www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (II)
Sebastian Mendiburu
1760, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Bigarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXXVII.garren OTOITZ-GAIA

BIGARREN DOATASUNA:

MANSOTASUN UMILLA

 

Beati mites, quoniam ipsi possidebunt terram.

Ibid. c. 4.

 

Doatsuak, eta zorionekoak
asaldatzen ez diran mansoak:
oriek dira alabaña
lurraren jaunak eta jabeak

 

        1. Bigarren doatasun au guti galerazteko, ta Jesusen ondoren ez gabiltzan gu, bizi garaño, gogortzen digu geren etsaiak, eta astuntzen digu al duen eran, ta bere indar-modu guziarekin, gure Legeko nekeak ezartzen diguten geren gurutzea. Billatzen ditu, bere lan gaisto au lasterrago eragin naiez, al dituen tentatzalleak; eta, oriekin bera bat egiñik, ematen digu, nork daki zenbait aldetatik sua ta gerra; ta zenbaiten itzez batzuetan, bertzeetan beste zenbaiten txarkiz, ta, al duen guzian al duen eran, asaldatzen gaitu galgarri gaistoak, bein gañez eragiteagatik gure animako emetasunari edo pazienziari, gero guk ar ditzagun, uzteko obeak diran lurreko asmoak; zenbait aldiz guri idarokitzeagatik, bear ez diran itzak edo jolasak; eta beti, eragiteagatik, nork daki zenbat txarkeri ta lan gaisto, oben, ta kulpa.

        Baña eragiten ote digu etsai madarikatuak bere tentaldi onekin berak nai duena?— Askotan beintzat, bai; ta gure malur andiarekin alere! bada anitz dira aldi orietan itzez, asmoz, edo nolerebait asaldatzen diranak, eta etsai gaistoak nai duena egiten dutenak.

        Eta ez ote naz ni ere orietatik bat? Nai ez nuken gauzaren bat aditu, edo ekusi orduko, ez ote naz asaldatzen ni noiz edo noiz? Ez ote naz ni aldi orietan zerbait erretzen? Ez ote ditut nik asmatzen noizbait zenbait gogoetan lizun, naikunde makur, ta desir gaisto?

        Ez ote zait, zenbait aldartez, eskergabeko eran berotzen niri nere mii galdu au, al ditudan txarkeriak, edo al ditudanetatik zenbait badere norbaiti, edo maldizioren batzuek, eta marmariak egiteko?

        Kontent gelditu ote naz ni onenbatekin, edo zenbait gogorazio uts, edo itzketa txarrekin? Ez ote diot nik nere etsai galgarriaren tentaldi gaistoetan gaizkirik egin izandu oni, ari, edo besteren bati? Ez ote diot nik ukatu izandu niori eskatzen zidan gauza, edo zor nion agur ta itz egite gure Legekoa? Ez ote dut nik au, edo ura, auzitan sarrerazi bendekuz, eta zerbait badere gasterazteagatik?

        Eta zer ote da au guzia?— Zer, baizik Jesusen ondoren dabiltzan doatsu mansoen bidetik atera ondoan, aldebat aurtikitzea nik, edo botatzea nere Legeko gurutze ona, ta nere etsai galgarri gaistoak nai dituzten gauzak egitea?— Zer, baizik, Kain gogor ta Lamek bendekari gaistoen lagun egiñik, ni geroztik gelditzea; oriekin len egin izandu zuena, dagien egunen batez nerekin ere nere Jaungoiko zuzenak, eta, orien eran, gal nazan ni ere beti ta betirako? Ori da, alabaña, ni bezalako doakabeen ibillerari dagokan bukaera!

        2. Onen bukaera gaistotik gu, ta munduko beste guziak atera naiez, deitzen digu guri gure Jesus maitagarriak, doakunde garbia dakarren, bere ume umill mansoen bidera; ta, bide onetan, gure Maisu egiñik, erakusten digu guk geren etsaiaren, ta lagun gaistoen tentaldietan egin bear duguna.

        Zer erakuste ote da, gure Jesusen erakuste onen eder ondasundun au? Au da baketan gu, ta elkar onesten dugula, emen emeki bizitzea. Ala bizitu zen Jesus maitagarria, jaio zen egunetik ill arteko bere denbora guzian.

        Bere tentatzalleak eta etsai gaistoak gutitan utzi zioten geldirik, eta baketan, gure Jesus maitagarriari; baña orien ibillerak, orien arazo, ta tentu guziak etzuten asaldatu bein ere gure Jesusen mansotasuna, bakea, ta aldarte bear bezalakoa.

        Garrotxez mindurikako zezenak bezala, ingurutzen zuten Jesus bere etsai amurratu gaistoak; eta alere, iltzera daramaten ardi bat bezain ixil, mutu, ta manso zegoen Jesus maitagarria, orien adar, atzapar, orro, ta izurri guzien artean! Aserreturik bazter guziak ondatu naiez dabillen itsasoaren ubeldeak edo bagak bezain gazi andiak ziran bere etsai galgarrien eskutik Jesusek izandu zituen nekeak, eta bere Pasioneko oñaze izerdi-tormentuak; eta alere orien guzien azpian zegoen gure Jesus maitagarria, alakorik ekusi ezpalu bezain umil, manso, ta sosegu osoarekin.

        Eta, ala bera egotea guti bailiz bezala, orduko bere neke-bear-naigabe, ta tormentu guzien artetik, ots egiten digu guri gure Jesus maitagarriak, eta erraten digu guzioi: Nigandik ikasi bear dezutena, nere umeak, ez da, ez, itsuak argitzea, makurrak zuzentzea, eriak sendatzea, ta gañerako nik egin izandu ditudan gauz andiak egitea, baizik zuek ere nere eran gogoz ta biotzez mansoak eta umillak izatea. Au da, bai, nigandik, eta nere Eskolan ta Legean nere ume onak ikasi bear dutena; ta au berau da, niri atsegiñik andiena egiten didan gauza ta birtutea. Au egiten dutenak ederki dakarte, nere eran, beren gurutzea. Au egiten dutenak dira nere ondoren, ta nik erakutsi diedan bezala, dabiltzanak; eta au egiten dutenak dira zorioneko ume doatsuak, eta lurraren jabe-onak. Aditzen dezu?

        3. Baña zer lur ote da gure Jaungoiko maitagarriak, umil-mansoei, beren mansotasun birtutetsuagatik ematen dien lur eder au? au da beinik bein manso umill-beren baitan arkitzen den biotza.

        Nola jabetzen dira Jesusen ume umill-mansoak beren baitako, eta berekin duten beren biotzaz? Eskuratzen dituztela onen naikunde, desir ta aztur guziak.

        Eta zertako da beren biotz au era onetan oriek eskuratzea? Ondasun andiak ateratzeko, ta zeruko irabaziak irabazien gain beren bizitzan beti biltzeko.

        Zer ote da oriek orretarako egiten dutena? Garbitzen dituzte beinik bein beren biotz-barrenak, pasione gaistoetatik atera ziran arantza gogor ta belar galduetatik. Maneatzen dute gero beren lur au ilduraz, nekez, mortifikazionez, otoiz onez, ta al duten beste zenbait eraz.— Beren lan on au bukatu orduko, ereintzen dituzte birtuteen biak eta ale galantak. Gordetzen dituzte onen loreak eta buruak bekatuaren izotzetatik, lagun gaistoen ortzetatik, eta sulezeko etsaien atzapar galgarrietatik; eta Eguzki eder, Jesus maitagarriaren amorearen beroarekin, Sakramentuetatik ateratzen duten graziaren ezatasunarekin, ta beren otoitzetako jorrarekin zoritzen diranean, biltzen dituzte, ta gordetzen beren animako ganbaretan eternidade guziko gloriaren gai onak bezala.

        Beren biotzen lur au ezezik, badute Jesusen ume manso umill-doatsuak beste lurrik ere. Umil-manso doatsuen bigarren lurra da, oriekin bizi diranen biotza, naia, naimendua edo borondatea.

        Bai; manso umillak beren begitarte onarekin besteen bidegabei, ta txarkeriei ongiz eranzutearekin, ta norinai al duten ona egiten diela, irabazten dituzte gañerako guzien biotzak, eta naimendu guzia.

        Bai, dio Espiritu Santuak, bai, Jesusen eskolan umiltasuna ikasi duten biotzak ez dute obenik bat ere, ez eta txarkeririk ere; ta beren ibillera zuzenarekin egiten dute nai dutena gañerakoen naimenduaz edo borondateaz; ta orien ta beren biotzez jabeturik gelditzen dira; ta denbora berean jabetzeko daude (onetan irauten dutela) zeruko gloriaz ere; bada Jaungoikoa bizi da manso-umillen biotzetan, ta oriek dira Jaungoikoak zerura daramatzienak; eta beti ondasunez beteak daduzkanak.

        Zorionean jaioa ni, aratzen banaz ni ere, arako nere denbora datorkidanetik; eta, eratzen banaz ni, irabazi onez ta Jaunaren ondasunez ongi apaindu betea! Bada ni aratzen nazanetik, atzenduko dira emengo nere nekeak, emen nik, obenik bage, ekusten ditudan bidegabeak, eta txarkeri guziak; ez da alabaña atsegin, ta kontentua besterik arkitzen an. An, ara ezkero, guziak dira bat, edo guziak dira elkarren adiskide ta maitatzalle onak. Aratzen diran doatsu guziak artzeko daude emengo beren nekeen, ta Jaunaren izenean umilki eraman zituzten txarkeri guzien irabazia edo pagu ederra, ta atsegin-glori ezin eztitsuagoa.

        An ez da, ez, emengo negarren damurik batere. Emengo gure gurutzeak, emengo gure negarrak, emengo gure izerdi-nekeak, izain dira an poz andiz gure biotzak beteko dituzten gauzak, edo bete-gaiak. Eta emen bertan ere ezin arki dezakegu guk era orretako gauzak, bear bezala, ta gure Jaunaren izenean umilki artzea bezalako gauzarik batere; bada oriek orrela artzeak artzalle berak betetzen ditu beren Jaun maitagarriaren amore onez, ta zeruko graziaz, ta bidenabar egiten ditu beren buruen jaun, ta lagunen biotzen jabe. Ekusten dezu zer jabekundea, ta zer doatasuna den au! ta zein billagarria?

        Au, bada, au berau da, bendekari txar asaldatuak beren naiez galtzen dutena; bada gure Jaungoiko bakezko mansuak amorez, ta graziaz bizi nai ez du, orienak arkitzen diran bezain biotz erre-nasi sutuetan; ta Jaungoikoaren amorerik, eta graziarik bageko biotzak, biotz eta lur zikin galduak dira: zerurako onak diran ondasunik ez dakarten biotz-lurrak dira; ta, ondasun orien lekuan, doakeri andiak eta malur gaistoak, edo oben-kulpak dakazten biotz-lurrak.

        Era onetako biotzak dituzten galduei zer eran begiratzen ote die gure Jaungoiko zuzen maitagarriak? Eta zer ote da oriei egin oi diena?

        Begiratze amoriozkorik ez dagote era orretakoei; ta alere, onez urrikaldurik, zentzarazi naiez dabill gure Jaungoiko maitagarria, ta deitzen die, bein gogargiz, bein predikariz, bein kezkaz, bein alde batetik, bein bestetik; baña, alere zentzatzen ezpadira, deitzen ditu bere Tribunalera; artzen ditu an ezin gogorkiago; ta andik azkenean aurtikitzen ditu sulezeko etsai erre arrituen artera, an su ta gar egiñik, lertzen egotera, Jaungoiko bera Jaungoiko den artean, edo sekula guzi-guzian. Bizitzaren gaistoa! Bukaeraren txarra! Egoeraren arrigarria!

        Ez Jesus maitagarria, ez arren neretzat, ez orrelakorik! Nere buru-biotzez jabeturik, eta ondasun andiak irabazten ditudala, ibilli nai dut nik, bizi nazaño. Il nadin artean ongi nai dut nik etorri lagun guziekin. Emeki artuko ditut nik, eta zuk zerorrek nai dezun eran, gaurgeroko nere nekeak eta munduko guzien bidegabeak, artan niri zuk laguntzen didazula, nere Jaungoiko maitagarria.— Oraindañokoan beti nik au ez egiñaz dut damu, ta ziñez alere; bada zeren au egiten ez nuen nik, galtzear nituen nere biotzaren bake-ondasunekin batean, zure emengo laguntza ta nere sekulako gloria. Orain, zuk emanik dudan asmoan buka ditzadala nik nere egunak, orien ondoren gero sartzeko ni zure gurutzearen maitatzaile manso doatsuen artean, ta atsegin-kontentuz beterik dagoen zure zeruan. Bai arren, nere Jaungoiko maitagarria, bai!

 

 

Melius est humiliari cum mitibus,
quam dividere spolia eum superbis.

Prov. 16. 16.

 

        Obe da, bai (dio Espiritu Santuak); obe da, bakezko umillekin umill bizitzea, arrotzar aberatsen ondasun zatiak artzea baño.

        Zer dela, deritzazu, arrotasunezko ondasunak eragin oi dutena?— Eragin oi dituzte Jesus umillaren legeak debekatzen dituen anitz gauza.

        Eta, umilki ta manso bizi diranak, zertan ote dabiltza?— Umillen lanetan, ta Jesusi atsegin egiten dioten gauzetan.

        Baña zer on, edo ondasun ote dakarte umillen lanak, umillen egitekoak, edo gauzak?— Oriek dakazte, emen berak bizi diran arteko bakea, ta eternidade guzi-guzirako gloria.

        Eta arrotzar galduen egitekoak zertan bukatzen dira?— Eternidade bereko erretze, neke, ta pena gogorretan!

        Ekusten dezu? Eta ez da obe, ondasundun arrotzar galduen lagun baño, umil on zerurako daudenen lagun izatea?

        Bai, nere Jaungoiko maitagarria, bai segurki: ta orregatik artu nai dut nik (eta luzatu gabe) umillon mansu orien bidea, ta nere Jesusen legeko gurutzea. Gurutze onekin nik orain ibilli nai dut nere Jesus nekatuaren ondoren, atsegin-kontentuz beterikako Jesus berarekin egoteko gero beraren aldean, edo zeruko glorian. Ala gerta dedilla, nere Jesus umil manso maitagarria: bai arren, bai!

 

 

Cum malediceretur, non maledicebat;
cum pateretur, non cominabatur,
tradebat autem, judicanti se injuste.

1. Petr. 2. 23.

 

        Zertako bataiatu ziñan zu, baldin badakizu, bekatari txarra?— Jesusen eran emen bizitzeko.

        Nola bizitu zen Jesus, emen jend-artean bizitu zen denboran?— Guztiz zuzen, isil, umil, ta manso.

        Etzuen Jesusek aditu bein ere, etzegokan itzen bat, edo beste?— Bai, ta maldizione arrigarriak ere.

        Zer egin oi zuen gure Jesusek aldi orietan?— Ez-aditu, ta ez erantzun.

        Eta ez ote zioten Jesus berari egin izandu bein ere bidegaberik? Ez ote zuten penatu noizbait Jesus maitagarria bere etsaiak?— Bai, ta askotan, ta anitz aldiz ere.

        Zer egin oi zuen Jesusek aldi orietan? Itz gogorrez, errierta mindariz, edo txarkeriz bete bere gaizkigilleak?— Ez, egiaki!

        Zer bada?— San Pedrok diona; isiltxorik, eta guztiz emeki eraman, egiten zioten edozein gaistakeri; ta bere burua geldirik iutzi, asmatu, ta egin nai ziozkaten bidegabe ta neke modu guzien artean.

        Orra bada bataiatu garan guziok gure Jesus umil mansoaren eskolan ikasi bear duguna. Orra guk ere era bereko aldietan egin bear duguna. Au egiten dutenak, Jesus maitagarriaren zorioneko ume umil mansoak dira; ta ume, beren biotzen jabeak; eta zeruko lur onaz, edo atsegin gloriaz, egunen batez jabetuko diranak.

        Saia gaitezen bada gu ere, orrenbat doatasun irabazteagatik, eta geren Jaungoikoari atsegin egiteko, alik emekiena, ta gure Jesus maitagarriaren eran, bizitzera.

        Bai, Jesus maitea, bai (ta pozik alere), zuk zerorrek onetan laguntzen diguzula. Lagun zakizkigu bada dagikezunak bezala; ta lagun zakizkigu indar andiarekin. Bai arren, bai!

 

 

Desine ab ira, et derelinque furorem,
noli aemulari, ut maligneris;
quoniam qui malignantur, exterminabuntur.

Psal. 36. 7.

 

        Utz bitez aldebat irak, eta suak, dio Dabidek. Zertako da, dio, aserretzea bat, eta eroen eran ibiltzea? Beude bada erakeriak, beude aserretzeak, aurren, ta eroen, edo zezenen arterako.

        Ez dakite aurrak, ez dakite eroak, ez eta zezenak ere zertan diarduten, aserreturik dabiltzanean; eta orregatilk obenik ez da orien era orretako ibiltzean; baña adimentua duten gizon-andreak (eta kristioak badira, agiz obeki) ekus dezakee zein gauza txar itsusia den aurren, eroen, ta zezenen eran, edo erriertan, ta sua ta garra ta itz gaistoak darieztela, ibiltzea. Ez da, ez, era onetakoa gure Jesus maitagarriak erakusten digun ibillera. Zerura daraman umiltasuna galeratzen duen ibiller eroa da; ta ibiller sulezera zuzen-zuzen daramana.

        Ez, ez, dio, Dabidek dionarekin batean, san Pedro Apostoluak: ez dagizula zuk, ez, era orretako txarkeririk. Bendekuz egiten diran gauzak dira, era orretako gauza txar oriek; eta, bendekuz dabillena galdua dabill, edo galdu bearra da len edo gero; ta galdu bearra beti-betirako.

        Eta zer? Emen ez artzeagatik zuk, zere Jaun onaren izenean ta zure onerako, naigabe zenbait, naigabez beterik bizi nai dezu zuk beti-beti, ta sekula guzian?

        Aizeak daraman itz gaisto bati erantzuteagatik, gogo gaistoak nai duen eran, nai dezu zuk galdu emengo doatasuna ta bakea, ta bake doatsu onekin batean zere Jaunaren eternidade bateko gloria? Zenzu gabetu zara zu? Galdu dezu zuk zere ezagumentua, edo zer gertatu zaitzu?

        Ai ene! gerta zekikedan malurrik andiena! Nere barreneko suak, nere irain txar galduak, nere kolerak, galerazi dizkidate nere Jaunaren grazia, nere zeruko bidea, ta nere irabazia; ta denbora berean eragin dizkidate, egin nitzaken gauzarik gaistoenak, edo kulpak eta bekatuak!

        Iltzen banaz ni, oriek nik neregandik kendu baño len, nora bearra naz ni?— Sulezera! an beti ta beti erretzen ta urratzen egotera?— Zorigaistoan jaioa ni, orren neke arrigarritik ez iges egitera!

        Baña nola nik andik iges egin dagiket?— Jesusen Legeko bideratzen nazala.

        Nola ni bide orretara naiteke?— Damuz, ta negarrez, ta urrikiz.

        Ona bada ni, nere Jaungoiko maitagarria; ona ni, oraindañoko nere erakeriekin egin ditudan utsakgatik damuz ta urrikiz ongi betea; ta ona bidenabar ni, berriz era bereko, edo beste uts-egiterik ez egiteko asmoan onek laguntzen didazula, nere asmo onek eskatzen dituen gauzak egiten. Damu dut, bai, nere Jaun on maitagarria, orain arteko nere oben-kulpekin zu aserretuaz; ta oben-kulpa berririk egiñen ez dudalako, ta umil-manso bizitzeko itzarekin, eskatzen dizut egiñen barkamentua, itzez ta biotzez esaten dizula: Nere Jesukristo Jauna, etc.

 

aurrekoa hurrengoa