www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaunaren hegala
Xabier Iratzeder
1972 -1980

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

                        Burdin, diru

                        Eta gizona?...

 

 

GEROKO GIZONAK...

 

Haitzak moztu dituzte, pentzeak larrutu:

denetan sortzen dire burdin lantegiak.

Diruzalen sukarrak husten ari ditu

maitasun eta bakez gizonen begiak.

 

Goiz-arrats bihotzetan zenbat tirabira:

berritu behar eta nolaz egon gizon.

Minen artetik gauden Kristori begira,

oraiko munduari argi eman dezon.

 

        Molda ditzala Jaunak

                        geroko gizonak,

        gaurko bihotzen minak

                        ixilik erainak.

 

Aintzinatuz, edertuz joan dadin mundua,

gogoan dute denek burdin eta diru.

Zeru-gaina ke beltzek baita goibeldua,

orai nun da bidean, nun argi, nun zeru?

 

Burdinez balin bada geroan gizona

eta bihotz barnea diruz balin badu,

akabo da errotik jenden zoriona:

fedez gabetu denak dena baitu galdu.

 

        Molda ditzala Jaunak

                        geroko gizonak,

        gaurko bihotzen minak

                        ixilik erainak.

 

Lantegien burrunbez gorago doala

Jainkoari daudenen otoitzen kantua.

Balia beza lurrak heien lan ixila,

izan dadin arimaz handiagotua.

 

Aberastu, nausitu nahien kasaila

gizaldeen artetik geldi dakigula.

Goza dezagun doi bat ixilen ixila,

izan dezaten beti bihotzek hegala.

 

        Molda ditzala Jaunak

                        geroko gizonak,

        gaurko bihotzen minak

                        ixilik erainak.

 

Ez badu funskiago gizonak sineste,

burdin eta diruek iretsiko dute.

Otoitzaren medioz gaiten Jainkoz bete,

geroko indarreri nausi jarri arte.

 

Jainkoaren bihotza, oi! bihotz zabala...

Maitasun hurrupaka hari gauzkiola:

gutan izan dezagun Kristoren ahala,

mundua berritzeko zerua bezala.

 

        Molda ditzala Jaunak

                        geroko gizonak.

 

26-3-76

 

aurrekoa hurrengoa