www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (II)
Sebastian Mendiburu
1760, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Bigarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XLVI.garren OTOITZ-GAIA

ILL-ORTZITU, USTELTZEN ASIAREN BIZTEA;
TA AZTURA GAIZTOKO BEKATARIEN GRAZIARATZEA

 

 

A.

 

        Oartukabean bezala, ta indar andirik izan gabez bekaturatzea ere gauza gaistoa da; bada beartuak arkitzen gara guziok, zertan gabiltzan gu gerok, ongi ekustera; ta, gure Jaungoiko maitagarriak emanik ditugun indar guziez baliatzen garala badere, gauza gaistorik ez egitera: bagaudeke alabaña gu, gauza gaistorik egiten ez dugula, geren Jaungoikoaren eskuaz ta laguntzaz baliatzen garala: ta prest dago beti gure Jaungoikoa, noiznai ta non-nai guri laguntzeko: ta guk, geren Jaungoikoarekin batean dagikeguna ez egin naiez, gaizkiren bat egiten badugu, egiten dugu gauz esker-gabe guztizko gaisto bat.

        Gure gauza gaisto au baño gaistoagoa da, zertan gabiltzan gu guk gerok ezagutzen dugula, gaitzerako geren makurtasunak eta naikunde galduak ez eskuratzeagatik, gu bekaturatzea: da alabaña, gaizki egiten dugulako ezagumentu geiagorekin guk geren Jaungoiko maitagarria guztiz naigabetzea, aserretzea, edo ofenditzea.

        Baña bigarrenerako gure bekaturatze au baño ere, bekaturatze agitz gaistoagoa da bekatuz bekatu bat ibiltzea, gaitzera oiturik bat bizitzea, ta egunoroko, edo maiz batek egiten dituen bere bekatuekin, bere pasione gaistoei sua ta bazka ematea; ta gero, lotan bezala, bere bekatu gaistoen oatze galduan astiz egotea.

        Ala ere, ez da zuzenbiderik ez duen bekaturatzea, era onetako bekaturatze au; ta biztu nai badute, era onetako bekatuz ill diran animak ere biztuko ditu, lenagoko bi bekatari-erak bezala, gure Jesus maitagarriak; eta artuko ditu, berak daraman gurutzezko bere bide zuzen garbira. Au ala dela guk ezagutzeko, aski da, Jesusek berak egiñikako irurgarren bizte-modu bat ekustea.

        Maria Magdalenak, eta, Marta zeritzan onen aizpak gaztigatzen diote bein Jesus maitagarriari, eri aikitzen dela, ta guztiz gaizki, bien anaia Lazaro.

        Artzen du Jesusek, oriek arkitzen ziran erritik agitz urruti, aizpa bien mandatu au; ta ala ere ez da bereala bideratzen: ez eta aratzen ere, Lazaro ill, ta ortzitu, ta laur egun igaro artean. Jesus aratzean, ateratzen zaio bidera Marta, ta erraten dio: A Jauna, garai onez etortzera zu, ta emen arkitzera, etzen illtzen, ez, nere anaia Lazaro; baña badakit nik, ez dizula zere Aitak ukatuko zuri, eskatzen diozun gauzarik bat ere; edo badakit, bai, ez dela berandu, gauden ordu berean ere, nik nai nuenerako, edo nik nere anaia bizirik, edo zuk bizturik, ekusteko.

        Au Jesusi esan, ta bere-bereala deitzen dio bere aizpa Maria Magdalenari: ta onek ere, Jesus ekusi orduko, an bertan belaunikaturik, esaten dio: Jauna, zu emen izatera, bizirik egoin zen gaur nere anaia Lazaro.— Au errate berean, ta geroz ta geroz ere, negar ta negar zegoen Maria Madalena; ta, ura ala ekusteaz negarrez zeuden, dolura etorririk, an arkitzen ziran jendeak ere.

        Oriek onela negarrez ekustean, nasten da Jesusen barren guzia; asitzen da, orroz bezala, bere Animan; ta galdetzen die, non sartu duten Lazaro illaren gorputza.— Erakusten diote onen obia; ta, ara urbildu orduko, abiatzen da negarrez Jesus maitagarria: berritzen zaizka barreneko bere orroak edo deadarrak, eta ikarariak; eta manatzen du, ken dezotela Lazaroren gorputz illari gañeko bere arria.

        Au aditzen duenean illaren arreba Martak, erraten dio Jesusi: Jauna, laur egun da or datzala, ta usteldurik dago, ta nai-ta-ez usai gaistoarekin nere anaia Lazaro.— Alere ken-erazten du Jesusek obi arria; goititzen ditu gero bere Aitagana bere begiak: ematen diozka Aita berari esker andiak, zeren beti egiten duen berak eskatzen dion guzi-guzia.— Beititzen ditu gero begiak gorputz illagana; ta erraten dio indar andiarekin, ta ojuka: Atoz ona, Lazaro. Eta bertan ateratzen da bizirik Lazaro; baña ateratzen da, esku-oñak lotuak, eta arpegi guzia ill-oialez estalirik dakartziela. Erraten die Jesusek, berekin zitunei: ken bekiotza bere lokarriak, trabarik gabe dabillen Lazaro: ta egiten dute oriek Jesus maitagarriak manatzen diena; ta badabill berez Lazaro ta badoa Jesus berarekin mai batean jatera.

        Ekusten dezu nola zegoen Lazaro, Jesus argana zenean? Ekusten dituzu Jesusen arazoak, Jesusen ibillerak, Jesusen lanak, Jesusen negarrak, orroak, deiak, eta gañerako gauzak, Lazaro ill-ortzitua bizteko? Au guzia zergatik ote da, edo zertarako?— Au guzia da gure Jesusek guri adirazi naiez, zein gauza gaitza den, bekatuko obian usteltzen datzan gizon edo emazteki bat, andik aterarik graziazko bizitzara itzultzea.

        Zer bekatari ote da, gisa onetan usteltzen dagoen, bekataria?— Gaizkiz gaizki, loiez loi, ta galduz galdu dabillen edozein anima. Onela dabiltzan bekatariak ere minbereak izandu ziran lendabizian, ta guztiz izukorrak; eta, bekatu larri bat egin orduko, arritzen ziran guziak. Bekatuetara oitzen asi ziranetik etziran anbat izutzen. Andik fite ta laster asetzen ziran bekatuz, urez egartiak bezala; ta, bekatuak bekatuen gain egiñagatik, etziran gero anitz ansiatzen. Azkenean azpian artu zituen beren bekatuen obi-arritzar andi batek, edo Jaunaganako biotzaren gogortasunak: ta asi ziran an usteltzen, ta beren bizitza galduaren usai gaistoa banatzen, ekusten zituztenen kalte andiarekin.

        Zenbat usteltzar onelako arkitzen ote dira egungo egunean ere gure errietan! Eta ez ote naz ni ere ustel-galdu orietatik bat? Nola bizitu izandu ote nintzan ni, gaztetxo nintzaneko nere denboran? Nola geroiseago? Nola anditu ta? ta nola geroz? ta nola egungo egunetan?

        Anitz izutzen ote naute ni gaur, len ikaraz uzten ninduten nere oben-kulpak eta gaistakeriak? Beldurtzen ote naute ni gaur sulezeko neke gogorrak, egunen batean adiña, ta laurdenik ere?

        Konfesariaren itzak, edo predikari onaren erranak dardaraz beterik, eta ikara iuzten ote dute nere biotza, edo iuzten ote dute, noizbait len iutzi oi zuten eran? Edo orien erran ta meatxu guziak aditu ta ere, gelditzen ote naz ni, alakorik aditu ezpanu bezain otz; edo, aditzen nituen gauzak nion ere ukitzen ezpanindute bezain sosegu andiarekin?

        Au onela bada, nere galduegia! Gogortu dira geroz nere erraiak birtuterako! Azpian naduka geroz ni nere bekatu galgarrien obi-arriak! Loturik nadukate geroz ni nere aztura gaistoak! Itsutuak daude geroz, ta oialez estaliak nere adimentuko begiak! Eta au onela dela, ez dut nik ekusten, ta ez dut ekusi ere nai, non nabillen ni, ta non arkitzen nazan ni; ez eta ni nora noan ere!

        Usai gaistozko usteltasunak dira gerozko nere utsak; eta dira, nerekin dabiltzan anima gaisoen galgarriak! Ez naz ni anima gaiso oriez urrikaltzen; ez eta nereaz ere!

        Ni nora bearra naz bada, edo zertarako jaioa? Nabillen eran ni ibiltzeko; ta beste biderik nik ez artzera, eternidade guziko sulezerako jaio naz ni!

        Bukaeraren zorigaistozkoa!

        Au nai ez duen animak egin bearko ditu, Lazaro illa bizteko, Jesus maitagarriak egin izandu zituen gauzen iduriko, edo aintzurako gauzak. Jesus maitagarriak ura bizeko, eginikako gauzak zer gauzak dira? Oriek dira ondo-naiak: Jaunaganako mandatuak: eta bitartekoen negar onak.

        Ez ditu Jaungoikoak ostikoz ateratzen; ez, bekatuaren loi-petik, beren bekatuen loiean gogoz, ta nai dutela, dautzan gaistoak. Andik atera; ta ondu nai dutenei ematen die Jesusek bere esku indartsua ta laguntza. Ondu-naia da, bada, onduko den bekatariaren asiera.

        Baña ondu-nai, bear bezalako bizi bat, nekez izaten du obenez ta gaistakeriz usteltzen dagoen bekatariak, bitarteko zenbaitek erdisten ezpadiote au bere Jaun maitagarriagandik; eta billatu bearko ditu, alik onenak, onduko den bekatari txar galduak, edo eskatu bearko die bear bezala bizi diranei, lagun-egin dezotela beren Jaunarekiko, beren otoitz eta negar onekin, ta erditsi dezotela beren Jaun beragandik onez-damu, edo kontrizione bizi bero bat; onekin batean, ta beren Jaunaren graziarekin bizturik gelditzeko, edo onez-damu onen ordez erditsi dezotela izu-damua, edo atrizionea; ta onekin batean aitormentu garbita Konfesione zuzen bat egiteko zoria.

        Bitarteko berezirik ez duenak eska dezoke au, bere Jaungoiko maitagarriari, Eliza guzian arkitzen diran onen otoitzak eta negarrak agertzen diozkala: bada onak negar egiten dute ta otoitz, gaistoen alde, ta eskatzen diote beren Jaungoikoari urrikal dakiela lenbaitlen, ta atera ditzala beren bekatupetik, eta erio gaistoaren usteltasunetik. Ori adirazten digu Martak eta Madalenak Jesusi igorri zioten mandatuak, beren anaia Lazaro miñez agitz gaizkiturik ekusi zutenean; baita Lazaro ill ondoko, beraren arreba bien negarrak ere.

        Bekatari txarra, bada, naiz izan zaitezela zu mundu guzian arkitzen den gizonik galduena, zuk erakutsi ezkero zere Jaungoiko maitagarriari ondu nai ziñezko bero bat, ori zuk erakusten badiozu, ongi bizi diran guzien otoitzak eta negarrak zere alde artzen dituzula, zereganako dezu zuk, bai, zere Jesus maitagarria, ta zere alde izain dituzu zuk Jesusen begiak, Jesusen negarrak, eta Jesusen eskuak, edo Jesusen laguntza indartsu andia.

        Bein, berriz-ta-berriz ere, eskatu ezkero zuk au Jesus maitagarriari eskatzen diozula zuk au bear den garai onean, adiuntzan, ta eran, zuganako da, bai, Jesus maitagarria; kenduko dizu zere gañetik, lertzen zaduzkan bekatu gaistoen obiko arria: denbora berean itzuliko dizu, zere bekatuz zuk galdurikako graziaren bizitza, ta emain dizu nork kendu zuri, zere bekatu galgarriak utzi dizkitzuten aztura gaistoen lokarri sendorrak; bada emain dizkitzu, artarako diran konfesariak eta bertze lagun onak; eta utziko zaitu, aisa ta arin zabilzken eran, zuk birtutez birtute, ta zeruko bidez ibilli nai izatera.

        Au onela den ezkero, den bezala, nere Jesus maitagarria, atoz arren, atoz, zuk au guzia, edo nere bearrak eskatzen duena bertan egitera: ta atoz, nigatik ez izan arren, zeren au eskatzen dizuten Elizako zere ume on serbitzari garbiak.— Atoz bada, atoz ekustera, nola nadukaten ni nere bekatu galduak. Zein loitu-usteldua, barkatu ezpazenituen zuk, nitaz urrikaldurik: eta, baldin barkatuak badaude ere, zein makurtua ni bekatu beretara, ta leneko nere usteltasunetara.— Begi onez begiratzen badidazu zuk niri gaur, nere Jesus maitagarria, urrikalduko zara bai, nere oraingo egoera txar galduaz: ain txar-galdu izugarrian nago ni gaur!— Zure begiratze on au irabazi-naiez, artzen dut nik gaur emen bertatik, len zu nik aserreraziaz, edo oraindañoko guzian nik egin ditudan nere bekatu guziez, al dudan damurik andiena.— Zorigaistoan egin dut nik orietatik bat ere, bada egin ezpanu, gaur ez nintzan arkitzen ni, arkitzen nazan bezain aztura gaistoz, ta kostunbre loituz galdua; ta ez nintzan arkitzen ni, ez, nere oben-kulpen obian, ta bekatuz erdi-usteldua!

        Atoz, bada, atoz nigana, nere Jesus maitagarria; ta atoz zere ojuz, ta oju andiz badere, emendik ni lenbaitlen ateraztera; niri nere bekatuen usteltasun loi au barrendik kentzera; ni zere graziaz ta zeruko indarrez beterik uztera: niri nere begietatik mundu eroaren oial txar galduak keneraztera, ekus dezadan nik orduan garbi-garbiro oraindoko nere ibiliera guztiz galdua, baita zuk eraman dezun bide zuzena, ta bide onen bukaera ona ere; leneko nere gal-bidea utzirik nik, eta nere naiez ta gogo osoz gaurdanik artzen dudala (ta bein ere ez uzteko) zure bide zuzen onesgarri au, asi nadin ni zure ondoren, nere Legeko gauzen gurutzea nere soñean daramadala; sarzeko gero ni zurekin batean, edo zure eran zure zorioneko Erresuma orretan. Ala gerta dedilla, Jesus maitagarria: bai arren, bai!

 

 

Jacta super Dominum curam tuam, et ipse te enutriet:
non dabit in aeternum fluctuationem justo.

Ps. 54. 23.

 

        Ongi bizi zara zu (galdetzen dizu Dabidek), eta alere zere burua galtzeko beldurrez zaude? Ikarazten zara zu zere etsai amurratu gaistoen ojuak aditzean, ta illuntzen zaitzu zuri orduan zere biotza? Dardaraz ote dago zure barren ori, ta kezkaz den guzia beterik, jakin gabez nondik artu, erio gaistoaren edo bekatuaren atzaparretan ez erortzeko?

        A! nork lituken (diozu noski), onen begietatik, uso baten eran iges egiteko, biziro eraman nintzaken egoak eta luma ariñak! Iges egiñen nuke nik, bai, badakit nik neronek noraño! Nere amorez idikirik arkitzen den Jesusen biotzeraño; ta au atsedenen nuke neronek nai adiña, galtzeko beldurrik batere bage!

        Ekusten dezu zuk zere gal-bidea edozein tokitan, ta non ere nai? Galerazi nai zaituzte zu gaizki dabiltzan lagunak, beren lan makur-galgarriekin, beren itz eroekin, beren isteekin, beren jan-edan luzeegiekin, ta al duten alde guzietara? Orretan berean dabil sulezeko gure etsai galgarri madarikatua? ta orretan dabiltza zure pasione, ta aztura gaistoak ere? Eta orregatik arkitzen zara zu agitz eri, edo guztiz tentatua, ta bekatuz iltzeko beldur ta beldur.— Beldurtzeko gauza da, bai, zu zauden tranzean edozein arkitzea. Baña beldur zaitez zu (dio Dabidek berak) bekatuz, edo, bekatuan illen etzaralako ustea galtzen ez dezula. Ager egiozkatzu zuk zere Jesus maitagarriari zere beldurrak eta kezka guziak. Galde egiozu zer egin bear dezun zuk, zere etsaiak garaitzeko. Ots egiozu maiz, edo ardura, datorkizula, arren! nola zuk zere gauzak egin erakustera, ta egiten laguntzera: ta, zuk au guzia zuzen egitera, aterako zaitu, bai, zu zere Jesus maitagarriak sekulako erio gaistoaren ortzetatik; eta eramain zaitu berekin batean bere zeruko Santu ta Santen artera. Ala gerta dakidala, nere Jesus maitagarria: bai arren, bai!

 

 

Iustificationes tuas custodiam,
non me derelinquas usquequaque.

Ps. 118. 8.

 

        Garaitu zaitu noizbat zu zere etsai amurratu galgarriak? Garaitu zaituzte zu zere gaitzerako makurrerak eta pasione sutuak? Ill ote zara zu zere bekatuz, ta galdu ote dituzu zuk zere Jaungoikoaren arpegi ederra ekusteko eskua edo deretxa, zere Jaungoikoaren eskutik zuk arturikako onak, ondasunak, eta grazia?

        A gaisoa! ta zure galgarria! bada galdu dezu orretan, munduko izate ta ondasun guziak baño agitz geiago balio duen ondasun bat.— Baña ez orregatik etsi, ez; ondasun ori bera zuk arki dezakezu, zuzen ta kontuz billatzera. Arki-bidea da santa Martak, eta santa Maria Madalenak beren anaiaren bizitza billatzeko artu zutena, edo Jesus maitagarriaren oñetaratzea. Billa zazu Jesusen oñetan; ta billa zazu negarrez, edo galdu dezulako damuz, ta ziñezko urrukiz. Era orretan zu negarrez ekusten bazaitu gure Jesus maitagarriak bere oñetan; edo ekusten bazaitu zu, egin dituzun bekatuen gain ziñez damuturik; eta bekatu berririk ez egiteko asmoan, urrikalduko zaitzu batere luzatu gabe; emain dizu bere grazi onaren bizitza (ones-damuarekin zu orduan arkitzen bazara), edo lagunduko dizu, grazi beraren bizitza erdisteko, egin bearko dituzun zere gauzak egiten; ta oriek zuk egin orduko zerekin izain dezu zuk billatzen dezun bizitza.

        Dakigun ezkero bada onen arkibidea, ots, nere anima; goazen laster, negar ta negar, edo damuz biotza beterik, Jesusen oñetara; ta asi gakiozkan erraten an, Lazaroren arrebak bezala: A! Jauna, emen arkitu bazina zu nere tenta-aldietan, ez ninduen, ez, garaituko ni nere etsaiak: ez nuen galduko, ez, zure graziaren bizitza, ta ez ninduen bekatuz illen, ez, nere etsaiak, ill naben bezala!— Baña zer ote diot nik, edo zer ote darausat nere oraingo itz onzikerian? Deitu nion nik nere Jesus maitagarriari, Jesus maitagarria nerekin arkitzeko nere tent-aldietan? Ez dago beti Jesus maitagarria prest, deitzen dion edozeiñi non-nai laguntzeko, baldin deitzen badio, bere animako gauzetan lagun-egitera?— Lagundu ezpadit bada niri nere Jesus maitagarriak nere tent-aldietan, lagundu didan baño geiago, nik ori ari eskatu gabez izandu zen; ta, ill banaz, neronek eginikako bekatuz, nere naiez ill naz ni, ta nere kulpaz.

        Ala da, bai, nere Jaungoiko maitagarria. Baña ongi damuturik nago ni gaur; ta orrelako lanik berriz ez egiteko asmoan. Indazu nere asmo on berean irauteko, nik bear dudan zere laguntza ta grazia. Bai arren, bai!

 

 

Quid quaeris, et quid vis discere á nobis?
parati sumus mori magis,
quam patrias Dei leges praevaricari.

2. Machab. 7. 2.

 

        Zeren billan zabiltza orrenbat egiteko, ta arazorekin? erran izandu zion errege Antiokori, bere amarekin ill erazi zituen zazpi anaietatik batak. Jakin naiez bazabiltza zu, zertan arkitzen garan gu, zazpi anaiok, emen zuk ekusten dezun geren ama maitearekin, ez dezu zuk batere zer nekatu egiteko onen gain, edo gauz au ikasten: bertatik adiraziko dizut nik, den guzia guzien izenean.— Prest gaude gu ama seme guziok geren biziak noiznai emateko, gure Lege zuzenak debekatzen duen gauzarik ez egiteagatik. Siñis nazazu; ta ez dezazula bururik autsi, guri geren asmo ta gogo au galerazi naiez. Au galdu baño len utziko ditugu guk geren larru-ezurrak, oin-eskuak, eta geren zañetan dugun odol guzia.— Orduan ark atera zuen bere itz onetan egondu zen gizon gazte au bere azken-asnaseraño, errege gaistoak ken-erazi baziozkan ere, bein bere miia, andik laster buruko larrua, ta gero eskuak eta oñak; eta ill arte guzian iduki bazuen ere guti bana, edo geldi-geldi frisitzen, artarako zen zartagin batean. Eta au berau egin zuten beren torment arri-geietan aren sei senideak, baita guzien amak ere.

        Asmo berean arkitzen ziñan zu, oraindanoko zere urte ta denboretan? Gutiagogatik ere autsi ez ote dituzu zuk zere Lege garbia, ta zere Jaunaren mandamentuak?— Zere buruari atsegin txar bat egiteagatik, ez ote dezu zuk bein, ta berriz, ta askotan ta askotan ere, loiturik iutzi zere Legeko seigarren mandamentua?— Bendekuz zuk, besterenaren kupidez zuk, eta zuk dakizun adiña bidez, ez ote dituzu autsi ta urratu zuk Lege bereko beste mandamentuak ere?— Eta bidenabar ez ote zara bete zu oitura gaistoz ta kostunbrez? Lotuen eran ez ote daude geroz, gauz onetarako, zure oin-eskuak, edo zure ezaguera ta zure naimendua, edo borondatea? Bekatuz illik arkitzen bazara zu; ta zu gaur arkitzera bizitza galdu baten obian ortzitua, edo lurtatua bezala, non geldituko da zure anima, bekatari txar gaisoa, zu ill ondoan? Au lenik zuri Jesusek ez biztera, eternidade guziko sulezean!

        Nere arreb-onak; garbiro bizi zarazten anima bataiatuak, nitaz ongi urrikaldurik, ots egiozue Jesus maitagarriari nere alde; ta eska zaiozue al dezuten indar guziarekin, urrikal dakidala niri ere bere ontasunagatik: asi dakidala oju ta oju, ta ez ditzala bere ojuak iutzi, ni bizturik eta ongi iratzaririk iutzi artean: ta bidenabar ken ditzazkidala nere aztura galduen lokarri galgarriak; ibilli nadin ni geroko nere denboran nere gauzen egiten, ta nere Legeko bide zuzenetik oñik ateragabe.

        Pozik ibilliko naz ni, artara ezkero, era onetan, ta nere Jaungoikoaren gogara; ta orain orretan nagoelako siñu bat ematera noa, ojuz ta biotzez erraten dudala: Nere Jesukristo, etc.

 

aurrekoa hurrengoa