www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Jaunaren hegala
Xabier Iratzeder
1972 -1980

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Biziaren olerkia, Iratzeder. Gero, 1983

 

 

aurrekoa hurrengoa

Egun beltzak

izan ditu nere bihotzak,

bainan egun osoak, beroak,

ezin ederragoak.

 

Egun beltzak Afrikan

Beltzekin borrokan.

 

Egun beltzak

nahiz bazen ausarki

argi eta iduzki

nahiz bazuen nere bihotzak

miragarriko egitekoa:

nundik nolaz erein Jainkoa.

 

              * * *

 

Leihotik banuen hor

zuhaitz bat hezurra bezein idor;

lur kiskailduan

zuhaitzaren pean

iratzerik ezin sor.

 

Noiz agertuko zait berriz neri

euskal-lurreko iratze ostorik

haizean eta uripean dantzari,

haizez hanpaturik, uriz mozkorturik

        mendi-gainetan dantzari?

 

              * * *

 

Zortzi egunen buruan

iduzki beroaren beroan

zuhaitzari sortu zaizko

euskal-lurrekoak

bezalako

iratze ostoak.

 

Ez banu ikusi

ez nuen sinetsiko:

bola

sortu zitazkela

haitza bezein ederreko

zuhaitz hortan ostoak

iratze-osto bizi baino biziagoak.

 

              * * *

 

Dohatsu, dio Jaunak,

ikusi gabe sinesten dutenak.

Bai, Beltzen lurrak

lur legor eta idorrak,

izerdi eta nigarrek busti-eta,

emanen dauku

Jainkoaren uzta.

 

Zañanado-n, 23-2-75

 

aurrekoa hurrengoa