www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitzgai (II)
Sebastian Mendiburu
1760, 1904

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Bertsio elektroniko honen egilea: Josu Landa Ijurko.

Iturria: Jesusen amore-nekeei dagozten zenbait otoitz-gai (Bigarren liburua), Sebastian Mendiburu (Patrizio Antonio Orkaiztegiren edizioa). Eusebio Lopezen etxean, 1904.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXXI.garren OTOITZ-GAIA

JESUSEN UMILTASUN UMILLA,
TA BERE ETXEKO ERAKUSTEA

 

 

A.

 

El descendit cum eis, et venit Nazareth:
et erat subditus illis.

Luc. 2. 51.

 

        Ogeita amar urtetaraño egin, ta erakutsi zuen gure Jesusek besteren eskupekoak egin bear dutena. Ongi, ta zegokan eran arkitzen zen Jesus Jerusalengo elizan, Ama Birjinak eta san Josek an arkitu zutenean; ta, bere gogoz, pozik egoin zen an, andik atera gabe bizi zen artean; Jerusalengo eliza zen alabaña Lege zarreko erakus-lekua, ofrendategia, ta Jaunaren etxea; ta orregatik zen Jaunkoiko gizonari, edo Jesus maitagarriari, ongien-ongien zegokan tokia. Baña igan zen Jesus Jerusalena, an egitera bere Aitak nai zuena; ta, au egin orduko, prest zegoen, non-nai ta zernai egiteko; ta asi zen egiten Aita berak adirazi zionetik. Nola ote? Adi zazu.

        Irur egunen buruan arkitzen dute Jesus Jerusalengo elizan bere Ama maitagarriak eta san Josek, eta Amak erraten dio: Semea, nola egin diguzu egin dezun au? Ona, zure Aita ta ni zure billan ibilli gara, dolorez beteak, edo non arkitzen ziñan ere ez genekiela. Gurekin ez bizi naiez, edo zeri dagokala, gelditu ziñan emen, etxerako bidea guk artu genuenean? Zertako zen zuek nere billan ibiltzea, erantzuten dio Jesusek bere Ama maitagarriari; etzenekien zuek, nik ari bear dudala nere Aitari dagozkan gauzetan? Eta, au erran orduko, ezaguturik Aita Eternoak beragandik orduan nai zuena, uzten du bereala Jerusalengo eliza; uzten du Jerusalen ere: ta artzen du ekarri zuen bidea, ta itzultzen da biekin bere Nazaretko errira, ta itxera.

        Zer kontentua Jesusen Amarena, osasunarekin ta Doktoreen artean arkitu zuenean bere Seme Jesus maitagarria! Eta zer kontentua, arekin batean artu zuenean, beren etxera zeraman, Nazaretko bidea!

        Zer jolasak, Ama Semeak eta san Josek bidean erabilliko zituzten jolasak! Gald-egiñen zion Amak Semeari, Jerusalenen, bakarrik egin zituen egunetan ekusi zuena, edo non egon oi zen geienean? Non egunaz? Non gabaz? Jan zuen zerbait, edo edan, egun orietan? Nork emanik, eta zer? Gald-egiñen zion au guzia; ta galdetuko ziozkan bideak zekartzien beste gauzak ere; ta Jesus maitagarriak eman zion galdetzen ziozkan gauza guzien berri, zuzen bear bezalakoa; ta errain ziezten bidenabar, bien bideko nekeak arintzeko, ezinobeak ziran beste anitz gauza ere; ta ibilliko jiran irurak beren bide guzian bidez ongien-ongien dabiltzanak baño milla bider ongiago ta agitz obeki.

        Erriratzen dira gero niora baztertu bage, ta sartzen dira beren etxean; ta sartzen dira andik atera ziranetik itzuli artean egin zituzten gauzak, zuzen egin zituztelako atsegin ta kontentuz beteak.

        Amabi urtetakoa zen orduan, ekusi dugun bezala, gure Jesus maitagarria. Bizitu zen Jesus, ordurañoko urte guzietan, deus etzekien aurraren eran, edo guti aditzen zitzaion gazte bat bailiz bezala: ta, gero predikatzen asi zen artean, edo ogeita amar urtetaraño, ez dakigu zer gauzak ziran Jesusek egin zituenak; bada, dakigun guzia da, egin zuela bere Amak eta san Josek nai zutena; ta aritu zela, bere Ait-orde san Joseren egitekoan, edo zurgintzan. Mark. 6. 3.

        Zurgintzan Jesus, Aita Eternoaren Seme bakar Jaungoiko-gizona! Langille beartsu san Joseren ikasle, aprendiz, edo lagun umil egiñik Jesus; ta, erraten dion edozein gauza bertatik egiten duela, naiz gaitza dela, ta naiz luzea! Gauza guzien Jaun ta Jabe Jesus alokairuan bezala, edo irabazian goizetik arratseraño, ogi puska bat bestela biltzen ez dakienaren eran! Zergatik ote, edo zeri dagokala?

        Guri ongi naiez, Jesusek umeak, eta guri erakusteagatik geren orduetan guk gerok egin bear duguna. Alferkeria ta nagitasuna dira, egun guzirako guk nai genitukeen lanak eta egitekoak; eta, zerbait egiten dugunean ere, egin nai genuke guk, geren gogo gaistoak edo gaizerako makurtasunak adirazi oi diguna. Emendik etorri oi dira gure kalteak eta etxetako nasteak. Naste oriek guri gal-erazteagatik bada, ta gu gerok azkenean galduak izan ez gaitezen, egin du Jesusek aldi luze onetan egin duena; ta aritu da ogeita amar urtetaraño langille beartsuaren lanetan.

        Amabi urte zituenetik, baita lenagotik ere, asi ziteken Jesus bera nor zen munduari adirazten; ta egin zitzaken bidenabar gero egin zituen ekusteko guziak, eta milagro andiak: baita egin zituenak baño geiago ta geiago, ta agitz andiagoak ere; baña, gu ez genbiltzan geren gogara (naiz zela gauz onetan), besteren pean arkitzen giñan denboran utzi zituen Jesusek oriek guziok, eta egin zuen bere Amak eta san Josek nai zutena, naiz txikia zela, ta naiz andia; naiz ondrazkoa izan zedilla, ta naiz lotsagarria: ta egin zuen guzi-guzia biotz osoarekin, nai zuela, ta bat ere trikatu gabe.

        Zer errain zuen biotzez Jesusen Ama birjinak, ekusten zuenean Jesus zerrarekin, aizkoran, olak moldatzen ta eskuetan zekarren egitekoak eskatzen zituen gañerako lanetan? Jaungoiko-gizon bat onelako lanetan (errian zuen, arriturik bezala, ta non arkitzen zen etzekienaren eran)? Bekatuen arrigarriak! bada zuekgatik da Jaungoiko-gizon onen lan umil au guzia! Artu zaituzte Jesusek bere gain, mundukoen bekatu galgarriak; eta zuen alde bere bizi-odolak eman artean, bizi nai du, Adani Jaungoikoak bota zion maldizio-pean: bada maldizioak zion, neke izerdiekin billatu bearko dezu zuk zere jan-edana; ta ori da Jesusek egiten duena, ta ni ezin geiagoraño arritzen naben ekuskaria!

        Gisa berean arrituko zen san Jose; ta, Jesusek galdegiten zionean zer nai zuen egin zezan, edo zerbait orrelako, geldituko zen mututurik bezala, edo adiraziko zion umilki ta lotsaz, ta alkez, zer dion ez dakienaren eran: ta, Jesus gauzak egiten asi orduko, begiratuko zion san Josek (an aren aldean arkitzen zenean) Ama birjinari, ta onek ari, arrituen eran; bilduko zituzten gero beren begiak, eta asiko zen bakoitza bere egitekoan, edo, eskuetan zekarren bere lana egiten; baña zenbat deboziorekin, zenbat umiltasunekin, ta zer-nola! Nork adirazi?

        Zer ote zuen Jesusek bere gogoan, Amak edo san Josek berezirikako gauzaren bat egiten ari zenean? Zer izain zuen? Bere Aita, ta gu! Bere Aita, bai, ari adirazteko zergatik zen aren lan ura, ta lan artako aren nekea; edo adiraziko zion guzia zela Aita berari zion amoreagatik.

        Eta gu ere ordu berean bere gogoan ginduen, bai, gure Jesus maitagarriak; bada egiten zituen Jesusek bere lan guziak gure onerako, ta guri erakusteagatik nola egiten diran gauzak, zuzen egiteko, ta gauzak egitean Jaungoiko maiteari atsegin egiten zaiola. Ori zen, Jesusek aldi orietan, ta edozein orduz bere gogoan zerabillena. Lurreko bere lanak eta egiteko guziak etzioten, ez, Jesusi eragotzi bein ere gogoeta eder-zuzen au: ta bi gauz oriek egiten zituen batetan Jesusek, Makabeoen izena zuten soldaduak baño agitz obeki.

        Soldadu oriek, Eskritura santak dionaz, eskuz pelean zebiltzan, ta biotzez Jaunarekin ziardukatela; ta era orretan garaitu zituzten bere etsaiak; eta Jesusek ere, gisa berean bere lanak egitearekin garaitu zituen, ezinobeki, bere etsai guziak; eta bidenabar erakutsi zigun guri nola garaitzen diran alferkeria, arrotasuna, ta bere buruzko gogoeta.

 

 

B.

Denbora berean egiten du Jesusek
ikasle onak egin bear dutena

 

Jesus proliciebat sapientia et aetate,
et gratia apud Deum et homines.

Ibid. v. 52.

 

        Baña nola egiten ote zituen Jesusek orduko bere gauzak? Guziak era batean ta Maisuak bezala? Ez, baizik ikasten dagoenaren eran, ta egunoro iduri obekoak. Orietan asi zeneko, baita lendabiziko puntutik ere, bazekien Jesusek azkenean adiña, ta alere aldian etzuen agertzen gorputzari, edo bere adiñari, zegokan jakindea besterik; eta orregatik, jaioberrian, ezer ez dakien jaioberria zirudien, aurtasunean aurra, ta adinoro adin artakoa. Orregatik bada, Jesusek egiten zituen gauzetatik edozeñek, lenagokoak baño obea zirudien; ta zirudien, gauzak eginaz bezala, egiten ikasiz zijoala gure Jesus maitagarria.

        Jesusen ikaste iduri au etzen ikaste utsa, ez; irabazi andizko egitekoa zen, ta Aita Eternoari ezin geiagorañoko atsegin bat egiten zion egitekoa; bada, gizon egin zenetik ill arte guzian Jesusek egin zituen gauzetatik txikiena ere, ezinobea zen, ta irabaz al guzia irabazten zuen gauza; zen alabaña Jaungoikoaren lana ta gauza; zen Jaungoikoari zegokan irabazia; ta orregatik zen irabazi ezin-geiagorañokoa: ta, alere aurtasuneko Jesusen gauzak edozein aurren gauzak ziruditen; gaztetasunekoak, edozein gaztek egiten zituenak bezalakoak; eta, gero egin zituenak adin artako gizonak egiten zituztenen idurikoak.

        Zergatik au onela, gure Jesus maitagarria? Niri nereak mundukoen begietatik alegiñean gordetzen erakusteagatik; edo erakusteagatik, egin ditzakedan nere gauzarik onenak ere deus ez bat bezala dirala, nik nere Jaunari zor diodanaren aldean; ta, au ezaguturik, saia nadin ni egunoro, ta aldian obeki, egitera egiten ditudanak; eta egitera zeren Jaunari zor zaizkan, ta beraren amoreakgatik. Ala egiten baditut nik nere gauzak, egunoro aziko dira nere irabaziak, eta Jaunari egiñen diodan atsegin-kontentua; ta andi ederra izain da oriekgatik nik bere denboran nere Jaun beragandik artuko dudan betiko gloria.

        Ekusten dezu zuk, aldi onetan Jesusek guri erakutsi digula guri ongi naiez, ta zeren maite gaituen gu? Erakuste onen erakoak ote dira, edo oni dagozkanak, oraindañoko gure ibillerak, edo guk oraindañokoan egin izandu ditugun gauza guziak? Elizan egondu gara gu geren Jaunarekin, Jaunak artarako berezi dizkigun orduetan, ta al genuen guzian? Ori da, gaur Jesusek lenbizikorik guri erakutsi diguna, bera Jerusalengo elizaratzearekin. Elizaratzen ote ziñan zu, ezinbestez baizik? Eta, aratzen ziñanean ere, nola ote zeunden zu an? Zerorrek dakizu.

        Elizaz kanpoan, zere etxean, ta zure lan guzietan zurekin, edo zure gogoan, ote zen beti gure Jesusen Ama, Jesusekin izandu zen bezala? Noizean bein badere egin ote diozu zuk egunoro agur umillen bat edo beste? Errezatu ote diozkatzu zuk zere Abe-Mariak orduoro, etxetik ateratzean, jan-orduetan, goiz-arratsetan ta beste zenbait aldiz, aldian eskatzen zeniola, eskutartean zenekartzen gauzak zuzen egiteko grazia?

        Egin izandu ote dituzu zuk zere gauzak ume umillaren eran, ta zure gurasoak, zu baño zarragokoak, edo zure eskudunak nai bezala? Orrela egin izandu zituen Jesusek bereak; eta orregatik zuzen, ta gure Jaunaren begietara zitezkeen eran. Etzenuen zuk zere barrenean naigaberik edo mukerkeririk, eragiten zizutenean zuk nai etzenuen lana, edo uztea naiagoko zenuen gauzaren bat? Ori da Jesusek erakutsi zizuna, bere lan txiki ondra-gabekoetan ari zen aldian; bada ari zen andienetan bezala gustoz, ta biotz leun umillarekin.

        Lanean ari ziñanean zu, gogoan zenuen beti zuk gure Jaungoikoa? Egiten zenituen zuk zere gauzak, Jaungoikoari atsegin egiteagatik, eta zeren nai zuen zure Jaungoikoak orduan zuk oriek egitea? Egiten zenituen, gogoan zenuela nola egiten zituen zure Jesusek bereak, emen bizitu zen denbora guzian? Oroitzen ziñan zu, oriek egiten ari ziñanean, begira zegozkitzula, edo zure umeak, edo zere itxekoak, edo beste zenbait; eta ikas zezakela oriek zure lan egitetik, ongi edo gaizki beren lanak egiten; oroitze onek eragin ziezazun zuzen ta bear bezala egiten zenuen zere lana edo gauza?

        Egunoro zenbiltzan zu zentzu geiagorekin zere lanetan, zere jolasetan, ta gañerako zere gauzetan? Egunoro ziñan zu obea ta birtutezkoagoa? Geroagoa, ta maizago konfesatzen ziñan zu? Geroago ta debozio ta lan on geiago egiten zenituen zuk? Eta, zenbat eta urteetan sartuagoa zu anbat ekuskari on edo exenplo geiago ematen zenien zuk zurekin bizi ziranei, edo ekusten zinduztenei? Ala bada, egin dezu zuk aldi onetan Jesusek erakutsi diguna: ta, orrela bazabiltza ill artean, beraren eskutik artuko dezu zuk beraren gisako egilleari dagokan gloria.

        A! nere Jesus maitagarria; baña nik ez egin ori; ez eta laurdenik ere! orduak joan dira; baita egun osoak ere, Jesusen Amaz ni bein ere oroitu gabe! Eta, oroituagatik ni noiz edo noiz, nola edo zer eran oroitzen nintzan? Gañerakoan etxekoekiko mukerkeria, ta gogoak ematen zidana, edo ezer-ez egitea, izandu da, maiz aski beintzat, nere lan andi ta egiteko guzia! Lanera ninjoan ni, ta lanean nenbillen uztarpeko idia baño geiago nere Jaunaz oroitzen ez nintzala! Eta, ondu bearrean, urteoro nituen nik oben ta kulpa geiago; ta eman diet, ekusi nautenei, ekusketa gaistoa ta gaitzerako bide galgarriak!

        Utziko al dut oraindañokoan ekarri dudan nere bizi-modu edo ibillera galdu au! Ta artuko al dut beste erako bat, edo zuk, nere Jesus maitagarriak, gaur erakusten didazuna? Naiez nago; baña oitura gaistoz ingurutua! Oitur-orien atzaparretatik aterako banaz ni, bearko dut, bai, zure laguntza ta grazia! Eskatzen dizut nere Jesus, nere nai ta uste guzi-guziarekin; ta, lenago lan au egin bagez ongi damuturik! eta eskatzen dizut gaurko zere amoriozko erakuste ederragatik! Indazu bada, Jesus maitea; bai arren, bai!

 

 

Nunc ergo, fidi mi, ausculta sermones meos,
et ne recedas á verbis oris mei.

Prov. 5. 7.

 

        Aditzen? dio gaur gure Jesus maitagarriak; aditzen dezu, nere semetxoa? Ez dezazula gaur aditu bage utzi, adiraztera noan gauza guzietatik bat ere. Aditu dezu, nere Ama birjinak Jerusalengo elizan arkitu ninduenean, nik egin izandu nuena. Berarekin batean, ta san Joserekin atera nintzan ni Jerusalengo elizatik; eta, andik itxeraño bide guzian ez nituen utzi nik bein ere ez bata, ta ez bestea: beti bien aldean ibilli nintzan ni, ta biak nai bezala. Egizu au berau zuk ere, galdu nai ezpadezu zere zerurako bide zuzena. Zabiltza beti nere Amarekin, edo au gogoan dezula, ta onen gogora. Beraz balia zaitez; baita onen Esposo maite, santu andi, nere ait-orde san Josez ere. Ez dizut ukatuko, ez, oriek eskatzen didaten gauzarik; eta, zuzen egitera zuk, nik orain adirazi dizudan au, erditsiko dizute biak, bide guzian ogi ibiltzeko, zuk bear dezuna ta geiago ere: egin uste dezu?

        Bai, nere Jesus maitagarria, bai; ta pozik alere! Non arkituko ditut nik zure Ama ta san Jose bezalako Bitartekoak? Non lagun obeak? Baña oriek artu naiko ote naute berengana, edo beren kontura ni? Badakizu zuk, Jesus maitagarria, zein txar-galdua nintzan ni leneko nere urteetan; baita nola arkitzen den ere gaur nere biotz au, edo nere anima; ta beldur izan naiteke, izan nadin ni gero ere lenagokoa, ta ardi txar ta bildots beti!

        Ez begiratu zuk, nere Jesusen Ama, ez zuk ere, san Jose, onen esposo maitagarria, oraindañoko nere txarkerietara: begira egiezu oraingo nere asmoei ta ondunaiari; ta ar nazazue zeren kontura, ibilli nadin bizi nazaño zuekin batean, edo zuzen ta bear den eran. Jesus maiteak dirala, zuen eskuz, au egiteko bere graziaren indar ta laguntz andi bat. Bai arren, bai!

 

 

Stetit itaque sol in medio Coeli...
Obediente Domino voci hominis.

Josue 10. 13.

 

        Josue pelean zebillen batean, illuntzera zijoan ark nai baño len, ta bere etsaiak nai bezala eskura gabe. Au ekustean, itzultzen da bere Jaunagana, ta ots egiten dio eguzkiari: Ago bertan, eguzkia, ta lagun egiek Gabaondarrei, nik orien etsai gaistoak galdu artean: ta egiten du Jaungoikoak Josuek manatzen duena, ta geldierazten du bere eguzkia. Gauz arrigarria! Geldirik eguzkia, zeren gizon batek agintzen dion geldi dedila! Bai; baña agitz arrigarriagoa da guk gaur ekusten duguna!

        Zer da guk gaur ekusten duguna? Jaungoiko bera egiten eguzkiaren egin au; baita agiz geiago ere: bada ekusten dugu Jesus, len amabi urtez, ta gero beste emezortziz manatzen zaion guzia egiten, bein ezezik, eun aldiz, milletan, eta zenbatetan nai duten beraren Amak, eta san Josek. Eta zer dirala, uste dezu, manatzen, ta agintzen zaizkan gauzak? Argizko, ta oorezko eder andiren batzuek? Ez, baizik zugarotz-etxe batekoak. Au bai, au dela nornai arritzeko lana?

        Alketuko naiz ni gaurgero, edo lotsarik erakutsi uste dut nik, agintzen zaidana edo manatzen didatena zuzen egiteko? Ez, bururik baldin badut, edo adimenturik nik izatera. Ez, oroitzen banaz ni nere Jesusen ibilleraz ta Jesusen gauzez. Oroituko naz, nere Jesus maitagarria; bai, oroituko naz, oraindañokoan ez bezala, ta maiz alere; eta, zure izenean egiñen ditut nik zuk nai dituzun, ta zure ordekoak manatzen dizkidaten gauza guziak, naiz lotsagarriak izan, ta naiz nekezkoak. Eta eskergabe txar galdu bat nintzake ni gaurdanik beti nik au ez egitera!

 

 

Et mater ejus coservat omnia verba
haec in corde suo.

Luc. 3. 5.

 

        Egiten banu nik Jesusen Amarena, Jesusen Amaren idurikoa nintzake ni; ta onen Seme maitagarriaren erakoa. Ez ote lizake au, munduan diran gauza guzien artean ongien legokidana, ta nik bearren-bearrean dudana? Ez ote naz, bada, nere onagatik badere, artara saiatuko? Orren gogor deritzat nik lan au egiteari? Ekus dezagun zer den, edo nolakoa.

        Zer ote zen Jesusen Amak Jesusen aurtasunetik egiten zuena? Jesusi begiratzea; Jesusen itzak aditzea; ta, aditzen ta ekusten zuena bere gogoan beti kontuz erabiltzea. Baña zertarako Arenen eran bere gauzak egiteko. Ekusten zuen Jesusen Amak gaur ta bigar, ta beti, bere Semearena. Ekusten zuen zein zuzenak ziran, ta zein bear bezalakoak, Jesusen gauza guziak; itzak ezin leunagoak, eta denbora berean ezin ederkiago ta ezin zuzenago atera zitezkeenak. Ibillerak, egitekoak, eta lanak guztiz onak, eta bakoitza bere garaiekoa.

        Bein bat ekusi ezkero, gogoan zedukan beti Jesusen Ama maitagarriak; eta beti zegoen ari begira aren erakoak, egitera zijoanean, zuzen egiteko. Jesusen gauza bat ekusi orduko, sartzen zen Amaren biotzeraño; ekusi naiez nondik zetorren ura; zeri zegokana zen, edo zertako ta zergatik egiña.

        Ekusten zuen Ama birjinak, bere Seme Jesusen gauza bakoitza zela, betiko Aita bereari atsegin egiteagatik, eta gure onerako; eta, au ekusi orduko, artzen zuen Amak, gisa berean bere gauza guziak egiteko asmoa; edo egiten zituen gure Jaungoikoaren ooretan, ta gure guzien onagatik, edo gure amorez, eta guri ongi naiez: ta egiten zituen zuzen, ta utsik egiten etzuela.

        Orra nik, ongi izatekotz, gaurgero, ta beti egin bear dudana. Orra, gaur niri nere Jesusen Amak erakusten didan egitekoa. Egiñen ote dut nik ere, bizi nazaño, ark niri erakutsi bezala? Oberik ezin dagiket, den luzaroena bizitzen banaz ere. Ala nik au egitera, zorioneko umea ni, Jesusen Amaren idurikoa ni, Jesusen Biotzekoa ni; ta beti glorian bizi bearra! Lenagotik onetan ez asiaz dut damu; ta ziñez alere. Gisa berean dut damu, onetan asi gabez egin ditudan nere bekatuez: ta, Jaunak didan orien barkamentua, erratera noa itzez ta biotzez: Nere Jesukristo, etc.

 

aurrekoa hurrengoa