www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaunaren hegala
Xabier Iratzeder
1972 -1980

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

ORRIAGA

 

«Zuhaitzetan den ederrena da oihan beltzean pagoa...»

Orriagoko mendi gainetan badabil euskal-gogoa:

Galernen eta gerlen artetik mendetan barna xut doa,

Pagadoietan ixilik ontuz Europakoen geroa.

 

                Orriagoko euskal-gudua,

                        burua gora, gaur aipa:

                Lurperatzetik baitu zaindua

                        gizon libroen Europa.

 

Zenbat gerlari, sarraskiz gose, odolez eta suz hordi,

Europatarrak zapatu nahiz iragan denik hor gaindi.

Ibañetako mendi lepoa heietaz mintza baladi,

Aipa letzazke lehen-lehenik Errolan eta Karlandi.

 

Buru-gabetu, bihotzez hustu jendalde lehertuekin

Mundu guzia nahiko zuten, beren azpiko, bat egin.

Euskal-jendeak, denen gatik xut, gogor jeikitzen du jakin:

Mendi gain hautan, burua gora, gizonak gizon dagotzin.

 

Orduz geroztik zenbat beilari Orriagatik dabilan,

Europa xoko guzietarik amets ber-bera barnean...

Hor otoizlekin badaude kantuz goiko Amaren oinetan:

Herri guziak, beren gain eta elgarren anai, bil ditzan.

 

Indarkeriak ezarri mugak kraskatzen hasi orduko,

Euskal-gogoa noiz da jauziren arranoaren pareko?

Azpilkueta bezein kartsuko eta jakintza gaitzeko

Gizon libroak noiz ote dire Orriagatik jaliko?

 

Zoin den pizgarri mendietarik jauzika doan xirripa...

Euskal-semeak, Aiten gogoa bihotz guziaz hurrupa.

Altxa burua, denek bat kanta: euskal-gudua gaur aipa:

Entzunik zuek irrintzinaka, xutik jar dadin Europa.

 

3-4-77

 

aurrekoa hurrengoa