www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (II)
Sebastian Mendiburu
1760, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Bigarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXXIII.garren OTOITZ-GAIA

JESUSEN BARUR-OTOITZAK,
EDO PELEAK

 

        Izaten dira munduan lapurrak, bidez dabiltzan gaisoei dakarten ondasuna kendu ondoan, beren bizia ere kendu oi dietenak. Lapur gaistoak dira, era orretako lapurrak! Baña ez dira oriek, ez, mundu onetaratzen diran lapurrik gaistoenak: lapur gaistoagoak (eta agitz alere) dira, gure animaren bideratzen diran lapurrak; kentzen dituzte alabaña lapur oriek ondasun ta bizitza gorputzarenak ez bezalakoak; bada, kentzera ezkero, kentzen dituzte graziaren zeruko bizitza, ta anima gaisoaren irabaz-ondasunak.

        Urkabez, katez, presondegiz, edo nolerebait eskuratzen dira munduko lapurrak; eta animako lapurrak eskuratzen dira Jesusek gaur agertzen digun bidez ta eran. Nola bada, edo zereran? Ongi prestatuz animak, eta armak artuz garai onez, ta bear den adiuntzan.

        Animako lapurrak, eta bere etsai galgarri guziak garaitzeko, etzuen prestatze bearrik batere gure Jesus maitagarriak; zen alabaña, nai adiña arma-esku, ta indar bere baitan arkitzen zuen Jaungoiko-gizon ezin altsuagoa: ta alere, guri eragin naiez guk egin bearra, prestatu zen Jesus, edo egin izandu zuen armen ta indarren bear arkitu baliz, egin zezakena; ta, au egin artean, etzen atera lapur-etsaien peleara.

        Animako gure lapur-etsaiak dira atsegin-gurak eta ondra-gurak, edo atsegin txarren, ondra galduen, ta ondasun galgarrien naikunde makurrak dakazten, edo ekarri oi dituzten tentu gaistoak, edo naikunde ta tentu orrekin gerra egiten diguten mundu galdua, aragi gaistatua, ta sulezeko galgarria. Ekusi dezagun orain orien iruren kontra gure Jesusek egin izandu zuena; ta guk ere, oriek berak garaitzeko, lan onen asitzetik beraren bukaeraraño egin bearko duguna.

 

 

A.

Bere baruz erakusten du, Jesusek,
nola garaitzen den jan-edan gura,
edo jan-edanen nai gaistoa

 

Si filius Dei es, dic ut lapides isti panes fiant

Math. 4. 3.

 

        San Joan Bautistak Jesus bataiatu orduko, Espiritu Santuak adirazi zion Jesus berari etorkizuna, edo adirazi zion izain zituela bai, ta laster alere, edo anitz luzatu gabe, sulezeko bere etsai galgarri gaistoarekin bere tentupeleak, eta adirazi zion sar zedilla, artarako prestatzera bezala, Espiritu Santu berak berezi edo agertu zion bazter artako eremu batera.

        Au ari Espiritu Santuak adiraz orduko, artzen du Jesusek bere eremurako bidea. Sartzen da Jesus an batere trikatu gabe, ta badago bere baso edo eremu onetan, berrogei egunez beintzat.

        Irur tenta-modu, edo pelea ziran, sulezeko bere lapur-etsaiak Jesus maitagarriari aldi onetan eman bear ziozkanak, eta, guzia zekienak bezala, egin zuen Jesusek egun orietan egin zezaken prestatzerik onena, ta aldian aldiko tentaerak eskatzen zutena.

        Zein izandu ote zen lenbiziko Jesusen pelea, edo etsai-tentua?

        Jan-edanik, edo aragiaren aldetik zetorren bat.

        Eta ori garaitzeko, edo guri ori garaitzen erakusteko, zer izandu zen gure Jesus maitagarriak egin izandu zuena?

        Barur luze garbi batekin, edo berrogei egunez bokadu bat artu gabe, ta ur-tantarik ere edaten etzuela, bere gorputza nekatzea.

        Orra Jesusek egin izandu zuena, bere lenbiziko peleara baño len: ta orra nondik asi bearrak diran, edo nola presta ditezkeen bekatari gaisoak, beren etsaiak aragiaren aldetik egiñen diezten peleetan ongi gelditzeko.

        Aragi gaistoak bizi nai luke jan-edanez aserik, eta asetasunak eskatzen dituen atsegin guziak egiten zaizkala: ta beren buruaren, edo aragiaren nai galdu au garaitu nai dutenak, egin bear dute benik bein Jesusek bere Eremuan egin izandu zuen lenbiziko gauza, edo alde artatik al dutena.

        Al dutena, diot; bada berrogei egunez barutzea Jesusen eran, edo deus bat ere egun orietan artzen ez dutela, ori da lurrekoak, Jaunaren milagrorik bage, ezin dagikeen gauza. Baña era onetako barurak guk ezin egin edo atereagatik, egin edo atera ditzakegu geren gisakoak; eta, ezin kenduagatik guk geren buruari, anitz egunez beintzat, bere jan-edana, egunoro ta eguneko otordu, edo otrontze guzietan ken dezokegu zer edo zer; eta denbora berean neka dezakegu guk silizioz, loa laburtuz, belaunikaturik idukiz, edo beste zenbait aldetara, edo era orietako bertze zerbait nekerekin: ta ori da oraingo bere barur andiarekin guri geren Jesusek erakusten diguna.

        Au egiten duenak, prestatzen du bere anima bere etsaiaren kontra; ta, era onetan prestatzen den onekin bere pelean asiagatik lapur-etsaia; ta, asiagatik etsai galgarri au, lenik bere laguntzat artzen dituela, bear ez diran jan-edanak, atsedete eskergabekoak, alferkeri andiak, nagitasunak, eta atsegin loi-zikin-galduak, aisa arengandik aienatuko du, bai, bere lagunekin batean Jesus maitagarriak, len aienatu izandu zuen bezala. Nola ote? ots emazu; goazen ekustera.

        Gosetu zen Jesus, ta agitz alere, bere berrogei eguneko barur au bukatu orduko; ta, an orduan agitzen edo gertatzen zena ezaguturik, agertzen zaio Jesus maitagarriari sulezeko lapur-etsaia; ta asitzen zaio pelean bezala, edo tentatzen, ta erraten dio: Jaungoikoaren Semea bazara zu, errazu egin ditezela ogi orrako arri oriek; erraten balio bezala: atozea; ta etzara zu, Aita Eternoaren Seme bakar Jaungoiko-gizona? Ez dituzu zuk nai dituzun gauzak egiteko bear dituzun esku ta indar guziak? Zertan zaude, bada, or orrela gosez iltzen? Orra non dituzun or arri batzuek: erraiezu: arriak, ogi biur zaitezte; ori zuk erran orduko, bertan oriek ogi egiñen dira, ta izain dezu orduan zuk zere gosea garaitzeko diña ogi; baita anitz geiago ere. Egizu bada; jan ezazu, ta etzaitezela gosez ta bearrez ill.

        Orra non lapur-etsaiak eragin nai zikeon Jesus maitagarriari bear etzen bidezko jate txar-galdu errebes bat. Baña oitua zegoen gure Jesus ona egunak egunen ondo barutzera; ta prestaturik arkitzen zen, Jaunak nai etzuela, ez jateko bokadu bat ere; ta arkitzen zen, ala jan baño len bere bizia milletan uzteko asmoan; ta bere golpe edo ukaldian galerazteko, eranzun zion Eskrituraz bere etsai galdu-galgarriari; ta bidenabar adirazi zion gizona ez dela gorputz-utsa; bai duela gizonak bere anima ere; ta, gizonaren gorputzak bezain bear duela beraren animak bere janaria; gorputzarena baño len dela animarena, eta animaren janaria dela Jaungoikoaren itza, ta Jaunak diona zuzen egitea: ta au da (zion, edo adirazi zuen Jesus maitagarriak) au da orain ta beti nik egin nai dudana; ez zuk, etsai galgarri orrek, eragin nai didazun kontrako jatea. Au erran, edo adirazi orduko, garaitzen du Jesusek bere etsaia, ta uzten du mututurik bezala, edo itz bat ezin atera zezaken eran.

        Oitzen bazara zu, ekusi ditugun baruretara, edo Jesusen barur luzeak adirazten dizkiguten nekeetara, aisa zuk utziko dituzu, bai, zure anima galtzeko diran jan-edanak, eta aragiaren atsegin txar ta plazer galduak; ez daude alabaña, ez, zillegi ez diran gauzak artzeko, zillegi diranak ere berariaz, ta bere Jaunagatik uzten dituztenak. Artzen ezpadituzu, bada, zuk oriek, zere etsai galgarriak zuri arrerazi naiagatik, garaituko dezu zuk zere etsaia Jesusen eran, ta aienatuko dezu zuk zere aldetik, eta bidalduko dezu ordu gaistoan bere sulezera.

        Ala garaitu, aienatu, ta bidaldu ote dezu zuk, tentatu zaituen aldi guzietan? Ez dezu zuk bein ere jan izandu, ez, eta edan ere, ordu jakinetan baizik; eta orduan ere ez jaten, ta ez edaten zenuen bear zenuena baño batere geiago? Zure gogoak ez ote du noiz edo noiz jan izandu, edo bere naiez erabilli, bear etzen oroitzapen galgarriren bat edo beste? Ezagutu orduko, aienatu ote dituzu zuk oroitzapen era oriek, sulezeko sugeak bezala?

        Zure begiak edan ez ote dute bein ere, bear etzen edaririk; edo ez ote dira begira egondu etsaiak ekarri oi dituen, ta burua gogorazio gaistoz, ta biotza naikunde lizunez betetzen duten aurpegi-ederretara, edo beste zerbait orrelako gauzetara?

        Zuk zere eskuz ez artu, ta ez ukitu izandu dezu besteren gauzarik, edo gogo galdura atsegin txar lizunen bat ekarri oi duenik? Ala bada, ongi peleatu zara zu, ta bazabilzke Jesusen soldadu onen artean; bada, era orrelakoetan bezala, garai dezakezu zuk zere etsaia, gañerako bere pelea ta tentuetan ere. Orretarako begira egiezu Jesusek izandu zituenei, ta ark orietan egin zuenari: ta lenenik orain ekusi bear dugun bigarren aldikoari.

 

 

B.

Baztertuz otoitz egitera,
erakuste du Jesusek,

antuste-tentuak garaitzen

 

Si filius Dei es, mitte te deorsum.

Ibid. v. 6.

 

        Sulezeko etsai lapur galgarriak, ekusi zuenean etzuela Jesus onagandik atera deus ere bere lenbiziko pelean, edo jan-edanaren ta aragiaren atsegin-kontentuan, eman zion arro-tentu lausengari bat; eta sartu zen Jesus maitagarriarekin bere bigarren pelean.

        Orretarako, atera zuen Jesus basotik edo bere eremutik; eraman zuen Jerusalengo errira, ta eliza gañera; ta, an erran zion Jesus maitagarriari: Jaungoikoaren Semea bazara zu, salta zaitez or-bera; bada letraz ezarria dago: manatu zien bere Aingeruei zai zaitzatela, ta artuko zaituzte emen erortzean beren eskuetan, oñean miñik ar ez dezazun zuk.

        Erran nai du: gosez iltzeko bezala zaude zu, edo ekusten dezun bezain indar gutirekin arkitzen zara zu gaur, ta ez dezu zer nekatu emendik lurrerañoko eskaleretan: baldin Aita Eternoaren Seme bakar, gizonakgatik gizon egiña, bazara zu, egizu zauden lekutik lurrerañoko salto bat, eta arako zara batere kalterik gabe, ta nekatzen etzarala; bada zure Ait-Eternoak bidalduko dizkitzu bere-bereala bere Aingeruak Eskriturak dionaz; ta Aingeruak eramain zaituzte emendik lurreraño beren eskuetan, azkazal batean ere miñik artzen ez dezula.

        Zeri zegokala etsaiaren aldi artako anbat arazo, ta izketa? Antustez ta arroeraz Jesus garaitu naiez, edo nor zen Jesus ezagutzeagatik. Nai zuken etsai-galgarriak, bearrik ez izan arren, edo premiarik gabe, zebillen Jesus aize gañean, txori bat bezala, ala Jesus ekusten zutenak estima zezaten; ta beraren ondoren geroz ibilliz, ta milla laudariorekin txora zezaten Jesus, ta zoratzen ezpazuten, ta bere saltotik kaltear gelditzen ezpazen, berak ezagutzeko nor edo zein ote zen gure maitagarria; etzekien alabaña etsaitzar lapur galduak nor zen Jesus, Jaungoiko-gizona zelako gogan-bearra bazuen ere.

        Baña etsaiak barrundatzen zuena zen Jesus; ta, zenak bezala, garaitu zuen orain ere Jesusek bere etsaia, ta utzi zuen len bezain uts eta otz. Zer bidez, uste dezu?

        Den zuzenenaz, edo Eskritura Santaz; ta erraten ziola: Eskribitua dago, ez dezu tentatuko zere Jaun Jaungoikoa; edo gaizki, ta garai gaistoan artu dituzu zuk, nere etsaitzarra, zere Jaunaren Eskriturako itzak; Eskriturak diona da, ez dedilla sartu batere, sartu bear ez duen egiteko txarretan, ta galbideetan, zuk orain ni sarrerazi nai nindukezun bezala; bada, zere gogo galduari atsegin egin naiez, eragin nai zeniket niri eskergabeko lan gaisto bat; nai zenuke alabaña zuri nik, edo nere arrotasunari atsegin egiteagatik, billa nitzan eskergabeko bideak, edo bear ez diran Jaunaren milagroak, eta Aingeruen laguntzak. Jaunaren Aingeruak ez daude orrelako lanetarako; oriek daude, ezinbestezko nekeetan arkitzen diranei laguntzeko.

        Au erran orduko ixilerazi zuen Jesusek etsaia; ta bigarren aldian utzi izandu zuen lotsaz ta alkez zena betea, ta ongi mututua.

        Non prestatu ote zen Jesus bere bigarren lan au onen ederki egiteko?— Espiritu Santuak berezi, edo erakutsi izandu zion remuan.

        Zer egin zuen an Jesusek orretarako?— Umilleraz bete bere biotza, ta anima guzia.

        Egokia zen, bai, orretarako basoko Jesusen bizitza; baita baso edo eremu bera ere. Jesusen ango bizitza zen, gau ta egun berrogei egunez barutzea; astiz, maiz, nai adiñetan, ta garbiro ekustea antuste arroaren itsuskeria, ta umillera onaren maitagarritasuna; ta, orretan zegoeño, Jesusek basoan edo bere eremuan izandu zituen lagunak ziran, bakartasuna, ta zenzu-gabeko zenbait ganadu: eratque cum bestiis. Marc. 1. 13.

        Orra Jesusek guri aldi onetan erakusten diguna. Orra Jesusek guri agurtzen digun arrotasunaren garai-bidea: lagun artetik iges egitea, geren bakartasunean zeruko gogarki onak artzea, edo gure Jaungoikoaren dei meak aditzeko, erne ta kontuz egotea; ta Jaungoiko berak bere deiez, edo bere gogargiekin adirazten diguna astiz, ta kontuz ekustea; ta bidenabar ekustea, gizonen lausengak dakarten ezer-eza, ta umiltasunaren irabazia; ezar-ez artaz, ta umiltasun garbiaren irabaziaz oroitzen garala, garai dezagun guk geren etsaia bere tentu guziekin batean; ta azkenik ekustea anitz aldetarakoak dirala gure etsaiaren tentuak, edo egiten dizkigun bekaturako bideak.

        Bein, ta berriz, ta askotan zuk garaitzen badezu ere, ez da, ez, tentuz edo zu tentatzez aseko zure lapur-etsaia: asmatuko ditu, bai, galgarri gaistoak tentu ta tentu berriak, eta zuganako da berriz ere; ta, besterik ezin duenean, tentatuko zaitu, aisa garaitzen dezulako, ta santua, santa, edo ona zaralako asmo arroarekin; ta aldi orrelakoetan oartua, edo ongi prestatua ez egotera zu, aisa ta erraz garaituko zaitu; ta kenduko dizu zere leneko irabazia.

        Garaitu ote dezu zuk beti, edo bere tentu-aldi guzietan sulezeko zere lapur-etsaia?

        A! ez noski, ta erdietan ere!

        Baña prestatzen ziñan zu peleara baño len, artan sartzeko? Zure lagun ariñak sartzen ziranean, edo beren dantzan, edo joko-modu galgarriren batean, edo beste edozein gal-bidetan, ibiltzen ziñan zu ere orien ondoren? Ibiltzen ziñan zu ere orien gañerako lan galgarrietan, ero txar zenbaiten apainketa galdu arroetan, edo zere burua agertu naiez, edo nondik eta nola ekusiko zenuen zere galgarri au edo ura?

        Bazenituen zuk zere jai-igandetan ordu bereziak, aste guziko zere utsak zuzentzeko, egiteko, zeneduzkan gauzak egiten ikasteko; ta guziak, ikasi bezain zuzen, egiteko? Egiteko onelakoak askotan ta anitz nekatu izandu zaituzte zu? Edo, oriek aldebat utzirik, ibilli izandu zara zu, gogo ariñak agertzen dizkitzun beste zenbait errazagoetan?

        Ala dabillena, arro ibilli oi da, ta antustez betea, edo arkitu naiez bene buruaren ager-bideak, eta lurreko erakeriak; eta onela dabillena ez dabil, ez, bear bezala prestatua bere etsai galgarri gogorra garaitzeko; aisa liluratzen dute era orretakoa bere etsai galgarriaren itxura-penak, aisa sarrerazten dute, perellez beteak arkitzen diran, ta sulezera eraman oi duten, bideetan; ta bide beretan gelditu oi da, bekatuz loitu-naasi garaitua!

        Ala gelditu izandu zara zu bein, berriz, edo aldiren batzuetan? Ez ote zara bada noiz edo noiz zentzatu bearra? Orrela zabiltzan artean, galdurik arkitzen zara zu; ta zure lapur-etsaiak eskutik loturik zaduzka. Non gelditu uste dezu, bada, gaurgero zu era orretan bazabiltza? Lapur-etsai orren etxean? Sulezean? Betiko neke-damu gogorretan?

        Ez arren, ez! Ez dezazula eman pausu berririk zere etsai galgarri orren ondoren! Ken zaitez, (eta lenbaitlen) zere etsai amurratu orren aldamenetik. Ez da gaurgero zer begiratu gizon eroen erran arinetara. Utzi bear dituzu zere alegiñean mundo arrotzar galgarri au ta onen asmo, gogoeta, ibillera galdu guziak.

        Egizu zuk gaurdanik sartzera zere biotzeko basoan, eremuan, edo bakartasunean; ta adi zazu zuk kontuz or zere Jaungoiko maitagarriak adirazi nai dizuna. Orduan ark zuri adirazten dizkitzun gauzak zuk egin ezkero, ez diozu zuk munduho erakeriei begiratuko ere; ta azkenean zuk zere etsai galgarria aisa ta erraz garaituko dezu.

        Ori da zuzen zuk orain egitea, len zuri Jesusek adirazi izandu dizuna; ta ori zu, berarekin bat-egiñik, emen bizitzea, emendik atera ondoan berarekin bizitzen asitzeko, atsegin-kontentuz beterikako ta sekulako bizitza zorionekoan.

        Bizitzaren billagarria! ta nor ez da saiatuko zuzen zu, ta gaurdanik irabaztera! Ni beintzat bai, nere Jaunagandik uste dudan grazi indartsu onak laguntzen didala.

 

 

C.

Lurreko gauzen ezer-eza agertuz,
erakusten digu gaur Jesusek
geren ondasun gurak garaitzen

 

Haec omnia tibi dabo, si cadens adoraveris me.

Ibidem v. 9.

 

        Bein ta berriz guk geren sulezeko lapur-etsaia garaituagatik, ez dugu geren baitan batere ezer fiatu; bada berriz ta berriz ere geren gain izain dugu guk, gutien uste dugunean, etsai amurratua; ta aldioro etorriko da arma-tentu berriekin; ta, ark gu azkenean garaitu ezkero, galduak dira lenagoko gure irabaziak, edo merezimentu guziak; eta gu gerok ere galduak gara, Jaungoikoa Jaungoiko den arterako, edo eternidade guzi-guzirako.

        Orren kaltear ez gelditzeko, ongi prestatuak, eta alik erneena bizi bearrak gara gu, bizi garaño. Ekusi ditugun beste bere erakusteen gain, ori ere erakutsi zigun guri geren Jesus maitagarriak aldi onetako bere peleetan. Nola, ta zer bidez uste dezu? Goazen ekustera.

        Bein, ta birretan Jesusek garaituagatik, garaitu zuen ta ekusi dugun bezala, sulezeko lapur-etsai amurratua, etzuen etsaiak etsi, ez, Jesus garaitzeaz. Ateratzen du etsai berak Jerusalendik Jesus maitagarria, an nai zuenik ezin eragin ziola ekusi ondoan; ta badarama mendi-gain guztiz goitu batera.

        Mendi artatik agertzen diozka Jesusi, dezakenak bezala (Jaunak ari bere lan ori egiten utzi ezkero) munduan arkitzen ziran gauzarik ekustekoenak. Agertzen diozka, munduko Erresumak, edo Erreinu ta bazter guziak. Agertzen diozka Erreinu guzietako edertasunak, indarrak, eta ondasunak: eta agertzen diozka, ez bereziak eta banaka bezala, baizik, S. Lukasek dionaz, in momento tempiris, batetan, ta guzien edertasunarekin bein-beingoan bere begietan Jesus maitagarriari ematen diola, liluratuari bezala bazen ere, eragin naiz eskergabeko lan galdu galgarri bat.

        Zer lan modu ote zen, lan galdu etsai gaistoak Jesus maitagarriari eragin nai zikeon au?

        Etsai beraren itzak diotena. Ekusten dezu zuk au guzia (erraten dio etsaiak Jesus maitagarriari)? Bada guzi au emain dizut zeretzat edo nai dezunerako, belaunikatzen bazara zu niri, zere Jaunari bezala, agur egitezo.

        Anitz zen, bai, bere etsai-lapurrak Jesus maitagarriari aldi onetan eskeintzen ziona; ta etziran gaistoak, ez, eskeintzen ziozkan gauzak, begi arin bat liluratzeko, ta lurreko gauza-zale baten gogo txar galdua naikunde makurrez betetzeko; bada eskeintzen ziozkan munduaren laur zatietan arkitzen diran erri, erreinu, urre, zillar, perla, diamante, oial-eder, jende, ta ondasun guziak; eta eskeintzen ziozkan buru-belaunen erabiltze bakar bategatik, besterik bage: Baña eskeintzen ziozkan, aren eskeintze-eskatze, ta gogo gaistoak ezagutzen zituen Jaungoiko-gizonari, ta aizetan gelditu ziran etsai galgarriaren eskeintza ta asmo guziak.

        Nola bada? Zeren erantzun zion Jesus maitagarriak, ongi bizi den edozein gizonek era bereko aldietan erantzun bear duen gauz eder bat.

        Zer ote? Oa ortik, Satanas, eskribitua zegok; adoratu duk ik ere Jaungoiko Jauna, ta ura baizik ez duk serbitzatuko. Erran nai du, oa ortik, sulezeko satanas gaistoa. Zeri dagokala iri nik, edo den txikienak ere, belaunikaturik agur egitea? Ez dakik ik zer dion Eskritura santuak, egiteko onen gain itz egiten duenean? Ez dio Eskritura santak argi-argiro; agur egiozu itzez, belaunez, biotzez, buruz, ta alde guzietara? (nori?) Zere Jaun, ta Jabe bakar Jaungoiko maitagarriari, ez besteri? Ez dio Eskritura berak bidenabar; egizu zuk, zere Jaungoiko oni atsegin egiteagatik, egin bear dezun guzi-guzia; ta ez dagizula bein ere Jaun onen atsekaberako den gauzarik txikiena?

        Zertan abil, bada, galgarri gaistoa, niri eragin naiez zein dagikedana, ta bein ere nik egiñen ez dudana? Ez diat nik ondasun bearrik, eta, zerbaiten bearrean banengo ere, ire eskutatik artu baño len bear ta gabe geldituko nindukek beti, edo nere bizi guzian. Oa bada, oa ere tokira, etsai amurratua. Oa, oa, sutan beti-ta-beti lertzen ta erretzen egotera; berdin ez diat nik egiñen, tentatzalle gezurti gaistoa, ire erranik batere.

        Au Jesus maitagarriagandik aditu orduko, kendu zen andik etsaitzar gaistoa, ta joan zen manatu zitzaion, tokira, Jesus maitagarriak garaitu zuelako alkez ta damuz erdi-urratua.

        Ekusten dezu zein prest arkitzen zen gure Jesus maitagarria, non nai, ta edozein orduz bere etsai amurratua garaitzeko?

        Non prestatu ote zen Jesus, ta nola ura onen aisa garaitzeko?

        Ekusi dugun eran ta tokian, edo eremuko bere bakartasunean, ta ango otoitz soseguzkoarekin. An ekusi zituen gure Jesus maitagarriak, nai bezain astiz, ongi, ta maiz, lendabizitik ederki zekizkien gauza guziak, eta besteen artean, nolakoak diran gure Jauna maitatzetik datozen ondasunak; baita lurreko ondasunen aurkeriak ere: ta bere bi ekuste orrekin gelditu zen Jesus len zegoenean, edo egin bear etzuela bere Aitaren naia ta borondatea baizik, ez eta mundu guziagatik ere: ta egin zuen zuzen ta beti, ekusi dugun bezala, bere gain arturikako egiteko au.

        Egiten ote dezu zuk ere beste orrenbeste, edo egiten ote dezu zuk Jesus maitagarriaren egiteko andi zuzen onek adirazten dizun zere egitekoa? Ez ote dituzu kentzen zuk bein ere zere Jaunagandik zere begiak? Beti-beti ote zaude zu, zere asmo-gogo guziak zeruan daduzkatzula, ta lurreko gauzei, bear den eran ta ezinbestez baizik, begiratzen ez diezula?

        Ezagutuak ote daduzkatzu zuk lurreko gauza guzien ezer-eza ta naspilla? Ote dakusazu zuk zer lanak diran, lurreko naspillak eta gauz oriek eragin oi dituzten lanak? Ote dakizu zuk, bear bezala beintzat, zer egiten ote duten, edo zenbat arazo ta egitekotan sartuak arkitzen diran, ondasun orien ondoren dabiltzan biltzalle ansiatuak, ondasun orien maitatzalle andiak, eta ondasun berak gogo ariñari ematen diena, egiten dutenak? Zenbat bidegabe egin oi ditezte era orretan bizi diranak? Zenbat dollorkeri? ta zenbat eta zenbat oben ta kulpa?

        Eta zer ote da ori guzia, edo zer ote da era onetan dabiltzan gizonen eran ibiltzea?

        Zer izan diteke, baizik agur andiak eta eskumuñ umillak etsai galgarriari pozik guk, eta geren naiez egitea, edo guk geren etsai madarikatu gaistoari atsegin egiteagatik geren buruak galdurik erabiltzea.

        Au ekusten dezu zuk, ta alere zuk biotzez, ta nai izandu dituzun bezain guztiz, naiko dituzu zuri niola ere ez dagozkitzun ondasunak? Bide galduz, edo zuzen ez datozkitzun ondasunak? Egiteko txar galduz, ta eun arazoz betetzen zaituzten ondasunak, zere Jaun on maitagarriaganako gogo zuzen onak galerazten dizkitzuten ta anitz aldetara zikintzen zaituzten ondasunak? Zure erokeria!

        Zuk ez dakizu berez, zer ondasunak diran emen arkitzen diran ondasunak; eta zer ondasunak, beti-betirako zuk eta nik, eta mundu guzian arkitzen garanok, billatu bear genitukeen ondasunak? Mundu onetako ondasun andi-txiki guziak fite guk, edo ill orduko emen bertan utzi bearko ditugun ondasunak dira. Emen beti, bizi garaño (ongi gu beti bizitzera), ta gero bukaerarik ez duen zeruko eternidade guzian guri laguntzeko dauden ondasunak dira, gure Jaungoiko maitagarriak ematen dituen ondasunak; baña ageri ez diran, ta siñiste garbi onez baizik emen ekusten ez diran ondasunak dira; ta orregatik dira; emen agerian arkitzen diran lurreko gauza txarrak adiña ansiarekin billatu oi ez diran ondasunak.

        Izan etzaitezen zu ere, egiteko andi-ondasundun onetan munduko anitz bertze eroren erakoa, artu zazu, beti ez izan arren, noizean bein badere, zerbait asti ta leku. Idiki izkitzu ordu, edo ar-aldi orietan zere animako begi ekusleak; eta ekusiko dezu nor den, ta zer asmotan dabillena den, lurreko atsegin-kontentu ta gauza galgarriekin zuri zere begi ariñak eta gogo txarra arrapatu nai dizkitzun etsaitzar galgarria. Ekusiko dezu, zertako den etsai onen egitekoa, eta nora daramaten onen tentaera ta pelea guziak.

        Au ongi, ta bear den eran, ekusi ondoan, goratzen badituzu zuk zere begiak, ekusiko dezu zer gauza den ongi bizitzea, zer gauza den emen ziñez ta zuzen zuk zere Jauna maitatzea, ta atsegin-kontentuz beterik beti ta beti zeruan egotea. Lenak eta ori zuk ongi, ta bear den eran, ekusi ezkero, saiatuko zara zu, bai, Jesusen ondoko peleak egitera; ta Jesus beraren eran zuk ere zere etsaia garaituz, bear ez diran lurreko ta aragiaren gauzak utziz, ta zere Jauna zuk ziñez maitatzen, onesten, ta serbitzatzen dezula, zeruko ondasun garbi-ederrak irabaztera. Zorionekoa zu, orretan bazabiltza ill arteko zere denbora guzian, edo bizi zaraño! Indazu zuk, nere Erakusle on Jesus maitagarria, orretarako bear den zure laguntza ta grazia. Bai arren, bai!

 

 

Sedebit solitarias, et tacebit, et levabit super se.

Thren. 3. 28.

 

        Billatuko du bere bakartasuna: eseriko, edo jarriko da berez, edo lagunik arkitzen ez den tokian, ta, an isillik dagoenean, gogoan artuko ditu artu bear dituen gauzak, eta aterako da, ango bere egoeratik len ez bezalakoa, ta eskuz ta indarrez dena betea; dio Jeremias Profetak.

        Nor ote? Jesusen eran dabillen edozein anima.

        Zer ibillera da, aldi onetako Jesusen ibillera? Umilleraz, bakartasunez, baruz, ta begiratze zuzenez baso batean, edo eremuan, bere etsai galgarriaren kontra, bear zen eran prestatzea.

        Era berean prestatu zara zu ere noiz edo bein? Bakartzen zara zu, lagun artean zeundezkeen aldiren batzuetan? Sartzen zara zu elizan, edo zere gelan, gogorazio ero, ta ezertako ez diran oroitzapen guziak utzirik, astiz ekustera, zuri ongien dagozkizun gauzak, eta ekustera nola garaitzen diran aragi galduaren tentuak, eta sulezetik datozen peleak?

        Egiten dezu gero zuk, an ezagutzen dezuna? Barutzen zara? Laburtzen dituzu zere jan-edanak? Zaitzen dituzu zuk zere begiak, eta zere animaren gañerako leioak, orietatik sar ez dakizun atsegin lizunik, edo zere Jaunaren grazia kenduko dizun etsai gogor gaisto galgarririk?

        A, nere Jesus maitagarria, ta zein guti! Bear etziran anitz gauzaren zale, ta gura nintzan ni geienean! Zaletu ezkero ni, saiatzen nintzan nonbait billatzera gura nuena, nere billaeran Jaunaren debekuari anitz begiratu gale! Nik neronek zabaltzen niozkan nere begietatik sartzen zen askotan nere biotzeraño nere etsaia: ta sartzen zen, ekuste txarrez jauntzirik bezala, ta bere sartu aldietan niri kentzera nik nuen grazia, ta nere animako irabazi guzia!

        Etziran beti bide batekoak, ez, onen sartuerak. Batzuetan sartzen zen, ekusi dugun eran, nere begietatik, eta bertze zenbait aldiz nere eztarritik; eta, emendik sartzen zen aldietan, sartzen zen nere geiegizko jan-edanekin batean.

        Nere barrenera sartzen zen aldietan uzten ninduen ni nere etsai galgarri amurratuak, erretzen ta sutan bezala, edo gaitzerako makurtasunez ta tirrikazioz nintzan au betea; ta utzi oi ninduen, bera garaitzeko ziran gauzak egiteko gogorik bage; ta gero egiten zuen nitaz nai zuena, edo eragiten zizkidan nork daki zenbat oben, txarkeri, ta kulpa!

        Ez naz ni, ez, nere Jesus maitagarria, ez naz izandu mendiko txori arrotz igeska dabiltzan gordeetatik, edo ez naz izandu ni, etsai galgarriak ezarri oi dituen lakioetatik eta bekatu tokitik igesi dabiltzan animetatik bat! Aurren begietan beren kabiak egiten dituzten txorien, ta ekartzen diezten lakioetako bazkaren ondoren dabiltzan txori-txarrak bezalakoa izandu naz ni; edo izandu naz ni nere etsaiak arrapa nintzaken okasio txar, ta toki galduetan nenbillen anima. Orregatik arrapatu ninduen ni goiz aski nere etsaiak, eta geroz, zenbait denboraz beintzat, erabilli nau, aurrak ariz txoria bezala, bekatuz lotua ta bekatuz bekatu!

        Ez ote narabill orain ere era berean? Ala banarabill, atera nazazu aren atzaparretatik, nere Jesus erakusle maitagarria, eta eraman nazazu zere mendira: eraman nazazu etsairik ez den tokira, edo zere Gloriara. Bai arren, bai!

 

 

Bona est oratio cum jejunio.

Tob. 12. 8.

 

        Rafael zeritzan aingeruaren eskuz, egin ziozkan gure Jaungoikoak Tobias onari nork daki zenbat ontarte; ta, eskerdun ona izan naiez, galdegin zion Tobiasek Aingeru berari: zer egin dezaket nik, zuzen ibiltzeko; edo, nere Jaun ongillearen bidetik ateratzen ez nazala, nere egunak bukatzeko? Barur-otoitzak laguntzat artu, eranzun zion Tobiasi Aingeru santuak.

        Bai, lagun oriek arturik dabillen animak, ekusten ditu etsaiaren urrats galdu, ta pausu gaistoak; eta, oriek aldebat utzirik, ar dezake aisa artu bear den aldetik, eta badabilke zuzen, arin, ta erori ere gabe. Otoitzez, edo zeruko begiratzez begiak garbitzen dituenak, ekusten ditu antuste arroak dituen amiltegi guziak; eta, andik erortzeko beldurrez, artzen du umiltasunaren beitiko bidea.

        Zertako dira (dio era orretako animak) zertako dira anditasunez, bere buruzko asmoz, ta aizezko gogorazioz beterik ibiltzeak? Eroaren lanak eragiteko, ta kea bezain erraz banatzen diran ta zerurako pits bat balio ez duten gauzetarako! Oriek dira niri nere etsaiak eragin nai dizkidanak, ondra bideak egiteko, ta leku andiak arrerazi, edo billarazi nai dizkidanean: ta zenbait aldiz eragin ere derezkit. Zenbat aldiz? Txoraturik bezala, ta txorien-ondoren dabillen aurraren eran, erabilli naben guzietan!

        Eragiñen ote derezkit berriz ere? Ez, baruzko trabekin, ta nekezko kabestruz lotzen baditut nik nere gogo txar ariña, ta aragi galgarri-gaistoa. Ez, noizean bein begiratzen badiet nik, bein umiltasunezko bide apal zuzenari; ta gero, arrokerizko bide galduak duen bukaera izugarriari.

        Dagigun bada, nere anima gaisoa, begiratze bata ta bestea, Jesusek egin izandu zituenen eran, aren ondoren guk ere geren etsaia garaitzeko, arrotasunezko tentuz ta kez itsutu nai gaituenean. Guk au ala egiten baldin badugu, eskerdun onak izain gara gu, ta Tobias onaren zeruko lagunak beti, ta sekulan. Ala gaerta dedilla, nere Jesus maitagarria: bai, arren, bai!

 

 

Non potestis Deo servire, et Mammonae.

Math. 6. 24.

 

        Ezin diteken gauza da, dio Jesus maitagarriak, guk geren Jaunari atsegin egitea, ta denbora berean atsegin egitea guk geren etsai gaisto, diruz, ondasunez, ta lurreko gauzekin liluratu, edo nastu nai gaituenari. Lurreko gauzei geiegi darraikionak aldebat uzten du bere Jauna, ta Jaunaren legea; ta, lege au utziezkero ez da Jaunari atsegin egiterik, ez da Jauna serbitzatzerik. Ez aren galgarria!

        Zere janak, zere edanak, edo zere soñekoak oraindañokoan eragin ote dizkitzu zuri era onetako zenbait ibillera? Ibilleren txarrak! Ereintzen dute txoriak? Jorratzen dituzte gariak? Aritzen dira trillan? Sartzen dituzte aleak ganbaran, edo biltegian? Bein ere. Eta alere ez ditu Jaungoikoak bazkatzen txoriak? Ematen ez die bear adiña? Bai: ta uda, ta negu ere.

        Begira egiezu lurreko loreei ere. Nekatzen dira loreak nioiz? Iruiten dute, beren buruak jaunzteko? Sekulan! Eta alere arkitzen ez dira loreak Salomon baño ederkiago jauntziak, Salomon izanagatik munduko gizonik jakintsuena, aberatsena, ta apaindurak eta edertasuna geienik billatu zituena?

        Zer bada? dio Jesus maitagarriak, au guzia erran ondoan: Zer? Ongi dabillen edozein ez du Jaungoikoak, txoriak eta loreak baño maiteago? Zer? Txori-lorekin egiten duena egiñen ez ote du, bere erara egiñikako gizonarekin? Maitatzen badu (ta ziñez) gizon-berak bere Jaungoikoa, Jaungoikoak utziko du gizona gabe, ta bearrez betea? Ez segurki, ta mundu guziagatik ere! Ez da, ez, dio azkenean: ez da zer kezkatu lurreko gauzakgatik. Zeren aldetik alegiña zuek egin ezkero, emain du nere Aitak, batetik edo bestetik, egillearen bearrak eskatzen duena.

        A, nere Jesus maitagarria! au nik len ezagutzera, ez nuen galduko, ez, lurreko gauzetan galdu dudan adiña denbora! Bereziko nituen nik nere denbora-zatiak, nere Jauna maitatzeko, ta nere Jaunari atsegin egiteagatik! Ori egin lekuan, egin ditut nik, nork daki zenbat lan txar ta kulpa! Berririk egiñen ez dudalako itzarekin, eskatzen dizut orain orien barkamentua itzez, ta biotzez esaten dizudala: Nere Jesukristo, etc.

 

aurrekoa hurrengoa