www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaunaren hegala
Xabier Iratzeder
1972 -1980

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

XALBADOR HIL

 

Urepeleko eskolan hil zaiku hil Xalbador:

Hain pertsulari sarkorrik ez zen nehun ez nehor.

Harek ederki zakien, erortzean hil-gogor,

Azken hatseko pertsua emaiteko nun eror.

 

Ez dugu azken hitz hori adituko sekulan,

Nahiz bizitze guzian haren ontzen zahilan.

Argi ta garbi derrauku, bere azken hil-koplan,

Euskara behar dugula sar-arazi eskolan.

 

Mattinek erran bezala xuti zaite, Xalbador,

Euskal-pertsuak Jaunari zeruetan zuk igor:

Zu bezalako gizonak gutartean diten sor,

Ez diezogun gaur eman erdarari guk amor.

 

Goiko indarraz deneri egin-araz funski lan,

Euskaldungoa nausituz, irakituz dabilan.

Xede hau sar-araz euskal-bihotzen zolan:

Euskara behar dugula sar-arazi eskolan.

 

                      * * *

 

Tunkutun kutun takata

                mendirat igan-eta,

Tunkutun kutun takata

                jo ta jo xalaparta.

Zer minak lurra du joa:

                egun ai! egun baita

«Euskal-Herrien mintzoa»

                zenaren ehorzketa.

 

Tunkutun kutun takata

                hain min den minik ezta.

Tunkutun kutun takata

                bihotzen min-zarrazta!

Etxeko jaunak nigarrez,

                «Aitaren» egin-eta,

Xuti gaur eta boz batez

                oihu hau denek bota:

 

«Egin gaitzazu denak bat,

                Jainkoa gure Aita:

Maite gaitutzun bezenbat

                dezagun elgar maita.

Hil zaikunaren euskal-suz

                barnetik denak susta,

Euskal-lurretik altxatuz

                behar den euskal-uzta.»

 

                      * * *

 

Tunkutun kutun takata

                jo ta jo xalaparta.

Tunkutun kutun takata

                euskal-suz denak susta.

Ez gaitzan erdal-mintzairaz

                erdarak gu ezezta,

Eskolan, haurrak, euskaraz

                mintza gaur eta kanta.

 

21-11-76

 

aurrekoa hurrengoa