www.armiarma.eus
idazleak eta idazlanak Herri literatura TESTUAK Corpus arakatzailea Klasikoen Gordailuari buruz



Meditazioneak gei premiatsuenen gainean
Martin Duhalde
1809

      [liburua osorik RTF formatuan]
      [inprimitzeko bertsioa PDFn]
      [Literaturaren Zubitegia]

 

Iturria: Meditacioneac gei premiatsuenan gainean, Martin Duhalde (faksimilea). Hordago, 1978.

 

 

aurrekoa hurrengoa

IX. EGUNA

Jainkoaren presentziaz

 

        I. PHONDUA. Jainkoa lekhu ta gauza guzietan da, zeruan bezala lurrean, lurrean bezala ifernuan; zeruan bere seinduak bere zorionaz beraz dohatsu egiten ditu, lurrean gizonak ongi eginez bethetzen ditu; ifernuan damnatuak thormentatzen ditu. Igan nadin zeru-goreneraino, jauts nadin ifernuaren zolaraino, nohan itsasoaren azken bazterretarat, guzietan zu kausitzen zaitut, o! nere Jainkoa, eta nihonere eznaiteke gorde zure aurpegitik, ziotson errege profetak. Eznitekezu gehiago gorde ilhunbetan pulunpaturik ere: ezen gaba eta eguna, gauerdi eta eguerdi, ilhunbea ala argia, bardin dire zuretzat; guzietan bardin ikhusten duzu, zioen Profeta Seindu berak. Beraz mundu guziari behatu behar diot, izate guziz gora hark bere han egoteaz ohoratzen duen tenplu zabal bati bezala. Beraz kausi niteken lekhu eta ordu guzietan ekharri behar diot errespetu ta sumisione nere Jainkoari. Zer errespeturekin eztire egoten erregen ganat hurbiltzen direnak hekien aitzinean? Ez othe da arrazoin erregen erregeari, mundu guziaren jabeari errespetu bera ekhar diozodan, non nahi kausi nadin, eta ilhunbetan banatza ere?

        II. PHONDUA. Jainkoak badakuski eta ezagutzen ditu diren eta izan ditezken gauza guziak. Bihotzak eta errajak zundatzen ditu, dio profetak; eta gogoeta xumena, bihotzeko itzuli iragankorrena, altxatu bezain sarri suntsitzen dena, etzajo hari gordetzen. Nola atrebi ninteke beraz bekhaturik egiterat nere Jainkoaren presentzian, nere Jainkoa baithan nagoela, nere Jainkoa beha dagotala? Nola atrebituko naiz erregen erregearen begietan egiterat, sehi baten aitzinean egiterat atrebi eznintekena? Ezen lotsagarriago eta ikharagarriago izan behar da neretzat, nere Jainkoak ikhus detzan nere bekhatuak, mundu guziaren aitzinean pharatuak balire baino. Ezen zer itsumendu ezliteke, Jainkoaren baino gizonen ahalgeago eta beldurrago izatea? Jainkoa orotan eta bethi beha dagot; Jainkoak badakusa zer hari naizen, zeren egiterat nohan, zer darabildan gogoan: gogoeta guziz salbagarria horixe, bekhatutik urrun-arazteko indar berezi bat duena; ezen nor atrebi, hortaz orhoituzgeroz, han berean fundi dezaken, eta bizian eta hilean nihor ezin itzur dakioken Jainko guziz botheretsu ta juje guzien gaineko hura bere-bere aitzinean damuztatzerat? Horrek gogortu zuen Susana berthutosa egin zioten aiphamen lotsagabearen kontra. Nihork ezkaitu ikhusten, erran zioten giza zahar-galduek. Zer diozue, ihardetsi zerajen emazteki Jainko-beldurrak? Jainkoa ezta bada hemen? Eta nola atrebi ninteke haren damuztatzerat bere-bere aitzinean? Badakit bizkitartean hiltzerat naramazuela. Ezpanaiz zuen nahi likhitsetarat erortzen. Bainan lehenago mila heriotze, nere Jainkoaren presentzian bekhaturik eginen dudan baino. Horren gainean ojhu handi bat egin zuen, eta Jainkoa haren alde agerturik, beiratua izan zen paira-arazi nahi zioten heriotzetik.

        III. PHONDUA. Jainkoa bethi beha dagot, munduan bakharrik banintz bezala; ikhusten nau bere izatea bera daukusan ikhuste beraz. Ni ere beraz ohitu behar naiz hartaz maiz orhoitzen, hari bihotza maiz altxatzen, bihotzez ardura haren adoratzen eta maithatzen, egiten ditudan guziak hari eskeinirik ta haren loriakotzat egiten ditudalarik: arrazoin ahal da hortaz artha handi bat ukhan dezadan, majestate guzietako Jainko hura bethi nitaz orhoitzen denazkero. Horrek berak erakharri behar nau egiten dudan ongia, othoitzak, kofesioak, komunioneak, eta gainerakoak ahalik eta hobekienik egiterat, hala-nola sehiak ta langileak, bertzenaz lazatzen badire ere, entsejatzen baitire bere eginbidea arthoski egiterat nausia edo jabea beha dagotenean.

        Eman zaite Jaunaren presentzian, eta ikhusazu ea badenetz deusere zu baithan, haren desgogorako ditekenik. Harzazu usantza maiz errateko zure buruari: Jainkoa beha dagot; Jainkoak badaki zer hari naizen, eta zer darabiladan gogoan: horrek guziz gogortuko zaitu zure pendura gaxtoen kontra, bizikienik bekhaturat behartzen zaituztenean ere. Orhoitzapen horrek gaizkitik urrunduko ta seinduki bizi-araziko zaitu.

        Deus ezta Jainkoarentzat gorderik; diren gauza guziak agerian dire haren begietan, dio Jaundone Paulok.

        Bekhatu egin nahi baduzu, bilharazu, ahal badagizu, Jainkoak ikhusiko etzaituen lekhu bat, eta han egizu nahi duzun guzia, dio San Agustinek.

 

aurrekoa hurrengoa