www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaunaren hegala
Xabier Iratzeder
1972 -1980

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

EZINBERTZEZ HILTZEAN

 

Ezinbertzez hiltzean,

        begitartea

lurrekoen artean

          uztea!...

 

Hori da, minez min, lanez lan,

        gizona derabilan

                amets gordea.

 

Hori da gizontzen duena,

        jaiduren suan barna,

                mutil gaztea.

 

Hori da hartan su jarriko,

        aurkitu dueneko

                bere maitea.

 

              * * *

 

Ezinbertzez hiltzean,

        begitartea

lurrekoen artean

          uztea!...

 

Zenbatez gorago doan,

        nerabilan ametsa!

Zenbatez barnago dutan,

        bihotzean hutsa!

 

Maitasun goseak jana

        goiz-arrats naiz ibilki,

Neretzat egokiena

        nun eta noiz aurki.

 

              * * *

 

Ezinbertzez hiltzean,

        begitartea

lurrekoen artean

          uztea!...

 

Itsaso, mendi, begi, bihotzen

        zirimoletan igerika,

Ibilki nintzen bila-bilatzen:

        amets nukena noiz besarka.

 

Jauna bai Lurra nahi nituen

        biak maitatu nik osoki,

Bainan, haatik, gutarik zer den:

        bihotz bat baizik ez izaki...

 

              * * *

 

Aurkitua dut, hara! maite bat

        lurreko eta zerukoa:

Euskal-Eliza nere maitetzat

        hautatu-eta kantuz noa.

 

Ezinbertzez hiltzean,

        begitartea

lurrekoen artean

          uztea!...

 

Ez nerea, bainan zurea,

euskal-Eliza nere maitea.

Ez nerea, bainan zurea:

        nerekin gerorako

        baitazu moldatuko

euskal-Kristoren begitartea.

 

Xalbador hil-egunean, 7-11-76

 

aurrekoa hurrengoa