www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (II)
Sebastian Mendiburu
1760, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Bigarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXXII.garren OTOITZ-GAIA

 

 

A.

Bearrik bage artzen du Jesusek
bere bataioa: ta artzen du,
bear ditugun, animako geren garbierak
guri eragiteagatik

 

        Jesus maitagarriak, bere gain jarri baño len, eskatuko zion orretarako bere Ama maiteari bere baimena, edo lizenzia; ta baimen au Amari eskatzean, errain zion guztiz umilki ta era ezinobeagoan.

        Gogo osoz, biotzez, ta zuzen-zuzen egin dut nik, dakizun bezala, nere Ama maitagarria, igaro diran ogeita amar urteetan, zuk nai izandu dezun guzia, ta nere Ait-orde san Josek adirazten zidan edozein lan edo gauza. Era berean, ta nere poz andiarekin egiñen nuke nik zernai, zure menetik atera gabe bizi nazaño, ala nai izatera betiko nere Aita maitagarriak: baña badakizu zuk zerorrek, nere Ama maite ezin maiteagoa, nor den nere Aita betiko au, edo zein den Aita Eternoa: ta badakizu, nere Aita onek nai duena dela lenena, ta nik niola ere ezin iutzi dezakedana. Ezin dagiket nik nere Aita onek nai duena, emen beti zurekin arkitzen nazala ni. Etorri da bada nere Aitak nigandik, ni nere gain nabillela, nai dituen gauzetan ni asteko denbora; ta oriek egitera noa, batere luzatu gabe; baña noa, zuk zerrorek nai dezula; nai dezu zuk alabaña, Aita Eterno nere Aita maiteak nai duena.

        Au bere seme maite Jesusi aditzean, beratuko zen (nork daki zenbat?) Birjin-Amaren biotz guztiz maitaria; ta geldituko ziran, negarra zeriela Ama beraren bi begiak; bada bazekien nor zen, ta zein maitagarria zen, bere Seme Jaungoiko-gizon Jesus au; ta, berari zegokanaz, maite zuen ezin geiagoraño bere Seme Jesus, ta nior ere nai etzuken gauza zen, egun batez ere Jesus bage ta bakarrik gelditzea.

        Baña, bere naia baño, naiago zuen Ama birjinak, Aita-Semeak nai zutena; ta itzez, edo al bezala, ta guztiz umilki, emain zion Jesus maitagarriari bere baimena, ta geldituko zen illun aski bere bakartasunean; ta geldituko zen, etorkizunaren begira ta lenbaitlen bere seme Jesus nonerebait ekusteko nai andiarekin.

        Baimen au artu orduko, artzen du Jesusek, san Joan Bautista arkitzen zen tokirako bidea; ta egiten du an gugatik, edo guri erakusteko, egin zezaken gauzarik onena, ta bere bizi modu berriaren asierarik ederrena.

        San Joan Bautista zebillen, Jordan deritzan ugalde edo ibai baten bazterrean. An, Misionista egiñik, erakusten ari oi zen, billatzen zuten soldaduei ta gañerako bekatariei, zerura igan nai dutenak egin bear dutena. An oriei erakusten zien beren bataioa edo animen garbiera; baita, berriz beren animak ez loitzeko egin bear zutena ere, erakusten zien elkarri ongi begiratzea, ta Jaunaren gauzak zuzen egiteko bidea.

        Artzen du bada Jesus maitagarriak, bere Amaren etxetik atera zeneko, san Joan Bautistaganako bide au; ta ura zegoen tokira orduko, sartzen da zuzen san Joan beraren sermoiak aditzen zituzten bekatarien artean, orietatik bat bailiz bezala, ta aren erranak adituz zentzatzen ziranen eran, egiten du bekatarirlk andienak egin oi zutena, ta eskatzen dio san Joan Bautistari, bataia dezala ura ere ibai artako urarekin, ta prestatzen da bertan bere bataiora.

        Nora zoaz, Jesus maitagarria; nora zoaz zu ta zertara orren goiz ta laster? Zaude, zaude guti bat, eta begira zazu zer egiteko den, orain zu zere gain artzera zoazen zere egiteko ori! Obenez loituak dauden bekatarien egitekoa da zuk orain egin nai dezuna, edo orain zuk artu nai dezun san Joanen Bataioa, ta noiz ezkero loitua zu, edo bekatuduna? Zaude bada, zaude geldirik, Jaungoiko-gizon Jesus maitagarria, ta utzazu or orko bataioa, bataio bearrean arkitzen diran loitu galduendako.

        A, baña! Ezetz dio Jesus maitagarriak; bekatuz loiturik arkitzen diranen eran ibaiera nai duela dio, ta san Joanen bataiora.

        Baña zeri dagokala ori, gure Jesus maitagarria? Guri obeki eragiteagatik, itzez gero erakutsi uste diguna: guk, au onela ekusi ondoan, ar dezagun gogo osoz, alkerik gabe, ta bear den umiltasunarekin, geren bekatuen bataioa, edo animako garbiera; guri eragiteagatik geren bekatuen konfesione zuzena, edo konfesariaren oñetako geren aitormena; baña aitormen egiazkoa, aitormen damuzkoa, ta bear bezalakoa.

        Bazekien, bai, Jesus maitagarriak norañokoa den gure antuste arroa, ta soberbi edo antuste onegatik, anitzek beintzat izain zutela anitz alke ta neke, beren konfesariari beren oben-kulpak eta gaizki egiñak aitortzeko edo zuzen errateko: ta aldi orietako beren alke-neke galgarri au oriei arindu naiez, sartzen da gaur gure Jesus maitagarria bekataritzar andien artean; ta, san Joanen predikuak eskura balu bezala, eskatzen du bekatarien ura ta bataioa.

        San Joanek etzuen aldi artaraño ekusi beiñere gure Jesus maitagarria; ta alere ezagutu zuen, ekusi orduko. Eta ekusi zuenean, Jesusek eskatzen ziona, arritu zen guzia; ta, non arkitzen den ez dakienaren eran, erraten dio: Jauna, zuk ni bataiatu bear, ta zu gaur nere eskuetako bataioa artzera? Etzara zu zere Aita eternoa palakatzera, ta munduko bekatuak kentzera zatozen bildots garbi Jaungoiko-gizona? Etzara zu, egunen batean mundu guzia biltzeko zauden Jaun ta Juez zuzen, ezin-zuzenagoa? Zu etzara, egun artan gaisto guziak on guzien artetik atererazi ondoan, dagokanari dagokana eman bearra zaran, edo on guziei beren betiko gloria, ta gaistoei dagoten betiko neke suak emateko zauden gure Jaungoikoa? eta etzara zu mundura bataio berri bat, eta bataio graziaz, birtutez, ta karidadez beterik arkitzen dena zerekin dakartzun Salbatzallea? Ta alere, urezko nere bataiora zatoz zu?

        Baietz eranzuten dio san Joan Bautistari Jesus maitagarriak. Eta ezaguturik Santuak zertako, edo zergatik zen Jesusen orduko bataioa edo bataioratzea, bataiatzen du, bekatarien idurian bazegoen ere, bere Jaungoiko-gizona bezala.

        Au zer ote da, gure Jesus onegia! gu bezain bekatari txar galdu batzuekgatik artuko zenuen zuk, bataio ori bezalako lan bat; eta lan, zere buruaren ain desondragarria? Zor dizugun amorearen andia! Nork oni, ta nola, nolerebait eranzun! Guk orretarako dagikeguna da, zere lan onekin zuk eragin nai diguzun guzia alik zuzenen-zuzenena egitea, edo garbiro ta zuzen, ta denbora berean damuz ta negarrez beterik arkitzen garala geren kulpak aitortzea, konfesatzen garan aldietan; baita, beste edozein denboretan ere. Ala diguzula zuk, guk orretarako bearko dugun zure laguntza ta grazia.

 

 

B.

Onra, ta gloria da gure Jaunaren
izeneko umillerak dakarrena

 

        Bataiatu zeneko, atera zen gure Jesus maitagarria Jordan deritzan ibaietik, eta asi zen egiten ongi ta umilki konfesatzen diranak, eta Jaunaren eskutik edozein ondasun artzen dutenak, egin bear duten gauz eder ta guztiz zuzen bat; bada asi izandu zen otoitz egiten, Jaunari zegozkan eskerrak emateko (Luk. 3. 23.): ta eman izandu ziozkan ezin-umilkiago, ta biotz eskerdunagoarekin; ta orregatik an bertan izandu zuen, izandu den onrarik andiena.

        Zer ondra? Zerutik lurrerañokoa, ta Aitak, eta Espiritu Santuak an bertan emana: bada, ekusirik gure Jaungoikoak Jesusen orduko umiltasun ezin geiagorañokoa; ta, ekusirik artara zela gure Jesus, guri bekatariei obeki erakusteagatik guk ere geren aldietan, egin bear duguna; ta artara zela Jesus, edo Jesus maitagarria sartu izandu zela Jordango ibaiean bataio eske, bekatuz bete bat bailiz bezala; ta, bataiatu ta andik atera orduko, bere Jaungoiko maiteak barkatu baliozka bezala, nork daki zenbat bekatu ta kulpa, asi zela belaunikaturik otoitz egiten, ta bere Jaunari eskerrak ematen ta ematen, bere-bereala an bertan agertu zuen Jaungoiko berak nor zen, ain umil ta eskerdun ekusten zuten Jesus maitagarria.

        Nola uste dezu? Idiki ziran bat-batean gañeko zeruak: agertu zen an ordu berean argitasun eder guztizko bat; eta, arekin batean, uso idurian Espiritu Santua; jatsi zen au, ta gelditu zen Jesusen buru gañean. Denbora berean ots egin zuen Aita Eternoak, eta zeru beretik eman, edo adirazi zuen lurrean adi ziteken eran.

        Orra, or orren umil arkitzen den bataiatu berri Jesus ori-orise da nere Seme maitagarria; orise da Trinidadeko bigarren Persona; ta Person, mundu galdua salbatu naiez, gizon egiñik or arkitzen dena. Ez du orrek egin, ez, bekaturik beñere, ta ezin egin ere dezake. Beti maitatu dut nik ori, ta orrek maitatu nau ni beti; ta orrek beti egin dit niri atsegin ta kontentu; ta egiñen ere dit bizi den artean, nork daki zenbat aldiz ta aldian egiñen dit ezin-geiagorañokoa.

        Orra, Jesusen Bataioa: orra, orretan Jesusek agertu zigun umiltasuna ta eginbidea: ta orra, bere bataio ta otoitz umillagatik, Jesusek izandu zuen irabazia ta pagua!

        Askotan begiratu diozu zuk Jesusen umiltasun ezin-andiago eder oni? Askotan Jesusen orduko otoitzari? Zere lanetan asitzean, asitzen ziñan zu zere bataiotik, edo bekatuen damuz zere biotza garbitzetik? Garbitzen zenuen biotza, zere Jaunari otoitz egiteko?

        Etzenuen zuk zenbait aldiz deretxik edo asti andirik konfesatzera joateko, ala da; badakit ori, baña nork eragozten zizun zuri zere Jaunaren oñetako zere obenen damuzko aitormena? Nork orren barkamentua gogoz, ta umilki, zuk zere Jaun onari maiz eskatzea? Ta nork, ori zuk erditsi ondoan, zere eskerrak Jaun berari, bear zen eran ematea? Zenbat aldiz gisa onetan asi izandu zara zu zere egitekoetan? Gutitan noski, edo beñere! Ori da, Jesusek bere bataioarekin, ta onen ondorengo otoitzarekin, zuri erakutsi zizuna?

        Maiz sartu ote zara zu, ta, astia zenuen aldioro, zere konfesioko ibaiean? Aldioro, ta beti aratzen ziñan zu, zere gaizki guzien urrikiz ta damuz biotza beterik zenedukala? Aratzen ziñan zu alkerik gabe, edo zere lots guzia lenik garaitzen zenuela?

        Beti an aitortu dezu zuk, zaran diñako bekataria zarala zu? Beti erran izandu dituzu zuk zere oben kulpak, gertatu ziran eran, edo non ta nola, ta zer eran gertatu ziran agertzen zenuela? Ez dezu gorde bein ere, agertzeko zen gauzarik, edo gauzen saiets edo alde gaistoetatik bat ere? Zuzen agertu dituzu zuk, egin ta eragin dituzan gaistakeriak? Ori guzia zuri eragiteagatik, zen gaurko Jesusen bataioa: ta bidenabar zuri arrerazteko, aitormen-gai berririk ez egiteko asmoa, ta bekatu berririk ez egiteko grazia.

        A! baña, ta zenbat aldiz urbildu naz ni, bataiatzeko zegoen, edo bere absoluzioz garbitu bear ninduen, nere Aita konfesariaren oñetara, zertara nindoan ara, ta an nola nere gauzak erran ongi ta zuzen asmatu gabe? Zenbat aldiz nik, asmatu nituenak ere, edo nere gogora ekarri nituenak, erran oi nituen erdizka bezala; edo alde guzietatik, eta bear zen eran, agertzen ez nituela?

        Zergatik uste dezu? Zeren garaitu ninduen ni nere nagitasunak, nere antusteak, edo nere naikunde makurrak!

        Eta aldi orretan, nola ateratzen nintzan ni nere konfesioko ibaietik? Andiak baiziran, an ni sartu nintzanean, edo orduko nere kulpak, andiagoekin, edo, an sartzean baño agitz loituagoa, ta konfesio gaisto, ta sakrilejio bat nere gain nuela.

        Nere eran ibilli zara zu ere, bekatari txar galdua, edo askotan artu dituzu zuk ere zere gain edo zere animan, nereen erako sakrilejiotzarren karg-astun galgarriak. Edo konfesatzen ziñan bear bezala, ta egiten zenituela zerurako irabazi andiak? Konfesatzen ziñanetan adirazten zizun zere Jaungoikoak, barkatuak gelditzen zirala ordurañoko zure oben kulpa guziak; eta emain zizula, bere orduetan, oben etorkizunak galerazteko, ta gauz on anitz egiteko, bere laguntza ta grazia?

        Ala bada, sakrilejio, edo konfesio gaistoko bekaturik aldi orietan zere gain artu ez dezulako siñu onarekin arkitzen zara zu. Baña, era orretako siñurik gabe dago, konfesatu ta ondoan bere barreneko illuntasuna, gauzerako makurrera ta erortze berriak eta berriak bere baitan arkitzen dituena!

        Eta oriek dira, nere Jaungoiko maitea, askotan beintzat nik neregan arkitu ditudanak! Eta zorigaistokoa ni, ta guztiz doakabea, era berrian ta bear bezala, gaurgero sartzen ezpanaz ni nere konfesioetako ibaian, edo ugaldean! Bada, onela ez sartzera ni, ez dit nere Jaungoikoak ill ondoan idikiko, Jesusi bezala, bere zerua; ez dit emain, ez, bere Seme maitearen izena; ta izen naigarri onen ordez, emain dit bere etsai zikin galduaren izena; ta emain dit azkenean gaistoen pagua, edo betiko sulezea!

        Ez arren, nere Jaungoiko maitagarria, ez! Gaurgero egin nai dut nik (eta zuzen alere), Jesusek erakutsi didan Bataioa, edo konfesatze zuzeneko garbiera. Konfesatzen nazanetan garaituko ditut nik, bai, nere alke-lotsa guziak. Aitortuko ditut nik, egin nituen bekatu guziak: eta aitortuko ditut, egin nituen eran; aitortuko ditut, damu andiarekin, ta berriz alakorik ez egiteko asmoan; eta, erditsi ondoan nik orien barkamentua, ta uste dudan zure grazia, eman dizkitzut, bai, esker umillak, eta maitatuko zaitut nik zu ziñez, bizi nazaño. Ala gerta dedilla, nere Jaungoiko maitagarria! Bai arren, bai!

 

 

Magna potentia Dei solius et
ab hominibus honoratur.

Eccl. 3. 21.

 

        Ez du Jaungoikoak, ez, ezeren bearrik bein ere. Berak berez, ta lagunik bage, badagike nai duena. Jaungoikoak adiña, ezin dagike munduan denek bakarrik; ez eta munduko guziak, elkar artuagatik ere. Ala ere atsegin egiten dio gure Jaungoikoari lurrekoen gauza txikitxo batek.

        Zer gauza ote da gauza txiki-atsegingarri au? Ez dakizu? Umiltasuna.

        Bai; umillak dira, Jaunari atsegin andi bat egiten diotenak: umillak dira, Jaungoikoak bere aldean ekusi nai dituenak, umillak dira, gure Jaungoikoak bere zerutik ondasunez betetzen dituenak; eta, au guzia guri adirazteko, Jaun berak egiten diozka Jesus maitagarriari (ta egiten diozka bere bataioko umiltasun andiagatik), aditu dezun bezalako ontarte ta fabore andiak.

        Zenbat eta zenbat egiñen lizkitzuken zuri ere, zuk maiz egitera umiltasunezko zere gauzak! Eta, zentzurik zuk izatera, besterik badagikezu? Oben-kulpak, eta utsak eta utsak baizik, badira, zuk askotan egin oi dituzun gauzak? Eta zer da oriek eskatzen dutena? Zer? Baizik, zu beti umill bizitzea, ta damuz beterik, Jaunaren begietan zu beti egotea?

        Gauz on zenbait egiñagatik zuk, egiten dezu bat ere, uts-bagekorik? Eta onenak ere, nolakoak izain lirake, zere Jaun berak ez lagnutzera zuri?

        Ezagu zazu, bada, zerez zarana, ta dagikezuna! Ezagu zazu izandu zarana, ta zuri zere Jaungoikoak egin dizuna; ta ekusiko dezu arrotzeko bidetan arkitzen zaran, edo non!

        A, nere Jesus maitagarria! ta zeri dagokala arrotu ni, edo antustetu! Erotu bear dut nik orretarako, edo txoil galdu bear dut nik nere buru au, edo dudan adimentua; bada umil-bideak, eta umil-bideak baizik ekusten ez dituzte nere begiak, sortu nintzanetik orain arteko nere egunetan, ta nere gauzetan, nere egunei ta gauzei begira-begira egonagatik ni, nai adiña denboraz, ta nai bezain luzaro! Pozik umilduko naz ni, bai segurki, nere Jaun on maitagarria, dakidan ezkero gure umiltasunak zuri ematen dizun atsegin-kontentua; ta guri irabazten dizkikun zure eskuko ondasunak! Lenagoko nere denboretan umilki, ta bear zen eran ez bizituaz dut damu ta urriki; ta ziñez alaere. Indazu zuk zerorrek, ala bizitzeko bear dudan indar ta laguntza guzia: bai arren, bai!

 

 

Humilium, et mansuetorum
semper tibi placuit oratio.

Judith. 9. 19.

 

        Beti bat zara zu, gure Jaungoiko maitagarria (erran dezaket nik orain, len Juditek bezala); beti bat zara zu, ta beti zara zu, umillen otoitzak aditzen dituzun gure Jaungoikoa, ta laguntzalle ezin indarsuagoa. Olofernes infernukoak, zuk ori ari utzi ezkero, ingurutu ditzake, bere lagun ta gure etsai galdu galgarri gaistoekin, indar gutizko gure anima gaisoak, baña zer dira aren ta bere lagun guzien indarra, eta zer orien alegin guziak, zu baldin bazaude, zauden bezala, nere alde ta niri laguntzeko? Pits bat adiña, ta ar-ere gutiago: zu zara alabaña gauz eginen, ta eginkizunen Jauna ta Jabea: zu sulezeko guziak, keñu batekin ta aisago ere an ondatu zenituena: ta zu, geroztik an berean oriek erretzen daduzkatzuna.

        Angoak bezala dira munduko guziak ere; ta ez da guzien artean bat, zuk nai ez dezula, betazal bat goratu dezakenik. Zurekin ongi datozenak dira, zugandik erdisten dutenak nai adiña, edo bear duten edozein gauza ta grazia. Zure gogara dabiltzanak dira zuri atsegin egiten dizutenak, eta zure laguntza dutenak.

        Au dakidana bezala, natorkizu ni gaur, nere Jesus maitagarria. Emen natorkizu, al dudan erarik umillen umillenean; ta natorkizu, zure graziaren ibaieko urarekin nere anima gaiso au ongi bataiatu, edo garbitu naiez. Baditut, bai, nik nere utsen loiak, baditut obenak, baditut kulpak, eta anitz alere! Oriek dira ni gaur geienik ingurutzen nauten etsaiak; oriek orain ni geien-geiena beldurtzen nautenak! Auts egizkitzu, dagikezunak bezala, nere Jesus maitagarria, ta ken itzazu orien loi guziak nere anima zikin-galdu gaistotik. Au egiten dezun eguna, egun eder eskergarria da ni bezalako bekatariarentzat; eta da, nere biziak diranen artean, beñere nik nere gogotik utzi bear ez dudan eguna! Ez dut utziko, ez, nere Jaungoiko maitea, ta egizu orain eskatzen dizudana. Bai arren, bai!

 

 

Quanto magnus es, humilia te in omnibus,
et coram Deo invenies gratiam.

Eccl. 3. 2.

 

        Munduan den andiena izanagatik zu, munduan den jakintsuena, munduan den zuzenena; ta, ekusten bazenu ere zu zarala munduan den geiena duen gizona, umill-umill bizi bearra ziñake zu, nai bazenu zere zoriona ta zeruko grazia; ta izanik zu zaran bezalakoa, edo zaran bezain esku gutizkoa, ta jakiunde laburrekoa; ta izanik zu, zaran bezala, zerez, edo Jaunak laguntzen ez dizula, ezer ezin dagikezuna, nola bizi bearra zara zu? Arrotasunez ta antustez betea? Zere Jaungoiko egilleari begiratu ere bage, ta zerezko Jaun andi bat baziña bezala?

        Ori egiten duten arrotzarrak arkitzen dute beren irabazia, arkitzen dute beren umillera, ta arkitzen dute Jaun bat, berak bear bezalekoa, edo berei dagozten neke-penen emallea; bada Jaungoikoak ematen die makur dabiltzan arroei, dagokiena, edo ematen die damu gaistoko bukaera; ta ematen die betiko alkekizuna, betiko sua, ta beti-betiko negarra.

        Bai, Jesusen umeak, bai; au da lurreko arrotzar galduak beren antusteko erakeri guziekin irabazten dutena! Alferrik da berdin! gogor arkitzen dute beren azken denboran beren Jaungoiko altsu zuzen ezin-zuzenagoa; ta oriek eta munduko guziak egiñagatik, edo orduan, edo edozein orduz beren alegiña, ezin garai dezakee, ez, beren Jaungoikoaren beso indartsua.

        Au nik, urrikiz beterik, aitortzen dut gaur; ta aitortu bearko dute beti ta beti (lertuko badira ere), leneko beren arrotasunakgatik, orain sulezean arkitzen diranak; baña beren oraingo aitormen orrek ez ditu, ez, andik aterako: an lertzen egon bearrak dira, Jaungoikoa Jaungoiko den artean edo sekula guzian, ta an egon bearrak dira leneko beren antuste ta arrotasun ero galduakgatik. Umilki bizi diranak dira, neke au bein ere beren gain artzen ez dutenak, eta onen ordez artzen dutenak gure Jaungoikoaren grazia, ta betiko atsegin-kontentua.

        Nai dezu au artu zuk ere, bekatuz bekatu ibilli izandu zaran nere anima txarra? Nai dezu zuk, dizun zuri zere Jaungoiko maitagarriak emen, ekusten ez den barrengo garbiera, ta bere laguntza ta grazia? Zoazkio bada, ori guzia umilki eskatzera; ta eska zaiozu, alik umilkiena, ta begi-gogoak lurrean daramatzkitzula. Ala bazoaz zu zere Jaungoikoaren oñetara, izain dezu, bai, zuk nai dezuna. Zoazi bada orain bertatik eta batere luzatu bage; ta, zenbat umilkiago joaten zaran zu, anbat obekiago egiñen dezu zuk zere egitekoa, ta anbat errazkiago erditsiko dezu zuk zere Jaungoiko maitagarriagandik, ari zuk eskatzen diozun edozein gauza.

        Baña nola nentorke ni, nere Jesus maitagarria, era onetan ez etortzera? Izanik ni, dakizun bezala, bekatuz beti betea burutik oñetaraño, ta nere bizitza guzian, edo beintzat geienean! Izanik ni, nazan bezala, anbat aldiz zu aserretu zaituen zure etsai galgarri amurratua; ta izanik ni, zure ontasun andiagatik ez izatera, gaur sulezean erretzen arkitzen nintzan bekataria! Izanik, bada, ni era onetakoa, nola nentorke gaur zure begi ekusle-ederretara, ezpazen damuz, umiltasunez, ta nekez ongi erdiratua. Ona bada ni, ona non nazun gaur, nere Jesus maitagarria, zure oñetan damuz erdiratu, ta alik umillena! Ta ona non natorren zure laguntzaren, zure graziaren, ta nere oraindañoko utsen barkamentu-eske, itzez ta biotzez erraten dizudala: Nere Jesukristo, etc.

 

aurrekoa hurrengoa