lur gañean, ta edozein tokitan: ori da beintzat oraingo nere asmoa!

        Indazu zuk, nere Jesus maite-maitagarria, asmo berean nere egunak bukatzeko grazia: indazu bidenabar oraindañoko nere utsen barkamentua; ta, zugandik niri datorkidan nere gurutze au arin eramateko, eskatzen dizudan zere laguntza ta grazia: bai arren, bai!

 

 

Impius, cum in profundum
venerit peccatorum, contemnit;
sed sequitur eum ignominia, et opprobrium.

Prov. 18. 3.

 

        Egin detzokala bekatariari gure Jaungoiko maitagarriak, nai adiña oju ta dei; baña bekatari txarra, bere bekatuen ondoraño bezala sarturik arkitzen denean, ez-aditu egiten dio bere Jaungoikoari, dio Eskritura Santak.

        Aditu dituzu zuk, nere anima, bein ezezik, berriz-ta-berriz, ta askotan ta askotan ere, zere Jaungoikoaren dei onak eta barreneko ojuak: baña igitu zara zu orregatik, eta artu izandu ete dezu zuk zere Jaungoiko beraganako bidea? Zeer? Izutzen zaituzte zu zere Jaunaren bideko gurutze-nekeak? Edo arkitzen ote zara zu anitz bekaturen itsaso ta osin arrigarrian, ta nagitasunez galdu-ustelduak?— Ala zu gaur arkitzera, edo azkenean zu era txar orretaratzen bazara, sulezerako zara zu bere denboran; ta aratzen zaran ordu beretik istaz, ta irriz lertuko zaituzte zu ango zere lagun gaistoak; eta beteko dezu zuk sekulako damuz ta urrikiz zere biotza; baña orduko zure damu-urrikiak urriki-damu ustelak izain dira; ta eskergabeko damu-urrikiak!

        Izutzen zaituzte zu zere Jaunaren Legeko nekeak, edo erne ta kontuz bizi bearrak? Ori da alfer-nagien beldurra; ta beldur, gosetiz betea.— Bai egiazki! Biotz txarresko jendeak gose ta gose dabiltza, bizi diraño. Ez dute oriek, ez, nekatu nai beren Jaunaren lanetan; ez dute sartu nai, ez, oriek, zuzen beintzat, edo bear den adiña, beren zeruko egitekoetan; ta orregatik ez dute irabazten, ez, berak bear duten zeruko janaria, edo Jaunaren grazia; ta, bere Jaunaren grazi au ez duen animak ez du, ez, ekusiko bein ere betiko bearra ta bere gosea besterik. Eskritura Santak diona da, aditzen dezun au guzia: Pigrum dejicit timor: animae autem effeminatorum esurient. Prov. 18. 8.

        Gos-egarriak ezezik, baditu alfer-nagiak beste anitz nekeera ere; bada ondrarik bage dabil, ta alkez ta lotsaz betea, era orretan dabillen denboran: ez dakar alabaña alkekizuna ta lotsa galgarri bat besterik, era orretako ibillera nagi-alfer makur-galduak.

        Eta nere oraindañoko ibillerak, zer eratako ibillerak izandu ote dira?— Zuk zerorrek dakizun bezain txar galduak, nere Jaungoiko guztiz maitaria; ta utsez ta bekatuz beteak, eta guztiz lotsagarriak!— Itsutu naute ni, bai; ta ongi-ongi ale-re, nere oben-kulpa galgarriak; eta, ala ez izatera, ezin bizi nindekean ni, bizitu nazan bezain gaizki, nere oraindañoko denboran!

        Galdu nai ote dut, bada, nik nere buru au, ta bizi bear dut nik emen nazaño, begitan nadukatela ni nere Jaungoiko maitagarriak, eta Jaungoiko beraren alde arkitzen diran on guziak?

        Ez nere Jaungoiko maitea, ez! Utzi nai dut nik, eta bertatik alaere, nere oraindañoko nagitasuna, artzeko gero nik, zugana daraman nere Legeko bide zuzena. Indazu zuk, orretarako bear den argia, laguntza, ta grazia. Bai arren, Jaungoiko maitea, bai!

 

 

Desideria occidunt pigrum.

Prov. 19. 24.

 

        Gos-egarriak eta desondra ez dira nagiaren neke guziak. Nagiak egin nai luke, bere Jaungoiko maitagarriak manatzen dion egiteko ta lan guzia; baña bat ere nekatu gabe. Ondu nai luke, bai, baña uzten ez dituela bere zenbait atsegin, gauza, ta jostatze galdu; edo ondu nai luke, bai, baña gaistakeriz gaistakeri dabillela; ta onduko denak egin bear dituen gauzetan batere bururik austen ez duela; ta, era onetan dabillen artean, urratzen diote biotza bere ondu-nai-ez naiak, eta denbora bereko bere nai galduak.

        Bere ondu nai zuzenen batzuek agertzen diozkaten nekeen igesi dabil bere nagitasunak galdua dadukan bekataria; ta zenbat ere geiago iges egiten duen, bere lenbiziko nai zuzenetatik, anbat geiago nekatzen ta urratzen du bekatariak bere burua.

        Bai, dio Espiritu Santuak, bai: aranzez beteak daude nagi-alferraren bide guziak; bada guzietan arkitzen ditu alfer-nagiak bere kezkak eta naigabe beltz illun gogorrak; bere bidea galdurik dabill alabaña, ta utsez uts, ta bekatu nekatzalleen sasiz sasi.

        Alferrik ibilliko zara, bada, zabiltzan bezala, edo zabiltzan bidez, aisatasunen ondoren, ta lasaitasunen billan; bada bide txar orretaz, edo alfer ta nagi dabillen gaisoak, ez du sosegu onik arkitzen bein ere, noizean bein arkituagatik zerbait ezti-aintzura, edo atsegin iduri; bada zeruko bidez ez datozenak, izurriz beteak dira, ta guztiz naigabetiak; atsegin-bidea, Jaungoikoaren gauzetan erne, ta zuzen dabillenaren bidea da, bakar-bakarrik: Iter pigrorum quasi sepes spinarum: Via justorum absque offensiculo. Prov. 15. 19.

        A, nere Jesus maitagarria! ta zenbat nekeren artetik aterako nuen nik nere buru au, lenagotik nik ezagutzera orain aditzen dudan egia! Utziko ditut nik, bai; ta pozik alere, nere oraindañoko nagitasunak! Erne biziko naz ni gaurgero, bai, zure dei leun-meak aditzeko: ta an izain nazu ni zuk, zuk niri txistu mee edo deitzetxo bat egin orduko; ta an izain nazu, zuk zerorrek nai dezun guzi-guzia zuzen egiteko, ta nere gurutzearekin ni zure ondoren arin ibiltzeko! Zurea da, bai, oraingo nere asmo on au ere; ta, bein ere nik au gal ez dezadan, indazu zuk zere esku indartsua, zere grazia, zere laguntza. Bai arren, Jesus maitea, bai!

 

 

Iniquitas calcanei mei circundabit me.

Ps. 48. 6.

 

        Banabilke, bai, dio Dabidek, bizi nazaño ni, nere gogara; banabilke, bai, ni, nik neronek nai bezala, ta nere Legeko gurutzea ta bizitza garbia aldebat utzirik: egin ditzaket nik bitartean, bai, nere gogo gaistoak eskatzen dituen gauza guziak, eta nere aragi loikor onek eskatzen dituen lizunkeriak; baña egunen batean ageriko da nere lan au guzia, ta ekusiko dut nik, eta ekusiko naute munduko guzi-guziak ere, nere bekatu galduen sare gaistoan burutik oñetaraño ongi bildua ta lotua. A zer ekusgarria!

        Emen banabil ni ondasun-bidez; emen ibiltzera ni atsegin-bidez, ta nere Jaunaren bidetik urrun, Jaun beraren igesi banenbil bezala, egiñen ditut nik, bai, nere gogoeta galduak nai dituzten zenbait gauza, ta bekatu: baña ez naz ni, ez, beti emen bizi bearra: agertu bear dut nik egunen batean (ta egun au, nik uste dudan baño agitz alderago dago), guztiz gogorra den kontu-artzalle Jaungoiko baten begietan. Zer kezkak, orduko nere kezkak! Zer urrikiak, zer damuak! baña damu, ta urriki guztiz berankorrak!

        Orduan nik naiagatik, ezin dagiket nik, nik neronek naiko dudanik; ezin palaka dezaket nik, nik nere bizitzan aserretua dadukadan nere Jaungoiko maitagarria: Non dabit Deo placationem. Etzait orduan niri baliatuko, nere nolere-baiteko Jaun au palakatu-naia, edo nere Jesus maitagarriak nigatik, eta bere Aita palakatzeko, egin izandu zuena: praetium Redemptionis; eta ortu beretik asiko da betiko nere naigabea, betiko nere pena, betiko nere sua, nere erretzea, nere urratzea, nere ai-a! ta karrasi madarikatua: et laborabit in aeternum.

        Baña nai badut nik orain bertatik zentzatu (dio Dabidek berak), eta artu nai badut nik, artu bear den Jesusen gurutzezko bidea, edo nere Jaunaren Legekoa, ez dut ekusiko nik era onetako ekuskaririk; lagunduko dit niri nere Jaungoiko maitagarriak nere bizitzan; ta nere bizitz au nik ongi bukatzen dudala, libratuko nau ni nere Jaungoiko berak geroko nere neke guzietatik, redimet animam meam de manu inferi; ta eramain ere nau ni, atsegin utsak baizik ez dituen bere gloriara.

        Aditzen dezu? Bai? Eta zer bide da orain zuk artu bear dezuna? Mundu eroarena? Aragi gaistoarena? Zere etsai galgarriak erakusten dizutena?

        Ez, ez, nere Jesus maitagarria! Ez orrelakorik, ez! Zure bide zuzena da, gaurgero nik eraman nai dudana: naiz dela, den guzia, gurutzez ta nekez egiña. Zurea nai dut izan nik nere bizitza guzian, ta betiko eternidadean.— Lenago asmo on au ez-artuaz dut damu, ta zinki alere; ta, au artu gabez egin ditudan txarkeri guzien damuz beterik arkitzen naz ni gaur; ta txarkeri orien barkamentua erditsi naiez diot orain nik itzez, ta biotzez: nere Jesukristo, etc.

 

aurrekoa hurrengoa