www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaunaren hegala
Xabier Iratzeder
1972 -1980

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

EZ DUTE DENEK BERA...

 

                (1 Kor. 15, 41)

 

Ez dute denek bera

        izarrek dirdira.

 

Goazen gu beti gora

        aintzinat begira,

gauez gau bira-bira

        gaitezen argira.

 

Ez dute denek bera

        izarrek dirdira.

 

Lurrez eta ez-berdin

        gare bizirat jin,

bakotxa Kristorekin

        argiz egin dadin.

 

Ez dute denek bera

        izarrek dirdira.

 

Ote-suko pindarra

        zeruan izarra:

gure gorputz-hilkorra

        zerutu beharra.

 

Ez dute denek bera

        izarrek dirdira.

 

Haziak udan lore,

        loreak udare;

guk amestuak ere,

        goikotzean, gure.

 

Ez dute denek bera

        izarrek dirdira.

 

Berma bedi norbera

        Jaunak amestura:

egiazko itxura

        han dukegun hura.

 

Ez dute denek bera

        izarrek dirdira.

 

Hil-eta zer gizona,

        gizonaren heina?

Ukan eta emana

        duen maitasuna.

 

Ez dute denek bera

        izarrek dirdira.

 

Kristorekin gabiltza,

        zabalduz bihotza:

ea noiz hartan goza

        maitatuen aintza.

 

Bilbaon, 29-5-76

 

aurrekoa hurrengoa