www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaunaren hegala
Xabier Iratzeder
1972 -1980

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

                        Aitaren

                        larogoi-ta zortzi

                        urtetarako...

 

 

PINPIPIN PANPA

 

                Pinpipin panpa!

                nundik ez aipa

        Putxutegi-k zuen xixpa?

 

Bazauzkalarik hamalau urte,

huna putzuan bi abate...

Harturik xixpa, pinpipin panpa!

bieri tiro egin diote.

 

Anaiak hori jakinik-eta

eman ziozkan zirt-zart bi zarta:

«Hartu duk xixpa, pinpipin panpa!

adina gabe, hau zer kopeta!...»

 

                Pinpipin panpa!

                nundik ez aipa

        Putxutegi-k zuen xixpa?

 

Meraren ganat aita joan zadin,

amatxi zenak zuen galdegin:

Gaixo Pantxoak, pinpipin panpa!

tiroka zezan baimenarekin.

 

Tirokatzeek iraun diote

hirurogoi-ta hamalau urte:

Xahatzeraino, pinpipin panpa!

ihiziak du atxiki gazte.

 

                Pinpipin panpa!

                nundik ez aipa

        Putxutegi-k zuen xixpa?

 

Erran zioten: «Egon etxean:

adina gatik, orai kasu-man!»

Halarik ere, pinpipin panpa!

goizean goizik xut-xuta zoan.

 

Atxeman dute zilo batean,

xutik jartzeko izan baitu lan...

ihiztariek, pinpipin panpa!

etxerat dute otoz ereman.

 

                Pinpipin panpa!

                nundik ez aipa

        Putxutegi-k zuen xixpa?

 

Denen bixtan du egin «Aitaren»:

«Ez naiz geiago ihizin joanen,

Ez dut eginen pinpipin panpa!

bainan nik dut nik erabakitzen».

 

Bi zartakoak eman ziozkan

anaia zuen orai gogoan:

Nola sartu zen, utzirik xixpa,

fraide batzuen otoitz-etxean.

 

                Pinpipin panpa!

                nundik ez aipa

        Putxutegi-k zuen xixpa?

 

«Behar nioke nik ere berdin

Jaunari denen eskaintza egin.

Fraiden etxerat, pinpipin panpa!

joanen naiz joanen gaur xixparekin».

 

Horra zergatik, xixpa besoan,

aitatxi zaikun daldaran igan.

Eskaini dauku —ai nere xixpa!—

otoitz-nigar bat begitartean.

 

                Pinpipin panpa!

                nundik ez aipa

        Putxutegi-k zuen xixpa?

 

Hirurogoi ta hamabortzean,

urte-berriko biharamunean,

du Putxutegik, pinpipin panpa!

delako xixpa Jaunari eman.

 

Nik, Iratzeder, zor nion naski

Aitari pertsu eta olerki:

Bere fedea, pinpipin panpa!

agertu baitu hortan handizki.

 

                Pinpipin panpa!

                nundik ez aipa

        Putxutegi-k zuen xixpa?

 

25-5-75

 

                AIREA: Ezkila, X.D.3

 

aurrekoa hurrengoa