www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaunaren hegala
Xabier Iratzeder
1972 -1980

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

                        Xaharren Oliodura

                        aitameri eman-eta

 

 

OLIOMENDIKO...

 

Olimendiko olio sainduz

        ditut indartuak,

aitamen buruak eta eskuak;

        pleinuz eta kantuz

        ditut indartuak.

 

Bazauden ganberan biak jarririk

—oi! nere aitamen begitartea...—

bazauden, elizan bezein ixilik,

        semeari beha.

 

Aitamen fedea ikusi-eta,

Zeruko Jaunari nion galdetzen:

gaur bera bezala aitamen aita

        egin ote nintzen? ...

 

Oliomendiko olio sainduz

        ditut indartuak.

 

Hainbertze baitute jadanik urte,

heriotzerako azken gudua,

hiltzeko orena biek dukete

        orai hurbildua.

 

«Oliomendian Kristok jasana

baitute nahi-t-ez jasan beharra,

bakean doatzin, bieri, Jauna,

        eman gaur indarra.»

 

Aitamen buruak eta eskuak

        pleinuz eta kantuz

        ditut indartuak.

 

17-9-75

 

aurrekoa hurrengoa