www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Meditazioneak gei premiatsuenen gainean
Martin Duhalde
1809

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Meditacioneac gei premiatsuenan gainean, Martin Duhalde (faksimilea). Hordago, 1978.

 

 

aurrekoa hurrengoa

XXX. EGUNA

Andredena Mariaren alderako debozioneaz

 

        I. PHONDUA. Jainkoaren ama sakratuaren alderako debozionea hagitz gomendatua da elizan; eta Elizako aitak hartaz mintzo dire, nor zerurat helduko seinale seguretarik batez bezala. Bada debozione hark galdetzen duen lehenbiziko gauza da, ohora dezagula Andre dena Maria, eta errespetu handi bat ekhar diozogula.

        Hortarat erakharri behar gaituen lehenbiziko arrazoina da, Maria sakratuaren Jainko-amatasuna. Eztu horrek erran nahi duda gabe, Jainkoa Jainko bezala Birjina saindu haren ganik hasi zela izaten, Andre dena Maria Jainkoa bera baino lehenagokoa edo handiagoa dela: ez holakorik: Andre dena Mariaz ahal dagizkigun laudorio handienak egina gatik ere, badakigu hura dela, gu bezala, gauza bat Jainkoak denboran egin duena, ta Jainkoa mugarririk gabe dela hura baino lehenagokoa, handiagoa, botheretsuagoa, gisa guzietara osoagoa edo perfetagoa. Horren gatik adorazionea daitzon ohore guzien gainekoa Jainkoari zajo bakharrik zor; eta Andre dena Maria adoratzea egiazko idolatria bat liteke.

        Bainan bertze sentsu batean, Andre dena Maria egiazki da Jainkoaren ama. Haren birjinazko sabelean ta haren odolik garbienetik egina izan zen Jainko-semeak hartu zuen gorphutza: hark eman zuen mundurat Jainko-gizona; hark eman zioen bulharra, hark hazi ta altxatu zuen.

        O! Birjina sakratua! Zer dignitate goretarat zakutkidan altxatua! Zer ohore, zer errespetu zaizkitzun zor! adorazioneaz beherago dituzken ohore, laudorio, errespetu guziak zure partaja dire.

        Eta naturalki ere ohore ekhartzen badiotegu gutaz goragokoei, munduko handiei, lurreko erregei ta erreginei; zer ohore eztiogu ekharri behar Jainko baten ama benedikatuari? Zer dire othe munduko handi, aberats, errege, erregina guziak, Jainko baten amaren aldean? deusik ez, itxurapenik baizen. Maria sakratua, Jainkoaren ama bezala, mugarririk gabe da munduko handi guziak baino gorago altxatuak; aingeruen herrunka guziez gorago da ezarria loriazko erresuman; Jainkoa da bakharra hura baino gorago dena; bertze guziak hainitzez xitzen ditu, iguzkiak bertze izarrak xitzen dituen bezala, eta are gehiago. Hari zaizko beraz zor zeruan eta lurrean errespetu guziak, eta adorazionearen ondoan ditezken ohorerik handienak.

        Maria sakratuaren ohoratzeko bigarren arrazoina da haren seindutasun guziz-guziz miragarria. Baiki, fedearen arabera gauzei behatzen derajen giristino batentzat, ezta ez aberastasunik, ez handitasunik, ez erregetasunik, ez bertze deusere hain ohoragarririk, ez norbait errespetatzerat hain biziki ekhartzen duenik, nola egiazko prestutasuna ta seindutasuna; gainerako guziak deus eztire haren begietan. Hala zioen errege profetak, gaxtaginari mesprezio guziarekin behatzen zioela, nahi bezain jakintsun, aberats, handi, ohoragarri izanen bazen ere munduaren arabera; bainan ikhustate ta errespetu guziarekin behatzen zerajela Jainkoaren egiazko beldurrean bizi zirenei, munduak arbujatzen bazituen ere.

        Bada erregela horren arabera, zer ederreskunderekin eztiogu behatu behar Jesusen ama benedikatuari: Zer jautsapenezko ta errespetuzko sentimenduz ezkare bethe behar seindu guzien erregina lorios haren alderat? Jainkoak egin ziotzan fagoreak eta eman ziotzan graziak bezala, hekien bidez ardietsi duen seindutasuna guziz miragarria da, gure erran edo gogoan har ahal guziez goragokoa da.

        Jainkoak, Jesu-Kristoz landan bertze nihork ukhan eztuen pribilejio batez, beiratzen du ethorkizko bekhatutik. Izaten hasten den bezain sarri, Jaunaren graziaz bethea, berregindua ta aberastua da; ordean zein nasaiki othe? egundaino nihor ere zeruan edo lurrean izan den baino nasaikiago. Ez, lehenagoko patriarkek hanbat ehun urthez Jainkoaren alderako lejaltasun osoenean biziz, ez Santa Madelenak Jesu-Kristorendako maithagunez guzia erretzen egonez, ez apostoluek bere nausiaren ezagut-arazten hanbat nekhe ta borroka erabiliz, ez martirek thormenta mueta guziak Jesu-Kristo gatik pairatuz ta hekien erdian bere bizia emanez, ez hanbat miliun birjinek mundu guzia bere loria, distiadura ta atsegin guziekin oinen azpian ezarriz eta Jainkoarendako maithagune garbienaz ta sustatuenaz biziz, ez hanbat mortuetako aita asko urthez lurreko gizon gisan baino hobeki zeruko aingeru gisan biziz; ez horiek, edo bertze nor nahik bizitze luzenaren eta egintz onez bethenaren akhabantzan ukhan duen graziazko tresora: ez eta aingeruetako gorenak ukhan duena ere, etzitzajon hurbiltzen andre dena Mariari, bere amaren sabelean izaten hasi zen lehenbiziko mementean emana izan zitzajon graziari. Oi! arima ederra, arima aberatsa orduan Jainkoak egin izan zuena!

        Bada birjina seinduak Jaunaren graziaz baliatzeko ukhan duen artha gisa berean izan da guziz miragarria ta bertze nihork ezpezalakoa. Bere amaren sabelean izaten hasi zen mement berean adimenduaz dohatu izan zen; bazuen ordutik Jainkoaren ezagutza, ta haren bihotza Jainkoari zatxaikon egundaino Jesu-Kristoz landan izan den maithagunerik suharrenaz. Mundurat ethorri zenetik eta mundutik ilkhi arterainoko mement guziak hortan iragan zituen, bethi Jainkoa adoratzen, Jainkoa maithatzen bethi khar berri batekin ta haren baithan, zen ezin erranezko graziari zagokon, hedadura guziarekin. Ez, etzen izan seinda miragarri haren baithan, ez solas, ez gogoeta alfer eta inutil bakhar bat; etzuen egin gauzarik den xumena, ez iragan mement bakhar bat, Jainkoaren gogara ta Jainkoarentzat baizen: etzen ere haren bihotza den gutiena hoztu ez epheldu Jainkoaren alderat: aitzitik haren Jainkoaren alderako lejaltasuna, maithaguna ta kharra bethi mementetik mementera emendatuz eta birazkatuz zoazin; eta gisa berean birazkatuz zohan haren ariman Jaunaren grazia seindutzailea; erran nahi da, mement batean balin bazuen grazia laur bezala, ondoko mementean zuela zortzi bezala, ondokoan hamasei bezala, ondokoan hogoi eta hamabi bezala; eta bethi horrela Jaunaren grazia ta bere seindutasuna mementetik mementera doblezkatuz ta birazkatuz eraman zuen bere bizi guzia, zeinak iraun baitzuen hirur hogoi eta hirur urthe bederen, baieta askoren arabera hirur hogoi ta hamabi urthe.

        Egizu bada orai kontu, ta harzazu gogoan, ahal badagizu, hiltzen mementerainokoan zer phundutaraino emendatu zuen bere baithan Jaunaren grazia, zer seindutasun espantigarritarat heldu izan zen, aberastasun izpiritual bildu zituzken. Haren arima ezdeusetik atheratua izan zen mement berean Jaunaren graziaz izan zen aberastua erran dugun bezain nasaiki. Grazia balios hura bere bizi guzian mementetik mementera birazkatuz eraman zuen erran dugun bezala. Nork bada gogoan har zertaraino emandatu zuen grazia prezagarri hura bere biziaren azken mementekotzat, eta zer seindutasun espantigarritarat heldu izan zen? hortaz zauden elizako aitak guziz miretsiak, eta mintzo ziren Maria sakratuaren seindutasunaz neurririk gabeko onthasun batez bezala, ez zolarik, ez bazterrik eztuen itsaso batez bezala. San Bernat, andre dena Mariaren alderako debot handiak aithortzen du, deusek ezpazuen ere hala loriatzen, nola Birjina lorios haren laudorioak egiteak, deusek hala-hala etzuela hanbat lotsatzen. Zeren baitzekusan eman ziotzoken laudorio guziak etzakiozkela hurbil haren seindutasun neurrigabeari.

        Hortik bada dakusagun zer ohore, zere errespetu ekharri behar diogun zeru-lurretako erregina lorios hari seindutasun den xumena ohoragarriago da, ditezken bertze gauza ohoragarri guziak baino. Zer ohore etzajo bada zor halako seindutasun bati, zolarik eta bazterrik gabeko seindutasun bati?

        Hortik Eliza seinduak, orotan Jesu-Kristoren izpirituaz gobernatzen denak, Maria sakratuaren ohoratzeko duen artha handia. Giristinoak diren mundu herri guzietan elemeniaka dire elizak andre dena Mariaren ohoretan eginak; eta guti-gutiak dire bertze seinduen izeneko Elizak ere, non ezten zenbait aldare bederen Maria sakratuaren izenekorik. Elizan badire hanbat besta erakhutsiak Jesusen ama benedikatuaren ohoretan. Aste guziez ere egun bat, larunbata, hortarakotzat da berexia. Eta hain bertze konfardia, izen batzuen eta bertzen azpian, Maria sakratuaren ohoretan izan dire altxatuak, eta asko induljentziez aberastuak. Eztu ere Eliza-gizonak ofiziorik batere erraten, andre dena Mariaren ohoretako zenbait othoitz gabe. Hala aitzinetik erran zuen Birjina lorios hark, profeziazko izpirituz, Magnifikat hasten den kantika ederrean, ondoko mende guziek dohatsu deithuko zutela, ta lehiaka hariko zitzaizkola ohore ematen.

        Bozkaria zaite zure Jesus maitearen ama benedikatua horrela munduaren bazter guzietan ohoratua ikhusteaz; hortaz erakhutsazu zure bihotzeko atseginik biziena. Baina ikhusazu zer egin duzun zerorrek orai artean zeru-lurretako erregina lorios haren ohoretan. Sarthu zare haren izeneko zenbait konfardietan? ekharritutzu hetako seinaleak, eta erran hetan seinalatzen diren othoitzak? zenbat lazakeria menturaz phondu horien gainean! nola iragan dituzu Maria seinduaren ohoretan erakhutsiak diren bestak? Helas! menturaz hura guti gogoan hartzen zinuela, Jainkoari eskerrik eman gabe hari egin diotzan fagore seinalatuez, sakramenduetarat hurbildu gabe; eta behar bada, arinkerietan, munduko dosteta harroetan, arras andre dena Mariaren desgogora. Errantutzu naski zenbait othoitz Maria sakratuaren ohoretan; ordean nola? Izpiritu barrajatu batekin, bihotz hormatu batekin, zeru-lurretako erreginari mintzo zinaizkola zure lagun bati mintzatzen zaizkon baino ohartasun ta ikhustate gutiagorekin; erran nahi da, andre dena Mariaren ohoratzeko egin ditutzulako gauzak berak, askotan haren damuztatzeko ta desohoratzeko baliatu izan direla.

        Handizki ahalga zaite horietan egin dituzketzun hutsez; berari guziez barkhamendu eska zakizko, eta eman zaite gaurgero zure ahalez dagokon bezala haren ohoratzen.

        II. PHONDUA. Andre dena Mariaren alderako debozioneak galdetzen duen bigarren gauza da, hari gure behar-orduetan othoitz egitea; eta nola gure beharrak bethikoak baitire, ardura behar diogu Maria sakratuari bere laguntza eskatu. Hortaz ohoratuko dugu haren ontasuna, haren urrikalmendua, haren ahala; atsegin guzizko bat eginen diogu.

        Bada, dio San Bernatek, Maria sakratuari othoitz egiteko lejal eta arthatsu egin behar gaituenak dire, Jainkoaren aldean duen kredita eta ahala, eta guri diakhargun maithagunea.

        Eztezakegu duda Maria sakratuak ahal guzizko bat baduela Jesu-Kristoren aldean. Seindu guziek ere ahal hori badute, eta dio iskriturak, Jainkoa guziz ekharria, dela hekien othoitzak entzuterat eta nahia egiterat. Hala asko mirakulu egin izan du seinduen othoitzetarat, dela lurraren gainean bizi zarenean, dela bere loriazko erresuman hartu dituen ondoan. Bainan seinduen ahala Jainkoaren aldean hanbatenaz da handiagoa, zenbatenaz mundu huntan khartsukiago maithatu baitute, ta seindutasun osoago batetarat heldu izan baitire. Hortik zer ahal eztu ukhan behar Jainkoaren aldean Maria sakratuak, bertze guziak haren alderako lejaltasunez, harendako maithagunez, eta seindutasunez mugarririk gabe, erran behar bada, xithu izan dituenak?

        Jainkoak manatzen dauku gure burhasoak ohora detzagula. Nola bada, dio San Bernatek, Jesu-Kristok, diteken semerik hoberenak, amultsuenak, gisa guzietarat osoenak, eztu ukhanen behar den ikhustate ta jautsapen guzia andre dena Mariarentzat, egundaino izan den amarik osoenarentzat?

        Andre dena Mariak guretzat othoitz eginen dio Jesu-Kristori; eta gure beharrak haren ganik ardiesteko, erakhutsiko dio, San Anselmio mintzo den bezala, bederatzi hilabetez egon-tokitzat zerbitzatu zajon bere Birjinazko sabela; erakhutsiren diotza eznea eman dioten bulharrak; erakhutsiren diotza erabili duten ta hanbat zerbitzu bihurtu dioten besoak; eta horiez guziez errekerituren du gure onetan. Eta nola, dio doktor seindu hark, nola Jesu-Kristo bezalako seme batek ukha diozoke Maria bezalako ama bati gisa hortan galdeturen dioena? Hori ezin ditekena da, diote boz batez Elizako aitek; eta nork ere merezituko baitu zeruko Erregina lorios hura ararteko balia dakion, hainak segur du bere salbamendua.

        Bada Maria sakratuak guretzat duen maithagunea ta ongi-nahia ezta gutiagokoa. Jesus Jaunak azken hatsean bezala zelarik, ikhusten du bere gurutzearen oinetan bere ama maitea, guzia nigarretan mainhatua; ikhusten du haren aldean Jaundoni Joani, bere apostoluetako maitena. Orduan erraten dio bere amari: horra zure semea. Ondoan erraten dio apostolu dohatsu hari: horra zure ama eta handik harat andre dena Mariak eta Jaundone Joanik elkhar ama-semen oinean ekharri zuten. Bada, diote Elizako aitek, ordu hartan gu garen guziak genekharzken gogoan Jesus adoragarriak. Garen guziei eman dauku bere ama benedikatua amatzat, eta bere ama sakratuari garen guziak eman giotza umetzat.

        Andre dena Maria da beraz egiazki gure ama, eta horrek zer fidantzia eztauku har-arazi behar haren baithan? nork duda dezake den gutiena ere ama lorios hark maite gaituela, bainan egundaino amak bere umea maithatu duen baino gehiago? Mariaren errajak guziak maithagune bilhakatu ziren, dio San Bernatek, Jesu-Kristok haren sabel sakratuan egin izan zuen egoitzaz. Nork duda dezake beraz ama lorios hark osoki maite gaituela ta handizki gutiziatzen duela gure ona, ta denzen den egiterat dagola bere aldetik gu dohatsu egiteko? Ez, ez, dio San Anbrosiok, ezta egundaino amarik izan bere umearen alderat hain ekharririk ta isuririk nola baita Maria sakratua gure alderat.

        Eta horra, dio San Bernatek, zerk egiten duen nere esperantza guzia, segur izateak zeruko ama lorios hura osoki dela ekharria niri ongi egiterat eta Jesu-Kristo, haren seme ta nere salbatzaile adoragarriak segurki entzunen dituela neretzat eginen diotzan othoitzak.

        Beraz, dio aitzina Maria seinduaren debot handi hark, mundu huntan, itsaso haserre batean bezala, alde orotarik galtzeko hirriskuz inguratua bazabiltza, eztetzatzula begiak aldara Maria ganik, izar distirant hartarik. Etsajak asaldatzen bazaitu, atsekabetan erortzen bazare, beha diozozu izar eder hari, othoitz egiozu Mariari. Baldin urguiluaren, goranahiaren, medisentziaren, bekhaizgoaren uhinek kordokatzen bazaituzte, beha diozozu izarrari, othoitz Mariari. Baldin haserregoak, onthasun-goseak, edo sentsuzko atseginetarako jaidurak behartzen bazaituzte, beha izarrari, othoitz Mariari. Baldin egin ditutzun bekhatuen belztasunak ta oste handiak, zure konzientziaren lohitasunak, higurikitzen zaituen jujamenduaren zorroztasunak ikharatzen eta etsitzeko phonduan ezartzen bazaituzte, beha izarrari, othoitz Mariari. Zure hirriskuetan, zure hersturetan, zure barneko nahasmenduetan, hitz batez zure behar guzietan, Maria harzazu gogoan, Mariari egiozu othoitz, eta izan zaite segur begionez behaturen dautzula, zure alde jaikiko dela, ta horrekin batean segurean zare. Ez, Mariari jarraikiz, etzare errebelaturen; Mariari othoitz eginez, eztuzu etsituren; Mariak esku emanez, etzare eroriko; Mariak gerizatuz, etzare deusen beldur izanen; Mariak bidatuz eta lagunduz, salbamenduko porturat heltzen zare: horiek guziak San Bernat handiaren hitzak dire, ta biziki ekharri behar gaituzte, Maria sakratuaren ohoratzerat bezala, hari gure behar guzietan, ta beregainki arimakoetan, othoitz egiterat ta laguntza eskatzerat.

        Ondikozko bekhatorek berek ere ukhan bezate fidantzia Jainkoaren aldeko ararteko ahaltsu haren baithan; haren laguntza eska bezate, eta arartekotzat balia dakiela othoitz bezate, ahalgerekin bai, ezaguturik eztutela arbujorik baizen merezi, bainan denbora berean fidantzia handi bat ezartzen dutelarik haren bihotz-ontasunaren gainean. Sentimendu horiekin hel bitez bekhatore gaxoak Maria sakratua ganat, eta entzunen ditu ama bihotz-samur hark; urrikalduko zaje, eta bere seme Jainkoarekin bakhetuko ditu. Horren gatik deitzen du Elizak, urrikalmenduzko ama ta bekhatoren ihes-lekhua. Hura da, dio San Bernatek, bekhatoren eskarela, Jainkoa ganat heltzeko; ordean zein bekhatoren othe? bekhatore penitenten, bekhatutik urruntzen direnen, ta zinez ta bihotz guziaz Jainkoa ganat Itzultzen direnena. Ezen andre dena Mariaren alderako debozione-itxura bat atxikitzea, haren konfardietan sartzea, abitua ekhartzea, egun oro arrosarioa erratea, eta horrekin batean aitzina bekhatutan bizitzea, bethi urguilus, mundutar, arin desonest; bai, hori debozione gaizki aditu ta guziz sorjes bat liteke; hola salbatu uste izatea, uste funtsgabe, uste itsu bat liteke. Alabainan seindu guzien erregina lorios hark, munduan bizi zenean, Jainkoaren ohoreari behatu izan dio gauza guzietan; orai gisa berean hortarat darontsate haren artha, haren gutizia, haren atsegin eta gozo guziek. Jainkoa izpirituz adoratzen, bihotzez maithatzen ta lejalki zerbitzatzen dutenak dauzka bere egiazko debotzat ta bere ume maite-maitetzat; halakoen onetan gogotik enplegatzen eta handizki balia-arazten du bere seme Jainkoaren aldean duen ahal guzizkoa. Bainan bere bizi-moldea erregelatzeaz konturik iduki gabe, Jesu-Kristori bere bekhatuez jazarteka hari zaizkonak, eta horrekin batean haren alderako debozione-itxura bat dakharketenak, bere egiazko etsaitzat, dauzka Birjina seindu hark; arbujo guziarekin behatzen deraje, eta eztute halakoek zeren fagorerik higuriki haren ganik. Hargatik bekhatutan bizi direnek, bainan hala bizitzeaz ahalge ta damu dutenek; bekhatuaren gathetan lothuak direnek, bainan hekien phorroskatzerat entsejatzen direnek; bai, holako bekhatorek fidantzia handi bat ukhan bezate urrikalmenduzko ama haren baithan; haren laguntza eska bezate ardura ta ahal dagiten bezain khartsuki; eta ama on hura urrikalduko hekien flakezaz, bere esku botheretsua hedaturen deraje, ta handizki lagunduko ditu bere gathe phisu ta ahalkagarrien phorroskatzen, ta Jainkoaren umen libertate, gozo ta guziz atsegingarria ardiesten.

        III. PHONDUA. Bainan, dio bethi San Bernatek, nahi baduzu zeruko erregina lorios hark onhets detzan; haren ohoratzekotzat eginen ditutzunak nahi baduzu, bere umeari bezala, begionez beha diezazun, eta arartekotzat balia dakizun Jesus Jaunaren aldean, arthoski beha ziezezu utzi dauzkitzun prestugunezko exenplu edeirei, ta lejalki zarraizkote hekiei.

        Eta egiazki, nork uste izan dezake Jaunaren zerbitzari aphalgura hark begionez behatuko derajela hanbat jende gazte, ohore-gosei, laudatuak izan nahiei, bere buruak erakhustea baizen bilhatzen eztutenei, bere jaunzturetan eta aphainduretan eta airetan hanbat banitate agertzen dutenei! nork uste izan dezake, Birjina seindu, bethi mundutik urrundua bizi izan den hark, begionez behatuko derajela hanbat jende gazte, mundua hain su handirekin hantatzen dutenei, konpainia perilosenetan, dosteta harroenetan hain ausarki dabiltzanei, hetan baizen onik eztutenei? nork sinhets dezake, Birjinen Birjina hark begi onez behatuko derajela hanbat jende gazte, bere bihotzak eta arimak debru lohiari salduak dauzkatzitenei, ta bere behatzez, solasez, arinkeriez manera harroegiez, lohikeriaren izurria bazter guzietarat banatzen hari direnei? nork sinhets dezake, Birjina seindu, bere biziko mement guzietan, bekhatutik urrun eta Jaunaren legeari lejal, hari loria ematea baizen bilhatu eztuenak, bere gozo guzia hortan ezartzen zuenak begionez behatuko derajela hanbat Kristau laxo, Jaunaren loriaz hain axola guti dutenei, haren lege seindua hanbat phondutan hausten dutenei, egiten duten ongi gutia ere hain hozki ta nagiki egiten dutenei? Ez, ezin ditekena da, hola bizi bagare, Maria sakratuaren exenpluetarik hoin urrun bagabiltza, ezin ditekena da begionez beha diezagun, bere ume maitetzat iduki gaitzan, gure onetan gauza handirik egin dezan. Hori ardietsi nahi badugu, Mariari beha diozogun gure modelari bezala, eta entseja gaiten gure ahalaz haren imitatzerat. Ave, Maris stella hasten den himnoan erraten diogu, erakhuts dezala, othoi, gure ama dela. Bada kontu egin behar dugu, berak ere bere aldetik erraten daukula: erakhutsazue, zuek ere, nere umeak zaretela; maitha nezazue beraz, eta maite banauzue, nere gogara eta niri atsegin egin diezakedan bezala erregela zazue zuen bizitze manera guzia.

        Bada seindu guzien erregina lorios haren prestuguneak aski ezagutuak dire. Lehenbizikoa ta bertze guzien zimendua bezala zen Jainkoaren alderako lejaltasun oso bat. Bere amaren sabelean iragan zituen mementak berak Jainkoarentzat izan ziren, haren adoratzen, hari ohore ematen, haren maithatzen iragan zituen guziak. Sorthu zenetik hirurgarren urthean tenpluan goraki konsekratu zitzajon, Birjinitatezko botua egiten zuelarik. Bere biziko mement guzietan eta egintz xumenetan eta arrontenetan ere etzioen bertze deuseri ere behatzen, Jainkoari ohore emateari ta haren nahia bethetzeari baizen, deusek ere etzuelarik den gutiena Jainkoa ganik barrajatzen. Orobat zagokon bihotz guziaz Jainkoaren nahi seinduari gauza garratzenetan ere, hala nola Jesus haurrarekin Herodesen ihesi Ejiptorat joan behar izan zenean; eta bere seme, bere burua baino miliunetan maiteago zuen hura, gurutzearen gainean galdu behar izan zuenean.

        Haren Jainkoarendako maithagunea guziz miragarria ta ezin gehiago khartsua izan zen, hanbatetaraino bai, non azkenean maithagune sakratu haren gaindiduraz arimak egin baitzioen. Maithagune neurri gabeko haren xedez egiten zituen egiten zituen guzi-guziak; eta hark ematen zerajen haren egintz xumenei ere ezin erran bezalako merezimendu bat. Bai, Birjina lorios hark, iruten hari zenean, sua phiztean, bazterrak xahutzean, phausua hartzean ere, gehiago merezitzen zuen Jaunaren begietan, jaundone Laurendik grillen gainean erretzen zagonean, edo bertze edozein seinduk Jaunaren ohoretan gauzarik handienak ta berenaz baliosenak egiten hari zirenean ere baino.

        Maria sakratuaren aphalesgunea zein handia zen har diteke Jainkoak egin ziotzan grazia seinalatuetarik: ezen haren alderat ere begiratua izan zen jaundone Petriren errana, Jainkoak aphalgurei ematen deraiztela bere graziak, eta bat bederari grazia handiagoak, aphalgurago denaren eredura. Bethi Jaunaren majestate adoragarriaren aitzinean beheratua, bere Jainko-amatasunaz batere suphertu gabe, munduko distiaduraren ta gizonen laudorioen etsai, arthatsu ta atzarria ohore guzia Jainkoari bihurtzeko, on guzien ithurburuari ta emaleari bezala; horra Maria sakratuaren aphalesgunea. Hala bere ikusi Elisabeth abiatu zitzajonean bere Jainko-amatasunaz laudatzen, lehiatu zen Maria aphalgura laudorio hek berak Jainkoa ganat hel-arazterat, beretzat hartzen zuelarik xoilki Jaunaren neskato aphal eta ezjeusaren izena. Orduan egin zuen, Magnificat, hasten den kantiko ederra. Mariaren aphalesgunea, aphalesgune guziz miragarria, dio San Bernatek, zeren bekhatuaren notharik batere gabea baitzen eta graziaz gaindi egina.

        Bada Maria sakratuaren garbitasuna ezin gehiagokoa zen; hain osoa, bai, dio San Bernatek, non aingeruen garbitasunak berak haren aldean ahalgetzeko ta goibeltzeko baitzuen. Hirur urthetan zelarik egin zuen bere botua, arima ta gorphutz zen guzia Jainkoari konsekratzen zitzajolarik. Bada prestugune balios, bainan hauskor horren osorik begiratzeko hain lejal eta arthatsu izan zen, non guzia lotsatu baitzen aingerua gizonaren iduriarekin agertu zitzajonean. Hanbat prezatzen zuen, hain maite zuen Birjinitateko tresor ezin erran bezain prezagarri hura, ta hain zinez zatxeikon, non ezpaitzuen eman bere baimena Jainkoaren ama izateko, aingeruak seguratu zuen ondoan baizen, halarik ere Jainkozko prestugune hura osorik eta den gutiena histu gabe geldituko zitzajola. Bada bi prestugune horiek gatik bereziki, zolarik gabeko aphalesgune ta aingeruzko garbitasun haren gatik, izan zen Birjina lorios hura Jainkoaren ama izatekotzat hautatua, dio San Bernatek.

        Ezta premia hemen aipha detzagun seinduen seinda haren bertze prestuguneak. Hitz batez erragun San Bernatekin, bertze seindu guzietan, Patriarka, Profeta, Apostolu, Martir, Birjina, Penitent guzietan izan diren zeruko dohainak eta ukhan dituzten prestugune guziak Maria baithan izan direla, bainan eskasik batere gabe, eta ezin erran bezenbatez bertze guzietan baino osotasun gehiagorekin.

        Horra bada nolakoa izan den Jesu-Kristoren ama benedikatua; eta horra zer eta nolakoak izaterat behar garen gu ere entsejatu, nahi badugu bere ume maitei bezala beha diezagun eta amatzat eta arartekotzat balia dakigun Jainkoaren aitzinean.

        Beha diozozu prestugune guzien mirail eder hari, eta hartan begietsazu ongi zure bizia. Ahalka zaite, hanbatetaraino zure burua nothatua ikhusteaz. Urriki minetan sar zaite, eta bihotz-min handirekin barkhamendu eska zakizko zeruko ama on hari, zeren haren seme maiteari hain kruelki jazarriz, hura bera hain atsekabe minetan hondatu duzun harrazu xede zinena, hemendik aitzina Maria sakratuaren zerbitzari lejal eta hume maite bezala bizitzeko, eta bihotz guziaz errekerizazu hortarakotzat behar ditutzun laguntza guziak ardiets dietzatzula bere seme maitea ganik. Andre dena Mariaren ohoretan idukitzen diren bestak iraganatzu ahalik eta seindukienik, sakramenduetarat debotki hurbilduz, eta erreberrituz haren alderako errespetuzko ta maithagunezko sentimenduak, ta haren gogara bethiere bizitzeko xede zinezkoa. Larunbatetan egizu zenbait mortifikazione Birjina seindu haren ohoretan. Egun oroz ere egiozu zenbait othoitz. Arrosarioa da ditezken ederrenetarik; ordean errespeturekin erran behar da ta debotki, ta ez ohitura hitsez eta funtsik gabe, gehienek erraten duten bezala.

        Jesusek erran zioen bere amari: horra zure semea; ondoan erran zioen bere diszipuluari: horra zure ama, dio diszipulu hark berak, Jaundone Joani Ebanjelistak.

        Maria, o! izen gozoa, zeinaren azpian nihork ezpaitu etsitzeko, dio san Agustinek.

 

aurrekoa hurrengoa