www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Meditazioneak gei premiatsuenen gainean
Martin Duhalde
1809

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Meditacioneac gei premiatsuenan gainean, Martin Duhalde (faksimilea). Hordago, 1978.

 

 

aurrekoa hurrengoa

VII. EGUNA

Parabisuaz

 

        I. PHONDUA. Zeruan seinduek gozatzen duten zorionaz zerbait berri jakiteko, galde diozogun Jaundone Paulori;

seindu lorios hark ukhan zuen zoriona hirurgarren zeruraino altxatua izateko. Oh, bainan ihardetsiko dauku apostolu handi hark: ez, ez ez egin niri holako galderik; zeruan ikhusi eta aditu ditut gauzak, gizonaren mihiak ezin erran detzaken bezalakoak. Edo baitezpada mintzatzerat hertxatzen banauzue, erran diezakezuedan guzia da, gizonaren begiak deus eztuela egundaino ikhusi gizonaren beharriak egundaino deus eztuela aditu, gizonaren Izpirituak deus eztuela egundaino gogoan hartu, ez bihotzak gutiziatu, seinduak zeruan inguratzen dituen loriari ta gozatzen duten zorionari hurbiltzen ere zajonik. Apostoluaren hizkuntza horrek, zein handia, zein gozoa, zein osoa dela eztauku har-arazi behar seinduen dohatsutasuna parabisuan?

        Bainan gauza hobeki, eta mundu huntako ilhunben erdian eman zaikun bezenbatean bederen aditzeko gogoan har dezagun, Jainkoak egin duela parabisua bere hautetsiak, bere zerbitzari lejalak, bere adiskide maite-maiteak saristatzeko. Bai, dio Jainko Jaunak, nere gain hartzen dut nere zerbitzari lejalei bere saria aphaintzea eta ematea. Eta hortarakotzat guti zaizkit bertzela egin ditudan guziak; lur berri bat, zeru berriak eginen ditut nere seinduei dagoten bezalako golardoa ematekotzat. Ikhusagun nor den hola mintzo dena; ikhusagun nor den seinduei bere loria, bere saria ematea bere gain hartzen duena; eta hortik emogun gogoari nolakoa diteken seinduen loria, seinduen zoriona zeruan.

        Jainkoak hanbat ekharritasun, hanbat maithagune erakhusten du liburu sakratuetan bere zerbitzarien elderat; birjina, mundu huntako onthasunak, ohoreak eta atseginak oinen azpian ezarririk, haren maithagune garbiaz bizi direnentzat; arima Jainkoti, munduari behatu gabe, Jainkoari arthoski darraizkonen, eta traba guziak goithurik bere buruak mortifikatzen, eta etsai guziak garaitzen dituztela, haren lege seindua phondu guzietan begiratzen dutenentzat; egiazko penitent, egin diotzaten damu minen alderat, bere buruei lehenago atsegin eman dioten eredura jazartzen diotenen, eta khar berri batekin haren zerbitzun hari direnentzat; marthir lorios, hari lejal egotea gatik bere bizia gogotik sakrifikatu dutenentzat, liburu sakratuak betheak dire, horientzat Jainko guziz botheretsuak daukan maithagune samurraren seinalez. Zer eztu beraz hekientzat egiten parabisuan Jainko, nahi duen guziaren egiteko antzea ta ahala eskuetan duen hark?

        Lurraren gainean ere ikhusi izan dire erregeak, zerbitzu handiak bihurtu zeraizten bere menekoetarik zenbaiti sari ederrak eman deraiztenak. Ordean suntsi bitez horiek guziak gure begien aitzinetik: ohore aphur bat, kargu loriosak, errenta handiak; emagun bere khoroak berak: zer dire horiek, Jainko baten bere zerbitzari lejalei, bere adiskide maite-maitei ematen deraizten sari handien aldean? Ez bertzerik, lanhorik eta itxurapenik baizen. Zenbatez baita Jainkoa zuhurrago ta botheretsuago, munduko errege guziak baino, hanbatez dire handiagoak eta gozoagoak bere zerbitzariei ematen deraizten sariak, lurreko edozein erregek egundaino nihori eman izan diotzienak baino.

        Naturalezan berean gauza espantigarririk egin izan du Jainkoak. Zeruek bere izarrekin, lurrak dakharzken hanbat gauza ederrekin, itsasoak bere uhinekin eta arrainekin, egun handi batean erakhusten dauzkigute, guziak bere nahi xoil batez egin izan dituen Jainko haren botherea, haren zuhurtzia, haren ontasuna. Horiek guziak ederresten ditugu; gure Izpirituek endelguz ezin har detzaketen bezalakoak dire. Ez-ez, erraten dauku bizkitartean Isajas profetak etzaiteztela horietan bara. Nahi baduzue ongi ezagutu Jaunaren botherea ta manifizentzia, zerurat begiak. Har zazue gogoan bere seinduentzat egina daunkan hiri lorios hura, ta han ematen deraizten sari handiak: hiri dohatsu hartan, sari eder hetan bereziki ta bertze nihon ezpezala da ageri Jaunaren botherea, Jaunaren zuhurtzia, Jaunaren manifizentzia. O! seinduen egoitza loriosa, Jainko guziz botheretsu baten lan nausia! Zer loria, zenbat edertasun, zer aberastasun, zer gozo daukazun beraz zure baithan! Eta ala dohatsuak baitire zu baithan sartzeko zoriona dutenak! Eta dio San Agustinek, mundu hau guzientzat egina da onentzat bezala gaxtoentzat. Beraz hanbat gauza eder eta miragarria balin bada mundu ageri huntan, nork erran, zer edertasun, zer onthasun, zer atsegin dauzkan bere baithan parabisuak, onentzat bakharrik, ta bere seinduak bere manifizentzia guzian saristatzeko Jainkoak egin duen hiri dohatsu hark?

        Zeruko zoriona zertsu den gogoan hartzeko dakusagun oraino zer duen balio, eta zer gostarik ematen zaikun. Dugun adi horren gainean Jaundone Paulo. Ez, dio apostolu handi hark, mundu huntako nekhe, borroka, gudu, pairamen guziek eztezakete berenaz zerua merezi; eztute berenaz ariarik eta bardintasunik batere zeruko loriarekin, ta han seinduek gozatzen duten zorion ezin erranezkoarekin. Ala hainitz aditzerat ematen baitute apostolu handiaren hitz horiek! Eta zer ezagutza ederra ta gora ematen daukuten zeruko zorionaz!

        Jaundone Paulo hark berak hanbat nekhe eraman du, lurraren bazter guzietarat Jesu-Kristoren izen seindua banatu nahiz; hanbat jazarkhunde jasan du Jesusen amorea gatik, ta harenako maithagune sakratuaz guzia hartua zen. Emagun bada miletan nekhe gehiago erabili, jazarkhunde gehiago pairatu, ta maithagune khartsuago bat ukhan duela: ez oraino horiekin guziekin etzuken merezi zeruko zoriona, seinduen golardoa.

        Marthirek thormenta izigarririk paira dute; batzu gurutzefikatuak, bertzeak zerraz bizirik urratuak, bertzeak basa abrez xehakatuak, bertzeak olio irakitutan emeki-emeki sarthuak eta frijituak, bertzeak su izigarritan guttika-guttika erreak, eta holako bertze asko. Emagun bada gizon bakhar batek pairatu dituzkela marthirio suerte horiek guziak, bai eta Jainkoak mirakuluz bizirik zadukala, asko urthez horiek guziak jasan dituela; ez oraino ezluke merezi zeruko zoriona, seinduen golardoa.

        Penitentek garraztasun handirik erabili dute bere gorphutzen gainean; mundutik arras urrunduak; garizuma hainitz urthean, bai eta hurren bere bizi guziak barur, askotan ogian eta urean, edo orobat belhar xoilez; jaunztura arruntak eta latzak; etzauntza gogorra, askotan taulatu hutsa edo harrokak; lo guti, askotan gau osoak othoitzean; zilizioz, lizifrinez, burdinazko azotez bere gorphutzak sarrazkitzen! Emagun bada penitent bakhar batek, mende osoz, eta asko mendez, egin dituzkela bere buruaren kontrako dorphetasun, naturaleza guzia lotsatzen duten horiek guziek; ez oraino ez luke merezi zeruko zoriona, seinduen golardoa.

        Jaundone Paulo, Santa Madalena, bertze asko Seindu Jainkoarendako maithagunez guziz ederresteko den gisan izan dire sustatuak eta urthuak, eta Andre dena Maria bertze guziak elkharrekin emanik ere baino gehiago. Maithagune khartsu hartaz Jainkoari loria handi bat eman diote, eta haren ariaz gauza espantigarririk egin dute Jainkoaren loriakotzat: emagun bada arima bakhar batek ukhan Jainkoarentzat, mundua mundu denetik hunat seindu guziek ukhan duten maithagune guzia, eta egin dituela egundainoko Jaunaren zerbitzari guziek haren loriakotzat egin duten guzia, arima hark bere gain ukhan duten seindutasun guzia: halarik ere, o, zeruko dohatsutasunaren handia ta miragarria! Ez, arima hark bere prestugune guziekin, bere seindutasun ezin gogoan hartuzko harekin, ezluke oraino merezi zeruko zoriona, seinduen golardoa, Jaundone Pauloren hitzaren arabera.

        O! Apostolu handia! Zer hartzen duzu bada gogoan seinduen egoitza haren edertasunez, hango loriaz, han Jaunaren hautetsiek gozatzen duten sariaz? Zer behar zen bada loria handi haren, sari gozo hekien guri merezitzeko? Deusere gutiago, ihardesten dauku Apostolu Jaunaren Izpirituaz argitu hark, Jainko baten ezeztamenduak, Jainko baten pairamenak, Jainko baten heriotzea baino. Bai, erraten dauku, arrazoin zen, asko ume bere lorian sar-ararazi gogo zituen Jainko hark, hekien salbatzailea, heriotzeaz sakrifika zezan.

        O! nere arima, nere arima, nolakoa den beraz zeruko Jerusalem haren edertasuna! Nolakoak, zein handiak, zein gozoak behar diren izan han nere Jainkoaren adiskidek gozatzen dituzten onthasunak eta sariak! Sari batzu, gizon eta aingeru guzien seindutasunak, batean emanik ere, ezin merezi dezaketen bezalakoak; sari batzu, zeinen erosteko Jainko batek ezpaitu bere bizia, bere odola guphidetsi. Ikhusazu, dio San Agustinek, zenbat gostarik merezitu daukun Jainko-gizonak zeruko loria hura; har zazu gogoan, ahal badezakezu, haren beheramenduen, haren pairamenen, haren heriotzearen, haren odolaren merezimendu mugarririk gabeak; eta orduan zerbait ezaguturen duzu zeruan higurikitzen zaituen loriatik ta zorionetik.

        Suntsi bitez beraz hemen munduko erregek eman detzaketen, eta bizitze huntan goza ditezken nahikara guziak, onthasunak, ohoreak, goratasunak, atseginik bizienak: deusik eztire horiek guziak, Jainko batek bere manifizentzia guzian bere seinduentzat aphaindu duen, eta Jainko batek, bera gizon eginik, bere biziaren eta bere odolaren gostuz merezitu daukun loria mugarririk gabearen, ta gozo ezin erranezko haren aldean, eta ongi sentimendu gabeak, ongi zoroak dire hanbat giristino, mundu huntako nahikarei bere bihotzak estekatzen diotzotenak, Jainko baten odola balio duten onthasunez gozatzerat Jainkoak deitzen dituen denboran, ta hartarakotzat eginak direlarik.

        II. PHONDUA. Eta zer othe da bada seinduek zeruan gozatzen duten, eta mundu huntan erran eta gogoan har ditezken guziak hurbiltzen ere etzaizkon bezalako golardo ta sari hura? Jainkoak berak erranen dauku; adi dezagun. Ibil zaite nere aitzinean, erran izan zioen patriarka seindu Abrahami, eta erraten dauku bat-bederari; bizi zaite nere gogora, egin zaite seindu; eta hori egiten baduzu, ni nerorri izanen naiz zure golardo guziz handia, gozoa ta nasaja.

        O, nere bihotza, aditzen dituk hire Jainkoaren hitz horiek? Sinhesten duk hire Jainkoak egiten dauan agintza handi, manifiko hori? Eta sinhesten baduk, zer kharrekin eztuk gutiziatu behar sari handi ta gozo haren ardiestea? Zer animorekin ez haiz hari behar, hartarat heltzeko behar den guziaren egiten?

        Bai, Jainkoak eman nahi deraje bere adiskidei, bere handitasunari dagokon bezalako sari bat; eta nola deus ezpaitu kausitzen halakorik zeru-lurretan, ez eta izan ditezken gauza guztietan ere, bera, bai bera, eta bera den guzia ematen zaje saritzat. Jainko bat saritzat! Jainko bat gozatzeko! Jainko baten loriaz jauntziak! Jainko baten zorionaz dohatsu! Oi! zer seinduen zoriona!

        Seinduek zeruan ikhusten dute Jainkoa, ez ordean, dio Jaundone Paulok, mundu huntan bezala, arrazoinamenduz, gogoz eta mirail batean bezala; bainan ikhusten dute garbiki, estalgirik gabe, bekhoz-bekho; ikhusten dute bere baithan eta den bezala. Oi! Jainko bat bere baithan eta den bezala ikhustea, zer atseginezko itsasotan hondatzen ditutzun Jaunaren adiskide lorios hek!

        Ikhusten dute Jainkoaren izate mugarririk gabe perfet hura; ikhusten dituzte haren edertasun ohoragarriak, haren ontasun gain-gainezkoa, haren bothere nahi duen guzia zeru-lur-ifernuetan egiten duena, haren zuhurtzia ta jakintasun deusere gerizatzen etzajona, haren seindutasun notharik xumena ezin onhets dezakena, haren zuzentasun miragarria, haren urrikalmendu guziz ederretsgarria: hitz batez ikhusten dute Jainkoa bere baithan eta bere osogune adoragarriekin.

        Zer loria bada! Zer kontentamendu! Zer gozo Jainko mugarririk gabe oso hura gisa hartan ikhustea! Mundu huntan ere zenbait gauza eder-eder ikhusten badugu, hanbat gozo sentitzen dugu gure baithan; bertze guziak ahantzirik, xoratuak bezala gagozko beha. Zenbatez ezta loriagarriago izanen bere baithan eta den bezala ikhustea Jainko, zeru-lurretan diren gauza eder guziak egin dituen, eta bere baithan hek guziak baino mugarririk gabe ederrago den hura.

        Jesu-Kristok agertzen du bere loriaren arrajo bat Thaborreko mendian; haren soinekoak elhurra bezain xuri, haren arpegia iguzkiaren pare. Jaundone Petri guzia hartua dago horren ikhusteaz; mundu guzia gogotik joanik, haren nahi ta atsegin guzia liteke bere gainerako egunak mendi hartan iragatea. Eta bada? Baldin Jainkoaren ikhuste haren iduri xoil eta itzal batek hanbatetaraino hartu ta xoratu bazuen Apostolu handi haren bihotza, zer izanen da Jainkoaren loria ta osogune adoragarri hek bere baithan, bere hedadura guzian ta diren bezala ikhustea? Oi! nola dauzkan horrek zeruko dohatsuak loriatuak, xoratuak, ezin erranezko kontentamenduz ta gozoz gaindi eginak! Jainkoa baithan ikhusten dute, ikhusi ta jakin nahi duketen guzia; naturalezaren arrimu ederra, ta nola gerthatzen eta egiten diren hanbat gauza espantigarri; mundu huntan zer iragaten den, ta osoki dohatsu izateko jakin behar duten guzia.

        Seinduek zeruan maite dute Jainkoa, oi! Bainan zein osoki! Zein khartsuki! Mundu huntan gure bihotzak hartzen ditu batzutan hain maithagune handiak eta beroak, senhar-emaztek, ume burhasoek, eta adiskidek, batzuek bertzentzat; bethi elkharren ganat lehia, elkhar gabe ez onik, ez gozorik. Jakin dezagun bizkitartean, egundaino nihorentzat ukhan duen maithagune suharrena eztela hormarik baizen, seinduen bihotzak zeruan Jainkoarentzat sutan dauzkan maithagune handiaren aldean.

        Mende guziek ederresteko ukhan dute, Jaundone Paulo batek, Santa Madalena batek, bertze asko seinduk Jainkoarentzat ukhan duten maithagune guziz khartsua, oraino mundu huntan zirelarik ere. Bizkitartean, oi! ala horietarik urrun baita seinduak zeruan erretzen dauzkan maithagunerat! Mundu huntan ezpezala ezagutzen dituzte Jainkoaren osoguneak, haren edertasunak, haren gisa guzietako maithagarritasuna. Gauza egin guzietarik laxaturik, Jainkoa ganat daude bakharrik itzuliak, Jainkoa baithan daude guziak pulunpatuak. Hekien bihotzak maithagunezko su-khalda batzu dire beraz; diren guziak dire maithagunetarat aldatuak, maithagune bilhakatuak bezala.

        Eta bethi ikhusten hain khartsuki ta bere izate guziaz maite duten Jainko hura, bethi hartaz gozatzen, bethi hari josiak, harekin bat eginak, haren baithan atsegin guzietako itsaso batean bezala hondatuak; oi! zer deskantsu, zer atsegin, zer gozo, zer dohatsutasun! diru-gose batek, aphur bat nekaturik, bil beza haren bihotza asetzeko behar den bezenbat urhe ta zilhar; zer haren atsegina! zer haren loria, gora igan-nahi bat, guti usterik, kausi bedi kargu handitarat, enplegu loriosetarat altxatua, burua hurren itzuliko zajo atseginez eta kontentez. Elkhar handizki maite dutenak, denbora luzez bata bertzea ganik urrunduak egon ondoan, berriz elkhar-ganat bitez; oi! zer hekien kontentamendua! Zer mement gozoak iragaten dituzten elkharrekin! Kasuan izan dena da bakharra hori ongi gogoan har dezakena.

        Oi! nere arima! Oi! nere bihotza! Eta zer izanen da bada parabisuan? Oi! nolakoa den seinduen deskantsua, seinduen bakhea, seinduen gozoa, seinduen zoriona, Jainkoaz gozatzean! Egundaino lurraren gainean gizonaren bihotzak hartu duken maithagunerik suharrena ezta hormarik baizen, seinduek zeruan Jainkoarentzat duten maithagunezko su-khaldaren aldean; mundu huntan gehienik maithagarri zaizkigun gauza guziak eztire itsustasunik baizen, izigarrikeriarik baizen, Jainko haren edertasun ta maithagarritasun mugarririk gaben aldean. Ez, beraz, ez; mundu huntan gizonak khartsukienik maithatzen eta bizikienik gutiziatzen duen gauzaren edo adiskidearen kausitzeaz duken atsegin guzia fitsik ezta, Seinduak Jainkoa ikhusteaz, Jainkoaz gozatzeaz hordituak dauzkatziten ezin erranezko atseginen ta gozoen aldean.

        Mundu huntako atsegina ezta behinere osoa; bethi zer edo zer eskas da osoki ta alde guzietarik dohatsu izateko. Bainan seinduek, Jainkoaz gozatzean, kausitzen dute zorion osoa ta eskasik batere gabea. Jainkoa da, dio San Agustinek, hekien bizia, hekien osasuna, hekien loria, hekien deskantsua, hekien on guziak, eta eztukete bertze deusen ere gutiziarik.

        Mundu huntako atseginak histen dire denborarekin, batzutan laster ere bai. Ordean seinduen, atseginak zeruan bethi bardin fresko, bardin berri, bardin bizi izanen dire. Bethi Jainkoaz aseak, eta bethi Jainkoaz gose; bethi Jainkoaz egarri, eta bethi Jainkoaz hordituak; horra zeruko egoile lorios hekien estatua, dio San Agustinek. Zer asma diteke loriagarriagorik, zorion osoagorik?

        Hortik ere liburu sakratuak mintzo zaiku seinduen zorion hartaz, bazkari batez bezala, zeinetarat gonbidatuak direnek hartan kausitzen baitituzte bere nahikara guziak; eztei batzuz bezala, zeinetan sentsu bakhotxa dagokon atseginaz gaindi baitago; froga ta dasta bai, bainan hitzez ezin erran diteken bozkariozko gaindidura batez bezala; gozo handi, gozo bethe, seinduen bihotzak osoki ta alde guzietarik aseak ta dohatsu eginak dauzkan batez bezala.

        Horiek guziek aditzerat ematen daukute seinduen zoriona zeruan guziz handia, osoa, ta mundu huntan dasta ditezken atsegin guziak haren aldean khirestasunik baizen eztiren bezalakoa dela. Bainan funtsean, ez mundu huntako ilhunbetan gabiltzano, ezin ezaguturen dugu sekulan zorion haren handitasun ta gozotasun guzia. Gure eginbidea da, hartaz dakiguna maiz gogoan erabiliz, haren ardiesteko gutizia handi bat bethiere gure bihotzetan idukitzea, ta hartarakotzat behar dena lejaltasun ta jarraikitasun guziarekin egitea.

        III. PHONDUA. Egiazki errege profetak arrazoin zuen errateko, egun bakhar bat Jainkoaren etxe dohatsu hartan eta seinduen lorian iragana hobe dela, mila urthe munduko palazioetan eta atsegin guzien erdian iraganak baino. Bai, egun bakhar batez Jainkoa bere lorian ikhusi ta haren zorionaz gozatzea gatik, den zer den egiteko liteke.

        Ordean zertan mintzo gare hemen egun batez? Eternitate guzia, deusere gutiago, horra ezin erran bezalako zorion haren iraupena. Ez, sekulan enganiorik ezin sarthuko da hekien adimendu, Jainkoaren egiak berak argitzen dituenetan; ez, sekulan bekhatuak ezin khutsatuko ditu hekien bihotz, Jainkoaz osoki hartuak ta Jainkoari hain juntki josiak. Ezta beraz sekulan Jainkoa hekien alderat aldatuko. Sekulan ezin eroriko dire beraz jarriak dauden tronu lorios hetarik; sekulan eztire histuko buruan dauzkatziten khoro diztiantak; hekien gozoa, hekien zoriona mende guzietakoa ta eternala izanen da.

        Oi! nere arima, zer da hau? Mundu huntan nekhetan eta penetan bezenbat denbora parabisuan deskantsuan eta atseginetan, hori ziteken zuzentasunak galdetzen zuken guzia; eta hola egiterat Jainkoak, ezkinduke zertaz errenguratu. Bizitze huntan neketan oren bezenbat urthe ta mende parabisuko lorian, hori liteke sarizko frankotasun bat; guk merezi edo galdetzeko zuzen ginduken baino gehiago liteke. Bainan hori guzia etzajo aski dela; hori guzia deusik etzajo gure Jainkoari. Urthe banaka batzu beheramenduan, ta mende guziak zeruko goratasunean ta tronuetan; urthe banaka batzu etsajaren eta naturaleza gaxtoaren kontra guduan eta borrokan, eta mende guziak Jaunaren bakean eta deskantsuan eta gozotasun guzietan; urthe bakhotx batzu nigarretan, penitentziazko garraztasunetan, eta behar bada pairamenetan ta gurutzetan, eta eternitate luze eta ezin akhaba diteken hura Jainkoaren zorionaz beraz gozatzen, atseginezko itsaso batean hondatua, nahikara guzien erdian, gozo guziez gaindi eginak eta hordituak. O, zer golardo handi! zer sarizko frankotasun, bai legez, ala gure Jainkoa nasai ta miragarri agertzen baita bere hautetsien alderat! eta nik zer behar dut gehiago, haren zerbitzu seinduan behin bethikotzat finkatzeko, ta khar guziarekin hari jarraikitzeko?

        Seinduen zoriona, zorion bethikoa oraino, zeren bethi baitirau geldi-erterik batere gabe, eta gaitzez batere nahasia izan gabe bizitze huntan ere zerbait nahikara kausitzen da, zerbait gozo dastatzen da. Bainan zenbat nahigabe, nahikara hekien artean! zenbat khirestasunez eztire nahastekatuak gozo hek? Osasun edo onthasun-eskas, Izpirituko griña, konzientziaren aseki, jaiduretarik ta gutizia minetarik bethi kasik sortzen diren barneko nahaskeria, lagunen aldetik bekhaizgoak eta erasia gaxtoak, adiskiden aldetik deslejaltasuna, edo heriotzeaz edo bertzela hetazko gabea, senhar baten, emazte baten, ume batzuen aldetikako desgustuak; nork daki zenbat gisetako gaitz eta nahigabe darraizkoten Adam hobendunaren umei mundu huntan? Askotan dohatsuenak direla, eta nihondik eskasik batere eztutela dirurtenak, dire gurutze phisuenak kharrajatzeko dituztenak, nahigabe saminenez hiratzen daudenak. Bai, arrazoin handirekin deitzen da ondikozko lur hau nigarrezko harana, ta herioaren itzala.

        Ordean Parabisua da egiazko bizien lurra, egiazko dohatsuen egoitza. Nola da ifernua gaitz guzien bilduma, onik batere gabea, orobat da Parabisua, on, nahikara, atsegin guzien bilduma, gaitzik batere gabea. Dohatsu hekien Izpiritua, bihotza, izate guziak osoki dagozko Jainkoari josiak, ta haren nahi seindua da hekien izate guziaren erregela bakarra. Eztire beraz batere hukituak, bizitze huntan arima Jainkotiak hanbat penatzen dituzten gogoeta gaxto ta bekhaturako jaidura hetaz, eta Jainkoaren bakeak osoki ta trabarik gabe erreginatzen du hekien baithan.

        Hiri dohatsu hartako egoile guziek sentimendu berak dituzte, eta sentimendu garbienak, sentimendu Jainkozkoenak. Maithagune bizienak dauzka guziak Jainkoa baithan bat eginak, eta ezta hekien artean, ez bekhaizgoarik, ez suphertasunik, ez erasia gaxtorik, ez bata bertzeaz errenguratzeko arrazoinik den xumena.

        Gaitz guzietarik gerizean izanen dire hekien gorphutzak; ez goserik, ez egarririk, ez hotzik, ez berorik, ez nekerik, ez oinhazerik, ez eritasunik, ez hil beldurrik ezta izanen Jaunaren egoitza seindu hartan, dio Isajaz profetak. Ezta beraz han adituko errengurarik, ez hats beherapenik; Jaunaren laudoriozko eta eskeronezko kantikek errepikatuko dute bakharrik hiri dohatsu hartan. Oi! zorionezko egoitza! Ala sorhajoa bailiteke zu ganat heltzeko nahirik minena hartzen ezlukena!

        Eta badakite Jaunaren dohatsu hekiek, gozatzen duten zoriona ezin galduko dutela, sekulan etzajela gutituko, ez histuko; eta horren ariaz erran diteke zorionezko eternitate bat betan eta mement guziez gozatzen dutela. Baiki, halakoa da gure Izpirituaren indarra; gauza urrunenak hurbiltzen ditu, sentitzen balitu bezala; eta askotan ethortzekoak diren gauzen orhoitzapenak, gauzek berek bezain biziki ukitzen gaituzte. Horrengatik erraten da, ondikozko damnatuek mement bakhotxean jasateko dutela thormentazko eternitate oso bat. Bada gisa berean eta arrazoin bera gatik zeruko dohatsuek betan gozatzen dute zorionezko eta gozotasunezko eternitate bat.

        O, zorionezko eternitatea, noiz sarthuko naiz zu baithan? O, Jaunaren etxe dohatsuko atheak, noiz idekiko zarete ni errezebitzeko? O, nere Jainkoa, zorion eta gozotasun guzien ithurri bizia, noiz helduren naiz zu ganat? Noiz harturen nauzu zure bozkarioan?

        Ez beraz, ez, nere arima, ezkaitu enganatu Jesu-Kristok, erran daukunean, sarizko neurri handi bat, ongi bethea, ongi zaphatua, eta gaindi eginen zuena emanen zitzajela, haren lege seindua arthoski begiratuko zutenei. Bai legez atxikitzen du, bere hitza.

        Ezta beraz batere harritzeko, baldin hanbat errege ta erregina; munduko bertze hanbat handi ta aberats, inguratzen zituen onthasun, ohore ta atseginei, basa-phozi bati bezala behaturik, bakharrik zerukotzat bizi izan badire; hetarik asko ere, mundutik arras ilkhirik, mortueterat, komentuetarat joan izan badire, gorderik eta garraztasun guzietan bizitzerat. Ezta harritzeko, baldin hanbat milium, adin, estatu ta herrunka guzietako martirek, gizonek bezala emaztekiek, eta neskatxa gazte-gaztek ere, gogotik pairatu badituzte ifernuak asma-araz zetzaken thormenta gisa guziak. Ezta harritzeko, baldin hanbat jende gaztek, munduak alde orotarik iduririk ederrena egiten, eta gisa guzietako nahikarak eskeintzen ziotzoten arren, guziak oinen azpian ezarri badituzte, Jesu-Kristo hautatzen zutelarik bere espos bakhartzat, bere gozo guzia egiten zutelarik harentzat bakharrik bizitzeaz, ta haren ondotik gurutzea kharrajatzeaz. Ezta harritzeko, baldin hanbat mila-miliun arima prestu, zer nahi gudu naturaleza gaxtoaren aldetik jasateko, zer nahi gaitz eta nahigabe pairatzeko ukhana gatik ere munduaren aldetik edo bere gorphutzean, Jesu-Kristoren lege garbia phondu guzietan hain arthoski, hain lejalki begiratu baitute. Bazakien horiek guziek, hola eginez, sekulako zoriona ardietsiko zutela, eta loriazko karga hark merezi zuela, den zer den egin zezaten haren seguratzeko. Eta orai badakusate segurki eztirela enganatu, eztutela sobra egin; badakusate hekien guduek, borrokek, nigarrek, penitentziek eta pairamenek, ehunka, milaka ekharri dituztela fruituak, fruitu ezin erran bezain gozoak, menderen mende guzietan, bere zorion handitan, gozatuko dituztenak.

        Bada ni ere zeru berak, zorion berak higurikitzen nau, eta egin dezaket, Jaunaren laguntzarekin batean, orai han daudenek egin izan dutena. Miletan dohatsu ni, hortarakotz behar den guzia egiten badut! Zorigaitz niri, ezpadut egiten!

        O, Jauna, zure loriarat heltzen naizenean, izanen naiz osoki dohatsu ta atseginez gaindi, zioen errege profetak.

        Lanak eta nekheak izitzen bagaitu, sariak anima bekitza, dio san Bernatek.

 

aurrekoa hurrengoa