www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaunaren hegala
Xabier Iratzeder
1972 -1980

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

LAU EGUN SUKAR...

 

Lau egun sukar, lau egun aski

        gizonaren husteko...

Gizonak xuxen zer den balaki,

        minak jo orduko.

 

Bazen iduzki eta iduzki;

        ez dut kasu egin:

Beti bezala nintzen ibilki

        gapeluarekin.

 

Erran zautaten hemen hartzeko

        buruan xapela:

Gapeluari toki hautako

        aise nausi zela.

 

Iduzki garrek barne guzia

        kixkaili dautate,

Deusik jan ala edan nahia

        arrunt kendu arte.

 

Bakar bakarrik gertatu banintz

        zer eginen nintzen?

Hasi naiz-eta, galduz ur ainitz,

        ahultzen, eihartzen.

 

Beharrik naute flakatze hartan

        bortxaz jan-arazi:

Eman dautate zer edan zer jan

        berriz nadin bizi.

 

Beltz-lurretako sukarra zer den

        ikasi dut hola

Eta gozatu fraide anaien

        bihotzaren zola.

 

Hau gogoeten gau-zirimola,

        hezurren ikara!

Nork asma gaitzak nindezakela

        hain laster leizera...

 

11-2-77

 

                * * *

 

Beltz-lurretako sukarrak dauzkit

        hiru argi eman.

Hango anaiek hobeki dakit

        zenbat duten jasan.

 

Badakit orai nolakoa den

        Afrikan sukarra

Eta gizonak orduan duen

        laguntza beharra.

 

Badakit ere errex zaikula

        ahulduz hiltzea,

Azkar badugu beti bezala

        barnean fedea.

 

Guziz badakit zer den bizian

        behar beharrena:

Erro guziez bihotza izan

        Jaunari emana.

 

9-3-77

 

aurrekoa hurrengoa