www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaunaren hegala
Xabier Iratzeder
1972 -1980

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

HIL AMAREN...

 

Hil amaren amodioz

nigarrik ez dut egin,

bainuen min bezenbat poz

eta poz bezenbat min.

 

Gau betean arrebekin

nindagon otoitzean,

Jauna ganat lokar zadin

bakerik gorenean.

 

Zuk, Jenofa, erriekin

begiak-hetsi-eta,

nahi nuen eta ezin

Jaunari zerbeit kanta...

 

Hil amaren amodioz

nigarrik ez dut egin,

bainuen min bezenbat poz

eta poz bezenbat min.

 

Kendu diot dardarikan

eskutik erraztuna,

hain deneri nausi zaukan

etxeko batasuna.

 

Azken gauan, azken hitza

batasun hitza zuen,

amak beti baitabiltza

guziak bakeratzen.

 

Ama gabe, lur bidetan,

orai gu zer bilaka?

Jaunarekin zaude gutan;

bakea gutan finka.

 

Hil amaren amodioz

nigarrik ez dut egin,

bainuen min bezenbat poz

eta poz bezenbat min.

 

31-3-79

 

aurrekoa hurrengoa