www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (II)
Sebastian Mendiburu
1760, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Bigarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXIX.garren OTOITZ-GAIA

JESUSEN IJIT-ARTEKO NEKEAK

 

ESTO IBI USQUE DUM DICAM TIBI. Math. 2. 15.

 

 

A.

Jesusen Ejiptoko bearra, ta ango
bere bearrarekin erakusten diguna

 

        Aita Eternoak adirazi zuenarekin atera zuten Jesus Nazaretko itxetik, eta eraman zuten Ejiptora, otoitz-gai azkenekoan ekusi dugun bezala. Joan zen ijit-artera, naimen edo borondate oso-osoarekin: ta egondu zen an zenbait urtez; ta egondu bazen ere anitz nekeren artean, egondu zen nekerik ekusi ezpalu bezala, ta atera-nai bat erakusten etzuela. Jesusen ango egoera au zer den badaki, dakienak an Jesusek eraman ta ekusi izandu zuen neke-kezka, ta naigabe guzia. Nola-ere-bait au guk ekusi bearko dugu, ezagutuko badugu Jesusi kostatu zitzaiona guri erakustea, enoiatu gabe nekeak eramaten, Jaunak nai duen arte guzian.

        Ejipton erbesteturik, egin zituen Jesusek zenbait urte: ta urte orietan izandu zituen Jesusek bi neke-modu ongi gogorrak: bata zen bearra, ta bestea bere barreneko naigabea.

        Ongi gogorra izandu zen, bai, beinik bein Jesusen Ejiptoko bearra. Goiztar erregeak eskeñi zioten urretik, edo etzuen artu Jesusen Amak batere, edo banatu zuen laster artu zuena beartsu zenbaiten artean; bada, andik anitz luzatu gabe elizara zenean, Jesusen Presentazioan, eraman zuen beartsu ta gabe bizi ziranen ofrenda; ta oberen bat eraman izan al balu, etzen, ez, orduan labur geldituko bere Jaungoikoarekin.

        Jesusen Presentazioan gabe arkitzen ziran Jesusen Ama ta san Jose, andik laster, edo fite atera ziran beren itxetik ijit artera joateko; ta atera ziran, zerbait billatzeko lekurik etzutela, edo artarako astirik gabe. Zer izain zuten bada, Jesusi emateko, utsik bezala Ejipton sartu ziranak?

        Non sartu zirala uste dezu Jesusen Ama ta san Jose, Ejipton Jesusekin sartu ziranean? Jaungoikoaren berririk (bear zenik beintzat) etzen erresuma edo erreinuan.

        Emalle on anitz arkitu oi dira orrelako lekuetan, edo bazterretan? Nola billa zezakeen, nolerebait au bizitzeko bear zutena? Lanez, ta irabaziz, beren errian bezala.

        Eta beren errian, erriko lau-irabazi guziekin, beartsu ziranak, ez ote ziran bear geiagorekin arkitu izandu, erbestetuen eran, andik urruti ta Ejipton bizitu ziran denborat? Errazu deritzazuna, edo gauzak adirazten dutena: ta asma zazu gero, baldin badakizu, nolakoak izandu ote ziran Ejipton Jesusen etxea, etxeko gauzak, eta bizitza guzia.

        Zuk eta nik dakiguna da, beartsu jaio zela Jesus, bizitu zela non ere nai; ta, gabearen ta bearrearen billan ez sartzera ijit-artean, etzela, ez, Ejipton sartuko Jesus maitagarria: bada ibilli baliz Jesus ondasun billan, bazoaken, bera ekustera, berari agurrak egitera, ta ondasunak ekartzera etorri zitzaizkan goiztar erregeetara; ta izain zuen, oriek emanik, nai adiña edo bear zuena ta anitz geiago.

        Sartzen da bada Jesus Ejipton berariazko gabearen, bearraren, ta nekearen billan; ta arkitzen du, nai bezalako bearra ta gabea; ta bear-gabe, munduaren kontrako bide bat guri erakusteko bear bezalakoa.

        Zer bide da munduaren bide kontrako, edo galgarri au?

        Au da, aisa bizitzea; gorputzari eskatzen dituen asetze, lo, ta kontentu guziak ematea; ta beartasun ta gabe guzietatik iges egiteko, jauregi edo etxe galantak egitea; ardantze ta masti, alor ta bazter al diranak erostea; ta soñekoz, ta gauz-on ederrez nork bere burua ta tokiak apaintzea. Au da, mundu eroak daraman bidea. Bide galgarri au guri utzirazi naiez, ta guk ar dezagun beste bide bear bezalako bat, edo berak Ejipton artu zuenaren erakoa, etzuen Jesusek beretzat an artu nai izandu, ezpazen bearra, gabea, ta biak dakarten nekea; eta orietatik izandu zuen an Jesusek ekusi dugun adiña.

        A, gure Jesus maitagarria, ta zuk gugatik Ejipton ekusten dezuna! Bai? Bada oraindik ekusiko dugu geiago ere. Zer ote? Bere baitan an Jesusek ekusi zuena; edo ekusten zituen gauza gaistoak ematen zioten bere biotzeko naigabea.

 

 

B.

Jesusen Ejiptoko naigabeak;
eta naigabe oriek erakusten digutena

 

        Ejipton sartu zenetik, ekusi zuen Jesusek lendanik ongi aski ziekiena, edo ekusi zuen ijitoen itsutasuna, edo ibillera zentzugabeko galduak. Ekusi zuen, ijiptarrak ematen ziotela sulezeko galgarriari, Jaungoikoari baizik eman bear etzaion onra ta adorazionea; ta ekusi zituen, orretarako zituzten idolo zikiñak; edo ekusi zuen ijitoak beren Jaungoikotzat artzen zutela edozein tipula, edozein egazti, suge, ta gauza zikin; ta gauza txar oni egiten ziotela Jaungoikoari zor zaiona; ta, ezpaliz baño geiago etziotela begiratzen ere beren Jaungoikoari. Ekusten dezu gauza zein arrigarria Jesus maitearendako Jesusek Ejipton ekusten zuena?

        Bein bakarrik, edo aldi beingo batean au ekustea gauza gogorra zen, dakusazun bezala, gure Jesus onarendako; zen alabaña, bere Aitaren onra etsai txar galduaren oñetan ekustea; ta ekustea etsai bera, ijitoen gogoz, Aita Eternoaren, Seme beraren ta Espiritu Santuaren zeruko Tronuraño igana edo goititua.

        Au berau ekusten zuen, an sartu zenetik atera arteko denboran, edo urte guzietan; ta ekusten zuen urte orietako egun guzietan ere, ta eguneko ordu ta puntuoro. Bada bein au ekustea ain gauza gogorra bada, anbat aldiz ta ain maiz au berau ekustea zer izan zela uste dezu gure Jesus maitagarriarendako?

        Eta zer izain zen bidenabar Jesus berak ekustea, ekusten zituen naigabezko beste zenbait, eta anitz gauza ere? Bada, ori ekustean, ekusten zituen Jesus maitagarriak ortik zetozen sorginkeriak, gezurrezko juramentuak, ostutze ta ebaste galgarriak, elkar ezin-ekusiak, aragizko bekatuak, eta gañerako gogoeta galduak eta loikeriak.

        Oriek bada, lenekin batean, bere begietan edo gogoan zeduzkala bizi zen Jesusek, zer penak, zer kezkak, zer naigabeak izain zituen nai-ta-ez bere animan, edo bere biotz maitari-minberean? Guztiz andiak, guztiz arrigarriak, eta kanpoko bearragandik zetozkionak baño agitz eta agitz gogorragoak!

        Eta, guziak alkar artzen zutenean, zertarako zuten gure Jesusen biotza? Zer-nolakoak izain ziran biotz maitari onen orduko penak, kezkak eta nekeak? Asma beza, nai duen edozeinek, al duena; baña geien asmatzen duenak ere, nai adin urtez ta urtez asmatzen egonagatik, aitortuko du, nai ta ez, azkenerako, asmaziorik andienak asm-al baño agitz eta agitz andiagoak zirala orduko Jesusen naigabe-pena-nekeak.

        Ala ere atererazi ote zioten ai! bat bazen ere, gure Jesus maiteari? Idaroki ote zioten den kejarik txikiena ere, orrenbat neketan iutzi zuen bere Aitagana? Eskarazi ote zioten bere Aita maitagarriari, atera zezala lenbaitlen orrenbat naigabe-pena-nekeren artetik, edo Ejipto zikin, galdu, gaistotik?

        Ez, ez: eta berebat gertatuko zen, eun urtez ta geiagotan iraun balute Jesusen ango nekeak eta penak; bada guzia zeraman gure Jesusek, guri erakusteko guk egin bearra, neke zenbaten artean, Jaungoiko berak uzten gaituen aldietan; ta erakuste onek, ona izateko, eskatzen zuen ori guzia.

        Ez arren zuk galdu, bekatari txarrak, zere Jesusen erakuste nekezko au! Zaude kontuan; zaude zai, ta zaude erne, zure onerako diran neke oriek datozeneko: ta, etortzen diranean, egizu laster ta zuzen, aldi onetan Jesusek zuri erakusten dizuna.

        Gutiena zuk uste dezunean, asaldatuko zaitzu zere aidea, zere auzokoa, edo nor edo nor. Errietan emain dizu batak, obenik bage; bertzeak emain dizu alkekizuna, ateratzen dizkitzula zere uts lenagokoak, edo bein ere zuk egin ez dituzun gauzak. Onek galeraziko dizu irabazbidea; ark ukatuko dizu zor dizuna, edo egiñen du, nork daki zer, zerea ez itzultzeagatik, eta, balizake, artzea, uste etzenuenagandik ere, zenbait txarkeri, bidegabe ta esker gaisto.

        Orrelakorik ez den aldietan ere, izain dezu agian zerbaiten bearra, izango dezu zere eritasuna, edo buruko miña. Orrelakorik ez den zenbait aldiz nekatuko zaituzte zere zorra, zere auziak, edo etxeko kalteak; batetik ekarriko dizute berri txar bat, bestetik bestea: ta bakarrik egonagatik zu, etzara, beti beintzat, egoin nekerik gabe: bada batzuetan nastuko dira zure umoreak, eta umore nastuak illunduko dizute zere barren guzia; ta bestetan gogorako zaitzu lenagoko zere naigaberen bat, edo beste; ta orduan egiñak bailira bezain bortizki sutan ezarriko dizue zere biotza, len kenduak ziran zure naigabeak. Eta besterik ez denean, izain dezu, bai, dituzun gauzetatik zerbait galtzeko, edo egiteko daudenak makur egiteko beldurren bat edo beste.

        Nekezko aldi oriek irabazbideak dira? ta, zenbat ere aldi bakoitzeko zure nekeak andigoak gertatzen diran, anbat irabazbide obean arkitzen zara zu. Orduan zuk irabazteko, irabaz ala, edo aldian datorren irabazgai guzia, ez dezu, baizik ontzat artzea gai orrekin datozkitzun orduko nekeak; eta era orretan zuk oriek artuko dituzu, artu ezkero, enoiatu gabe, ta, igortzen dizkitzun zere Jaungoikoaren izenean.

        Oriek zuk era onetan artzeko, begira egiezu ekusi ditugun Jesusen Ejiptoko nekeei, edo zuk, neketan arkitzen zaranetan, begira egiozu bere andien artean asaldu gabe ta Aita Eternoari begira zegoen Jesus maitagarriari. Zenbait aldiz zuk era onetan Jesusi begiratzen badiozu, beratuko zaitzu, bai, zere biotza, ta, zere neke guzien artean ere, errain diozu zuk zere Jesus maitagarriari.

        A! nere Jesus maitagarria, aur jaioberria zu, edo urte gutikoa; ta alere orrenbat neketan zu, orren beartsu zu, ta orrenbat kezka ta naigaberekin zu! Norgatik au, nere Jesus maitagarria, edo zeri dagokala? Baña badakit, bai, Jesus, maitagarria; badakit, bai, norgatik zen, ta zeri zegokala au guzia; bada badakit, guzia zela nere amoreakgatik; eta niri erakusi-naiez, aldi orrelakoetan nik neronek egin bear dudana, edo badakit guzia zela niri enoiatu gabe, ta irabazi andiekin arrerazi naiez, izaten ditudan neke ta kezka guziak!

        Au dakidan ezkero bada, nere Jaungoiko maitagarria, nigatik dagitela nai dutena munduko nere etsaiak, eta gañerako guziak: gaurgero artu nai ditut nik, zure izenean, ta Jesusen eran, orien txarkeri guziak, eta, txarkeriak ekarri ditzakeen naigabeak; eta, nork-nai eginagatik niri munduko txarkeririk andienak, itz egin uste diot nik etsaiari ez bezala; ta prest egon uste dut nik, al dudan on guzia orri ordez egiteko. Ori da, Jesus maitagarria, or zuk niri gaur Ejipton erakusten didazun zerurako ibillbidea: ori da zuk nigatik bein, berriz, ta askotan egin izandu dezuna; ta ori nik ere gaurgero zugatik, edo zure izenean egin uste dudana.

        Bai, nere Jesus maitagarria, bai; zure ondoren ibilli nai dut nik, bizi nazaño. Zureen eran, egin nai ditut nik nere gauza guziak. Zuk zere nekeak nigatik bezala, zugatik artu nai ditut nik ere nere neke-pena ta naigabe guziak. Egin asmo dudan lan on au zuzen egiteko, bear dut nik zure laguntza ta grazia. Eskatzen dizut, Ejiptoko zere bideetan, zere lanetan, ta zere neke guzietan lagundu zizun zere Ama maiteagatik; eta biekin ibilli zen, zure Amaren Esposo san Josegatik. Ez ukatu au niri, nere Jesus maitagarria, ez arren,ez!

 

 

Evangelizare pauperibus misit me.

Luc. 4. 18.

 

        Nere Aitak igorri ninduen ni, edo bidaldu ninduen, bearrean arkitzen diranei erakutsi onez laguntzera (erran zuen geroko batean gure Jesus maitagarriak; eta itzik atera gabe, au bera dio orain Ejipton ere). Bidaldu ninduen, bai, gabe daudenei beren beartsu bizi diraño, emeki artu, ta ongi eramaten erakustera: ta erakutsi diet nik beren egiteko au, aldi onetan nik egin dudanarekin; bada guztiz beartsu arkitzen nintzan ni ijitarteko bide nekezkoan nenbillen egunetan; baita Ejipton egondu nintzan denbora guzian ere: ta alere ara nintzan ni, ta an bertan egondu nintzan, nere Aitari atsegin-egitea besterik gogoan ez nuela, ta batere kejarik bage; ta ekusten nituen neke, lan, ta naigabe guzien artean egondu nintzan ni, atsegin-kontentuz beterik egondu banintz bezain sosegu andi osoarekin; banekien alabaña ori zela nere Aitak orduan nigandik eskatzen zuena: ta era au bera da, geroztik nik eraman izandu dudana.

        Ori bera da, zu ta ni, bekatari txar biokgandik Aita berak eskatzen duena, gu ere Jesusen eran beartsu ta gabe arkitzen garan aldietan; bada eskatzen du emekitxo guk, isiltxorik guk, eta itzik atera gabe, geren gabe bear au jasotzea.

        Egin ote dugu au zuk eta nik, biok, geren oraindañoko denboretan? Artu ote ditugu guk geren bearrak eta gabea, gure on utserako ziran gauzak bezala? Oroitzen giñan gu aldi orietan, jaio zenetik eta Ejiptoko bere denbora guzian, Jesusek erakutsi izandu zigunaz? Andiak dira, ala guk egin izandu badugu, egin ditugun irabaziak; eta egunen batean emain diozkagu geren Jaungoiko maitagarriari, nork daki zenbat esker, orien alde, edo zeren eman izandu zizkigun, orrenbat gure onetarako ziran beartasuna ta nekezko irabazbidea.

        Ez al dezu, zuk beintzat, bekataria, galdu izandu orrelako aldietatik batere? Ai ene! Ez galdu nik aldi orietatik batere? Eta izandu ote da batere, nik galdu izandu ez dudanik? Ondasundunak, aisa bizi ziranak, eta nai adin atsegin ta gauza zituztenak ziran, nere gogoan, zorioneko jendeak; eta bearrean, ta gabearekin bizi ziranak ziran nere uste galduan, Zoritxarrekoak, eta urrikarrizko jendeak; eta, orien artean arkitzen nintzanean ni ere, kezka zen, marmaria zen, ta naigabea zen nigan arkitzen zen on guzia!

        Orain ezagutzen dut nik aldi orietako nere zentzugabea, ta nere eskergabeko erakeria! Damuturik nago gaur, lenegotik ez ezagutuaz, aldi orietarako Jesusek, Ejiptoko bere denboran, erakutsi izandu zidana; ta gaurgero zuzen egin naiez nago, era bereko aldi guzietan, Jesus berak erakusten didana, ta niri neroni ain ongi dagokidana. A, banegi nik au guzia; ta banegi, batere uts egin bage! Lagun zakizkit egiten, erakusten bezala, nere Jesus on-maitagarria; bai arren, bai!

 

 

In laboribus á inventute mea.

Psalm. 87. 16.

 

        Ez nitzan ni etorri, ez, dio Jesus maitagarriak; ez nintzan ni atsegin ta gustoz beterik emen bizitzera: nekezko bizitz on bat egitera etorria naz ni zerutik lurrera; ta bide nekezkoa danik nere aurtasunetik emen daramadan bidea. Bide au berau artu bear dute nere ondoren dabiltzanak, nerekin gero nere zeruan sartu nai badute. Eta anitz eskatzen etzaie, ez, eskatzen zaienean ar dezatela, Zerura nai dutenak, nere neke gogorrez nik, eta anitz izerdirekin zabaldu diedan au bezalako bide bat? Artzen badute ere, ta ill arte guzian zuzen ibilliagatik, nik egiña baño gutiago, ta agitz gutxiago eginen dute beren ibillera guziarekin; ta orien ibillerako nekerik andienak ere arin laburrak izan dira, neke orrekin irabazten dituzten atsegin-kontentu, ta betiko gloriaren aldean. 2. Cor. 4. 17.

        Ala ere bizi nai dezu zuk, bekatari txar galdua, arin, aisa, ta batere nekatu gabe? Utzi nai diozu zuk Jesus maitagarriari bere nekezko bide latz au ta sartu nai dezu zuk zere gogarako bide galgarri zabaletan? Ez baldinbere? Ez, nere Jesus maitagarria, ez! Zure bide zuzenez ibilli nai dut nik, bizi nazaño, ta beti-beti zurekin batean egiten ditudala, zure Ama maitagarriak eta san Josek egin zituzten gauzak, edo ibilli nai dut nik, nekeren bat datorkidanean, zure, ta orien bien neke gogorrei begira-begira negoela. Zuri begiratzearekin zere bidean, ta Egitoko zere neke gogorretan, arinduko ziran nai-ta-ez zure Amaren, ta san Joseren nekeak; eta badut uste, arinduko dirala nereak ere, orien eran nik ere zuri begiratzearekin; ta, arintzen ezpadira ere, nik jaso-al baño andiagoak izain ez dira nere nekeak; eta guziak eraman uste ditut zure graziarekin batean. Indazu zerorrek, eramate orretarako nik bear adiñako grazia. Bai, nere Jaungoiko maitagarria: bai arren, bai!

 

 

Ne avertas faciem tuam a puero tuo,
quoniam tributor.

Psalm. 68. 13.

 

        Ejiptoko bere neke, kezka, ta naigabe guzien artean errain zion Jesus maitagarriak bere Aita Eternoari, Dabidek aren izenean lenagotik adirazia zedukana: Jauna, errain zion, ekusten dezu aspaldi guzian emen nik Ejipton daramadana. Emengo bekatuak erdiratzen didate nere biotz minbere au, edo damuz ta illuntasunez betetzen didate gau, ta egunoro ere, milla ta milloi aldiz! Zuk nai dezu, nere Aita maitagarria, nagoen ni deus aditzen etzaion aurtxo bat bezala, emengo idolo-kontu, emengo zikinkeriak, eta ibillera gaisto guziak ekusten ditudala; eta ala nago: baña ekusten dezu nola ta zenbat naigaberekin arkitzen nazan ni; ta guzia daramadala zuri ongi naiez, ta zeren zu nik maite-maite zaitudan! Ez da deus nik daramadan guzia, zure izenean nik eraman nai dudanaren aldean. Nik orain berriro dagikedana da, zuk nai dezun guzia, ta zuk nai adiña denboraz emeki ta zuzen egiteko prest egotea. Ala nago ni, bai, ta egoin naz, beti, nere Aita maitagarria; baña begira egiozu zuk ere nere aurtasunari, ta lagun egiozu dagikezunak bezala.

        Era onetako zerbait erraten dut nik ere; Jaun berak ni neketan nadukan denboretan? Eguraldiak, etxekoak, edo beste zenbaitek egiten didaten aldietan naigaberen bat, edo beste, bere eskuan muñ egiten diot nik nere Jaungoikoari, zeren nadukan bere Semea Ejipton bezala, penen artean, ta nere pazienziarekin irabazi andiak egiteko bidean? Erraten diot nik aldi orietan prest nagoela ni ere, berak nai duen gañerako guzi-guzirako; ta geiago ta geiago baliz ere, ontzat artzeko nagoela beraren izenean, ta ori ala artzeak ekarriko dizkidan ondasun andiakgatik?

        Zorioneko-ta-onekoa ni, orretan egotera! Baña ez naz ni, ez, askotan beintzat, orretan egondu! Naigabe bat ekusi orduko asaldatzen nintzan ni, eroa bezala, ta ez nuen eraman nai nere Jaunaren izenean, den gauzarik txikiena ere; ta, edozein gauza txar egiten bazidaten, egiten nion egilleari sugearena, edo al nuena; bada egiten nion, izurriz, ortzez ta lamez etzenean, gogoz, ta naiez ordeña, edo zer edo zer txarkeri; ta, zenbat andiagoa zen, ortzezko, edo naiezko nere txarkeria, anbat andiagoak ziran orduko nere atsegin-kontentuak.

        A! nere zenzugabe galdu-galgarria! Ori da Jesusek Ejipton, ta bere biziko neke guzien artetik niri erakutsia? Orretarako sartu nintzan ni nere naiez nere Jesusen Lege garbi nekagarrian? Orretarako aditu ditut nik, aditu ditudan sermoiak? Orretarako ziran lagunen erran onak, eta libruz ikasi ditudan gauzak? Nere eroegia! nere galgarria! Gisa berean egin uste ditut gaurgeroko nere gauzak edo egitekoak? Gaitz aldera, ta makur artzeko nago nere Jaungoikoak onez niri igortzen dizkidan otz-beroak, kezkak, eta nekeak? Ez baldinbere! Gañerakoan egin du nereak; eta galdu naz ni beti-ta-betiko!

        Nere Jesus maitagarria! Neketan, ta neketan bizitu zaran nere Jesus maitea; lagun zakizkit arren zuk, zerorrek erakutsi didazun eran nere gauzak egiten. Lagun zakizkit, arren, neketan arkitzen nazanean, nere biotz au nere Jaunagana goititzen, isiltxorik eta emeki guzia daramadala, eraman dezadan zure bidea, ta igan nadin egunen batean, zuk idiki didazun zere zerura. Lenagotik au ez eginaz dut damu, ta ziñez alere; ta orregatik diot orain itzez ta biotzez: Nere Jesukristo, etc.

 

aurrekoa hurrengoa